Karguak eta lanbideak
Antropologoa, naturalista eta etnografoa
Ibilbidea
Hiru urte bakarrik zituenean, familia Bergaratik Bilbora joan zen bizitzera eta, han, «La Vergaresa» gozodenda gobernatu zuten, Gurutze kalean. Familia Gipuzkoako herri hartan oso sustraitua bazegoen ere, Bilbon ahaideak zituzten eta, haien artean, Unamuno familia izan zen erabakigarriena, bai arlo pertsonalean, bai akademikoan. Izan ere, familia hartako seme bat, Miguel (lehengusu Telesforo baino gazteagoa), Telesfororekin batera bizi izan zen unibertsitate garaian. Bi gertakarik baldintzatu zituzten Arantzadiren lehen ikasketak Bilbon: batetik, Hirugarren Karlistaldiarekin batera gertaturiko asaldura politikoek, Bilboko setioak eta Foruen abolizioak, eta bestetik, bere osasun ahulak; azken horren ondorioz, osasun arazo asko izan zituen bizitza osoan zehar. Bitxia bada ere, bere ibilbidearen hasierako fasean, interes handiagoa pausatu zuen musikan eta marrazkian klasikoki akademikoagoak ziren diziplinetan baino. Antonio de Lekuonaren dizipulu gaztea izan zen. Haren estudiora Trueba eta Iparragirre maiz joaten ziren eta, haien eszena kostunbristak ikusirik, euskal Etnografiarekiko interesa piztu zitzaion.
Arantzadik Farmazia ikasketak egitea erabaki zuen. Izan ere, bere zaletasun eta gustuko arloak baztertu behar izan zituen, aldakako ankilosi larriak lanbidean jardutea eragotzi ziolako. Madrilgo Unibertsitateko Zientzia Fakultatean hasi zen 1877an eta, Farmazia ikasteaz gain, gauez Arte eta Lanbideen Eskolara joan zen, marrazkia ikasteko. Lehen titulua eskuratu eta gero, Natur Zientzien lizentzia mailako eta Farmaziako doktore mailako (Estudio de los insectos vesicantes, con sus aplicaciones a la Farmacia) ikasketetan matrikulatu zen, biak ere 1885erako bururaturik. Horrenbestez, hogeita bost urte zituela, bi lizentzia eta doktoretza bat zituen, eta jakintza zabala marrazkian, frantsesean, ingelesean eta alemanean. Hamarkada hartako Madrilgo bizitza kulturalari egin zion ekarpenak Teatro Real antzokiko opera-programazioa izan zuen ardatz, Wagnerren aldeko taldearen gidari sutsua izan baitzen; horren ondorioz, hainbat aldiz atxiloturik eraman zuten polizia-etxera. Urte eta erdian, artean ere bere bokazioa guztiz zehazteke zegoela, Bilbora itzuli eta akademikotik gutxi zuten lanbideetan jardun zuen, hala nola bidaiarien eta ekipajeen osasun-ikuskari, Urduñako tren-geltokian.
Heldutasunerako bidean, Arantzadik azkenean Madrilera itzultzea erabaki zuen, irakasle- edo ikerlari-lanposturen baterako oposizioak prestatzeko. Une giltzarri batean hartu zuen erabakia, 1886ko bukaeran, hau da, Espainian diziplina zientifiko berri bat aurkeztu zenean, Antropologia, alegia. Eboluzionismoaren gaineko eztabaidak bi diziplina berriren garapena eragin zuen, biak ere elkarri lotu-lotuak: Antropologia eta Historiaurreko Arkeologia, Parisko Antropologia Elkartea eta Parisko Historia Naturalaren Museoa erdigunea izan zirela. Manuel Anton irakasleak Parisen ikasi zuen eta Verneau-ren eta Quatrefages-en dizipulua izan zen. Bada, Antonen eskutik, Arantzadiri bere egiazko bokazioa piztu zitzaion. Zientzia Naturalen Museoko lankide batzuek lagundurik, Antonek Antropologiako laborategi eta sail bat sortu zuen Historia Naturalaren Museoan eta, han, Antropologiako lehen ikastaro libreak eman ziren Espainian. Haietara gogo biziz joan ziren Arantzadi eta haren adiskide Hoyos Sainz. Itsasoz Haraindiko Museoaren eta Museo Arkeologiko Nazionalaren bilduma osteologikoak Antropologia bildumarako biltzen ari zela, Arantzadik aukera izan zuen diziplina berria betidanik erakargarria izan zitzaion beste batekin —Etnografiarekin— lotzeko; azken horretako sustrai teorikoak lotuagoak zeuden akademia alemanari. Beraz, haren bokazio zientifikoa izango zen hura behin betiko bideraturik, 1889an El pueblo euskalduna bere Natur Zientzietako doktorego-tesia defenditu eta argitaratu zuen, Euskal Herriko hainbat eskualdetako bilduma osteometrikoez. Unibertsitateko postuetarako oposizioak egiteko prestatzen ari zen bitartean, Botanika, Zoologia eta Kimika arloko askotariko gaiak ikasi zituen eta, horrez gain, jakina, baita Antropologiako eta Etnografiako gaiak ere, betiere euskal herriaren gaineko ezagutzara bideratuak. 1889ko urtarriletik aurrera, Natur Zientzietako Museoko marrazkilari zientifikoari zegokion postua izan zuen irabazpide. Madrilgo bigarren aroak 1895era arte iraun zuen eta hura gakoa izan zen Arantzadi naturalista eta antropologo gisa prestatzeko. Hortaz landara, tarteka, tertulia eta hitzaldietan parte hartzen zuen foro kultuetan, hala nola Ateneoan. Bere lagun antropologoez haratago (Manuel Anton, Luis de Hoyos eta Feredico Oloritz, adibidez), Ilustrazioaren Madrilgo kultur giroko taldeak literatoz eta konpositore musikalez beteak zeuden, haietako batzuk jatorriz euskaldunak. Arantzadik benetako adiskidetasuna izan zuen haiekin, hala nola Pio Barojarekin. Lagun hurbila izateari esker, Antoni Antropologiako ikasgai batzuk prestatzen lagundu zion eta, are gehiago, 1893an, Arantzadik haren ordezkapena egin zuen aldi labur baterako.
Hainbat foro eta hiritan saiatu eta gero, 1895eko otsailean Mineralogia eta Zoologia aplikatuko katedraduna izatea proposatu zioten Granadako Unibertsitatean. Irakasleek maiz egonaldi laburra egiten zuten unibertsitate hartan, hiri kosmopolitagoetako postuen esperoan. Madrilgo lankide ohiekin elkarlanean, euskal lurretan jarraitu zuen ikerketa-jarduera garatzen. Bartzelonako Unibertsitateko Farmazia Fakultatean Botanikako postu huts bat sortu zenean, huraxe eskatu zuen agudo, baina aldeko ebazpena ez zen 1899ko erdialdera arte iritsi. Katedra horretaz jabetutakoan, Arantzadi behin betiko bizi izan zen hiri hartan. Bere posizio akademikoari dagokionez, 1920an Bartzelonako Unibertsitateko Antropologiako katedraz jabetu zen; horrenbestez, 60 urte zituela, egiazki ongi zebilen. Dena den, 1931n, Errepublikak emaniko dekretu baten ondorioz, erretiroa hartu behar izan zuen. Une hartan, diru-sarrerak nabarmen murriztu zitzaizkion. Postua haren dizipulu Alcobek hartu zuen. Gerra Zibila bukatu artean, Espasa-Calpe argitaletxeko zuzendari zientifikoa izateari eutsi zion, eta horrek diru-sarrera gehigarri batzuk ekarri zizkion pentsioaren osagarri. Bartzelonako Unibertsitateko bere lankide gehienak bezala, erregimen frankista berriak gure gizona zokoratu eta isilarazi zuen. Egoera hartan iraun zuen 1945ean zendu zen arte.
Arantzadiren lan akademikoa, funtsean, atzerrirantz proiektatu zen. Garaiko hizkuntza akademikoak ederki jakiteaz gainera (alemana eta frantsesa, ingeles hasiberriarekin batera), Arantzadi beti saiatu zen bere erreferenteak Europako beste sistema akademiko batzuetan bilatzen. Irakaskuntza, izan ere, ariketa praktikotzat jo zuen beti, azalpen magistral aspergarrietatik eta lasterbide sinplifikatzaileetatik urrun, hala nola gako dikotomikoak. Nonahi zebilela ere, bere arloetako ikasleek edukiak azaldu behar zituzten, haren azalpenak ongi ulertu zituztela erakusteko, eta ikasleen praktiketarako laborategiak sortu zituen. Ahal bezainbeste bidaiatu zuen, betiere eskura zuen diru mugatuari erreparatuta, eta, aurrerago, uda osorako lana ematen zioten landa-lan arkeologikoek baldintzatua. Biltzar zientifikoetan parte hartu zuen, batez ere nazioartekoetan, eta Europan proiekzioa zuten elkarte zientifikoetako kide nabarmena ere izan zen. Landu zituen diziplinei dagokienez, sakon ezagutu zituen Europako idazki eta joera akademikorik aurreratuenak. Adibidez, garai hartan, Antropologia Kulturalean edo Sozialean zebiltzan beste aditu batzuen pentsamendua sakon ezagutzen bazuen ere (Malinowski, kasu), Etnografiaren aldeko hautua kontzientea izan zen, bere pentsamendu-ildoarekin bat zetorrena, hots, hurbilekoaren azterketan sakontzea, hizkuntza hura hurbil sentitzen baitzuen.
Orain arte, Telesforo de Arantzadiren ibilbide akademikoa azaldu dugu labur-labur, ibilbide gorabeheratsua egiazki, baina ez da nahikoa hark zientzialari belaunaldi batean baino gehiagotan izan zuen pisua bere osoan taxutzeko. Kontuan harturik, batetik, nortasun handi hura eta, bestetik, zorigaiztoari, bidegabekeriari eta burokraziari aurre egiteko hil artean erabili zuen sarkasmo garratz hura, bai eta jakintza kultural handi hura ere, esan behar da horrek guztiak egun oraindik ere harridura sortzen duten pasadizo ugari eragin zituela. Adiskideek izugarri maite zuten, ia gurtzeraino, eta lotsarik gabe barkatzen zizkioten gaur egun «trebetasun sozial apalak» esango genituzkeenak. Haren nortasun-ezaugarriak Miguel de Unamuno ahaidearen ispiluaren egiazko iruditzat jo ditzakegu (hark ez bezala, sekulan ez zuen gustuko izan jendaurrean mintzatzea —ia esan genezake asko ere ez arlo pribatuan— eta denbora-galtze ergeltzat jo zuen gizarte-jarduera oro), eta arlo pertsonalean zaila da sumatzea eragin handiagorik bi lehengusuak batu eta bereizi zituen huraxe baino. Unamunok, adibidez, «zientifismoaren» bekatua egozten zion batere zalantzarik gabe oso positibista zen lehengusuari. Arantzadik, berriz, kritikatu egiten zuen Unamunok bere lan akademikoari arreta erantsia ekartzeko zerabilen modua, hau da, polemika publikoa eta kontraesanen aldarrikapena baliatuz. Unamunok ez zuen inoiz benetako kulturarik estimatu hirien mugetatik kanpo. Arantzadik, aldiz, landa-ingurunean aurkitu zituen iturririk aberatsenak eta lagunik hurbilenak. Dena den, bakoitzaren ikuspegi epistemologikoetatik eta bizi-jarreretatik haratago, 1901etik aurrera Unamunoren euskararekiko jarrerak bereizi zituen gehien, Arantzadi biziki sumintzeraino.
Izan ere, Arantzadiren iritziz, batetik, herrialde bateko hizkuntzak herri horren arima zeraman, eta bestetik, Unamunok euskara hiltzen uzteko egindako deiak zirela eta, hura euskal herriak bere izaerari eusteko ahaleginari uko egitea eskatzea bezalakoa zela pentsatzen zuen. Behin edo bestetan, argi eta garbi adierazi zuen: «… Kultura odolean sartu behar da, norberaren haginek eta mingainak murtxikatu eta gero, eta norberaren erraietan bertan digeritu behar da…» (ARANZADI, «A pie o en burro», Euskal-Erria, L (1904), 286. or.). Haren iritziz, beraz, hizkuntza, oro har, herri bateko kultur funtsaren euskarria zen; bada, euskarari dagokionez, ikuspegi hura indartu egin zen Wilhelm von Humboldten lanaz izan zuen ezagutzaren bidez, Arantzadik haren lana alemanetik gaztelaniara itzuli baitzuen. 1917tik aurrera, Jose Miguel Barandiaranekin eta Enrique Egurenekin batera arkeologia ikertzeko talde ospetsu hura antolatzearen ondorioz, euskal kulturaren alderdi berriak ezagutu, eta ezaugarri antropologiko, hizkuntzazko, folkloriko eta etnografiko batzuek historiaurretik jarraipen posiblea izan dutelako hipotesia arakatu zuen. Toponimia, folklorea eta euskal kultura herrikoiaren transmititzaileen heriotza zela medio, eta ezaugarri haien modalitaterik jatorrizkoena bere begien aurrean desagertzen ari zelako susmoak akuilaturik, hirukotea bizi-bizi aritu zen lanean eta, 1917tik 1936ra, jarduera itzela garatu zuen.
Bere eskura zituen tresnen bidez euskal kultura ezagutzea izan zen haren ibilbide zientifiko guztiaren interes erabakigarria. Bada, tresna horietan konfiantza osoa pausatu zuen, hots, batetik, Etnografian, euskara haren komunikazio-bektorea zela, eta, bestetik, Antropologian, Arkeologia izaki hartan sartzeko bidea. Horren guztiaren ondorioz, Telesforo Arantzadi aitzindaria izan zen Etnografia eta Antropologia Espainiako unibertsitate-ikasketetan eta ikerketan sartzeko orduan. Gainera, diziplinartekotasunezko ikuspegia garatzen jakin zuen —hura urte haietan aparteko modernotasunaren ikuspegia zen—, eta artzain eta baserritar zaharrengandik erreskataturiko euskal kultura herrikoiaren alderdi oso ezberdinak lotzen saiatu zen (nola-halako arrakastarekin), bai hark berak hondeatutako triku-harrien toponimoekin, bai triku-harriak saroi tradizionaletan kokatuak egotearekin, bai haietan bizi izandako pertsonaia mitologikoekin eta elezaharrekin. Ukaezina da informazio horiek ikuspuntu kritikoagotik ikusten ditugula gaur egun, baina hori baino egiazkoagoa da Arantzadik, Barandiaranek eta Egurenek egindako bilketa-lan izugarri hura gabe, gaur egun ez genukeela izango arlo horietan egunerokoan tratatzen dugun informazioaren atal oso garrantzitsua.
Arantzadik Antropologia biologikoaren arloan zerabilen lan-metodologia hura aurreratuena zen, aditu garaikideenek zerabiltenaren aldean, kraneometrian egun neurrigabea deritzogun enfasia jartzen bazuen ere. Antropologiaren atal txiki hura erabakigarria izan zen diziplinaren jatorrian. Arantzadik, halaber, interes garrantzitsua izan zuen garezurraren ondoko eskeletoa aztertzeko, eta gainera, bildumak biztanleria-terminoen arabera sailkatzeko lehen saiakerak egin zituen (hau da, gizabanako kopurua, eta adinen eta sexuen araberako bereizketa). Garaiko aditu guztiek bezala, karaktere antropometriko guztiak arrazen terminoetan irakurri zituen, baina aditu gehienek ez bezala, inoiz ez zuen «hierarkizatu» deskribatzen zituen biztanleria-taldeen dibertsitate hura; joera horrek arrazakeriaren gorakada elikatu zuen gerra arteko Europan, denok ezagutzen ditugun ondorio ikaragarriekin. Aipatu behar da, gainera, euskaldunen berezitasun kraneometriko hark (bai eta «arraziala» ere, garaiko terminologiarekin bat) ez zuela jatorria Arantzadirengan izan, Antropologiaren aitzindarien lanetan baizik (Broca, Quatrefages, Virchow edo von Luschan); haiek «euskal garezurra»ri buruzko azterlanak argitaratu baitzituzten 1860ko hamarkadan. Beste aditu batzuek ere egin zituzten neurketa kraneometrikoak gure eskualdean Arantzadi Antropologian hasi baino lehen, hala nola Nicasio Landak, Anton Abadiak eta William Websterrek. Arantzadi, bere behaketa-gaitasun nabarmenaren bidez eta arkeologia-jardueran arituz, bilduma antropologiko oso zaharrak eskuratu zituen, karaktere kraneometriko batzuek denboran irauten ote zuten ikusten saiatzeko. Bada, horretan datza Arantzadiren metodologiaren originaltasuna.
Euskal Herrian oraindik ere badirauten ezaugarriak iragan urrutian miatzeko kontzeptu hori kultur arlora ere ekarri zen, Etnografiaren bidez. Izan ere, XIX. mendearen azken herenean, Etnografiako elkarte zientifikoak eta museoak sortzeko mugimendua hasi zen, erdigune geografikoa ekialderago zegoela; Prusian, bereziki. Epistemologiaren ikuspegitik, hura erreakzio bat izan zen, hots, Eboluzionismoa gizataldeen artean kulturaren transmisio historikoaren modalitateei aplikatzearen aurkakoa. Frobenius, Graebner, Ankerman, Schmidt eta beste batzuen kultur barrutien teoria garatzearen ondorioz, zirkulu kulturalen metodo delakoa ezarri zen, Vienako Eskola Historiko Kulturalak ondua. Bere metodo etnografikoa ederki aberastu zuen bidaiaz bidaia eta biltzarrez biltzar Europako aditurik onenekin izaniko harreman zuzenaren bidez, bai eta J.M. Barandiaranen eskutik ere, eta, era berean, Barandiaranek Schmidt edo Wundt-engandik jasotako eskolen bidez (Wundt, hain zuzen, Boas, Durkheim, Malinowski eta beste batzuen tutorea izan zen). Arantzadiren lan etnografikoak Barandiaranenaz bestelako ezaugarria zuen, hots, begirada batez ere euskal kultura herrikoiaren materialtasunean pausatu baitzuen, bai eta lehen eskutik ezagutzen zituen penintsula iberiarreko beste herri batzuen kulturarekin zeuden antzekotasunetan ere, betiere Folklorea, Mitologia eta Toponimia beste aditu batzuen eskuetan utzita. Nolanahi ere, XX. mendearen lehen herenean elkarrekin egindako lan hura, hau da, zuzeneko testigantzak bilduz eta belaunaldi askoz ere zaharrago bati elkarrizketak eginez burututako landa-lan moderno hura, paregabea da egun euskal kultura tradizionalaz dakigun guztirako.
Obrak
(Hautaketa)
El pueblo euskalduna. Estudio de Antropología, Donostia: Diputación Provincial de Guipúzcoa, 1889.
«El problema antropológico vasco», La España Moderna, 1894, 140-143. or.
«Le peuple basque. Étude d’Anthropologie», Bulletin de la Societé d’Anthropologie, 1894, 511-520. or.
Etnología, Antropología física y Psicología comparadas, Madrid: [s.n.], 1899.
¿Existe una raza euskara? Sus caracteres antropológicos, Donostia: Imp. Provincial, 1905.
«De algunos pinchazos que se dan al vascuence», Euskal-Erria, LIV (1906), 216-225. or.
«Problemas de Etnografía de los Vascos», RIEV, I (1907), 565-608. or.
«Antropología y Etnografía», Geografía general del País Vasco-Navarro, VI, Barcelona, 1911, 87-194. or.
«Sur quelques correlations du trou occipital des crânes basques», Bulletin de la Société d’Anthropologie de Paris, V (1914), 325-382. or.
ANSOLEAGA, F. DE.-rekin Exploración de cinco dólmenes del Aralar, Iruñea: Imp. Provincial, 1915.
HOYOS, L.-rekin, Etnografía. Sus bases, sus métodos y aplicaciones a España, Madrid: Biblioteca Corona, 1917.
BARANDIARÁN, J. M. eta EGUREN, E.-rekin, «Exploración de nueve dólmenes del Aralar Guipuzcoano», Euskalerriaren Alde, VIII, 174 (1918), 207-218. or.; 175 (1918), 248-261. or.; 176 (1918), 296-303. or.; 180 (1918), 484-500. or.
— «Exploración de seis dólmenes de la Sierra de Aizkorri, Euskalerriaren Alde, IX, 186 (1919), 215-221. or.; 187 (1919), 245-262. or.; 188 (1919), 298-312. or.
— Exploración de siete dólmenes de la Sierra de Ataun-Borunda, Donostia: Imp. de la Diputación de Guipúzcoa, 1920.
— Exploración de ocho dólmenes de Altzania, Donostia: Imp. de la Diputación de Guipúzcoa, 1921.
— Exploración de diez y seis dólmenes en la sierra de Elosua-Plazentzia, Donostia: Imp. de la Diputación de Guipúzcoa, 1922.
— Los nuevos dólmenes de la sierra de Encia, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1922.
— Exploración de seis dólmenes en la sierra de Urbasa (Navarra), Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1923.
— Grutas artificiales de Álava, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1923.
— Exploración de cuatro dólmenes de Belabieta, Donostia: Imp. de la Diputación de Guipúzcoa, 1923.
— Exploraciones de la caverna de Santimamiñe (Basondo: Cortezubi). 1ª Memoria figuras rupestres, Bilbo: Artes gráficas Grijelmo, 1925.
— Exploraciones de la caverna de Santimamiñe (Basondo: Cortezubi). 2ª Memoria los niveles con cerámica y el conchero, Bilbo: Diputación de Vizcaya, 1931.
Bibliografia
BARANDIARAN, J. M., «De mis recuerdos de Aranzadi», Munibe, III (1951), 84-93. or.
CARO BAROJA, J., «D. Telesforo de Aranzadi (1860-1945) o un hombre de ciencia apasionado», Semblanzas ideales, Madrid: Taurus, 1972, 149-158. or.
GOICOETXEA MARCAIDA, A., Telesforo de Aranzadi. Vida y Obra, Donostia: Sociedad de Ciencias Aranzadi, Munibe 5. gehigarria, 1985.
HOYOS, L., «Recuerdos de Aranzadi. Sesenta años de amistad», BRSBAP, IV (1948), 235-252. or.





