Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Arabako egileak eta obrak

ARRESE DUQUE, Daniel Ramon (Gasteiz, 1831ko urtarrilak 3 – Sevilla, 1891ko irailak 1).

Karguak eta lanbideak

Idazlea, arabiera katedraduna, animatzaile kulturala eta kazetaria

Ibilbidea

Julian Arrese (1829-1876) foruzale aipagarriaren anaia izan zen, Descentralización universal ó el Fuero bascongado, aplicado á todas las provincias liburuaren egilea. Becerro de Bengoaren hilberri hunkigarriak («Don Daniel Ramón de Arrese: recuerdos de su vida», Euskal-Erria, 1891ko irailak 15) jarraitzen du izaten Arreseren iturri biografiko nagusia. Gasteizen jaio zen 1831ko urtarrilaren 3an. Hasiera batean, gurasoek apaizgora bultzatu zuten, baina Daniel Ramonek Filosofia eta Letretako lizentzia ikasi zuen Valladoliden eta Madrilen.

Haren helduaroko bizitza bi alditan bana dezakegu: Arabakoa (1857-1876) eta Sevillakoa (1877-1891). Lehenengoan, Arrese Gasteizko bizitza baketsura egokitu zen, apaltasunez biziz, asmo ekonomiko handirik gabe, kazetari eta behin-behineko katedradun lanetan; izan ere, «apaltasun deitoragarriz eta erresistentzia garaiezinaz atxiki zitzaion Gasteizko bizitzari. Ez zen izan beretzat, bere izatearen zatirik handienean, Gasteiz besterik». «Amaren maitasunari, adiskidetasunari eta literaturari» soil-soilik eskaintzen zion denbora; «Gasteizen onerako zen asmo orotan parte hartzeko beti prest» (Becerro de Bengoa).

Lehenengo lanpostua Gasteizko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeko irakasle laguntzaile izan zen (1857), eta ondoren Espainiako Historiako katedradruna Gasteizko Unibertsitate Literarioan (Udalak 1869ko Konstituzioaren eta irakaskuntza-askatasunaren babesean sortua). Adinean aurreratua ezkondu zen Simona Fernandez de Gamboarekin, eta horrek behartu zuen, hogeita hamabost urterekin eta familiako aita bihurturik, irakaskuntza-munduan hobeto ordaindutako lana bilatzera. Horrela, arabiera katedra bat hautatu zuen, eta hizkuntza ia ezagutzen ez zuenez, buru-belarri ikasi zuen. 1876an Sevillako Unibertsitateko arabiera katedra irabazi zuen; han, bertakotu eta hizkuntza semitikoei buruz lan bikainen bat idatzi zuen.

1860an El Alavés aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen, eta geroago El Porvenir Alavésen lanean aritu zen (zuzendari izatera iritsi zen 1863an); aldizkari hori itxi ostean (1867), El Fueristako erredakzioko partaide izan zen eta aurrerago, besteak beste, Ateneo, Irurac-bat (Bilbo), El Norte de España, Revista de las Provincias (Madril) eta Revista de las Provincias Euskaras aldizkarietan idatzi zuen.

Gogo biziz parte hartu zuen Gasteizko Ateneoaren sorreran (1866), eta haren oholtzatik «iritzi publikoa prestatu zuen artikulu bikainekin eta berritasunak erakarritako ugazaba eta langileak sendoki lagundu zituen…». 1868ko iraultza iristean, Arrese «Gasteizko Elkarte liberalean» eta hango sorkuntza kulturaletan sartu zen: Zirkulu filarmonikoa, Arrese buru zuena, eta El Norte de España aldizkari bikaina, non Daniel Ramonek irmoki eta erabakitasunez lan egin baitzuen. Udalak sortutako Gasteizko Unibertsitate Literarioan, Arresek Hebreera eta Espainiako Historiako katedradun postua hartu zuen 1870eko irailean eta, hurrengo urteko martxoaren 19an, Filosofia eta Letretako fakultatean doktore gradua jaso zuen. Hotsandiko ekitaldi hartarako azterketa filosofiko sakon bat idatzi zuen: «¿Es el progreso la ley fundamental de la historia? (Aurrerabidea al da historiaren funtsezko legea?)». Julian Apraiz doktore eta katedradun dizipuluak, Arabako kulturaren sostengatzaile eta ordezkari garbienetako bat zenak, lagundu eta goraipatu zuen.

Arresek eztarriko gaixotasun kroniko bat zuenez, hitzaldietan parte hartzea galarazten zion. 1891ko irailaren 1ean hil zen Sevillan, hirurogei urte zituela. Becerro de Bengoak sinatu zuen haren hilberria Madrilen, hilabete bereko 15ean, eta 1900ean haren idatziak editatu zituen, bion lagun izan zen Fermin Herranen Biblioteca Bascongadan.

Arreseren umiltasuna oso nabaria zen, ez baitzuen onartu San Fernandoko Arte Nobleetako akademiko urgazle izendatzea, eta ez baitzuen inoiz onartu beste inolako saririk eta kargu publikorik; bere ohiko zuzentasunarekin eusten zien purutasun foralaren printzipioei, edozein motatako berrikuntza arriskutsuei aurka eginez.

Laburbilduz, Arrese Duque unibertsitateko irakasle ona eta Gasteizko animatzaile kultural sutsua izan zen; ez zuen inolako tratatu garrantzitsurik utzi, baina bai hitzaldiak (ikasturte hasierakoak), hileta-gorazarreak eta Arabako pertsonaien biografia laburrak; besteak beste, Ramon Ortiz de Zaratek enkargatutako Prudencio Maria Verastegui eta Miguel Ricardo de Alavarenak; Obdulio Perea Vizcainorena (Gasteiz, 1836-1870) haren Poesías póstumasen 1872ko argitalpenaren aurretik idatzitakoa da.

Becerro de Bengoaren esanetan, haren abertzaletasuna batik bat praktikoa izan zen, eta ez teorikoa. Arrese arabar ahaztezin bat izan zen, Gasteizko seme itzaltsu bat, berrogei urtez Gasteizen «gure aurrerabideagatik, gure kulturagatik, probintziaren aurrerapenagatik eta jelostutako eta galdutako Foruengatik» lan egin zuen Ateneoa, Institutua eta Unibertsitate Literarioa abiapuntu hartuta, eta horrela, Arabako hiriburua Espainia iparraldeko kulturaren erdigune bihurtu zuen belaunaldi bikainaren ondra izan zen. Daniel Ramon bere anaia Julianen foruzaletasunarekin lotzen du Becerrok; Julian Descentralización universal ó Fuero bascongado, aplicado á todas las provincias (1873) liburuaren egilea izan zen, eta «Daniel Arresek beti sentitu izan zen harro anaiaren lanarekin, eta poztasun handia sortzen zion.»

Obrak

Apuntes biográficos de los ilustres patricios señores D. Prudencio María de Verástegui y D. Miguel Ricardo de Álava, escritos por D. Daniel Ramón de Arrese, con motivo de la inauguración de las estatuas que la Provincia de Álava ha erigido en el Palacio de la Diputación General, Gasteiz: Imp. de los hijos de Manteli, 1864, 37 or.

Discurso leído ante el claustro de la Universidad Literaria de Vitoria, el día 19 de marzo de 1871, Gasteiz: Imp. de los hijos de Manteli, 1871, 27 or.

Poesías póstumas de D. Obdulio de Perea precedidas de la biografía del autor por Daniel Ramón de Arrese, Gasteiz: Imp. de los hijos de Manteli, 1872.

Programa de lengua árabe de la Universidad Literaria de Sevilla, Sevilla: Francisco Álvarez, 1878, 19 or.

Discurso leído en la Universidad Literaria de Sevilla en el solemne acto de la apertura del curso académico de 1879 á 1880. Memoria correspondiente al curso de 1878-79, Sevilla: Imp. y Libª. Española y Extrangera de Rafael Tarascó y Lassa, 1879.

Escritos de Daniel R. de Arrese: volumen I, Ricardo Becerro de Bengoaren hari buruzko biografiarekin, Bilboo: Imp. y Enc. de Andrés P. Cardenal, 1900, 210 or.

Bibliografia

ARRESE, J. de, Descentralización universal ó El Fuero Vascongado aplicado á todas las provincias: con un examen comparativo de las instituciones vascongadas suizas y americanas, Madrid: Libª. de Victoriano Suárez, Imp. de José María Pérez, 1873, 281. or.

BECERRO DE BENGOA, R., «Don Daniel Ramón de Arrese: recuerdos de su vida», Euskal-Erria, 25 (1891), 257-265. or.

— Escritos de Daniel R. de Arrese con su biografía, Bilbo: Imp. y Enc. de Andrés P. C ardenal, 1900.

OSSORIO Y BERNARD, M., «Arrese y Duque (Daniel Ramon)», in Ensayo de un catálogo de periodistas españoles del siglo XIX, Madrid: Imp. y Lit. de J. Palacios, 1903.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP