Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Bizkaiko egileak eta obrak

ARTIÑANO ZURICALDAY [ARTIÑANO ZURIKALDAI], Aristides (Bilbo, 1840ko abuztuak 13 – Bilbo, 1911ko abenduak 12).

Karguak eta lanbideak

Historialaria, kazetaria eta politikari foruzale neokatolikoa

Ibilbidea

Guraso izan zituen Miguel de los Santos Artiñano Ybarra (Bilbo, 1801eko uztailak 5) eta Eustaquia Maria Zuricalday Urquijo. Aristides 1868an Maria Concepcion Galdacano Avellanedarekin ezkondu zen (Bilbo, 1847ko apirilak 19). Senar-emazteek bost seme- alaba izan zituzten: Fernando Antonio, Maria de la Salud, Gervasio Angel, Maria del Amparo eta Pedro Miguel de Artiñano y Galdacano. Aristides de Artiñanok Okondon (Araba) eman zuen haurtzaroa, amaren aldeko aiton-amonen zaintzapean. Juan Graciaren ustez, horrek eragin handia izan zuen autore askok hainbatetan aipatutako bere ideologiaren joera «baserritarrean». Herri horretan egin zituen bere lehen ikasketak, eta Bilbora itzuli zen batxilergoa egitera, Bigarren Hezkuntzako Institutu Bizkaitarra sortu zenean. Unibertsitate ikasketak hainbat tokitan egin zituen: Valladoliden, Madrilgo Unibertsitate Zentralean eta Sevillan. Azken horretan eskuratu zuen Zuzenbide Administratibo lizentziatura, 1862ko ekainean, hogeita bat urte zituela. 1863an Zuzenbide zibil eta kanonikoaren lizentzia titulua eskuratu zuen, eta Sevillako Jurisprudentzia eta Legediaren Akademiako kide oso izendatu zuten ikasketak bukatu baino lehen.

Erresumako Epaitegietan abokatu aritu zen eta Historiaren Errege Akademiako kide izendatu zuten. Horrekin batera, 1864an Bizkaiko Jaurerriko Estatistika idazkari izendatu zuten eta Probintzia Kontseiluko idazkari ere izan zen. Neokatolikoa zeritzon joerako kide zen, eta Isabel II.a erreginak Karlos III.aren ordenako izendapena eman zion.

Hogei urterekin bere ideien ildoa zein izanen zen erakutsi zuen. El Eco Vascongadon «Bizkaiko hilobi zaharrak» artikulu kartsua argitaratu zuen, Juan E. Delmas arkeologoak Elorrioko Arginetako hilobiei buruz idatzitako artikuluari erantzuteko. Bere artikuluan, Artiñanok defendatzen zuen dagoeneko Goi Erdi Aroan bazegoela euskal kristautasun primitibo bat.

1862an, oraindik Zuzenbide ikasketak bukatu gabe, literatura eta kazetaritzan jarduten zuen. Sevillako Jurisprudentzia eta Legediaren Akademian hitzaldi gogoangarri bat eskaini zuen «Erromako Errepublikaren Erorialdia» aztertuz, gerora liburuxka mardul eta eruditu batean argitaratu zena. Bilboko Euskalduna (1858-1873) egunkariarekin hasi zen lanean, hainbat antzezlanen kronikak eta Andaluziako hiriburutik bidalitako korrespondentziak argitaratuz. Bilbora aldatu zenean, «Romería del Desierto» eta «Política» izeneko artikulu bana argitaratu zituen, zeharo saminduta eta haserre baitzegoen Viktor Emanuel erregearen «Italia askea izango da Alpeetatik hasi, eta Adriatikora» esaldiarekin. 1863ko urtarrilaren 11tik urriaren 29ra iraun zuen Revista Sevillana científica y literaria, oficial de la Academia de Jurisprudencia y Legislación aldizkarian kolaboratzaile izan zen, eta gorago aipatu egunkariari «Espainiako Legelarien Kongresuko» berriak bidaltzen zizkion Madrildik, legegintza gaietan zuen jakinduria argi erakutsita. Euskal erakundeen aurka zeudenen eraginez, 1864. urtean foruen auziak berebiziko garrantzia hartu zuen, eta ordutik aurrera maizago hasi zen Euskaldunan idazten. Garai hartan, Artiñanok eztabaida sutsuak izan zituen Santander eta Sevillako egunkariekin. Ohiturazko eta Foru Zuzenbidearen gaineko iritzia argitzeko artikulu ugari idatzi zituen. Fiskalak salaketa jarri zion idatzi kartsu horietako batzuengatik, baina azkenean Aristides absolbitu egin zuten.

Artiñanok oso goiz aurkeztu zuen bere burua foruzaletasun neokatoliko edo tradizionalistaren aldeko intelektual bezala. 1864an Estatistika idazkari izendatu zuten Batzar Nagusiek, euskal historiarentzat berebiziko garrantzia zuen momentu batean. 1868ko iraultzaren aurreko garaia zen, eta moderatuen eskuineko muturrak neokatolizismoranzko bidea hartu zuen, argi eta garbi tradizionalismo karlistaren interesekin bat eginez. Iraganeko liberal eta karlistek osatutako foruzaletasun moderatuaren bloke hegemonikoa hautsi zeneko euskal intelektual foruzale neokatoliko edo tradizionalistaren erakusgarri argia da Artiñano. Geroz eta agerikoagoa zen neokatolikoek probintzia botere guneetan zuten presentzia. Artiñano gazte neokatolikoak Bizkaiko estatistika idazkari izatea lortu zuen, urte batzuk geroago foru instituzioak kontrolatu zituen agintari talde neokatolikoko kide bezala. Aristides euren intelektual organikoetako bat zela esan liteke.

Bere idazki ospetsuenei esker, Artiñano Bizkaiko Monumentuen Batzordeko kide izendatu zuten 1866. urtean, eta bertan idazkari lanak egiten aritu zen. Historiaren Errege Akademiako kide urgazle izendatu zuten beste euskaldun batzuekin batera: Vicente Manterola, Ramon Ortiz de Zarate, Tadeo Ruiz de Ogarrio, Nicolas Soraluce y Zubizarreta eta Antonio de Trueba. Urte horretan bertan Aristidesek Biografía del señor D. Pedro Novia de Salcedo argitaratu zuen (Bilbo, 1866), Jose Miguel Arrieta Mascaruaren hitzaurrearekin. Gogo handiz idatzitako Bizkaiko jaurerriko «Probintziako Aita» zen Pedro Novia de Salcedoren biografia da, bere garaian Defensa histórica, legislativa y económica del Señorío de Vizcaya y Provincias de Álava y Guipúzcoa lanaren bitartez Juan Antonio Llorente kanonigoaren tesien aurka jo zuen hori bera. Artiñanok Foruen eta 1812ko Konstituzioaren arteko talkaren errepasoa eskaintzen du. Espainiako Konstituzioaren markotik foruei egindako lehendabiziko erasoak disimulatzen saiatu zen Artiñano, kontuan hartu behar ez ziren nahigabeko hutsak balira bezala hartuta. Argi dago kazetari eraginkor horrek ongi zekiela bere ideiak ezkutatzen, bestela ezinezkoa baita bere lanean handik bi urtera gertatutako aldaketa sakona ulertzea. Batzuen arabera «aurre-nazionalista» bezala agertu zen Jaungoicoa eta Foruac: la causa vascongada ante la revolución española opuskuluan (1869), Seiurteko Demokratikoaren legediak erasotutako euskal Foruak eta Espainiako batasun katolikoa aldarrikatu baitzituen bertan. Iraultzaren ondorioz karlismoarekin bat egin zuten neokatolikoek estuki lotu zituzten erlijio eta foruzaletasun kontzeptuak, kultu askatasuna Foruen kontrako iraintzat hartuta. Zenbait autorek Artiñanoren «prenazionalismo» ala «protonazionalismo» horrekin bat egin zuten, «inork ukatu ez duten zuzenbide baten barnean, Bizkaiak bere subiranotasuna erabil dezake» bezalako adierazpen iraultzaileetan oinarrituta. Juan Graciarentzat, Artiñanok Euskal Herriarentzat aldarrikatzen zuen Espainiatik bereizteko eskubidea ez zen hain harrigarria izanen Euscaldunaren irakurleentzat, aspalditik ezagutzen baitzituzten ideia horiek. Aristidesen eta beste euskal idazle batzuen pentsamendu politikoan gertatutako aldaketa nabarmena Seiurteko Iraultzailean foruak eta katolizismoa gutxi zaindu zituzten politikei erantzuteko beharrak eragin zuen.

Artiñano abokatu eta legelari ezaguna zen eta diru sarrera mamitsuak zituen. 1869. urtean, estatistika idazkari eta Bizkaiko Aldundiko lehen ofizial karguak galdu zituen gorago aipatutako Jaungoicoa eta Foruac argitaratu izanaren ondorioz. Hori ez zen Aristidesek bere idatziengatik arazoak zituen lehendabiziko aldia. Hainbat epaiketa izan zituen Foruak sutsuegi defendatzen zituzten idatziengatik, bereziki Manuel Sanchez Silvaren jarraitzaileen aurka (senatari sevillar hori euskal foruzaletasunaren historian ezaguna zen, euskal pribilegiotzat hartzen baitzituen eta askotan eraso egin zielako). Artiñanoren konpromiso karlistak ez zuen zalantza izpirik, «Bilboko Elkarte katolikoko» kide baitzen, ideologia horren gertukoa.

Gerora, Baionan erbesteratu behar izan zen, Vindicaciones izeneko bere bigarren opuskuluak eragindako jazarpena zela-eta. Korregidoreak karlista bihurtutako diputatuak kanporatu zituenean idatzi zuen. 1870ean lau orrialdeko eskuorri bat idatzi zuen «matxinada karlistagatik herritarrak epaitzeko Gerra Kontseiluaren eskumenik eza» salatzeko. 1871ko urrian, «Bizkaiko Jaunen Batzar katoliko monarkiko» bateko idazkari izendatu zuten eta 1872ko martxoan Bilboko barrutiko Karlisten Hauteskunde Batzar Nagusiko presidente. Beste bizkaitar askorekin epaitu zutenean, Zornotzako hitzarmen eztabaidatsuan izandako zeregina aldarrikatzen saiatu zen El alzamiento de Vizcaya en 1872 y el convenio de Amorebieta liburuan. Ituna gerra bertan behera geratzeko akordio saiakera bat izan zen, baina karlista askok traiziotzat hartu zuten eta ia bizia galarazi zion. Gerra berriro piztu zenean, Bizkaiko komunikazio zuzendaria izan zen eta errege-erregina karlisten ekitaldi batzuen antolatzaile eta kronikari izan zen, besteak beste, 1874an Bizkaian barrena egin zuten ibilaldiarena. Hainbat idatzi izan ziren bere esku: Tertzioak antolatzeko Oinarriak, Telegrafoen eta beste zerbitzu batzuen Araudia, Don Karlosentzako Mezua eta beste zenbait aldarrikapen eta hitzaldi. Horrekin batera, berak prestatu zuen 1875eko ekainaren 28an erregegaiak Foruak zin egiteko Gernikan egin zen ekitaldi berantiarra.

Artiñano Bartzelonan bizi izan zen 1876 eta 1906 urteen artean. 1876ko udaberrian erregegaiaren tropak menderatu, eta bere idealen erabateko porrota iritsi zenean, Aristides erabat atsekabeturik geratu zen. Lehenbizi Frantziara erbesteratu zuten; handik Madrilera aldatu zen, eta bere gerra kanpainagatik Bilbon ez zuela girorik izango ohartu zenean, Comillasko I. markesaren babesa lortzen saiatu zen, eta baita lortu ere. Markesa (Antonio Lopez y Lopez, 1817-1883), bankari eta enpresari arrakastatsua zen eta bere lehen enpresa proiektua sortu berri zuen Bartzelonan: Banco Hispano Colonial. Espainiako Gobernuari Kubako independentisten aurka laguntza eskainiko zioten diru-funtsak lortzeko sortua. 1880. urtetik aurrera benetako negozio banku bilakatu zen eta Artiñano idazkari nagusi izan zen 1906an erretiratu zen arte.

Comillasko markesaren konfiantzazko gizona zen Aristides. Egoera ekonomiko ezin hobea zuen eta Banco Hispano Colonial-ek egindako negozio guztietan eta hainbat holding ekimenetan parte hartu zuen, Pedro Sotolongo finantzariaren gidaritzapean. Bartzelonan, Laurac-bat aldizkarian kolaboratu zuen eta Probintzia Baskongadoetako kontsul moduko bat izan zen, oso ezaguna gizarte klase guztietan bere izaera eta kulturari esker. Ardura handiz aritu zen lanean, ez soilik bankuarentzat, baita era guztitako auzi ekonomiko eta finantzarioetan, guda zibila bukatu arte bere energia guztia xurgatu zioten hika-mika politiko guztietatik at. Prentsarekiko ardura ere alde batera utzi zuen bolada baterako, baina bere ideia tradizionalista eta karlistak ahanzturan utziagatik ere, erlijioarekiko eta Foruekiko gurtza sutsuak bere horretan jarraitu zuen. 1881etik 1886ra Filipinetako tabako konpainia garrantzitsuaren bitarteko idazkari izan zen eta kargua utziz geroztik ere haiekin harremanetan jarraitu zuen, osoki antolatu zen arte. Antonio López y Compañía-ren ondorengo izandako Konpainia Transatlantikoa sortzen lagundu zuen. Askotan kolaboratu zuen trenbideei, mehatzei eta kreditu elkarteei buruzko El Consultor Financiero astekarian, askotariko gaiei buruzko artikuluak idatzita: tokiko balioak, zergak, Tinbre Lege proiektuak, Merkataritza Kode berria, Espainiako Bankuko erreformak, finantza-jurisprudentzia eta abar.

Artiñanok enpresa karguak eta zaletasun literario eta ekonomikoak uztartzen zituen. Hala, 1885eko neguko gauak bere obra nagusia idazten eman zituen: El Señorío de Vizcaya, histórico y foral (1885). Hurrengo urtean, Durangoko Euskal Jaietako saria eskuratu zuen bere Proyecto de Academia Vascongada de San Ignacio de Loyola (1886) lanarekin.

Hainbat kargu izan zituen Bartzelonan: Kantauriko Sorospen Batzordeko kide, Katolikoen Elkarteko presidente, Herriaren Adiskideak Elkarte Ekonomikoko idazkari, Monumentuen Batzordeko kide, Jurisprudentzia eta Legegintzaren Akademiako kide eta Bartzelonako Sustapen presidente. Azken lan hori utzi aurretik, hiriko Udalaren eta Banco Hispano Colonial-aren arteko Diruzaintza eta Bartzelonaren Erreforma kontratuak idatzi zituen.

1888tik aurrera, Aristidesek geroz eta bizimodu aszetiko eta espiritualagoa egiten zuela nabaritu zuen Alzolak, eta hala sumatzen da garai hartan idatzi zituen lanetan ere: 1887an Jubileo sacerdotal de su santidad el papa Leon XII idatzi zuen; 1888an Crónica de la Coronación Canónica de la milagrosa imagen de Nuestra Señora de la Merced, Patrona de la Diócesis de Barcelona (1889), laurdenean idatzitako 300 orrialde baino gehiagoko liburuki ongi inprimatua. 1895ean La Madre de Dios de Begoña esku-orria eta Bartzelonako Katolikoen Elkartean emandako hitzaldia, «kontzepzioaren dogmari» buruzkoa. «Antiguako Andra Mari Urduñakoari» ere beste liburu bat eskaini zion.

Coronación Canónica de Nuestra Señora de Begoña delakoaren kronikaria izan zen. Izen bereko obra ilustratu hori 1901eko liburuki mardulean argitaratu zen, Estanislao Jaime de Labayruren hitzaurrearekin. 1903an luxuzko beste liburu bat atera zuen Jubileo Pontificio de León XIII. Recuerdo de la Peregrinación Española a Roma izenekoa. Bere lana beste erlijio eskuliburu eta debozio liburu askotara ere zabaldu zuen.

Urteek eta denbora luzez izandako lan zama handiak eragindako nekeak erretiroa eskatzera behartu zuten 1906. urtean, hirurogeita sei urte zituenean, eta Hispano-Colonial bankuak onartu egin zion. Hogeita hamar urtez Katalunian erbesteturik egon eta gero, Bizkaira itzuli zen. Bolada luzeak egiten zituen Okondoko oinetxean, paisaiaz gozatzen. Udazkenak aurrera egin ahala, Bilbora itzuli ohi zen. 1906. urtean, arrakasta handiz aritu zen Erroman, batzordeko kide bezala Berrio-Ochoa martiriaren beatifikaziorako izapideak egiten. Horri buruzko eskuorri bat idatzi zuen maiatzean. Monumentuen Batzordeko presidenteorde bezala aritu zen, 1908an sortu zenetik, hil zen arte.

Bere debozio fededun sakona argi erakutsi zuen euskaraz idatzitako liburutxo batean, 1908an, «Orrileco lorac Jaungoicoaren amari» izenburuarekin. Borroka politikoak alde batera utzita zituen arren, Artiñanok foruekin lotutako gaiekiko grina bizia mantentzen zuen, eta 1908an Antonio Maura lehen ministroak Madrilgo Gorteetan aurkeztutako Tokiko Administrazioaren lege proiektuari buruzko eztabaiden eraginez berpiztu zitzaion. Hainbat eztabaida sortu ziren Gobernuari erakunde foralak berrezartzea eskatzeko asmoa baitzegoen. Aristides jendaurrera itzuli zen El Porvenir Vascorekin. Harrigarria irudi lezakeen arren, sutsuki eskatu zuen Antzinako Erregimeneko kanpo formak berrezartzea, horiek osoki berrezartzea ezinezkoa izan arren. Probintzia Korporazioak batzar batera deitu zituen Bizkaiko Udal guztiak, eta, bertan, Artiñanok mozio luze baten bidez proposatu zuen, arrakastarik gabe, Bizkaiko Kontseilu Gorena sortu, eta hari zerga erregimenari zegozkion akordioak onartu edota aldatzeko eskumena ematea.

1885ean bere lan garrantzitsu eta ezagunena argitaratu zuen, El Señorío de Bizcaya, histórico y foral, Durangoko Euskal Jaietan aurkezteko idatzia. Hainbeste miresten zuen Novia de Salcedoren ildoa jorratu zuen, eta kontuan hartzeko moduko erudizio baten bitartez eta 1876ko uztaileko Foruen indargabetze legeari erreferentzia eginez, Artiñanoren helburua honakoa zen: «zentzurik ez duen kontrako jarreraren lainoan desagertu berri diren erakundeen bozeto sinpleak aurkeztuz, foru administrazioaren mekanismo soil baina miresgarriaren oroitzapena bizkaitarren ariman grabatzea». Lan honek harrabotsa sortu zuen historiografian, askok Bizkaiko foruzaletasunaren edo lehen euskal nazionalismoaren hasikinak hauteman dituztelako bertan; Sabino Aranaren pentsamenduaren berehalako aurrekari beharrezkoa. Beste batzuek diotenaren arabera, Gracia Cárcamok edo Chacón Delgadok esaterako, liburuak bere ideologia aldaezinaren oinarriak erakusten dituzten aipamenak dakartza, hau da, erlijioaren irakaspenekiko eta aberri maitasunarekiko errespetu sakona (aberri bezala Bizkaia ulertuta, noski). Aipatzen dutenez, Aristidesen ibilbide intelektual guztian zehar, 1860tik 1911ra, «nazio» hitza Espainiari erreferentzia egiteko erabiltzen zuen, zenbaitetan «aberri ama» esaten bazion ere. Nolanahi ere den, Artiñanok dioenez, Señorío de Bizcaya ez da liburu separatista bat: «ez dugu inolaz ere nahi inork leporatu diezagun, istant bakar batez ere, aberriaren (Espainia) batasunaren kontra jotzeko krimen higuingarria egin dugunik» (El Señorío de Bizcaya, I-V. or.).

Bere espainiartasuna zalantzan jar zezakeen txikikeria bakarra euskarari buruz aritzen zenean azaleratzen zen. Sumindu egiten zen hizkuntza barbarotzat hartzen zuten autore espainiarrekin, hura ikasten saiatu gabe mespretxatzen zutelako.

Artiñanoren bigarren obra gogoangarriena Proyecto de Academia Bascongada. Proyecto, base y reglamento de una academia de lengua e historia eúskaras en completa armonía con los principios católicos (Bartzelona, 1886) izan zen, Lizundia Askondok aztertua. Berrogeita hamar artikulu baino gehiago biltzen ditu hamabi ataletan: «1.

Akademiaren helburuaz, 2. Akademiaren izaeraz, 3. Akademikoez, 4. Antolaketaz, 5. Batzar Nagusiez, 6. Atalez, 7. Akademiaren egitekoez, 8. Komisioez, 9. Katedrei buruz, 10. Lehiaketei buruz, 11. Akademiaren eta agintarien arteko harremanaz, 12. Aldi baterako artikuluez».

Akademia sortzeko beharra eta hainbat erakunde eta Diputazioei eskatutako diru kopurua justifikatzeko (diputazio bakoitzari urteko 25.000 pezeta), euskal historia, kultura eta hizkuntzaren egoera kaskarra aztertu ondoren, honakoa gaineratzen du: «herrialdearen helburuetako bat betidanik izan da, eta oraindik ere bada, gure herriaren historia eta erakunde bereziak aztertuko dituzten katedrak ezartzea, eta euskararen ikerketak arrunt bilakatzea, hain hizkuntza miresgarria baita […]. Akademia irakaskuntza horien sorrera bultzatzeko sortuko da». 1. artikuluan jaso zuenez: «San Inazio Loiolakoaren Euskal Akademiaren helburu nagusia Euskal Herriari buruzko azterketa historikoak dira, euskal hizkuntza landu eta zabaltzearekin batera», eta ahalegin berezia eskaintzea euskal hizkuntzaren iraupenari, garbitasunari eta bere distira gordetzeari.

Euskara euskal nazioaren funtsezko elementua da; bera gabe, ezinezkoak dira bere instituzioak. Egiteko historiografikoa zen nagusia akademiarentzat, baina ez interes zientifikoengatik, baizik eta historia politikoa berreraikitzeko, Baskoniaren eskubide eta pribilegioekin lotutako gertakari guztiak argituko zituzten artxibo guztietan bilatuta. Horregatik izan zuen Sabino Aranak halako interes bizia lan honekiko. Hori irakurrita Euskal-Erria aldizkarian idatzitako artikulu bakarra idazteko inspirazioa lortu zuen «El proyecto de academia Bascongada del señor de Artiñano».

Aristidesek foruzaletasun bizkaitarrari eskainitako urteetako zerbitzuak sari ugari ekarri zizkion, eta hala erakutsi ohi zuen bere liburuen azaletan. Administrazio Zibileko ohorezko buru gorena zen, Bizkaiko Jaurerriaren Gobernuko ohorezko idazkaria, Historiaren Errege Akademiako kide urgazlea eta Sevillako Letra Onetakoa, Bizkaiko Monumentuen Batzordeko presidenteordea, Bilboko Koral Elkarteko ohorezko presidentea, Elorrioko adopziozko semea eta Pro Ecclesia et Pontificeren urrezko Gurutzearen (Leon XIII.ak 1888an ezarria) eta Karlos III.aren ordenako zalduntzaren dominak zituen.

 

Obrak

Discurso pronunciado en la Academia sevillana de jurisprudencia y legislación, Sevilla: Establecimiento tip. de la Andalucía, 1862.

Biografía del señor D. Pedro Novia de Salcedo: padre de provincia y primer benemérito del M. N. y M. L. señorío de Vizcaya, Bilbo: Imp. Vda. de Delmas, 1866.

Nuestra Señora de Orduña La Antigua, Barcelona: Imp. de Henrich, 1866.

Dictamen que en el expediente instruido en averiguación del hecho heroico realizado por D. Domingo de Echandía, en 11 de mayo de 1864, Bilbo: Miguel de Larumbe, 1867, 18 or.

Jaungoicoa eta foruac: la causa vascongada ante la revolución española, Gasteiz: Imp. acargo de Mateo Sanz y Gómez, 1869.

El Alzamiento de Vizcaya en 1872 y el convenio de Amorevieta, Sevilla: La Andalucía, 1872.

Escursión de SS. MM. Católicas por el Señorío de Vizcaya en junio de 1874, Tolosa: Imp. de Pedro Gurruchaga, 1874.

El señorío de Bizcaya, histórico y foral, Barcelona: La Peninsular (Establecimiento Tip. de Mariol y Lópezen establezimendu tipografikoa), 1885 (Barcelona: Ramírez y cía., 1886).

El poder legislativo foral en las provincias bascongadas, [s.l.: s.n., 1886].

Proyecto de Academia Bascongada, Barcelona: Tipo-litografía de los Sucesores de Ramírez, 1886.

¡Oroipengarriya! [Música notada]: on Aristides Artiñano-ko jau oso prestuari: zortzikoa = ¡Recuerdo!: zortziko dedicado al Ilmo. Sr. D. Aristides de Artiñano, Barcelona: Lit. Barcelonesa, 1886.

El Venerable Mártir Fr. Valentin de Berrio-Ochoa, Barcelona: Establecimiento Tipo-litográfico de los Sucesores de N. Ramírez y Compañía, 1886.

Jubileo sacerdotal de su santidad el papa León XIII: Catálogo de los objetos que comprende la Exposicion… Reseña leída por Aristides de Artiñano, Barcelona: Imp. La Hormiga de Oro, 1887.

Diccionario etimológico del idioma bascongado, por Pedro Novia de Salcedo; con un prólogo biográfico del Sr. Aristides de Artiñano, Tolosa: Casa Editorial de Eusebio López, Sucesor de la Viuda de Mendizábal, 1887.

Crónica de la Coronación Canónica de la milagrosa imagen de Ntra. Sra. de la Merced, Barcelona: Imp. de los Sucesores de N. Ramírez, 1889.

Bibliografia

CHACÓN DELGADO, P. J., Nobleza con libertad. Biografía de la derecha vasca, Bilbo: Atxular Atea, 2015, 389-401. or.

DE LA FUENTE, V., «El Señorío de Bizcaya histórico y foral, por D. Aristides de Artiñano y Zuricalday», BRAH, 10 (1887), 201-211. or.

GRACIA CÁRCAMO, J., «Antes y después del nacionalismo. Aristides de Artiñano: una vida consagrada, a través de su obra histórico-jurídico-política, a la “santa causa Foral”», Notitia Vasconiae. Euskal Herriko Zuzenbide Historikorako Aldizkaria, 1 (2002), 361-409. or.

LIZUNDIA ASKONDO, J. L., «Proyecto de Academia Bascongada. 1886ko euskal jaien emaitza eta beste», Antoine d’Abbadie 1897-1997. Congrès International. (Hendaye, 1997), Donostia: Eusko Ikaskuntza; Bilbo: Euskaltzaindia, 1998, 655-661. or.

Tributo a la buena memoria del Excmo. e Ilmo. Sr. D. José Ferrer y Vidal, leído en la solemne velada necrológica celebrada por el Fomento del Trabajo Nacional, Barcelona: Imp. de Henrich y Cía., 1895.

La Madre de Dios de Begoña: cuadro religioso, Barcelona: A. Lopez Robert, 1895.

Coronación canónica de Nuestra Señora de Begoña, Barcelona, 1900.

Jubileo Pontificio de León XIII, 1902; recuerdo de la peregrinación española a Roma, Barcelona: Tip. «La Académica» de Serra hermanos y Russell, 1903.

El Beato Valentín de Berrio-Ochoa y Aristi, Obispo y Mártir…: vida del Beato, Breve de su Santidad, solemne beatificación, triduo en honor del Beato, entrega a Su Santidad de las reliquias, Bilbo: Imp. de Eléxpuru Hermanos, 1906.

Triduo en honor del beato Valentin de Berrio-Ochoa, del Orden de Predicadores… = Iru rruna Berrio-Ochoa-co Valentin zorionecuaren ondran Aita Santo Domingo-ren Ordiacua, Bilbo: Imp. y Libª. de José de Astuy, 1906.

Coronación canónica de Nuestra Señora de Begoña: crónica de las solemnes fiestas dedicadas a tan fausto suceso, Barcelona: 1901 (J. Thomasek grabatu eta estanpatua).

Vida del Beato Valentín de Berrio-Ochoa y Aristi del Orden de Predicadores… martirizado en 1º de noviembre de 1861, Roma: Imp. Poliglota, 1906.

Reseña de las fiestas de Elorrio en honor del beato Valentín de Berrio-Ochoa obispo y mártir, Bilbo: Imp. Libª. y Enc. de Eléxpuru Hermanos, 1906.

Orrilleco lorac Jaungoicoaren Amari/Artiñano-co Aristides arguitzuac eguiten deutzan emoitza; biurtue dau bizcaio eusquerara Garita-Onandia-co on Balbino, Bilbo: Jose Astuy-ren moldezteguian, 1908.

PÉREZ NÚÑEZ, J., La Diputación Foral de Vizcaya. El régimen foral en la construcción del Estado liberal, 1808-1868, Madrid: Centro de Estudios Políticos y Constitucionales, 1996.

QUINTANA BERMÚDEZ DE LA PUENTE, C. de, «Artiñano y Galdácano, Gervasio de», Diccionario Biográfico Español de la Real Academia de la Historia. Online arg.: http://dbe.rah.es/biografias/56575/gervasio-de-artinano-y-galdacano (2019ko azaroak 13).

ITURRIAK

AHN, Universidades, 6357, 3. esp; Universidades, 3627, 6. esp.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP