Karguak eta lanbideak
Politikaria eta legelaria
Ibilbidea
Manuel de Arrazola eta Maria Garcia bizkaitarren ezkontzatik jaio zen Lorenzo de Arrazola Checan, Aragoiko Molina Jaurerriko hiribilduan. Familia aberatsa zuen, baina bera jaio zenean pobreziak jota zegoen. Horregatik, amaren aldeko osaba baten zaintzapean geratu zen, Jose Garcia Huarte, garai hartako Benaventeko korrejidorea.
Lorenzo de Arrazola Ana Micaela Guerrerorekin ezkondu zen, Zamorako Villanueva del Campokoa, eta hamahiru seme-alaba izan zituzten.
Amaren aldeko osabaren eraginez-edo, biografia honen protagonistak goiz agertu zuen humanitateekiko interesa, batez ere latinari eta autore klasikoei buruzkoa, eta Leongo Valderas apaizgaitegian Filosofia eta Teologia ikasi zituen. Nolanahi ere zen, 1823an bere heziketa bertan behera utzi zuen, absolutistei aurka egiteko milizian sartu zenean. Garai militarra bukatutakoan, ordea, Arrazolak ikasketei ekin zien berriro, eta Valladolideko Unibertsitatean Lege ikasketak bukatu zituen. 1829an, erakunde berean, Instituzio Filosofi- koen katedra eskuratu zuen, eta, gerora, errektore izateaz gain, Oratoria, Historia, Literatura eta Nazioarteko Zuzenbidea eta Konparatua eman zituen. Aurrerago, behin Madrilen egonkorturik, Complutenseko Zuzenbide Fakultateko dekano izatera iritsi zen, 1845ean.
Bere ibilbide politikoa Alderdi Moderatuan egin zuen, alderdiko buru izatera iritsi arte. Valladolideko prokuradore sindiko izendatu zuten 1835eko zinegotzi hauteskundeetan, eta Gorteetako diputatu 1837an. Ordutik hasi, eta hil arte, Lorenzo de Arrazolak herrialdeko bizitza publikoko hainbat ardura hartu behar izan zituen bere gain: Grazia eta Justizia ministro izan zen hain- bat aldiz, eta, horiez gainera, 1864 eta 1867 artean Estatukoa eta itsasoz haraindikoa ere bai. Ministroen Kontseiluko presidente izan zen 1864ko ur- tarriletik martxora; Auzitegi Goreneko Fiskal eta Presidente; eta biziarteko senatari 1848tik, bere ibilbide luzearengatik esker ona adierazteko, nahiz eta hamarkada batzuk geroago senatari izateko hautatu zuten. Horiez landa, Zientzia Moral eta Politikoen Errege Akademiako presidente izan zen, eta baita Jurisprudentzia eta Legegintzakoa ere.
Legelari bezala, bere izena Enciclopedia Española de Derecho y Administración o Nuevo Teatro Universal de la Legislación de España e Indias lanari loturik dago, bertan zuzendari aritu baitzen. Hamabi liburuki argitaratzera iritsi ziren, baina obra mardul hori bertan behera geratu zen, hura inspiratu zuena hil zenean.
Horrez gain, kontuan hartzeko modukoak dira, zati bat latinez idatzita duen bere obra literarioa, bai prosan, eta baita neurtitzetan ere; eta arlo juridikotik oso bestelakoak ziren jakintza esparruekiko interesa. Esaterako, bulkanismoan aritu zen, eta sumendi eta lurrikaren inguruko saiakera bat ere argitaratu zuen.
Baskoniaz den bezainbatean, bere izena 1839ko urriaren 25eko legearekin lotzen da. Hori izan zen, 1876ra arte, foru-lurraldeak Monarkia konstituzionalean integratzeko testu erreferentziala.
Lehen Karlistaldia bukatu zenean, 1839ko irailaren 11n, Lorenzo de Arrazolak, Evaristo Perez de Castro Britoren gobernuko Grazia eta Justizia ministroak, lege proiektua aurkeztu zuen bi urte lehenago indargabetu ziren foruak berrezartzeko. Testu horrek euskal foruak onartzea suposatzen zuen, Bergarako Hitzarmenean egindako proposamenari jarraituz.
Lege proiektua Kongresuan bideratzea ez zen erraza izan, hainbat diputatuk izandako foruen kontrako jarreragatik. Zuzenketa bakarrak egin zuen aurrera, eta urriaren 3an aurkeztu zen Kongresuan. Zazpi diputatuk sinatu zuten, tartean, zuzenketari izena eman zion Jose Maria Calatrava, nahiz eta Zazpi Kolosoen zuzenketa izenez ere ezagutu zen. Eztabaidak porrot egingo zuela zirudienean, ustekabean eten egin zen, eta Lorenzo de Arrazolak testu bat eman zion Kongresuko Mahaiburutzari. Azkenean, testu hori botatu zen, eta bere bi artikuluak aho batez onartu ziren. Horri esker, foruek indarrean jarraitu zuten, baina noski, Monarkiaren batasun konstituzionalaren menpe.
1839ko legearen behin betiko idazketa eta Monarkiaren batasunari egindako aipamena zirela medio, azkenik aurrerakoien proposamenek egin zuten aurrera, foruak baldintzarik gabe onartzea nahi zuten moderatuen tesia alde batera utzita.
1840 eta 1843 artean igarotako urteek, Esparteroren agintepekoak, kezka sakona eragin zioten Arrazolari. Zamorako diputatu izan zen 1839an, Valladolidekoa 1840an, eta, urte horretan bertan, berriro ere Zamorakoa. Hala ere, udalerrien Legea bertan behera geratu zenean, Lorenzo de Arrazolak bere emaztearen sorterrira alde egitea erabaki zuen, eta bere ibilbide politikoa alde batera utzi zuen. 1844an, ordea, berriro hauteskundeetara aurkeztea erabaki zuen, eta Valladoliden hautatu zuten.
Hurrengo urteetan Unibertsitate Zentraleko Jurisprudentzia katedran aritu zen, eta politikara itzuli zen, hainbat momentutan Grazia eta Justizia sailaren ardura bere gain hartuz.
Obrak
Promptuarium in quo præcipua et selectiora institutionum philosophicarum continentur: ordinatum, atque dispositum, Valladolid: Aparicioren moldiztegia, 1828.
Poesías, o Cantos lúgubres á la sensible y prematura muerte de nuestra Augusta Soberana Doña María Josefa Amalia, Valladolid: Aparicioren moldiztegia, 1829.
Epitalamios o Poesías del fausto enlace de Nuestro Augusto soberano con la princesa Doña María Cristina de Borbón, Valladolid: [i.g.], 1829.
Ensayo sobre volcanes y terremotos y en particular sobre los acontecimientos de Murcia y Orihuela, Valladolid: Aparicioren moldiztegia, 1829.
Catálogo de temas que deberán discutirse en las sesiones de la Academia Matritense de Jurisprudencia y Legislación… en 1845, Madril: [i.g.], 1845.
Discurso inaugural pronunciado en la solemne apertura de la Universidad Literaria de Madrid el 10 de noviembre de 1845, Madril: José C. de la Peñaren moldiztegia, 1845.
Enciclopedia Española de Derecho y Administración o Nuevo Teatro Universal de la Legislación de España e Indias, Madril: Antonio Rius y Rossellen tipografia, 1848- 1870.
Catedral y ensanche de Madrid: memoria preparada para dar cuenta en Consejo de ministros, en 1851: y presentada a S.M. en 1859, Madril: Babilonia Argitaletxe taldea, 1984.
Bibliografia
CUENCA TORIBIO, J. M., «Lorenzo Arrazola y García», Diccionario Biográ- fico Español, Madril: Historiaren Errege Akademia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/8029/lorenzo-arrazola-y-garcia (kontsulta: 2019ko azaroak 25).
D. L. C., Historia científica, política y ministerial del Excmo. Señor D. Lorenzo Arrazola, Madril: José María Ducazcalen moldiztegia, 1850.
DÍAZ SAMPEDRO, B., «Lorenzo Arrazola: semblanza de un gran político y un gran jurista», Cuadernos de Historia del Derecho 11 (2004), 119-139. orr.
LÓPEZ NÚÑEZ, A. «D. Lorenzo Arrazola y García, segundo presidente de la Academia (1866-1868)», Anales de la Academia de Ciencias Morales y Políticas, 1935, 277-308. orr.
MARTÍNEZ MANSILLA, A. «Lorenzo Arrazola: la revolución jurídica moderada», Pacheco, D., Díez, A. R., Torre y Sanz, A. (arg.), Ateneístas ilustres, Madril: Madrilgo Ateneo Zientifiko, Literario eta Artistikoa, 2004, 53-64. orr.
— Lorenzo Arrazola o el Estado liberalcatólico, Gijón: Gijongo Jovellanos Ateneoa, 2007.
MONREAL ZIA, G., «La elaboración de la Ley de 25 de octubre de 1839», Iura Vasconiae, 9 (2012), 235-325. orr.
MONREAL ZIA, G., «Los derechos históricos vascos: poder constituyente limitado o instituciones concretas», Iura Vasconiae, 16 (2018), 45-120. orr.





