Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE 2. Gipuzkoako egileak eta obrak

ARIZTIMUNO OLASO, Jose (goitizenez, Aitzol). (Tolosa, Gipuzkoa, 1896ko martxoak 18 – Hernani, 1936ko urriak 17).

Karguak eta lanbideak

Apaiza, euskararen defendatzailea, sindikalista eta pentsalari politikoa

Ibilbidea

Jose Ariztimuño Aitzol 1896ko martxoaren 18an jaio zen Tolosan. Aitzolen lehen inspirazio ideologikoa agian Patrizio Orkaiztegi apaiza izan zen, abertzalea, karlista izandakoa eta euskarazko lan batzuen argitaratzailea (Azurmendi, 1990: 15; Otaegi, 1998: 2).

Ariztimuño Comillaseko jesuiten Unibertsitatean hasi zen 1909an, Orixe irakasle bezala izan zuen eta (Otaegi, 1998: 2-3). 1919an Unibertsitate horretatik kanporatua izan zen, orain arte ezagutzen ez diren arrazoiak tarteko. Gasteizen bukatu zituen apaiz-ikasketak; hiri horretan Jose Miguel Barandiaran handia ezagutu zuen, (Zenbaiten artean, 1990; Azurmendi, 1990: 16; Otaegi, 1998: 3).

Aitzolek lehen meza 1922an eman zuen, Tolosan. Hortik gutxira, 1923an Gasteizko Elizbarrutiko Antolaketarako eta Propagandarako idazkari izendatu zuten. Bertatik agian euskarazko bere lehen produkzioa izango zena egin zuen, Gure Mixiolariak aldizkaria ateraz. 1924an Garin auzoko (Beasain) apaiz izendatu zuten, kargu horretan 1929 urtea arte izan zen, bronkioetako gaixotasun batengatik Donostiara bizitzen joan zen arte (Zenbaiten artean, 1986; Insausti, 1990: 8; Azurmendi, 1990: 20-21; Otaegi, 1998: 3-44). Aurretik, 1929an bertan, Elizak Bartzelonan antolatu zuen Misio Erakusketaren antolatzaileetako bat izan zen (Zenbaiten artean, 1986; Insausti, 1990: 8; Otaegi, 1998: 8).

1930 urtean lehen aldiz erabili zuen «Aitzol» ezizena, bere deituren (Ariztimuño Olaso) akronimo bat delarik (Otaegi, 1998: 5). Urte horretan El Día egunkari donostiar katoliko eta euskaltzalearen sortzaileetako bat izan zen (Azurmendi, 1990: 21) eta zenbaiten ustez «editorialista» ere izan zen (Otaegi, 1998: 5). Toki horretatik euskal nazionalismoaren ideologo edota intelektual bezala kokatu zen. Uste denaren kontrara, Aitzol sekula ez zen EAJko kide izan, orduko EAJko estatutuek apaizak kide egitea debekatzen baitzuten (Zabaltza, 2005: 307).

Urte berean Euskaltzaleak euskara eta euskal kultura sustatzeko taldearen zuzendaritzan sartu zen. Erakunde honetako kideekin bultzatu zituen hain ezagunak izan ziren Eusko Olerti Egunak edo Bertsolaritza Txapelketak (Otaegi, 1998: 5; Zabaltza, 2005: 307-308), edo 1933an ateratzen hasi zen Yakintza aldizkaria (Zenbaiten artean, 1986; Insausti, 1990: 10; Otaegi, 1998: 15). Hauxe, euskararen inguruko ekarria, izan zen Aitzolendako fama ekarri zuena. Lehenik, Euskaltzaleak taldean, euskararen aldeko propaganda taldean, Aitzolek ideologia guztietako pertsonei zabaldu zien talde hau (ez soilik talde abertzale huts bezala mantenduz; Zabaltza, 2005: 121-123 eta 307-308). Bigarrenik, literatur bultzatzaile moduan. Kasu honetan bi fase bereizten dira; lehena 1930-33 urte artekoa, non «goi-literatura» bultzatzen saiatu zen, Mistralen Mireio okzitanieratik euskaratzea Orixeri enkargatuz, edo autore berdinari Kalevala finlandiar lanaren antzeko poema bat, Euskaldunak, egitea enkargatuz (Larrañaga, 1988: 264; Otaegi, 1998: 16-17). 1933tik aurrera ordea, herri-poesian sartzen ditu itxaropenak Aitzolek, goi-mailako poeten (Orixe, Lauaxeta, Lizardi) originaltasuna (folklorearengandik urruntzea) eta «ulergaiztasuna» kritikatuz (Otaegi, 1990: 34-36 eta 39-41; Kortazar, 1990: 54-55). Larrañagak (1988) eta Otaegik (1990) apurketa hori erabatekotzat dute, Kortazar Uriartek aldiz, apurketa erlatibotzat du, bere ustez Aitzolek «aurreneko fasean» ere, folklorearen lehentasuna defendatzen baitzuen, ikusmolde kontserbadoreen barnean ulertzen zuen modernismoa Aitzolek (Kortazar, 1990: 49-50 eta 52-53).

Eta azkenik soziolinguista moduan; Aitzolen bi lan aipatu ditzakegu La muerte del euskera o los profetas de mal agüero 1931n eta Lucha de idiomas en Euzkadi y en Europa 1935ean (hau lankidetzan). Lehen liburuan garaiko euskararen inguruko iritzi negatibo batzuk ihardesten ditu, euskararen ezaugarriak zein orduko euskararen egoera analizatuz, ikuspegi baikor batetik. Ezkorragoa da bigarren lanean ematen duen itxura (Ariztimuño, 1931). Bigarren liburu horretan bai elebitasunaren kausa historikoak zein elebitasunaren eredu ezberdinak (elebitasun osoa, Luxembugen moduan; geografiaren araberako elebitasuna Belgikan bezala, eta elebitasun soziala edo diglosia) aztertzen ditu: bere arabera Euskal Herrian azken elebitasun mota hau ematen zen, baina lehen ereduaren ezaugarriak partzialki hartzen ari zen: eliteen hizkuntza, erdara, euskaldunengan barneratzen ari zen, baina ez alderantziz (Ariztimuño, 1935b: 224-227). Egoera hau konpontzeko, Aitzolen arabera, irakaskuntzaren bidez belaunaldi berriak berreuskalduntzea da, eta horretarako herri-kontzientzia beharrezkoa da (Ariztimuño, 1935b: 228-231 eta 256-264). Modu honetan, Estatuak elebitasuna bere egin edo onartu beharko du, Finlandiako eta Flandriako ereduek azaldu bezala (Ariztimuño, 1935b: 264-277).

Azkenik esan beharra dugu Aitzol garbizaletasunaren kontrakoa zela, bai Jesus Insaustik ematen deun testigantzak (Insausti, 1990: 7) zein Lucha de idiomas en Euzkadi y en Europa liburuko zenbait argudiok hori adierazten dute (Ariztimuño, 1935b: 263).

1936ko uztailaren 12an idatzi zuen azkeneko artikulua El Día egunkarian (Azurmendi, 1990: 25). Guda Zibila pizterakoan Ipar Euskal herrira egin zuen ihes, lehenik Hendaian egon zen eta irailaren 11n Belokeko monastegira joan zen (Otaegi, 1998: 9). Antza denez, Belokeko monastegiak mehatxuak jaso zituen Aitzoli ostatu emateagatik, Lazkaoko beneditarrek ondorioak sufrituko zituztela zioten mehatxuok (Zenbaiten artean, 1986).

Aitzolek lehenik «euskaldunen arteko suetena» bilatu nahi zuen eta hori zela eta Etxalarrera joan zen erreketeekin negoziatzera. Ez zuen ezer lortu eta gainera bera atxilotzear izan ziren. (Zenbaiten artean, 1986; Insausti, 1990: 10; Otaegi, 1998: 9; Zabaltza, 2005: 307). Saiakera horrek porrot eginda, bere hurrengo pentsamendua Bilbora, Euzko Jaurlaritzaren ondoan aritzera izan zen. Urriaren 15ean Baionatik Galerna ontzia hartu zuen —goiz horretan Ziburun meza eman zuen— (Azurmendi, 1990: 25).

Galerna ontzia frankisten Alcázar de Toledo ontziak bidean preso egin zuen eta Pasaiako portuan sartu zuen. Aitzol Ondarretako kartzelan izan zuten, non tortura latzak jaso zituen. Urriaren 17an komandanteak Aitzol «aske utzia» izan zela baieztatzen zuen agiri bat sinatu zuen. Gezurra izan zen: urriaren 17tik 18rako gauean fusilatu zuten Hernanin.

Sindikalismoa Aitzolen ihardueraren parterik garrantzitsuenetako bat izan zen, ELAren propagandistarik ezagunenetakoa izan baitzen; bai idatzizko artikuluen bidezko (El Día egunkaritik) zein ahozko eztabaidetako polemista izan zen. Aitzolen ikuspuntua, oro har, katolizismotik (Leon XIII.aren Rerum Novarum eta Pio XI.aren Quadragesimo Anno entziklikak) eta euskal abertzaletasunaren ideologiatik zetorren. Bai Leon XIII.arengandik eta bai Sabino Aranarengandik, kapitalismoaren kontrako kritika morala  —gehiegizko metatzearen eta miseriaren arteko kontraesana— hartu zuen (Zenbaiten artean, 1986). Bestetik, Aranarengandik, ikusiko dugun moduan, euskal langileek euren artean elkartzeko eta sozialismotik apartatzeko beharra hartu zuen, hori euskal ordena prekapitalistaren defentsarekin batuz (Scheifler, 1990: 69-70).

Aitzolen ikuspegi sindikalean bai elementu progresistak zein kontserbadoreak biltzen ziren. Aitzolengan «Ordena kristauaren» defentsa, sindikalismo katolikoak egin behar zuena, ez zen indarrean zegoen ordenaren defentsarekin identifikatzen eta, hain zuzen ere, ordena «ez gizatiarrean» ikusten zuen langile asko sozialismorantz gerturatzen (Scheifler, 1990: 62 eta 63-65). Ariztimuñoren arabera, nazionalizazio handiak defendatu ordez, soldaten igoera eta prebisio-neurriak defendatu behar ziren (Scheifler, 1990: 69). Hau defendatzeko, Aitzolen arabera euskal sindikatu katoliko bat behar zen: ELA. Aitzolek 1932an ELAri ezkortasunez begiratzen zion, eraginkortasuna falta zitzaiola eta, hala ere, 1933an Gasteizko II. Kongresua egin zuenean ordea, oso baikor atera zen bera (Scheifler, 1990: 68-69 eta 73).

Honekin bat dator bere arerio ideologikoekin eztabaidatzeko joera. 1932ko abenduan, adibidez, 5.000 langileren aurrean, berak eta Alberto Onaindiak Juan Astigarribia zuzendari komunistarekin eztabaidatu zuten, «giro gogor baina errespetuzko batean» (Azurmendi, 1990: 24; Scheifler, 1990: 60-61; Otaegi, 1998; 8). Halako mitinak hain arrakastatsuak izan ziren, ezen Mateo Muxika gotzainak 1933ko udan debekatu egin baitzituen —eta artikuluak ateratzeko baimena exijitzen hasi zen— (Insausti, 1990: 9; Azurmendi, 1990: 24; Otaegi, 1998: 8).

Baina beste alde batetik, tolerantzia edota hurbiltasun pertsonal hori ez zetorren bat tolerantzia ideologikoarekin. Beste ideologo abertzaleen gisan, sozialismoa eta komunismoa Euskal Herriarekiko ideologia arrotz moduan zituen (Scheifler, 1990: 73-74). Bestalde, Aitzolen arabera, ezin ziren «kapitalaren mugak bortxatu», hau da, «industria nazionalaren» bideragarritasunak eta onurak markatzen zituen langile errebindikazioaren mugak (Scheifler, 1990: 72). Bestetik, batez ere 1932-1933 urteetan, UGTri «Gobernuak bultzatutako sindikatua» izatea (eta honen bidez ELA bezalako sindikatuak baztertzea) leporatzen zion (Scheifler, 1990: 62 eta 70-73). Sozialismoaren aurkako kritika esentzialista eta harmonizista honetan, elementu kontserbadoreak aurkitzen ditugu.

Aitzolek, nahiz eta sindikatu horiak gaitzetsi, patronalarekin edozein kolaborazio ez zuen ukatzen, zenbait proiektu hauen laguntzarekin bultzatu nahi zuen. Hori zen adibidez «Unibertsitate Soziala», zeinak bai langileak profesionalki zein intelektualki formatzeko balioko zuen. Aitzol 1933an bildu zen Bizkaiko patroiekin proiektu honetaz hitz egiteko, baina azkenean proiektua ez zen gauzatu (Scheifler, 1990: 65 eta 73-74).

Nahiz eta egun Aitzol batez ere euskal literaturaren bultzatzaile, euskararen aldeko aktibista gisa, eta agian akademian, ELAren aldeko propagandista gisa ezagutu; bere garaian baita ere foralismoaren teoriko gisa ezaguna izan zen. Honen inguruan idatzi zuen bere lanik mardulena: La democracia en Euzkadi, 1935ean ateratakoa (Ariztimuño, 1935a), non Euskal Herriko sistema tradizionalaren, demokraziaren kontzeptuaren eta etorkizunean izan behar zen sistemari buruz hitz egiten zuen. Atal honek apenas jaso du arretarik, salbuespen bezala Xabier Zabaltzaren euskal nortasunari buruzko liburuan eskaintzen dion azpikapitulu bat (Zabaltza, 2005) eta Aitzolen Idazlan guztiak bilduman Francisco Rodriguez de Corok idatzitako kapitulu bat ditugu (Rodriguez de Coro, 1988).

Aitzolek bere demokraziaren kontzeptua bi zutarritan ezartzen du: alde batetik Aristoteles, eta beste ale batetik autore katoliko ezberdinak (San Tomas Akinokoa, aita santuak, Francisco de Vitoria, Martin Azpilkueta eta abar). Aitzolek autore hauek defendatutako postulatuetan oinarritutako demokrazia Rousseuaren Itun Sozialean bildutako ereduarekin kontrajartzen du; honetarako arrazoiak, demokrazia «masaren tirania» bihur ez zedin «demokrazia instituzionala» (hau da sufragio unibertsal bidez baino instituzioen bidezko parte hartzea) eta «aukeren berdintasuna» defendatzen zituen Rousseuaren ereduari zeritzen «demokrazia indibidualaren» eta «de facto berdintasunaren» aurrean (Ariztimuño, 1935a: 18-22, 44, 192-196 eta 208-209). Bestetik, Leon XIII.a aita santuaren gomendioei jarraituz «herri bakoitzean, beren ohituren araberako gobernu-forma» egokitzat hartzen zuen honek Aitzoli bai demokrazia «euskal jitearekin» lotzeko eta bai euskal instituzio tradizionalen bidezko demokraziaren «demokrazia indibidualarekiko» nagusitasuna aldarrikatzeko balio zion (Ariztimuño, 1935a: 17 eta 191).

Hau azalduta, Aitzolek euskal demokraziaren bereizgarriak aztertzen ditu. Lau dira Aitzolen uste demokraziaren instituzioak: familia, udalerria, (herrialde bakoitzeko) Batzar Nagusiak, eta Aldundia. Aitzolen arabera, euskal instituzionalizazioa behetik gora, itun bidez, sortu zen (udalerria, adibidez, familien arteko itun bat litzateke), eta bestetik, instituzio hauen zeharkako iragatea saihestezina zen; hau da, «tarteko instituzio» horien zilegitasuna mantendu behar zela (Ariztimuño, 1935a: 43-70).

Aitzolen ustez, erabateko demokrazia Gipuzkoan, Bizkaian eta Lapurdin existitzen zen, non familia-buruek zuten bozkatzeko eskubidea —etxeak edo «suak» ordezkatzen ziren—. Gainera, Aitzolen aburuz, hiru lurralde horietan «klase sozial bakarra» existitzen zen —Aitzolek honen inguruko definizio juridikoa ematen du, ez ekonomikoa— (Ariztimuño, 1935a: 71-106, 107-130 eta 131-135). Hiru kasu hauetan beraz betetzen dira Aitzolen demokraziarako baldintzak: herritarren parte hartzea, agintariak herritarrengandik ateratzea eta klase juridiko bakarra izatea. Aitzolek, hiru herrialdeetatik Gipuzkoa jotzen du eredu demokratikorik aratzena antolaketa politikoari dagokionez —eskubide indibidualei zegokionez, ordea, Bizkaia (Ariztimuño, 1935a: 109-114)—; bai bere ordezkaritzaren inguruko arauak xeheagoak zirelako eta baita ere bere antolaketan euskal instituzioen piramidea hobeto errespetatzen zelako: Batzar Nagusietarako diputatuak Udal bakoitzeko zinegotziek aukeratzen zituzten —ez herritarrek, Bizkaian bezala, beraz Gipuzkoan Udal instituzioak indar gehiago zuen— eta batzarkide bakoitzak bere udalerriko «suen» araberako boto-kopurua zuen —ez bakoitzak bana Bizkaian bezala, beraz «suen araberako botoa» hobe islatua zegoen— (Ariztimuño, 1935a: 47-49, 53-54, 62, 78, 123, 133 eta 197-198). Aitzol saiatzen da hiru herrialde hauetan aurki daitezkeen mugak erlatibizatzen, adibidez, sufragio pasiboa errentak eskatzerakoan «edonork ordaintzeko adinakoak» edo «aro berantiar batean» jarri zirela esan zioen (Ariztimuño, 1935a: 54, 126, 132 eta 137). Hala ere, kasu honetan Aitzolek ez dio ezer XVIII. eta XIX. mendean gertatu zen aberastasun kontzentrazioaren inguruan, non baserritar asko maizter bihurtu ziren (horrek sufragio pasibo eta batzuetan aktiborako errenta ezin ordaindu utzi zituelarik). Beste alde batetik, kasu honetan, nahiko baieztapen eztabaidagarriak ere egiten ditu, adibidez, badio euskal erakunde tradizionaletan euskara sekula baztertu gabea izan zela; Juan Madariaga Orbeak berriki ateratako lan batean argi utzi du euskarak garai haietan sufritzen zuen bazterketa (Madariaga, 2014). Kontuan izan behar da baita urte berean atera zuen Lucha de idiomas en Euzkadi y en Europa liburuan kontrako ikuspegiari eusten ziola, hau da, euskal instituzioek euskararen inguruan zuten ikuspuntua salatzen zuen (Ariztimuño, 1935b: 244-246 eta 248-253). Pentsa genezake euskararen inguruan oso ikuskera instrumentalista zuela Aitzolek, izan ere komeni zitzaionean ikuspegi guztiz ezberdinak erabiltzen baitzituen.

Araban, Zuberoan eta batez ere Nafarroan, berriz feudalismoaren ezaugarriak aurkitzen ziren, honek bai estamentu klaseen agerpena, edo sufragio pasiboaren mugaketa (Araban, bozkatua izateko aitoren seme izan beharra zegoen) edota estamentu gorteak (Nafarroan eta Zuberoan) aurkitzen zirelarik (Ariztimuño, 1935a: 136-141, 141-150 eta 151). Hala ere, hemen bi ñabardura egin behar ditugu: lehenik, Aitzolen arabera, feudalismo honen agerpenak hiru lurralde hauetan «demokrazia» desitxuratzen badu ere, ez du deuseztatzen, bere arabera demokraziarako ezinbesteko baldintza «herriaren parte hartzea» baitzen, baina ez ezinbestez herri osoarena, edo modu parekidean (Ariztimuño, 1935a: 107, 135 eta 151) —pentsa dezakegu hor ez ote dagoen Aitzolen idealismoaren aztarna bat, «demokrazia» eta «Euskal Herria» lotzeko gogoa—. Bestetik, Aitzolen arabera, feudalismoa eta demokraziaren murrizketa hauek, Gaztelatik, Espainiatik edo Frantziatik zetorren eraginagatik edo «kutsaduragatik» ematen ziren (eta ez bakarrik kasu horietan, Bizkaiko Batzar Nagusietan botoa emateko modua ere «kutsaduratzat» hartzen du Aitzolek, kasu honetan kontrako norabidean bada ere) (Ariztimuño, 1935a: 52-53, 123, 136-140, 143, 151 eta 197).

Aitzolen arabera, euskal demokraziaren erroak «euskal jitean» datzate, hau da, egoera iragan batean euskal herrialde guztietan (baita ere «feudal bihurtutakoetan» edo «feudalismoak kutsatutakoetan» ere) zegoen halako sistema bat. Hau da, Aitzolek hau gertakari ahistorikotzat jotzen du, ez gertakizun historiko batzuen (adibidez nobleziaren ahuldadea) ondorio gisa. Aitzolen arabera, noblezia, «handikiak» edo ahaide nagusiak behin demokrazia hau ezarrita saiatu ziren erregimena aldatzen, herriak aurre egin ziolarik, eta ez alderantziz (hauen barne-borroken emaitza litzatekeela demokrazia). Liburuaren egituraketak ere hala pentsatzera eramaten gaitu, nobleen eta herriaren borrokak zazpigarren kapituluan azaltzen ditu, behin instituzioak eta euren dinamikak azalduta, demokrazia Euskal Herrian gertaera historiko bat baino egoera natural bat bailitzan (Ariztimuño, 1935a: 104-106. eta 153-173).

Oro har, Aitzol pentsalari demokratatzat har dezakegu, bere lanean demokraziaren aldarrikapena ikusten dugu etengabe. Aitzol totalitarismoaren aurkakoa da, eta halako konponbide autoritarioen agerpena kritikatzen du, garaiko pentsalari kontserbadore askok izan zuten tentazioari eutsiz. Adibidez Aitzol gremioek euren lanari dagokionez aholkulari izatearen aldeko gisa agertzen zaigu, baina gremioek politikan parte hartzearen kontrakoa da, honek ordezkaritza-berdintasuna urratuko zukeelakoan. Beste alde batetik totalitarismoa esplizituko gaitzesten du, eta bere subjektibitatetik, bere ikuspegiak «demokrazia» kontzeptuaren barnean sartzen saiatzen da.

Hala ere, Aitzolen demokraziaren ikuspegia erabat esentzialista eta kontserbadorea da. Bere pentsamoldean ikusten dugu, adibidez, demokrazia «euskal jitearen» eredu bezala hartzen duela, demokraziarekiko mugak edo urraketak «Espainiarekin» identifikatzen dituelarik. Bere arabera, bi herriek espiritu guztiz kontrajarriak dituzte (Ariztimuño, 1935a: 191). Hemendik, ikuspegi kontserbadorea eta esentzialista hiru alorretan ikusten dugu: lehena demokraziaren barnean familia-bozkaren edo etxe-bozkaren arabera egitea defendatzerakoan; bigarrena, «euskal jiteko» sistema hori euskal herri guztietan hala zegokiolako «berez» zegoela uste izana; eta hirugarrena, demokrazia honekiko desbideraketa guztiak «kanpoko eraginaren» ondorio bezala aurkeztea —barnekoaren inguruko ikuspegi harmonizista bat duelarik—. Zabaltzaren arabera, Aitzolek «lehenik euskal ideala zein den definitzen du eta gero azalpenak moldatzen ditu» (Zabaltza, 2005: 316). Bestetik kontuan hartu behar da Aitzolek ez zuela ez sufragio unibertsalaren ez ordezkaritza zuzenaren alde egiten; familia-sufragioaren («suen araberako bozkaren») eta «tarteko erakundeen» bidezko zeharkako ordezkaritzaren alde baizik («tarteko erakundeak» garaiko pentsamendu kontserbadore europarrean oso aipatuak dira). Oro har, Aitzolen arabera, demokrazia helburutzat baino, beste on-asmo baten barruan (Eliza katolikoaren doktrina) edota euskal jitearen justifikazio bezala ikusten zuen. Aitzolek herriaren parte-hartzea zenbat eta handiagoa eta zenbat eta parekideagoa izatea (kasu honetan, emakumeen salbuespenarekin) desiragarritzat jotzen duen arren, ez du parte-hartzearen handitzea edota parekidetasuna demokrazia izan dadin ezinbesteko jotzen.

Honez gain, Aitzolek igualitarismoaren aurkako zenbait ikuspegi ere bazituen. Adibidez, momentu batean, emakumeen boto-eskubidearen aurka azaltzen da, horrek familiaren instituzioa ahulduko zukeelakoan, bere ustez botoa soilik familiaburuak, gizonezkoak, izan behar zuen); ikuspegi hori mantentzen zuen 1935ean nahiz eta 1931n EAJk emakumeen bozka-eskubidearen alde bozkatu. Zenbait puntutan, Aitzol lege tradizionala baino igualitarismoaren aurkakoagoa izan daiteke: momentu batean senar eta aita direnen bozkak ezkongabeen bozkak baino pisu handiagoa, eta are seme-alaba askoren aitek bozkak gutxiren aitak direnenak baino pisu handiagoa izan zezaten defendatu zuen (lege tradizionalean ez zen halakorik jasotzen). Bitxiki, nahiz eta ziur aski bere burua liberalismoaren aurkakotzat jo, Aitzolengan, askatasunaren edo berdintasunaren parekidetasuna gehiago ageri da eskubide indibidualekiko, parte-hartze politikoarekiko baino.

Obrak

Idazlan guztiak/Obras completas, Donostia: Erein, 1986-1988, 6 libk.

La muerte del euskera o los profetas del mal agüero (1931) in ARIZTIMUÑO, J., Idazlan guztiak/Obras completas, Donostia: Erein, 1986-1988, 1. libk., 335-381. or.

La democracia en Euzkadi (1935) in ARIZTIMUÑO, J., Idazlan guztiak/Obras completas, Donostia: Erein, 1986-1988, 2. libk., 11-219. or.

ECHEGARAY, B. eta LANDETA, E.-rekin, Lucha de idiomas en Euzkadi y en Europa (1935) in Ariztimuño, J., Idazlan guztiak/Obras completas, Donostia: Erein, 1986-1988, 2. libk., 221-277. or.

Bibliografia

ARIZTIMUÑO, J., «El Estatuto vasco y el euskera por el desarrollo del renacimiento euskerista» (1932) in ARIZTIMUÑO, J., Idazlan guztiak/Obras completas, Donostia: Erein, 1986-1988, 5. libk., 295-298. or.

AZURMENDI, J., «”Aitzol”, ilustre héroe de Euzkadi» in ZENBAITEN ARTEAN, «Aitzol» en su tiempo, Bilbo: Sabino Arana Fundazioa, 1990, 13-26. or.

INSAUSTI URKIRIZAR, J., «”Aitzol” y Tolosa» in ZENBAITEN ARTEAN, «Aitzol» en su tiempo, Bilbo: Sabino Arana Fundazioa, 1990, 1-11. or.

KORTAZAR URIARTE, J., «La posición de “Aitzol” en los debates literarios de preguerra» in H. E, «Aitzol» en su tiempo, Bilbo: Sabino Arana Fundazioa, 1990, 45-56. or.

LARRAÑAGA, I., «Aitzol, euskal soziolinguistikaren aitzindari?» (1988) in ARIZTIMUÑO, J., Idazlan guztiak/Obras completas, Donostia: Erein, 1986-1988, 1. libk., 257-290. or.

MADARIAGA ORBEA, J., Sociedad y lengua vasca en los siglos XVII y XVIII, Bilbao: Euskaltzaindia, 2014.

OTAEGI, L., «El proyecto cultural de “Aitzol”» in ZENBAITEN ARTEAN, «Aitzol» en su tiempo, Bilbo: Sabino Arana Fundazioa, 1990, 27-73. or.

— Jose Ariztimuño, «Aitzol» (1896-1936), Bidegileak bilduma, Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 1998.

RODRÍGUEZ DEL CORO, F., «Aitzol. Un horizonte nacionalista vasco» (1988) in ARIZTIMUÑO, J., Idazlan guztiak/Obras Completas, Donostia: Erein, 1986-1988, 1. libk., 207-255. or.

SCHEIFLER AMEZAGA, J. R., «”Aitzol”, promotor del movimiento social cristiano en Euzkadi» in H.E, «Aitzol» en su tiempo, Bilbo: Sabino Arana Fundazioa, 1990, 57-75. or.

ZABALTZA, X., Mater Vasconia: Lenguas, fueros y discursos nacionales en los países vascos, Donostia: Hiria, 2005.

ZENBAITEN ARTEAN, «Aitzol» en su tiempo, Bilbo: Sabino Arana Fundazioa, 1990.

— Jose Ariztimuño «Aitzol». 1896-1986. 50 urteurrena, Tolosa: Tolosako Udala, 1986.

ZUAZO, K., Euskara batua. Ezina ekinez egina, Donostia: Elkar, 2005.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP