Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAKO EGILEAK ETA OBRAK

ARMENDARIZ NAGORE, Martin (licenciado Armendáriz) (Iruñea, ca. 1575 – Iruñea, 1625).

Karguak eta lanbideak

Legegizona, Errege Auzitegietako abokatua

Ibilbidea

Hari zor zaio Recopilación edo Repertorio y sumario de las Leyes de Navarra lana, oharrez eta iruzkinez osatua (1614-1617) eta, beti egiten zuen moduan, Armendariz lizentziatua izenez sinatua. Katalogo bibliografiko eta ikertzaile batzuek José de Armendáriz izena eman diote, beste inorekin nahasita.

Martin Armendarizek ongi islatzen du garai hartako estatu lauan mugitzea eta gora igotzea zer zen, izan ere, haren lanbide-bilakaerak ez du zerikusirik familiaren jatorriarekin. Iruñeko rua Torredondas (gaur San Gregorio) karrikan jaio zen, 1575 inguruan, gurasoak Juan Armendariz eta Teresa Nagore zituela, biak ere Iruñeko bizilagunak. Aita euskal lurraldeetan sortua zen, harakina eta azienda-tratularia; negozioa zabaltzen eta hobetzen asmatu zuen eta bere estamentuan posizio ekonomiko ona eduki zuen, bere jabegoko etxeaz gain errentan zituelako oholak, salgaiak eta zenbait lur eta zentsu. Aita hil zen Martin eta anaia artean umeak zirela, eta haien ama berriz ere ezkondu zenean, haien osaba Miguel Serranok bere tutoretza eta zaintzapean hartu zituen. Justizia Auzitegietako eskribau eta tenientea zen osaba, eta hark kudeatu zituen bi anaien ondasunak. Miguel anaia Madrilera joan zen, eta handik Indietara, baina Martinek, berriz, 1593-1594 aldera Kanon eta Lege Ikasketak hasi zituen Huescako Unibertsitatean.

1602rako Nafarroako Errege Auzitegietako abokatua zen. Urte hartan berean, ezkontza onuratsua lotu zuen Maria Arraiozekin, Juan Arraioz eskribau eta hartzailearen alabarekin. Egiaztatu ahal izan denez, ikasle garaian lege-liburutegi oparoa osatu zuen, ezkontzako kapitulazioetan 400 dukat balio duen liburutegia eskaini baitzuen. 1614 eta 1616 bitartean diru arazoak izan zituen bere lege-bildumaren argitalpenek eragindako gastuen ondorioz, baina aldi bateko arazoak izan ziren, beti posizio erosoan bizi izan zelako. Aukera izan zuen gurasoen ondasunak, aitaginarrebarenak, eta aitaordearen ondasunen zati bat bereganatzeko, eta berak ere bildu zituen zenbait ondasun, haren testamentuan ageri denez.

Recopilación bildumarekin egindako lanean kemen eta erudizio handiak erakutsi zituen, baina bestela, ez zen oso agerikoa izan Martin Armendarizen lana, eta Nafarroako justizia-administrazioan ere ez zuen kargurik bete.

Alargun geratu eta denbora gutxira hil zen, berrogeita hamar urte zituela, 1625eko uztailaren 25ean, Iruñeko Harategi Zaharrak (gaurko Oinutsak karrika) auzoko bere etxean, eta San Zernin elizan lurperatu zuten. Testamentuan utzi zuen haren hiletak ordaintzeko etxeko liburutegia saltzeko agindua. Hala egin zen, eta beste abokatu batek erosi zuen 100 dukat ordainduta. Mendearen erdialdera Juan Antonio Berdun liburu-saltzailearen eskuetara joan zen. Ezkontzatik lau alaba eta seme bat jaio baziren ere, —semea Armada espainiarrean soldadu—, haien ondorengotza urte gutxiren buruan eten zen.

1614an Armendarizek, Errege Kontseiluaren bultzadaz, bere kargu argitaratuko du Recopilación de todas las leyes del Reino de Navarra lana, azken urteetan egin zuen bilduma jasoz. Harekin batera beste bilduma bat argitaratu zen, Las leyes del Reino de Navarrahechas en Cortes Generales izenekoa, Gorteek 1576an emandako aginduari erantzunez Pedro Sada eta Miguel Murillo sindikoek egin zutena eta Kontseiluak jarritako traben ondorioz urteetan atzeratu zena. Urte berean bi bilduma argitaratzea ez da kasualitatea, eta ez da kasualitatea, ezta ere, sindikoek egindakoaren eskaintza «Nafarroako Erresumako Hiru Estatuei» zuzendua izatea, eta azalean erresumaren armarria agertzea, eta Armendarizek, ordea, erregeari eskaintzea, azalean monarkiaren armarria agertzea eta eranskinak Kontseiluko presidenteari eskaintzea, haren familiaren armarria jarrita. Bi bildumek adierazten dute Nafarroako legeek garapen handia izan zutela xvi. eta xvii. mendeetan, eta beraz, beharrezkoa izan zela haien bilduma egitea, eta ekimen horrek tentsioak sortu zituela Nafarroako Gorteen eta erregearen boterearen artean. Armendarizen liburuaren inguruan gertatu ziren gauzetako batzuk argi agertzen dute tentsio hori, izan ere, haren liburua istilu horien lekuko da, eta horregatik Erresumak errefusatu egin zuen.

Nafarroan legeen inprimaketak xedapen-balioa zutela jakinik, xvi. mendean erresumak Foru Laburtua deitu zena argitaratu nahi izan zuen, baina ezin izan zuen. Arrazoi desberdinengatik, inoiz ez zen lortu erregearen onespenik. Nafarroako Gorteek ez zituzten begi onez ikusi Balanzak eta Pasquierrek egindako lege-bildumak (Ordenantza zaharrak, 1557), eta ondoren Pasquierrek egindakoa (Ordenantza berriak, 1567) ere ez, haietan sartzen zirelako Erresumaren lege-eskumena zapaltzen zuten errege-legeak, eta «erabakien bidetik» aritzen zirelako, legeak hitzez hitz kopiatu gabe, haien sumarioak eskainiz. Horregatik, Foru Laburtua argitaratzeko izapideek porrot egin ondoren, Gorteek 1576an agindu zieten beren sindikoei liburuki bakar batean biltzeko Gorte nagusietan emandako legeak eta erreparoak, errege-legeekin batere nahasi gabe. Bilduma hori Gorteetan aurkeztu zen 1593an, eta 1604an eguneratu zen, baina Errege Kontseilua gerotik gerora ibili zen hura aintzat hartu aurretik, eta trabak jarri zizkion haren onarpenari, adibidez, luzeegia zela esanez, eta murritzagoa izan zitekeela legeen xedapen-zatia bakarrik jarrita, osorik jaso gabe, edo ez zituela jaso bisita-ordenantzak eta Kontseiluarenak. Erregeordearen esku-hartzeari esker, 1612ra arte ez zuen lortu sindikoen bildumak inprimatzeko lizentzia, baina azkenean argitaratu zen. Urte horretan berean, lizentzia hori urtebete eskasean lortu zuen Armendarizen errepertorioa argitaratu zen. Armendarizena izaera pribatuko lege-argitalpen bat zen, lehian sartzen zena Erresumak bultzatutako bildumarekin, eta horrez gain Errege Kontseiluaren eskakizunei erantzuten zien, lege-testuen laburpen hutsak jasotzen baitzituen —sumarioak—. Horien guztien ondorioz, berehala errefusatu zuten erresumako sindikoek.

Armendarizek bost liburukitan jaso zituen Gorteen legeak, 1494tik, Gaztelak konkistatu aurretik, 1612ra arte. Hitzaurrean ohartarazi zuen ez zuela jaso ez bisita-legerik ez eta bestelako errege-legerik, Hiru Estatuek ez zutelako nahi haiek nahasterik. Berak, ordea, bigarren bilduma bat zuen prest, lege horiek guztiak jasotzen zituena (zedula eta probisioak, bisita-legeak, ordenantzak, etab.). Inoiz ez zen inprimatzera iritsi, baina haren errolda eta tituluak eman zituen argitaratutako lanaren aurkibideetan. Biltzaile nekaezina izanik, haren esanetan hirugarren bilduma bat ere ia prest zeukan, Fuero General de Navarra y del Reino de Sobrarbe izenekoak jasotzen zituena.

Armendarizek antolatutako argitaratze-planean, Recopilación de todas las Leyes de Navarra bildumarekin batera Aditiones sive Anotationes izeneko oharrak erantsi behar ziren, 1614rako argitaratzeko prest eta onartuak baitzituen, bi lanek obra bakar bat osatzen zutelarik. Hala ere, Aditiones horien argitalpena atzeratu zen 1617 arte, eta ordurako Bildumaren ale ugari salduak ziren. Horregatik dago nahaste handi samarra obraren edukiaren inguruan, argitalpen batzuetan Recopilación eta Aditiones horiek bat eginda doazelako, baina beste batzuetan bakoitza bere kabuz, bereiz, aurkitzen dira. Aditiones lanaren inprimaketa atzeratu zen, alde batetik, ordurako inprimatua zegoen bildumak Gorteetan arazo instituzional-politikoak aurkitu zituelako, eta bestetik edizioaren kostuak bere gain hartu behar izan zituelako. Liburuak banatzen hasi eta denbora gutxira, Armendariz salatu zuten bi merkatarik, haien esanetan 150 dukat zor baitzizkien, 800 paper-resmaren ordainetan. Haren aitaorde Gazolazek ere eskatzen zizkion inprimaketa egiteko utzitako 300 dukat. Epaiketan argi geratu zen Armendarizek Errege Kontseiluaren laguntza izanen zuela inprimaketa finantzatzeko, erakunde horrek bere gain hartu zuelako Erresumako hiri nahiz herri guztiei bilduma erosteko agindua emateko ardura.

Hala ere, 1614aren amaieran, sindikoen eta Erresumaren errekerimenduen aurrean, Errege Kontseiluak dekretu bat eman behar izan zuen, Armendariz behartuz liburuaren izenburua aldatzera, Recopilación hitza kenduz, hark legearen testu osoaren transkripzioa inplikatzen zuelako, eta haren ordez Repertorio y sumario erabiltzeko, lege haietatik ateratako laburpen hutsak jasotzen zituelako. Horregatik erantsi behar izan zien azal berria artean saldu ez ziren liburukiei, eta eskuz aldatu behar izan zuen salduta zeuden aleen azala. Egileak ez zuen kasurik egin eta, hori ikusita, 1617ko Gorteek, 36. legean, berriz ere lan haren izenburua aldatu behar zela berretsi zuten eta lana bera ezetsi zuten, 1569ko Gorteen 51. legea hausten zuelako, eta Hiru Estatuen agindurik gabe argitaratu zelako. Gainera, epaiketetan erabiltzeko debekua ezarri zieten abokatuei, eta epaimahaiei aintzat ez hartzeko agindua eman zieten.

1617ko urte hartan berean argitaratu zituen Armendarizek Aditiones direlakoak, eta legeari men eginez inprimatu zituen azal berria eta izenburu berria, Repertorio y sumario de las Leyes del Reyno de Navarra. Eranskinetan, Armendarizek legez lege aletu zituen bilduman jasotako guztiak. Monarkiaren gailentasunaren alde agertu zen, Nafarroako erregeak legeak bere kabuz egiteko eskumena eta forua interpretatzeko eskumena izatea proposatu zuen, hori komenigarria ez bazen ere, Hiru Estatuen onespenik gabe. Beharbada, Koroarekin zuen loturagatik, Armendariz lizentziatuak defendatu zuen Gaztelako Zuzenbideak izan behar zuela Nafarroako Zuzenbidearen osagarria, baina tesi hori ez zen inoiz gauzatu.

Armendariz lizentziatuaren Repertorio lanak balio ofizialik inoiz izan ez bazuen ere, denbora igaro ahala ospe ona irabazi zuen. Esate baterako, 1637ko Gorteek, legegizonen aginduz, haren ale bat erostea erabaki zuten, sindikoen Recopilación lana baino osoagoa zelako eta legeak errazago aurkitzen zirelako. Diputazioak ere erosi zuen, 1644an. Bi bildumak ordezkatzera etorri zen, 1686an, Antonio Chavierrek egindako Fueros del Reyno de Navarra y Recopilación de las leyes lana, orduan bai, Nafarroako Gorteen et Errege Kontseiluaren onespenarekin.

Obrak

Recopilación de todas las Leyes del Reyno de Navarra a suplicación de los tres Estados del dicho Reyno concedidas y juradas por los señores Reyes del, Iruñea: Carlos Labaienek egina… egilearen kargu, 1614; 1617ko Gorteen 36. legea betez, azal berria inprimatzen da, izenburu honekin: Repertorio y sumario de las Leyes del Reyno de Navarra concedidas por los señores Reyes del dicho Reyno a suplicación de sus tres Estados, Iruñea: [por] Carlos de Labayen [1614].

Aditiones sive Anotationes Licenciati Armendariz ad suam Recopilationem Legum Regni Navarrae. Liber necessarius omnibus iudicibus ecclesiasticis, & secularibus, & advocatis omnium Regnorum ubi servatur ius commune, ob materias amplas, & practicables, quae sunt in illo. Est et necesarius omnibus parochis, religiosis, & aliis habentibus Sacrosanctum Concilium Tridentinum… Sunt et in illo inserti omnes fori dicti Regni, de quibus sit mentio in legibus eius… et plurimae concordiantae & discrepantiae legum Navarrae, Castellae, Aragonum, Galliae, & aliorum Regnorum [Pamplona]: excudebat Carolus â Labàyen, 1617. Ale batzuetan Recopilación eta Aditiones lanak bat eginda doaz eta beste batzuetan bereizirik.

Egileak berak dioenez beste bi bilduma prestatu zituen, baina ez ziren argitaratu eta haien eskuizkriburik ez da aurkitu.

Recopilación de leyes de Visita, Cedulas Reales, Provisiones, Pragmáticas de Virreyes y Consejo deste Reyno, Autos acordados del dicho Consejo, y Ordenanzas de los oficios del dicho Reyno.

Fuero General de Navarra y del Reino de Sobrarbe.

Bibliografia

Nafarroako Errege Artxibo Orokorra, Tribunales. Procesos, 2695., 149430., 202843., 267103., 283300. zk.

Leoné Puncel, S., Los fueros de Navarra como lugar de la memoria, Donostia: Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 2005, 74.-83. or.

Salcedo Izu, J., «La imprenta en la legislación histórica de Navarra», in Historia de la imprenta hispana, Madrid: Editorial Nacional, 1982, 645.-695. .or

Salinas Quijada, F., Estudios de Historia del Derecho Foral de Navarra, Iruñea: Nafarroako Foru Diputazioa, 1978.

Zuaznavar, J. M.ª, Ensayo histórico-crítico sobre la legislación de Navarra, Donostia: I. R. Baroja, 1827-1829, IV, Hirugarren eta azken zatia, 2. liburua (1829), 367.-422. or.

Aipamen bibliografikoa

San Martín Casi, R., “Armendariz y Nagore, Martin”, Jimeno Aranguren, R., (dir),Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 535-539.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP