Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GIPUZKOAKO EGILEAK ETA OBRAK

ARANGUREN GAYTAN DE AYALA, Manuel Maria (Manuel Maria Aranguren Gaitan de Aiala). Monterrongo kondea (VI). (Arrasate, Gipuzkoa, 1794ko martxoaren 29a – 1852ko maiatzaren 11).

Karguak eta lanbideak

 Politikaria. Foruzale liberal moderatua, Erresumako Gizon Handia, senataria

Ibilbidea

Arrasateko Monterrongo jauretxean jaio zen. Santiago Elias de Aranguren izan zuen aita, Monterrongo kondea. Maria Josepha Gaytan de Ayala, ama; eta, Villafranca de Gaytango kondea, aitona. Familia lur-jabe batengandik zetorren Rosa Gonzalez de Etxabarrirekin ezkondu zen. Aranguren Gipuzkoako nobleziakoa izan zen, hau da, XIX. mendean probintziako foru erakundeetan nagusi izan zen taldekoa.

Euskal Herriko jabe handietako bat izan zen. Izan ere, zentso-kapitalez gain, onibarrak zituen Gipuzkoan eta Araban (errentan utzitako hiri-finkak, etxaldeak eta onibarrak, nekazaritza-lurrak, errota bat…), eta labe eta burdi- nola bana Arrasaten. Bada horiek guztiek 85.000tik gora errealeko etekinak ematen zizkioten urtean (1827tik 1831ra bitarteko urteak). Halaber, San Fernando Bankuko akzioetan zuen inbertitua kapitala; bazituen baleak, juroak… eta Arrasateko, Garaiako eta Aliko (Araba) jauretxeak, «munta handiko men- diekin».

Bere jabetza hura eta ibilbide publikoa zirela eta, Aranguren oso gizon nabarmena izan zen Gipuzkoako elite politikoan eta sozialean. Batzar Nagusietan eragin erabakigarria zuten leinu zaharreko pertsona ospetsuen artean zegoen. Pentsamoldeari begira, gazte garaiko gar liberaletik moderantismora jo zuen, betiere Foruak ardatz harturik. Haren adiskide Manuel Jose de Zabalak antzeko ibilbidea egin zuen. Historiografiaren esanetan, «foruzaetasun liberal» deritzonaren epigonoetako bat izan zen, erregimen konstituzionala eta euskal foruak bateragarriak zirela defenditzen zuena.

Hirurteko Liberalean (1820-1823), argi eta garbi agertu zen Donostiako Collado, Brunet, Ferrer, Mendizabal, Lasala eta gisakoen aurrerazaletasunaren alde. Probintziako diputatua izan zen, bai eta boluntarioen miliziaren erreklutatzailea ere Angulemako dukearen tropen aurka borrokatzeko. Masa- ren gehiegikeriek lehen jarrera hura otzandu zuten. Adibidez, 1831n bertan publikoki erakutsi zuen urrundua zela lehenago bere egindako aurrerazaletasunetik. Urte hartan, izan ere, Donostiako burgesia Batzar Nagusiei zuzendu zitzaien (Donostiako Udalaren eta hiriko Merkataritza Batzordearen bidez), Foruak alda zitzatela eskatzeko, hiriaren etorkizun ekonomikoa bermatze al- dera. Aranguren kide izan zen Azpeitiko Batzarrak hiriaren eskaeraz txostena egiteko izendatu zuen batzordean, eta haren irizpena kontrakoa izan zen. Bere jarrera liberal moderatuarekin bat, Isabelen kausaren alde egin zuen Lehen Karlistaldian (1833-1839).

Erresumako Gizon Handia izendatu zuten 1834an, Errege Estatututik era- torritako Gorteetan, eta nobleen estamentuko laugarren idazkaria izan zen.

Arangurenek parte-hartze garrantzitsua izan zuen karlisten kontrako Baionako Junta sortzeko, bai eta Jose Antonio Muñagorriren Bakea eta Foruak alternatiban ere (1794-1841). Muñagorri Bakea eta Foruak mugimen- duaren ardatza izan zen, Lehen Karlistaldiari amaiera emateko, Baionan zeuden pertsona eragintsu edo dirudun erbesteratu batzuk bilduta. Karlisten kausa eta euskal Foruen aldarrikapena bereiztea proposatu zuten, honako hau ondorioztatuta: Foruak errespetatzen baziren, gerrak bukatu behar zuen. Hortik, hain zuzen ere, Bakea eta Foruak mugimendua sortu zen. Espainiako Gobernuak, joera liberalekoa, mugimenduarekin bat egin eta Muñagorriren armada finantzatu zuen karlisten aurka jotzeko. Mugimenduak arrakastarik izan ez bazuen ere, aldarri haien oinarriak 1839ko Bergarako Hitzarmenean izan zuen eragina. Urte hartan, Aranguren ahaldun nagusi atxiki lehena izan zen Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta lehen diputatu gisa jardun zuen Espartero Garaipenaren dukea ez zegoenean.

Gipuzkoako probintziako senatari hautatu zuten (1840, 1841-1842), Senatuko artxiboan jasotakoarekin bat («Expediente personal del Conde de Monterrón, D. Manuel María Aranguren Gaytán de Ayala, prócer y senador por la provincia de Guipúzcoa (no juró) y vitalicio (no juró)»; bertan, haren parlamentuko jarduera bildua dago nola halako zehaztasunez 1834tik 1845era; zehazki, 1834-1835eko legealdiari dagokiona (erresumako gizon handia), 1840koari dagokiona (senatari Gipuzkoako probintzian), 1841-1842koari dagokiona (senatari Gipuzkoako probintzian) eta, han, besteak beste, agiri hauek ageri dira: batetik, «Minuta de Oficio al Ministro de la Gobernación de la Península solicitando información sobre si se le ha formado causa al Senador por su fuga a Francia (1842-02-08)»; bestetik, «Minuta de Oficio al Ministro de la Gobernación de la Península dando cuenta de la decisión del Senado (1842-04-24)». Azkenik, 1845-1846ko legealdiari dagokiona (biziarteko senataria); zehazki, izendapena dago (1845-10-01 E.D.) eta izendapenerako Errege Dekretua Senatuko presidenteari helarazteko Errege Agindua (1845- 11-25), baina ez zuen kargua zineztatu. Madrilen, Villafuertesko kondearen tertulian sartu zen. Hartara ere maiz joaten ziren Jacobo M.ª de Parga, Zarco del Valle jenerala, Fausto de Otazu, Juan Esteban de Izaga eta Pedro de Egaña.

Aranguren Octubradako liderretako bat izan zen. Hura Esparteroren aurkako altxamendua izan zen Gipuzkoan, 1841eko urrian gertatua. Arangurenek, izan ere, gaitz irizten zion Esparterok Erregeordetzan egindako kudeaketari eta foru eraikinaren etorkizunaren beldur zen. Euskal aldundiek beren ohiturazko eskubideen kontrakotzat jo zituzten Gobernuak emaniko hainbat xedapen (besteak beste, 1841eko urtarrilean, foru-baimena ezabatu izana); horrek bultzaturik, armak eskuan altxatu ziren. Abuztuan, Arangurenek osasun arrazoiak argudiatu zituen Senatura ez joateko. Montes de Ocak Gipuzkoako errege-komisario izendaturik, gobernua eraisteko aldarria egin zuen 1841eko urrian, haren iritziz «fedegabea» eta «zinauslea» zelako. Alistamendua xedatu zuen, Maria Kristina eta Foruak defenditzeko.

Baina ez zuen inolako sostengurik jaso Gerra Zibilak erraustu berria zuen herrian. Egoera hartan, matxinada laster menderatu zuten, eta Aranguren Baionan erbesteratu zen. Frantzian zegoela, Senatuak azarorako deitu zion. Nolanahi ere, beste bi hautagai ere baziren Gipuzkoako senatari bakarra izendatzeko, eta beste biak ere erbestean zeudenez (Gaspar de Jauregi jenerala eta Joaquin Francisco Barroeta Aldamar), Senatuak planteatu zuen nola konpondu behar zen Gipuzkoako probintziaren ordezkaritzaren kontua. Azkenean, Akten Batzordeak auzia artxibatzeko irizpena eman zuen, «ez baita Konde Jaun horren aurkako auzirik ageri, eta gainera, Senatuan oraindik ere aurkeztu ez diren beste senatari batzuen kasu berdin-berdina da, nahiz eta Se- natua bi eta hiru aldiz ere bildu den, haiek izendatuak izan ondotik».

Bere Maiestatearen aitoren semea izan zen, 1852ko maiatzaren 11ra arte, bere heriotzara arte, alegia.

Bibliografia

AGIRREAZKUENAGA, J., «Aranguren Gaytan de Ayala, Manuel María. Conde de Monterrón», Diccionario biográfico de los parlamentarios de Vasconia (1808- 1876), Gasteiz: Eusko Legebiltzarra, 1993, 162-163. orr.

AROCENA, F., Diccionario Biográfico Vasco, Donostia: Auñamendi, 1963, 36. orr. AUÑAMENDI, «Aranguren Gaytán de Ayala, Manuel María», Auñamendi Euskal Entziklopedia. Online edizioa: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/aranguren-gaytan-de-ayala-manuel-maria/ar-2376/ (2019ko azaroaren 2an egindako kontsulta).

CAJAL VALERO, A., Paz y Fueros: el Conde de Villafuertes: Guipúzcoa entre la «Consti- tución de Cádiz» y el Convenio de Vergara (1813-1839), Madril: Biblioteca Nueva, 2002.

LEGORBURU FAUS, E., «Aranguren Gaytán de Ayala, Manuel María», Diccionario Biográfico Español, Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/29692/manuel-ma- ria-aranguren-gaytan-de-ayala (2019ko azaroaren 2an egindako kontsulta).

MÚGICA MÚGICA, J., Carlistas, moderados y progresistas (Claudio Antón de Luzuriaga), Donostia: Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Liburutegia, 1950.

SORALUCE Y ZUBIZARRETA, N. de, Historia General de Guipúzcoa, t. II («Varones ilustres de Guipúzcoa»), Gasteiz: Litografía y Librería de la Viuda de Egaña e Hijos, 1870, IV. lib., 454. eta 455. orr., L. Soria Seséren berrarg. (arg.), Donostia: Euskal Herriko Zuzenbide Historikoa eta Autonomikoa aztertzeko Fundazioa, 2011.

ITURRIAK

SENATUKO ARTXIBOA. «Expediente personal del Conde de Monterrón, D. Ma- nuel María Aranguren Gaytán de Ayala, prócer y Senador por la provincia de Gui- púzcoa (no juró) y vitalicio (no juró)», ES.28079.HIS-0298-04.


Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP