Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GAZTELAKO KOROAKO EGILEAK ETA OBRAK

ARGAIZ, Gregorio de (Arnedo, Errioxa, 1602 – Madril, 1678).

Karguak eta lanbideak

San Benediktoren ordenako kronista

Ibilbidea

Arnedon bataiatu zuten 1602ko martxoaren 17an; Logroñon hasi zen Gramatika latindarra ikasten, eta ondoren San Benediktoren ordenan sartu zen, Burgosko San Salbatore Oñako monasterioan, non 1618ko martxoaren 11n profesatu zuen. Teologia eta Filosofiako ikasketak egin zituen Samosko monasterioan eta Salamancako San Bizenteren ikastetxean. Artxibozaina izan zen Oña, San Pedro del Romeral eta Naiarako monasterioetan, besteak beste. 1659ko uztailaren 25ean Osmara joan zen, hango apezpiku Juan Palafoxek deituta, El Burgo Osmako katedraleko artxibo oparoa katalogatzeko eta hango historia idazteko aginduarekin. Palafoxen biografoa izan zen Argaiz, hura 1659an hil zen arte. Ondoren, 1661era arte, Osman jarraitu zuen beneditarrak, eta 1665 arte Valladolideko San Benediktoren Kongregazioko kronista izan zen. 1667tik aurrera Madrilgo San Martinen monasterioan bizi izan zen, hirurogeita hamazazpi urte zituela hil zen arte.

Egile honek interes berezia jarri zuen antzinako historia eta Espainiako kristautasunaren hasiera ikertzen, —haren ordenako abade batek «Noe bigarrena» izengoitia jarri zion Argaizi—; baina kritikarik ere jaso zuen —batez ere José Pellicer garaikidearen aldetik—, iturritzat hartu zituelako kronikon faltsu zenbait, esaterako Annio de Viterbo domingotarrarena, Jeronimo Roman de la Higuerarena edo Antonio Lupián Zapagarena (Antonio de Nobis). Hala ere, Argaizek sutsu defendatu zituen iturri haiek, kontrako iritziei aurre eginez, eta horrek ekarriko zion ondorengo historiografian ostrazismoan geratzea.

«Mistizismo patriotiko» batek eta Hauberto, Luitprando, Beroso, Dextro, eta beste hainbesteren kronikon faltsuek inspiratuta, Espainiako elizbarrutien sorrera eta ordena beneditarraren presentzia goiztiarra azaltzeko asmoz egin zuen La soledad laureada lan itzela. Zazpi liburu idatzi zituen historia hura osatzeko, eta arreta berezia jarri zuen Nafarroan eta Gipuzkoan (bigarren liburuan, Tarragonako probintziari buruzkoan), Bizkaian eta Araban, VI. liburuan (Asturias eta Kantabria) eta Nafarroan berriz VII. liburuan (Tarazonako elizari buruz). Liburu horietan, Flaviabrigako eliza santua Bilborekin identifikatu zuen. Garibai, Ocampo eta enparauen ildotik dio Tubal patriarka eta haren semeak izan zirela Bizkaia populatu zutenak, ondoren «antrigones» edo «moradores de los antros y cavernas» deitu zituztenak, eta haiekin «hasi ziren bizkaitarren kaparetasunak». Liberatorekin bat eginez iradoki zuen Iruñeko Eliza, «baskoi iberiarren metropolia», sortu zutenak almonuces edo almonides deitzen dituenak izan zirela, Kreazioaren 3171. urtean, edo Noe eta haren semeak, Kreazioaren ondorengo 1800. urtean, edo Ponpeio, beste batzuen arabera. Done Jakue izan zen Iruñeko lehenbiziko maisua, eta predikua ematera etorri zen San Paulo ere (Calahorran bezala), eta ondoren San Honesto eta Done Saturdi, hiriko lehenbiziko gotzaina, San Fermin eta beste hainbeste, Prudencio Sandovalek eskainitako datuen argira. Kontatu zituen, orobat, Iratxe, Leire eta beste hainbat monasterioren sorrerak. Pasaiako Donostian ebanjelioaren predikua eman zuen San Filipek eta harekin batera San Leonek, Baionako apezpikua zenak «San Pedro apostoluaren garaikideak». Faltzesko eliza santuari ere hainbat orri eskaini zizkion, «katedrala izan zelako». Tutera, Tarazonako elizbarrutian, Tubalek edo greziarrek sortu zuten.

Haren Población eclesiástica izeneko lana osatzen zuten liburuetan, Baskoniako lurretan izandako martiri anitzen zerrenda bat eskaintzeaz gain, Navarra izenaren jatorriarekin espekulatu zuen, Sabaria hitzetik eratorria zela esanez, eta nafarrak kantabriar gisa identifikatzen ditu. Gainera, bat dator esatean godoekiko borroketan «los vascones ibéricos que habitaban las tierras de Álava, Vizcaya, Ipúzcoa y Navarra eran dueños de sus acciones y gozaban de libertad, sin conocer a godos ni suevos, conservándose confederados con los romanos». Euskarari buruzko gogoeta ere egin zuen lan hartan, ez baitzen izanen antzinako kantabriarren hizkuntza, «antiguos vascones franceses» direlako batzuek sartua baizik.

Erudizio handiko egilea izanik (zenbait lan argitaratu gabe utzi zituen) dibagazioan edo asmakizunetan galtzen zen, iturri bila dokumentu fidagarrietara jo beharrean (horiek ere maiz eta zorrotz erabilita ere), Antzinatasunik sakonenean arakatu nahi zuten kronikon faltsuek eskaintzen zituzten fantasia historizistei men egiten dienean.

Obrak

Población eclesiástica de España y noticia de sus primeras honras, hallada en los escritos de San Gregorio, obispo de Granada y en el Chronicón de Hauberto, monge de S. Benito, Madrid: Melchor Sánchez, 1667 (lehenengo liburua, lehenengo partea).

Población eclesiástica de España y noticia de sus primeras honras, continuada en los escritos y Chronicón de Hauberto, monge de San Benito, Madrid: Imprenta Real, 1668 (lehenengo liburua, bigarren partea).

Población eclesiástica de España y noticia de sus primeras honras, continuada en el Chronicón de Flavio Lucio Dextro y su varia historia, Madrid: Lucas de Vedmar, 1669 (bigarren liburua, lehenengo partea).

Población eclesiástica de España y noticia de sus primeras honras, continuada en los escritos de Marco Máximo, obispo de Zaragoza y defendida de la vulgar embidia el Beroso Aniano, Flavio Lucio Dextro, Auberto Hispalense y Walabonso, con el cronicón de Liberato abad, Madrid: Francisco Nieto, 1669.

Corona real de España por España fundada en el crédito de los muertos y vida de San Hyeroteo, obispo de Atenas y Segovia, Madrid: Melchor Alegre, 1668.

La soledad y el campo laureados por el solitario de Roma y labrador de Madrid San Benito y San Isidro, Madrid: Francisco Nieto, 1671.

La soledad laureada por San Benito y sus hijos en las iglesias de España: teatro monástico de la provincia cartaginense, Madrid: Bernardo de Herbada, 1675; Teatro monástico de la provincia tarraconense. Tomo segundo, Madrid: Bernardo de Herbada, 1675; Teatro monástico de la provincia Bracharense. Tomo tercero, Alcalá: Francisco García Fernández, 1675; Teatro monástico de la provincia Bética. Tomo cuarto, Madrid: Ioseph Fernández de Buendía, 1675; Teatro monástico de la provincia lusitana. Tomo quinto, Madrid: Ioseph Fernández de Buendía, 1675; Teatro monástico de la provincia de Asturias y Cantabria. Tomo sexto, Madrid: Antonio de Zafra, 1675; Teatro monástico de la santa iglesia, ciudad y obispado de Tarazona. Tomo séptimo, Madrid: Antonio de Zafra, 1675.

Instrucción histórica y apologética para religiosos, eclesiásticos y seglares, Madrid: Antonio de Zafra, 1675.

La verdad en su punto y averiguación de la que hay en la Segunda parte de Marco Máximo, obispo de Zaragoza, que ha sacado impresa don Ioseph Pellizer, Madrid: Melchor Álvarez, 1676.

La Perla de Cataluña: historia de Nuestra Señora de Monserrate, Madrid: Imprenta de Andrés García de la Iglesia, 1677.

López, G., Vida y escritos del venerable varón Gregorio López, dispuesta por diligencia del maestro fr. Gregorio de Argaiz, para los devotos y doctos, Argaiz, G. de (arg.), Madrid: Antonio Francisco de Zafra, 1678.

Bibliografia

Abad León, F., «Expansión de la vida eremítica y monástica en La Rioja», in Antigüedad y cristianismo. Monografías históricas sobre la Antigüedad tardía, 16 (1999), 285.-312. or.

Caro Baroja, J., Las falsificaciones de la Historia (en relación con la de España), Barcelona: Seix Barral, 1992.

Fernández Gracia, R., «Introducción», in Argaiz, G., Vida de don Juan de Palafox, Iruñea: Fiteroko Monasterioaren Adiskideen Elkartea, 2000, 13.-43. or.

Zaragoza Pascual, E., «Gregorio de Argaiz», in Diccionario Biográfico Español, Madrid: Real Academia de la Historia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/28833/gregorio-de-argaiz (2018ko urriaren 10ean egindako kontsulta)

Aipamen bibliografikoa

Usunáriz, J. M., “Argaiz, Gregorio”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 648-650.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP