Karguak eta lanbideak
Testua gaztelaniaz
Abogado, alcalde de Tolosa, diputado de Gipuzkoa en varias Juntas (así como procurador juntero) y diputado especial en Corte en numerosas ocasiones, especialmente de 1687.
Ibilbidea
Haren aita Pedro Aranburu kapitaina (Irungo Aranburu oinetxekoa jatorriz) zen, eta ama Maria Aburruza (Tolosako Aburruza oinetxearen eta maiorazkoaren andrea); Tolosan jaio zen 1639ko irailaren 1ean. Andoainen ezkondu zen Maria Atorrasagastirekin, 1666ko abuztuan, zortziko 8.000 errealen dohaintza zuela, (senargaiak zortziko 2.000 erreal eskaini zituen ezkontza-horniketarako), eta seme-alabak izan zituzten Pedro Ignacio (presbiteroa, Ciudad Rodrigoko katedraleko kanonigo irakurlea), Miguel (etxeko oinordekoa, Juana Josefa Plaza Lazarragarekin ezkondua, andreak 6.000 zilar-kobrezko dukat eta senarrak 2.000 dukat eskainiz ezkontza-horniketarako), Maria Josefa (Tolosako Santa Klarako moja), Juan Agustin (ezkongabea, amaren herentzia hartu zuen), Jose Francisco (Alcántarako zalduna 1747an, Errege Armadako teniente jenerala, Infanteria espainiarreko Guardien sarjentua, eta Valentziako Errege Pisuaren komendadorea), eta Jose Basilio Aranburu Atorrasagasti (Erregearen Infanteriako Guardia Espainiarren errejimentuko kapitaina, teniente jenerala, Villafuertesko lehen kondea izendatu zuen Filipe V.ak 1744ko uztailaren 13an, Villafranca Nizako lubakietan erakutsitako ausardiagatik, Sardiniako erregeak okupatzen zituenean).
Aita ontzi-kapitaina eta urre- eta zilar-eroslea zen. Miguel Aranburuk gerra egin zuen Portugalen eta Donejakueren abitua lortu zuen 1661ean, eta Juan Austriakoaren zerbitzukoa ere izan zen. Aitarengandik hiru herentzia-agiri jaso zituen: bat 162.672 marabediko urteko errentakoa, Sevillako hiriko milioien gainean (1634ko abenduaren 26ko errege-pribilegioak emandakoa), beste bat 112.085 marabediko errentakoa, Sevillako almojarifazgoaren gainekoa (1632ko abenduaren 13ko pribilegioa) eta hirugarrena 46.764 marabediko urteko errentakoa, Salamancako hiriko milioien gainekoa (1634ko irailaren 26ko pribilegioa). Abokatua izan zen Tolosan eta buru-belarri aritu zen garai hartako probintziaren eta udalaren bizitzan. Alkate izan zen 1663-1664, 1670-1671, 1680-1681 eta 1690-1691 biurtekoetan, Batzarreko prokuradorea askotan, eta diputatu nagusia Deba (1683), Segura (1689), Ordizia (1690) eta Mutrikuko (1695) Batzarretan.
Miguel Aranburu garrantzitsua izan zen berak egin zuelako behin betiko Recopilación Foral de Guipúzcoa bilduma, 1691n burutu zuena.
Lanari ekin aurretik, Hernaniko 1681ko maiatzaren 6ko Batzar Nagusiak agindu zion foru-artxiboko paperak ordenatzeko, Jose Garmendia artxibozainaren laguntzarekin, eta jartzeko «en buena forma y horden…, por ymbentario y abecedario, de manera que se pueda hacer con mucha facilidad la ynvención de qualquiera papel que fuere necesario».Lan horren bidez berreskuratu zituen artxibotik atera eta Probintziaren Idazkaritzan edo partikularren eskuetan zeuden agiri asko, eta beste askoren kopia eskatu zuen, izan ere, «por ser antiguos, están rompidos en dos, tres y quatro piezas y muy gastadas todas sus letras, de suerte que se haze dificultosísima su lectura».
Artxiboaren antolaketa eta Probintziaren agirien berreskurapena funtsezko lanak izan ziren ondorengo bilduma arrakastaz egiteko, eta haien ondorioa 1683an gauzatu zen, paper oneko orriak bilduta liburuki handi batean, izenburua Yndice razonado de su Archivo en la Iglesia de Tolosa zela, gaiak alfabetikoki ordenatuta, eta aurretik eskainiz Probintziaren eta haren gertaera nagusien Bilduma Historikoa. Haren kopia gordetzen da Historiaren Errege Akademiako Vargas Ponce Bilduman.
Agiriak kontrolatuta izateak aukera eman zion Probintziari, bigarren fase batean, bilketa egiteko, 1685eko maiatzaren 7an Getariko Batzar Nagusiak Miguel Aranbururi (orduan Oiartzungo batzarkidea) agindu zionean «recoxa y vea todas las dichas hordenanças y las ponga y asiente por leyes municipales de esta Provincia, en los títulos a que corresponden, formando para ello Quaderno nuebo. Y que, hecha esta diligençia, se sirva de él la Provinçia de aquí adelante, poniendo el original en el Archivo y un traslado en la Secretaría».
Miguel Aranburuk lanari ekin zion, foru-artxiboko agiriak aztertu zituen eta 1686ko maiatzerako prestatu zuen Memorial bat, bertan azalduz jarraitu beharreko metodoa, Probintziaren oniritzirik gabe «ez nezakeelako ezer egin buruan dudan eta landu dudan ideia aurrera eramateko». Hori eginda, aginduari heldu zion, denbora behar izan bazuen ere, zeregin askotan ari baitzen aldi berean, Gortean luze egon zelako Probintziaren interesak defendatuz. Azkenik, Ordiziako Batzar Nagusien aurrean, 1690eko apirilaren 11n, lanaren aurrerapen bat entregatu zuen Aranburuk. Han aztertu eta oso ontzat eman zuen horretarako eratutako batzordeak, eta planteatu zuen komenigarria zela Aranburuk berak hura inprimatzeko baimena eskatzea.
Miguel Aranburuk 1691n amaitu zuen lana, eta Probintziak erabaki zuen urrezko bi ezkutuko 100 dobloi ematea, «gehiago aitortza moduan, halako lan ordainezina ordaintzeagatik baino». Ondoren Gortera joan zen inprimatzeko lizentziaren izapideak egitera, Gorteko eragile Tomas Ibarguenekin eta Ciudad Realeko dukearekin, Probintziako semea baitzen hura. Lizentzia lortu zuen 1695eko irailean, eta bera arduratu zen inprimaketaren jarraipenaz. Horretarako, Bernardo Ugarte (edo Huarte) inprimatzailearekin sinatu zituen kondizioak, Probintziaren izenean, eta Tolosako bere jauregian jarri zuen inprimategia.
Bizitzako azken urteak agiri-bilketan eta inprimaketan eman zituen Aranburuk, eta Tolosan hil zen 1697ko irailaren 15ean «istripu bat izan eta berehala» (testamentua 14an sinatu zuen Miguel Antonio Garmendia hiriko eskribauaren aurrean). Lana amaitu eta haren berri Probintziari emateko aukerarik ez zuen izan, eta haren seme eta heredero Miguel Aranburu Atorrasagastik hartu zuen bere gain. Maria Atorrasagasti alarguna izendatu zuten seme-alaba adingabeen tutorea. 1725eko abenduaren 1ean hil zen.
Bere maisu-lanaz gain, (Recopilación Foral), Miguel Aranburuk lagundu eta aholkua eman zien Gipuzkoako iragana ikertzen zutenei. Esate baterako, aita Gabriel Henaori (honek «Probintziako Idazkaria» deitu zion), egiten ari zenean Averiguaciones de las Antigüedades de Cantabria, enderezadas principalmente a descubrir las de Vizcaya, Guipúzcoa y Álava, provincias contenidas en ella lana, eta lehenengo liburukian, Kantabriako gerren eta erromatarrak Gipuzkoan sartzearen inguruko zenbait ideia «modu apalean zentsuratu zizkion», eta ondoren kritikoago agertu zen haren lanari buruz.
Haren doktrina argi ageri da Tolosan 1691ko maiatzaren 5ean emandako irizpenean, Carta del Caballero de la Orden de Santiago, Don Miguel de Aramburu, a la Provincia de Guipúzcoa, y respuesta minuta de una Comisión de Caballeros Junteros de la misma Provincia [maiatzaren 11koa] idazkian, (Apéndice III al Libro III de la obra de Henao izenez erreproduzitua, Tolosa, 1894, V. libk., 357.-366. or.); eta Nueva Recopilación lan nagusiaren sarreran eta oharretan.
Euskal lurrari eta historiari buruz, orduan hedatuena zen kontzeptua zuen, hau da, euskaldunak Tubalen ondorengoak ziren, eta hura Noeren biloba, Armeniatik etorria. Handik urte gutxira foru-zaleen ideia nagusia ere bere egin zuen, nork bere legeak defendatzearen alde, «herrialde bakoitzaren ezaugarri eta inguruabarrak guztiz desberdinak direnez, legeak ere egokitu eta ezarri behar dira inguruabar horien arabera». Aranburu izan zen gipuzkoarren foru-askatasunen doktrina klasikoa finkatzen lehena, eta lehena foru-arauak biltzen ere, batzuk idatzita baina sakabanatuta zeudenak, eta beste batzuk ahozkoak.
Recopilación Foral berriak, Miguel Aranbururen lanik gorenak, 1583ko Ordenantzen Koadernoa berritu eta jaso zituen «todas las Leyes, y Ordenanzas confirmadas, que están usadas y guardadas, mudándose, solo en las que oy se hallan con alguna variedad y diferencia de su primera disposición, la calidad de semejante circunstancia para que, pues se observen con aprovación real, sea el texto conveniente á la práctica, y consten también por Leyes escritas en el Quaderno las que la ocurrencia de los casos ha motivado se establezcan y confirmen de nuevo; y asimismo las particulares preheminencias y prerrogativas de la Provincia y de sus hijos, declaradas y expresadas en algunas cédulas y sobrecartas reales despachadas a consulta de los supremos Consejos, y algunas en contradictorio juicio con el fiscal de Su Magestad, y sea patente a todos la forma de govierno de la Provincia, las Leyes y Ordenanzas que en ella se deven observar, y la estimación grande que mereze una tan Yllustríssima República».
Lanak 41 titulu ditu, kapitulu edo legetan banatuak, batzuen eta besteen aurretik dagokien epigrafea jarrita, eta margenean seinalatuz bertan jasotzen diren ebazpenen egilea, jatorria eta sorrera. Guztia bilduz, 361 orrialde, bi zutabez idatziak, gehi izenburu eta kapituluen zerrenda bat, hasieran, eta gaien zerrenda amaieran, guztia letra handi eta argiz inprimatuta.
Bizkaiko Foruan ez bezala, bertan jasotzen da Gipuzkoako Zuzenbide Publikoa, lehenengo bi Tituluetan Probintziaren alderdi geografiko eta historikoak azalduz, 1584an Esteban Garibaik ohartarazi zuen bezala, garrantzitsua baitzen lurraldearen merituak balioesteko.
Baina Gipuzkoako legeen bildumarik garrantzitsuena izanik ere, ez zen perfektua, eta Aranburuk berak 1697ko ekainaren 1ean esan zuen (Inprimaketari buruz ari zela azpimarratuz), Batzarrak onetsi bazuen ere, bazituela «akatsak eta okerrak, arte horretan berria den egileari dagozkionak».
Baina norbaitek zorrotz epaitu bazuen Miguel Aranbururen bilduma, ix. mendean jadanik, Pablo Gorosabel abokatua izan zen, esan zuenean haren akatsik handiena zela «anabasa batean biltzen zituela ebazpen oso heterogeneoak eta ordena desberdinekoak, instrukzioa emateko asmoa zuen lege-gorputz bakarrean. Halakoak dira foru-arauak, pribilegioak, mesedeak, usadioak eta ohiturak, eta haiekin nahasten ditu, organikoak, gobernuzkoak, administratiboak, penalak, prozedura kriminalak, administratiboak, landa-polizia, klase askotako arautegiak, justiziaren administraziokoak, etab. »; haren ustez Probintziak bi bilduma berezi behar zituen, independenteak elkarrengandik, eta «hala egin ez izana akats handia izan da, eta haren ondorioak gaur oraindik ere sumatzen dira, guztiok ikusten dugunez».
Gorosabelen arabera, bilduma batean foruak, pribilegioak, eta Probintziaren gobernuaren funtsezko oinarriak jaso behar ziren, Koaderno forala izenpean. Horrela, orri gutxitan, modu laburrean, konstituzio politiko moduko bat jasoko litzateke, egonkorra, finkoa eta iraunkorra, abantaila handia izango litzatekeelako hobeki ulertu eta gordetzea Probintziarako egiaz baliagarriak ziren legeak. Beste bilduma batean, berriz, gobernu gaietarako indarrean zeuden ordenantzak jasoko ziren, garaian garaiko inguruabarren araberakoak, eta baztertu «araubidezko ebazpen, zigor, eta askotariko bestelakoak pilatzen direneko mordoilo hori». Bigarren honen izenburua izan zitekeen 1583an proposatu zena bera, alegia, Ermandadearen Koadernoa, edo antzeko bat, lege organikoen bilduma zela adieraziko zuena.
Baina bilduma egin zen aipatutako gai horiek guztiak batera sartuta «multzo oso kaltegarria osatuz, alde guztietatik begiratuta ere; gainetik irakurrita, edozeinek aurkituko du nahasmena, zailtasuna eta zalantzak. Horren ondorioz, foruak eta funtsezko instituzioak, lehentasunez gorde beharrekoak Probintziarentzat, nahasi egin dira, eta eduki beharko luketen maiestatea eta begiramena, garai bateko israeldarren arka santua bezala, galtzeko arriskua dute».
Baina akatsak akats, 1696ko bildumak Gipuzkoako bizitza arautu zuen xix. mendera arte, eta berriz inprimatu zen 1867an, Tolosan, Probintziaren inprimategian, Andres Gorosabelen eskutik. Horrek Pablo Gorosabelen kritika gehiago ekarri zuen, esanez han bildutako ebazpen asko zaharkituta zeudela, «mende hartako ideia eta inguruabar orokorrekin kontraesankorrak zirelako»; beste arau asko baliogabetuta edo aldatuta zeuden, ondoren onartuta zeudelako erresumako beste lege orokor batzuk edo Probintziako lege partikularrak, horrek are zailtasun eta nahasmen handiagoak eragiten zituela letraduengan, izan ere, «bilduma egin zenean, egokiena izango zen egiaz foru eta konstituzio gauzak zirenak halako kalitaterik ez zutenetatik bereiztea», eta hori are beharrezkoagoa zen une horretan, eta eraberritze hori egin behar zen «Probintziaren inguruabar bereziek aukera eman orduko», izan ere «oraingo zibilizazioak ez duelako onartzen Herriaren foru, pribilegio eta askatasun preziatuen ondoan lekurik izatea antzinako pena latzek eta beste ebazpen zentzugabe askok». Azkenean aitortzen zuenez, ez zuen ulertzen «gaurko garaian berriz inprimatu nahi izatea, bere horretan».
Baina Pablo Gorosabelen kritika guztiak ez ziren txarrak izan. Idatzi zuenez: «ikusten da duen bolumen handiak zailtasuna dakarrela Probintziaren eguneroko negozioen kudeaketan erabiltzerakoan. Kapitulu bakoitzaren aurretik idatzi den sarrerak, edo arrazoien azalpenak, erredakzioa egin dutenen lana dela esanez, jatorrizko ordenantzen testuan ageri ez delako, obra handitu besterik ez dute egiten. Bestalde, ez da hobeto ulertzen halako arrazoiak eranstea hiru mende aurretik argitaratutako ebazpenei, haien espiritua eta haien helburuak, edo egin zituztenen helburuak, asmatuz. Laburbilduz, Gipuzkoako foru eta legeen bildumak bere autoritatea edo legezko indarra oinarrian dituen jatorrizko ebazpenetatik jasotzen badu ere, eta bildumako lana egiteko plana eta gauzatzeko metodoa okerrak badira ere, zalantzarik gabe, jendearen instrukziorako eta negozioen kudeaketarako oso baliagarria da. Alde horretatik, gipuzkoar guztiek eduki beharko lukete, batez ere letraduek, historiaren ikerketan aritzen direnek eta negozio publikoez arduratzen diren guztiek».
Gorosabelen kritikak arrazoizkoak baziren ere, Miguel Aranbururen Recopilación foral lana 1969an inprimatzea garrantzitsua izan zen 1701 eta 1704n Filipe V.ak (Espainiako lehenengo Borboitarrak) berresteko gipuzkoarren eskubidea, berretsi gabe baitzegoen Karlos I.ak 1521ean egin zuenetik
Obrak
Nueva Recopilación de los Fueros, Privilegios, Buenos Usos y Costumbres, Leyes y Ordenanzas de la Muy Noble y Muy Leal Provincia de Guipúzcoa (1691ko eskbuk.), Tolosa: Bernardo Ugarteren inprimategia, 1696, 369. or.(1. argit.).
Nueva Recopilación de los Fueros, Privilegios, Buenos Usos y Costumbres, Leyes y Ordenanzas de la Muy Noble y Muy Leal Provincia de Guipúzcoa, Tolosa: Andres Gorosabelen inprimategia, 1967, 361 or. zenbakituak, gehi 98 or. osagarri eta aurkibidea, eta 94 orriko 1758ko osagarria (2. argit.). Edizio horren gainean egin zuen Lex Nova argitaletxeak 1976ko arg. faksimilea, Fueros de Guipúzcoa izenpean.
Nueva Recopilación de los Fueros, Privilegios, Buenos Usos y Costumbres, Leyes y Ordenanzas de la Muy Noble y Muy Leal Provincia de Guipúzcoa, Donostia: Probintziako Inprimategia, 1919, 645. or. gehi aurkibidea (3. argit., Aldundiaren 1918ko azaroaren 28ko aginduz).
Nueva Recopilación de los Fueros, privilegios, buenos usos y costumbres, leyes y ordenanzas de la MN y ML Provincia de Guipúzcoa (1696), Donostia: Euskal Herriaren Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 915. or. Edizio kritikoa, M.ª R. Ayerbe Iribarrek prestatua, 1696an inprimatutako lana alderatuz Miguel Aranburuk 1691n egindakoarekin.
Bibliografia
Angulo Morales, A., «De misión en Madrid (1694-1696): Aramburu y la conservación de la Provincia de Guipúzcoa», in Díaz Paredes,A. (zuz.), Congreso Internacional La parte por el todo: la movilización de recursos militares en la construcción de la Monarquía Hispánica (siglos xvii–xviii), Iruñae: Nafarroako Unibertsitatea, 2018.
Ayerbe Iribar, M.ª R., «El proceso recopilador del Derecho guipuzcoano, y la recopilación de 1696», in Aramburu, M., Nueva Recopilación de los Fueros, privilegios, buenos usos y costumbres, leyes y ordenanzas de la MN y ML Provincia de Guipúzcoa (1696), Donostia: Euskal Herriaren Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 2014, 9-132. or (gaztelania) eta 133-260. or (euskara).
Garmendia Larrañaga, J., Año 1691. Encarcelamiento del Alcalde de Ibarra por Miguel de Aramburu Aburruza, Alcalde de Tolosa, s. l., d. g. Edizio digitala in www.errenteria.net/eu/ficheros/57_22042eu.pdf (2018ko urriaren 13an egindako kontsulta).
Aipamen bibliografikoa
Ayerbe Iribar, R. Mª., “Aramburu Abarruza, Miguel”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 451-457.





