Francisco Aranguren y Sobrado ospe handiko legelari bizkaitarra izan zen eta Jaurerriko Diputazioko Aholkulari aritu zen Monarkiaren krisiak gobernuaren probintzietako instituzioena ekarri zuenean. Jaurerriko aholkularia Diputazioak kontratatutako aholkulari bat zen, eta bere egitekoa txostenak, memoriak eta Jaurerriko Gobernuak eskatutako baliabideak prestatzea zen. Idazkariekin batera, aholkulariak izan ziren euskal lurraldeek beren probintzia-gobernu bereziak mantentzeko argumentuak sortu zituztenak, Monarkia- ren Gobernuari aurre egiteko.
Instituzio horiek bizitako momenturik zailenetako bat 1808ko krisialdiaren aurreko urteak izan ziren. Matxinadek, erreboltek eta foru instituzioen agintea mugatzea helburu zuten proiektu kortesanoek egoera tirabiratsua era- gin zuten, eta hala zen Monarkiarentzat ere. Testuinguru horretan, Juan An- tonio Llorente kanonigoari politika kortesano horiek babesteko baliagarria izango zen euskal Foruen azterketa historiko bat idaztea eskatu zion Manuel de Godoyk, Carlos IV.aren ministro ahalguztidunak. Hori izan zen Francisco de Arangurenen momenturik garrantzitsuena, Jaurerriko aholkularia zenez, bera izan baitzen inprenta erabiliz erantzutearen arduraduna. Diputazioak haren erantzunaren bigarren zatia argitaratu gabe uztea erabaki bazuen ere, hil ondoren, XIX. mendean egin ziren «foruen orakuluetan», eskuizkribuak erabili zituzten.
Aranguren Barakaldon jaio zen, 1754ko azaroaren 19an eta Madrilen hil 1808ko uztailean. Gipuzkoan, Oñatiko Unibertsitatean, egin zituen lege- lari ikasketak, Valladoliden aritu zen abokatu-laguntzaile eta 1781ean abo- katu titulua jaso eta bulegoa ireki zuen Madrilen. 1789an, aholkulari iraunkor izendatu zutenean, Jaurerriarekin harremanetan hasi, eta Bilbora aldatu zen. Bere karguak, gorago aipatu bezala, era guztietako txostenak eta oroitidazkiak idaztea eskatzen zuen, baina baita probintzia Gobernuaren erabakiak zuzenbide-hizkuntzara itzultzea. Besteak beste, berak sortu zuen, XVIII. mendearen bukaeran, goranzko joera zuen jarduera kriminala mugatzeko Diputazioak erabili zuen araudia.
1800. urte hasieran, Simon Bernardo de Zamacolarekin batera, euskal probintzietan izandako matxinada gogoangarrienari bide eman zion kontu batean izan zuen esku hartzea ere aipagarria da. Monarkiak bultzaturiko in- perializazio prozesuak, 1779az geroztik, Amerikako merkataritza aberatsa penintsulako portuetara ekarri zuen. Horrek eremu urbano eta komertzialen, bereziki Bilbo eta Donostia bezalako portu-hiriak, eta landa eremuen arteko lehia areagotu zuen azken hamarkadetan. Carlos III.ak neurriak hartu zituen Cadizek koloniekin zuen merkataritza-nabigazio monopolioarekin bukatzeko, baina Euskal probintzia-gobernuek nahiago izan zuten kanpo geratzea, jaun- txoen interes landatarrek mugiturik. Egia da, 1730. urtetik, monopolio horrek Donostiari mesede egin ziola, bere portutik Caracasera zihoan nabigazio es- klusiborako baimena zuelako. 1785ean, baina, erregimen hori bukatu zen, eta itsasoz bestaldeko merkataritzan aritu ahal izateko, Koroak Bizkaian eta Gi- puzkoan ezarri zituen aduana-agenteen baimena beharrezkoa zen.
Diputazioek ez zituzten agente horiek onartu eta interes komertzial eta landatarren arteko desadostasuna areagotu zen. Mende hasieran, Simon Bernardo Zamacolak «landatarren» esku geratuko zen Bilbokoaz beste portu bat sortzearen alde egiten hasi zen, akordio falta berriro agerian utziz. Zamacolak Madrilen zuzendu zituen negoziaketetan, mahai gainean jarri zen, nola ez, Gorteak Bizkaian presentzia gehiago izateko zuen interesa; hori zela-eta, por- tuak bizkaitarren baldintza militarrak aldatzea ekarriko zuela zabaldu zen. Jatorria Jaurerrian zuten biztanleek ez zuten odol tributurik bete behar, eta, horrela, errazago zen euskal landa eremuan oreka produktiboa mantentzea. Hori aldatzeak, ordea, ondorio latzak izan ohi zituen, 1804ean ikusi zen bezala.
Orokorrean, Monarkiarendako momentu garrantzitsua izan zen, nabaritzen hasia baitzen Espainiako politika inperiala Frantziar Inperioaren interesen aurrean makurtzen ari zela. Aurreko urtean, Subsidioen Tratatua sinatu zen, eta, orduz geroztik, Espainia beharturik zegoen Napoleoni zerga militar eta monetario handiak ordaintzera. Ondorioz, Madrilek eskura zuen edozein ekarpen militar edo fiskal ahal bezain laster bereganatzen zuen. 1804ean, interes inperialak, monarkikoak, probintzialak eta lokalak elkartu ziren Bilbon. Zamacolarekin eta foru gobernua kudeatzen zutenekin bat eginik, Arangurenek aurre egin behar izan zien, batetik, Bilboko udalaren laguntza zuten merkatariei eta beren kontsulatuari, eta, bestetik, Zamacola Nafarroara ihesean bidali zuten barrutietako biztanle suminduei.
Matxinadak, ordea, aukera ezin hobea eskaini zien Madrilgo Gorteei Jaurerriko foru gobernua bere gain hartzeari buruz hausnartzeko. Buruzagi militar bat bidali zuten, Benito San Juan komandantea, urte luzez landutako operazio bat abian jartzearekin batera. 1795ean, Juan Antonio Llorentek euskal probintziei buruz idazteari ekin zion, Bizkaiko Aldundiak ez zuelako eliza-subsidioaren dirua jasotzeko kudeaketa ezarri nahi (Erromak Espainiako Monarkiaren esku utzitako kargetako bat). Gortean, Llorentek eliztar erregezaleen taldearekin bat egin zuen, Godoyren babes berezia zutenekin, alegia. Azken horri, Bakearen Printzeari, alegia, Historia crítica del vasallaje de las tres Provincias Vascongadas izenburua zuen eskuizkribu bat helarazi zion. Testu hori ez zen orduan argitaratu, baina urte gutxi batzuk geroago garran- tzia eskuratu zuen, Barkamen eta Justizia ministroak, Jose Antonio Caballe- rok, harenganako interesa agertu zuenean, euskal foruekin loturiko plantea- menduaren baitan.
Llorente, eskuizkribuaren idazlea, hura berritu eta argitaratzeko, gortee- tara deitu zuten berriro, eta 1806 eta 1808 urteen artean, Noticias históricas de las tres Provincias Vascongadas izenburupean atera zen erregearen prentse- tatik. Eliza eta Koroaren arteko harremanarekin jarraitutako ildo erregezale beretik, Llorentek euskal probintziei buruzko dokumentazio historikoa irakurri zuen, autoritate monarkikoaren nagusitasuna eta Foruek harekiko zuten izaera subsidiarioa agerian utzi nahian. Handik urte batzuetara idatzitako
autobiografia batean, kanonigoak adierazi zuen bere asmoa ez zuela euskal probintzietako Foruen aurka egitea, haiek interpretatzea baizik. Bera Elizako kide izanagatik ere, uste zuen, Elizaren eskubide eta pribilegioekin bezala, Monarkian indarrean zeuden eskubide, jaurerri eta pribilegioak iturburu bakarra izan zezaketela: erregea.
Hortaz, Llorentek egiten zuen Monarkiaren interpretazioa Estatutik gertuago zegoen, Monarkia tradizionaletik baino. Bestela esan, Kanonigo errio- xarrak 1806an egindako euskal probintzien historiaren interpretazio proposamena, tradizionala baino, modernoa zela esan daiteke.
Euskal diputazioek hasieratik hauteman zuten Llorenteren idatziek egiten zuten irakurketa erregezaleak zuen arriskua. Argi ikusi zuten, Monarkia pribilegio guztien iturburua zela onartuz gero, ordura arte babestutako fo- ruen zilegizkotasuna zalantzan jarriko zela. Probintzietan bertan, batez ere Bizkaian, sorturiko doktrina-tradizioak guztiz bestelako ideia baten alde egiten zuen. Andres Pozak XVI. mendean mahai gainean jarri eta Gabriel de Henaok eta Pedro de Fontechak XVII. eta XVIII. mendeetan berretsi zutenetik, Foruak lurraldeko «oinarrizko legeak» zirela ulertu baitzen. Oinarrizko lege izatearen Estatutua garrantzi handiko kontua zen Aro Modernoko kultura juridikoan, hori horrela izanik, foruak botere subiranoaren mugetako bati loturik zeudelako. XVIII. mende bukaerako hamarkadetan, bestalde, «probintzia-konstituzioaren» definizioa Jaurerriko instituzioei zegokielako ustea za- baldu zen. Arangurenek eragin nabarmena izan zuen «foru jurisprudentzia» ideiaren zabalpenean (adibide ezin hobea da aipatutako 1799ko araudi kri- minala).
Beraz, Llorentek arrazoi zuen esan zuenean bere obraren helburua ez zela euskal Foruak suntsitzea, baizik eta Monarkiaren esanetara jartzea; erregeza- leek elizaren eta gizartearen arteko harremanean proposatzen zuten bezala. Llorenteren hitzak Koroaren eta foru lurraldeen arteko harremanak birplanteatzen ari zirenean iritsi zirenez, Bizkaiko Aldundiak beharrezkotzat jo zuen kanonigo errioxarraren zentzu berean erantzun irmoa ematea. Kontuan hartu beharra dago, Llorenteren obra mardula argitaratu zenean, beste zenbait ida- tzi historiografikok ere zalantzan jartzen zutela forua probintzia-konstituziotzat eta «foru jurisprudentzia» hura interpretatzeko modu egokitzat ezartzen zituen diskurtsoa. Horrekin loturik, baliteke ordura arteko testurik esangura- tsuena Historiako Errege Akademiarena izatea, bere Diccionario geográfico de España (1802) hiztegiaren hasieran emandako hitzak foru lurraldeei buruzkoak baitziren.
Aldundiaren erantzuna berehalakoa izan zen. Eusko Legebiltzarrean dago gordeta Impugnación al papel manuscrito del Doctor Don Juan Antonio Llorente izena duen eskuizkribua, 1806ko azaroan idatzia. Dokumentu horren azpititulua Advertencias para entender los Fueros de Vizcaya da, eta izenburuak ongi adierazi bezala, hortaz ziharduen; hots, Foruak nola ulertu behar ziren eztabaidatzen zen bertan. Horregatik, Demostración del sentido verdadero de las autoridades de que se vale el Doctor don Juan Antonio Llorente idaztea eskatu zitzaion Arangureni, eta hala egin zuen, bi liburukitan, 1807an eta 1808an. Lehena berehala inprimatu zen Madrilgo Vega moldiztegian, baina bigarrena argitaragabe geratu zen 1994. urtera arte, XIX. mendean hainbat saiakera izan ziren arren.
Arangurenen testuaren garrantzia, hortaz, ez da argitalpenak izan zuen hedaduraren arabera neurtu behar, nahiko urria izan baitzen, eta, are gehiago, aurka egiten zionarekin alderatzen badugu. Garrantzitsuena Lloren- teri erantzuteko eskatzean Bizkaiko Aldundiak bilatzen zuena da; hau da, foru tradizio modernoa XIX. mendearekin lotzeko zuen baliagarritasuna. Lloren- tek, Monarkiaren bidetik, Foruak gehiago irudikatzen zituen Estatu bezala, lurralde eta eskubide multzo bezala baino; bere aldetik, Arangurenek ederki ikusarazi zuen Forua probintzia-konstituzio bezala interpretatzeak zekarren onura.
Horrela ulertu zuten geroagoko beste «foruen orakulu» batzuek ere, hala nola, Jose Agustin Ibañez de la Renteriak edo, beranduago, Pedro Novia de Salcedok edo Antonio Truebak. Horiek guztiek inspirazioa aurkitu zuten Aranguren aholkulariaren lanetan, argitaratu zein argitaragabean, barne an- tolaketa politiko batekin lotzen zen Probintziaren «funtsezko konstituzio» bat sortzeko. Hori izan zen benetako gakoa, Espainia Estatu bihurtu zen men- dean, erregimen foralak iraun zezan. 1839tik hasita, Espainiako Monarkia konstituzionalak Bizkaiko konstituzionaltasuna Espainiako estatu ordenaren barnean sartu zuen (arabarrarekin, gipuzkoarrarekin eta nafarrarekin egin bezala). Erregimen konstituzional berezi horren aldekoek defendatzen zutena, tartean Pedro de Egañak, bitarteko nagusia, justuki, Arangurenek berak behin eta berriz nabarmendu zuena izan zen: Foruaren interpretazioa instituzio foraletan bertan egin beharra zegoela eta haren praktikotasuna Gobernuarekin etengabe negoziatzearen menpe zegoen, Bizkaiko historiak argi erakusten zuen bezala.
Lehen liburukia argitaratu eta ondorengo urtean hil zen Aranguren, 1808ko udan. Ezin izan zuen, hortaz, bigarrenaren edizioaren ardura bere gain hartu, eta Bizkaiko Aldundiaren esku geratu zen. Berdin gertatu zen kor- porazio horrek bere foru sorkuntza defendatzeko agindutako beste eskuizkribu interesgarri askorekin. Horregatik nabari da, agian, Arangurenen doktrinaren eragina XIX. mende osoan zehar.