Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Bizkaiko egileak eta obrak

ARANA GOIRI, Sabino (Abando, Bizkaia, 1865eko urtarrilak 26 – Sukarrieta, Bizkaia, 1903ko azaroak 25).

Karguak eta lanbideak

Pentsalari politikoa.

Ibilbidea

Abando Nerbioi eskuinaldeko herri txikia zen 1865ean. Orduko hartan Zazpikaleak besterik ez zen Bilboko hiribilduaren parean zegoen, 1890era arte ez baitzen erabat anexionatu. Sabino Arana bertan jaio zen, zortzi anai-arreben artetik azkena. Bere guraso eta aiton-amonak bizkaitarrak ziren. Gurasoak Bilboko handiki burgesak ziren: aita, aitona bezala, armadore eta itsas ontzigilea zen, eta, horrez gain, ardura handiak zituen Bizkaiko Alderdi Karlistaren barruan. Jardun politiko horrek ihes egitera eraman zuen familia 1873an, eta hiru urtez Euskal Herri kontinentalean babestu behar izan ziren.

Bi eragin nagusi izan zituen gaztaroan: karlismoa eta erlijioa (Urduñako jesuitekin ikasi zuen, eta bertan eskuratu zuen batxilergoa, 1881ean). Hurrengo urtean, bera baino hiru urte zaharragoa zen Luis anaiarekin izandako elkarrizketa batek biziki hunkitu zuen. Solasaldi hori berebiziko «errebelazioa» izan omen zen berarentzat: Luisen iritziz, euskaldunak ez ziren espainiarrak. Bere anaiaren baieztapen horrek harri eta zur utzi zuen, eta, goi-mailako ikasketak alde batera utzita, euskara eta euskal historia ikasteari ekin zion.

1888an Bilbora itzuli zenean, hizkuntzalaritza eta gramatikarekin lotutako hainbat lan argitaratu zituen, eta 1892. urtean artikulu historikoen bilduma bat Bizkaya por su independencia izenburupean. Haren bitartez erakutsi nahi izan zuen Bizkaia, historian zehar, Espainiarekiko erabat independentea izan zela.

1893ko ekainaren 3rako agerikoa zen karlismoa alde batera utzi eta euskal abertzaleen ideiekin bat egin zuela. Egun horretan bertan, Begoñako Larrazabal baserrian hitzaldi bat eman zuen, Bilbo inguruan: Larrazabalgo Hitzaldia bezala ezagutzen da, eta hori da doktrina politiko berriaren lehen adierazpena.

1894ko uztailean, Bilboko Posta kalean, Euskeldun Batzokija izeneko aisialdi elkarte abertzalea sortu zen. 94 izan ziren kide sortzaileak, eta bera hautatu zuten presidente izateko. 1894ko uztailaren 14an jaso zen lehen aldiz ikurrina, eta elkarte horren balkoian izan zen. Estatutuak xeheki idatzi eta gero, Euskeldun Batzokija elkarte katoliko abertzale bihurtu zen, eta oso zaila zen bertako kide izatea. Espainiako Gobernuak bere jarduna debekatu zuen 1895eko irailean.

1895eko uztailaren 31n (San Ignazio egunean), 75 bizkaitar eskualde batzarrean elkartu eta Bizkai Buru Batzar edo BBBa hautatu zuten (Euzko Alderdi Jeltzalearen Bizkaiko zuzendaritza). Egun hartan jaio zen EAJ, lehendabiziko urte horietan sasi-klandestinitatean jardun behar izan bazuen ere. Sabino Arana izan zen BBBko presidentea, arduradun bakarra Espainiako agintarien aurrean, eta oinarrietako kide ezagun bakarra.

Prentsa nazionalistak euskal nazionalisten jarduna jasotzen zuen, eta 1893ko ekainaren 8an Bizkaitarra aldizkaria sortu zen Bilbon, Jaungoikua eta Lagi Zarra lemapean (Jaungoikoa eta Lege Zaharra). Sabino Arana aldizkari horretako sortzaile, jabe eta zuzendaria izan zen. Bertan argitaratutako 10 artikuluetatik 9 berak idatziak ziren, eta 32 ale argitaratu eta gero, 1895ean itxi zuten. 1897an Baserrittarra sortu zuen, eta, hori ere, 18 ale argitaratu eta gero itxi zuten.

1897. urte hasieran, arrakasta handiko opuskulu bat argitaratu zuen El Partido Carlista y los Fueros Vasko-Nabarros izenburupean. Bertan, politika karlistaren aurkako kritikak sistematizatu zituen.

1898. urtea izan zen abertzaletasunak lehen arrakastak eskuratu zituen urtea: urte hartako irailaren 11n, Sabino Arana Bizkaiko Diputazioko hauteskundeetara aurkeztu zen, Bilboko barrutiko ordezkari bezala. Bigarren postua eskuratu zuen 4.500 bozka baino gehiago eskuratuta. Hala ere, 1898tik 1902ra arte erabat bakarrik egon zen, eta, maiz, aurkako batzar oso bati aurre egin beharrean ikusi zuen bere burua. Bere hitzartze ospetsuenek jatorrizko bizkaitarren defentsari, euskal kultura babesteari eta euskal probintzien elkartasunari egiten diete erreferentzia.

1899. urtean aurreko urteetako arrakasta berretsi zen. Apirilean, Sabino Aranak, Ramon de la Sota industrialariaren laguntzaz, euskal zirkulu katoliko berri bat sortu zuen, kutsu nazionalistarik gabekoa, propaganda diskretu eta eraginkorragoa egiteko asmoz. Bilboko Bidebarrieta kaleko zentro horrek, «Centro Vasco» izenekoa, 1.100 kide baino gehiago lortu zituen denbora gutxian, baina gobernuak bertan behera utzi zuen urte bereko irailean. Ekainean El Correo Vasco izeneko egunkari katoliko eta abertzale bat sortu zuen Bilbon, berriro ere, Ramon de la Sotaren laguntza ekonomikoarekin. Hori ere irailean itxi zuen gobernu espainiarrak. Urte horretan bertan, bost zinegotzi abertzale hautatu zituzten Bilboko Udalean.

1900. urteko otsailean, Sukarrietako baserritar gazte batekin ezkondu zen, Nicolasa Achica Allende. Ez zen oso ikasia, baina zeharo maitemindurik zuen. Ordutik aurrera, geroz eta maizago eta luzeago joaten zen Sukarrietara, eta, horren ondorioz, bere jardun politikoa murriztu egin zen.

1901eko urrian, La Patria izeneko astekari bat argitaratu zen lehen aldiz, abertzaleen hedabide estraofiziala, eta bertan hainbat artikulu idatzi zituen, 1903ko ekainean itxi zuten arte. Urte berean, uztailean, abertzaleek izena aldatu zioten e aldizkariari eta soilik Patria izatera pasa zen. Ordurako, Arana gaixorik zegoen eta, hartara, soilik artikulu gutxi batzuk argitaratu zituen bertan. Era berean, zientzia, arte ederrak eta letrak lantzen zituen aldizkari bat argitaratu zuen, Euzkadi izenekoa. Lau zenbaki besterik ez ziren argitaratu, guztiak ere 1902an, arazo ekonomikoak zirela-eta itxi behar izan baitzuten.

Urte hartako maiatza bukaeran, Bilboko Larrinaga espetxean sartu behar izan zen berriro, bere jardun politikoagatik (1895ean hainbat hilabete egin zituen bertan). Egonaldi hartan «Sabino Aranaren bilakaera espainolista» bezala ezagutzen den gertakaria eman zen. Jazoera bitxi hori azaltzeko, kontuan izan behar da kartzelan zegoela eta argi zuela momentu horretan ezinezkoa zela politika abertzalearen aldeko lege-ekimen bat abiaraztea. Gauzak horrela, Euskal Herriko ezaugarri linguistiko eta historikoak babesteko bide berri bat hartzea erabaki omen zuen. Horretarako, independentzia alde batera utzi eta «estatu espainiarraren batasunaren baitan ahalik eta autonomia handiena» eskuratzeko helburua ezarri zuen.

«Bilakaera espainolista» horri uko egin zion Sabino Aranak hil aurretik. Hala ere, Ramon de la Sotaren lagunek egitura eta programa modernoak izanen zituen alderdi autonomista handi bat sortzeko lanean jarraitu zuten.

Espetxean bost hilabete egin eta gero (1902ko maiatzetik azarora), Sabino Aranak Frantziara ihes egin eta Vichyra joan zen bizitzera, bere gaixotasuna osatzeko asmoz. 1903ko hasieran, Sukarrietara itzuli zen, Addisonen gaixotasunak jota (guruin suprarrenalen jariatze-gutxiegitasuna, garai hartan gaixotasun hilgarria), eta 1903ko azaroaren 25ean hil zen, hogeita hemezortzi urterekin.

Sabino Arana lehen euskal nazionalismoaren ideologo nagusia da, eta, era berean, ekintza gizona ere izan zen. 1899an honakoa idatzi zuen El Correo Vascon: «Hitz hutsalek ez dakarkiote inolako onurarik aberriari, egitaterik, ekintzarik gabekoak badira». Aldizkari, elkarte eta alderdi abertzaleak sortzea, Bizkaiko Diputaziorako hautatua izatea eta bertako jardunak argi erakusten dute.

Bere idatzietan beti zuzendu zitzaion Euskal Herriari, zazpi lurralde historikoak barne hartuz. Euskeldun Batzokiko estatutuetako VIII. artikuluak dioen bezala: «Bizkaia, arrazaz, hizkuntzaz, fedez, izaeraz eta ohituraz, Araba, Baxenabarre, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoaren ahizpa izanik, sei herrialde horiekin elkartu edo konfederatuko da Euskelerria izeneko izakia sortzeko». Euskal gatazkaz zuen ikuspegiak probintzia guztiak barne hartzen zituen, eta Bizkaiak ez zuen estatutu berezirik. Hari esker, ordura arte soilik folklorikoa edo kulturala zen Zazpiak-bat leloa politiko bihurtu zen.

Euskal nazioaren funtsezko bost elementu edo ezaugarri aipatu zituen: arraza, hizkuntza, gobernu-legeak, izaera-ohiturak eta nortasun historikoa. Nabarmendu beharra dago «arraza» hitza erabili zuela egun «herria» bezala ulertzen dugunari esateko (garai hartan ohikoa zen bezala). 1903an La Patrian idatzi zuen: «Arraza, nazioa, herritarrak eta herria gauza bera dira; eta gizakien borondatea gorabehera existitzen den familia handi bati, objektu natural bati, egiten dio erreferentzia». Ez zen «arrazista», «hispanofoboa» baizik, Agosti Xaho (1811-1858) bezala, ezagutzen ez zuen arren.

Antikolonialismoaren alorrean agertu zuen gehien bere liberalismoa eta zentzu demokratikoa. Maroko, Kuba eta Filipinetako Espainiar gobernuaren politika kolonialista gogor salatu zuen. Herrien autodeterminazio eskubidea defendatu zuen eta irmoki salatu zituen kolonialismo eta inperialismo forma guztiak.

Era berean, euskal kapitalista nagusien aurkako eta langile esplotatuaren aldeko pentsamendu soziala garatu zuen. Aitzitik, gizarte iraultza bultzatzetik oso urruti zegoen. Sozialismoa kondenatu zuen eta euskal langileen sindikatu bat sortzearen alde agertu zen. Azken ideia horrek bere bidea egin zuen, eta 1911. urtean, Bilbon, Solidaridad de Obreros Vascos sindikatua sortu zen «langile batasuna eta euskal elkartasuna» lelopean (egungo ELA-STV).

Erlijio katolikoak gidatzen zuen bere pentsamendua eta jarduna, eta dena egon behar zen horri loturik, bere idatzi asko eta askoren bukaeran maiz erabili zuen GETEJ anagramak argi adierazi bezala (Gu Euzkadirentzat Ta Euzkadi Jaungoikuarentzat).

Sabino Aranaren euskal nazionalismoa, ororen gainetik, Euskal Herriaren funtsezko balioetan ardaztutako tradizionalismoa da: agerikoa da filiazio karlista (erlijio alderdia, kontserbadurismo politiko eta soziala, etab.). Bizkaiko industrializazioari aurre egiteko defentsa erreakzioa da, industrializazio horrek ekarritako ondorio zenbaiten aurkakoa, batez ere, euskal balio tradizionalak (euskara, erlijio katolikoa) arriskuan jartzen dituen espainiar langileria iritsi berri horren aurka.

Baina 1898an gauza asko aldatu ziren. Oso data garrantzitsua da. Esan liteke hasierako abertzaletasun asaldatu horren ondotik (1893-1898), bigarren aro pragmatiko posibilista bati bide eman ziola Aranak (1898-1903). 1898koa oso urte garrantzitsua izan zen Espainiarentzat. Data hori hondamendi militarraren eta krisialdi politiko, intelektual eta moral larriaren sinonimo da. Espainia bere inperio kolonialaren azken puskak galtzen ari zen: Kuba, Puerto Rico eta Filipinak. Aldi berean, zalantzan jarri zen Espainiako sistema monarkikoa, kazikismoaren menpeko sistema oligarkiko eragingabe eta ustela.

Euskal Herriko eta Kataluniako burgesia liberalaren parte batek begiak ireki zituen 1898an, eta Madrildik eraikitako estatu industrial moderno bat sortzeko aukera ezinezkotzat hartzen hasi ziren. Ez al litzateke hobe dagoeneko industrializatuta zeuden eskualde periferikoen garapena bultzatzea? Horren aldeko apustua egin zuen Bilboko Euskalerria Elkarteak, Ramon de la Sotaren gidaritzapean. Nazionalismoak fisionomia berria hartu zuen burgesia horrek berarekin bat egin zuenean. Garai hartan, Sabino Aranak gertutik jarraitzen zuen El Fuerista aldizkariko integrista gipuzkoar gehienen garapena: abertzaletasunerantz mugitzen ari ziren, eta etorkizun handiko ildo politikoa ezartzen ari zen bertan.

Esan liteke Sabino Aranaren adierazpenek euskal identitate kulturalari eta abertzaletasun sakonari gorazarre egiten ziotela, 1876an Foruak galdu ondotik ezkutaturik baitzegoen euskal herritarren izpiritu atsekabetuetan. Adierazpen horiek agerian uzten zituzten gehiegikeria eta ahoberokeria arbuiagarriak, eta euskal abertzaletasunaren kontrakoek mende bat baino gehiagoz aipatu izan dituzte, ase arte, askotan testuingurutik kanpo.

Doktrina sabindarrak gizarte oinarri nahiko zabala izan zuen: landa eremuko euskal tradizionalistek Bizkaiko hiriburuan nolabaiteko garrantzia zuten sektore hiritar eta modernoekin bat egin zuten.

Sabino Aranak aldaketa sakona izan zuen, agian, bere lagun politikarien eraginetik at edo gaixo egoteagatik, geroz eta denbora gutxiago ematen baitzuen Bilbon. Aberastasuna mespretxatzen zuen antiinperialista izanagatik ere, artikulu batean onartu zuen diruak eragin positibo eta birsortzailea izan zezakeela, ongi erabiliz gero. 1901. urtean, nazionalista katalanekin harremana zuen euskal abertzaleen talde batek idatzitako testu batean kolaboratu zuen, eta honakoa idatzi zuen: «Kataluniak libre izateko eskubidea du, hala izan nahi duelako». Aldagai subjektiboen araberako nazionalismoaren definizioaren hastapenak ziren (elkarbizitza borondatea), lehendabiziko garaiko (1898 aurreko) nazionalismoaren oinarrizko aldagai subjektiboetatik oso bestelakoak (ezaugarri fisikoak, antropologikoak, hizkuntza, ohiturak, tradizioa).

Sabino Aranaren ekarpen nagusiak nabarmentzen ditu, alde batetik, euskal kultura orokorraren nortasun kolektiboa eta, bestetik, alderdi politiko abertzale bat antolatzeko baldintzak sortzea.

Hasikinetan zegoen nazio sentimenduaren beharrezko gorespenari pragmatismo politikoa ematea lortu zuen Bizkaiko gizartearen aldaketa sakonak, bere lagun politikoen presioak eta bere garapen ideologiko eta politikoa baliatuz.

Obrak

Bizkaya por su independencia, Bilbo: Tip. de Sebastián de Amorrortu, 1892.

El Partido Carlista y los Fueros Vasko-Nabarros, Bilbo: 1897 (berrarg. Buenos Aires: Talleres Gráficos de la Baskonia, 1912).

Libe, Melodrama histórico, Bilbo: Verdes Achirica, 1903.

De fuera vendrá… Comedia en tres actos, México, 1914 (berrarg, Donostia: Haranburu, 1982).

Obras completas, Baiona-Buenos Aires: Sabindiar-Batza, 1965.

Prentsa artikuluak: Bizkaitarra (1893-1895), Baserrittarra (1897), El Correo Vasco (1899), La Patria (1901-1903), Euzkadi (1902), Patria (1903).

Bibliografia

AGIRREAZKUENAGA, J. (arg.), Barne-Muinetako Sabin Arana Goiri Gutunak (1876-1903), Donostia: Utriusque Vasconiae, 2010.

CORCUERA ATIENZA, J., Orígenes, ideología y organización del nacionalismo vasco (1876- 1904), Madrid: Siglo XXI de España, 1979.

LARRONDE, J. C., El nacionalismo vasco. Su origen y su ideología en la obra de Sabino Arana Goiri, Donostia: Txertoa, 1977.

— Luis Arana Goiri (1862-1951). Historia del nacionalismo vasco, Bilbo: Sabino Arana Fundazioa, 2010.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP