Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Bizkaiko egileak eta obrak

ARANA BELAUSTEGUI [ARANA BELAUSTEGI], Teodoro, Aranako kondea (Gernika, Bizkaia, 1858ko azaroak 8 – Gernika, 1945ekoara abenduak 28).

Karguak eta lanbideak

Publizista, abokatua, diputatua, Bizkaiko senatari, Elkarte Tradizionalistaren Jaurerriko buru eta Eusko Ikaskuntzako kide sortzailea.

Ibilbidea

Bere burua odol garbiko euskalduntzat zuen, bizkaitarra bihotzez eta askatasunaren sinboloa den Haritz hilezkorraren itzalpean jaiotako gernikartzat. Ideal horiek markatu zuten bere ibilbide politiko eta literarioan jarraitutako ildoa. Euskaldunen jatorrizko independentzia eta askatasuna defendatu zituen, eta baita Bizkaiko Jaurerriaren erregimena bizkaitarrek eurek IX. mendean hautatu zutela ere. Horrez gain, 1200. urtean Gipuzkoak espontaneoki Gaztelako Koroarekin bat egin zuela aldeztu zuen; Arabak, hala nahi izan zuelako, 1332an bat egin zuela, eta Bizkaiaren bat-egitea oinordetzaren gorabehera hutsengatik gertatu zela 1379an. Bere ustez, 1812an hautsi zen aldebiko hitzarmen hori, eta horregatik eskatzen zuen Foru Erregimenaren berrezartzea.

Diputatu karlista izan zen, Azpeitiko ordezkari, 1901 eta 1903 urteetan, eta Gipuzkoako senatari, hainbat urtez, 1905 eta 1919 artean. 1915 eta 1919 artean Bizkaiko Elkarte Tradizionalistako buru izan zen, jaimismoaren lider ospetsuenetakoa.

Garai horretan karlismoaren baitako hainbat korronte eta barne desadostasuni egin behar izan zien aurre, 1918ko urtarrilaren 21ean Zumarragan egindako Batzar Tradizionalista Nagusian agerian geratu zirenei, adibidez. Batzar hartan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako agintari nagusiak elkartu ziren, eta baita Gorteetako ordezkariak eta probintzia diputatuak ere; eta 1918ko otsaileko Hauteskunde Orokorretan Euskal Elkarte Tradizionalistak jarraitu beharreko arauak eta eman beharreko urratsak aztertu eta adostu ziren. Lau gai landu ziren: erlijioaren auzia, erlijio esparruan eskubide politikoen erabilera arautuz; foruen auzia, Erakunde eta Askatasun historiko eta ezinbestekoak berrezartzearekin loturik, eta, halakorik lortu ezean, autonomia handiago baten alde eginez; Espainiaren neutraltasuna Lehen Mundu Gerran; eta Erresuma barruko arazo sozial eta ekonomikoak. Horrez gain, gainerako alderdi katolikoak gonbidatzea erabaki zuten, erlijioaren, foruen eta neutraltasunaren defentsan elkarrekin ekiteko.

Gauzak horrela, hainbat bilera izan zituzten euskal abertzaleekin, baina inolako akordiorik lortu gabe. Ez hori bakarrik, barne desadostasunak ere agerian geratu ziren, eta hainbesterakoak ziren, non karlismoaren zati batentzat Bizkaiko ordezkaririk egokiena Alberto Aznar izan zen, askorentzat liberala, foruen kontrakoa eta alfontsotarra. Aranako kondeak ezin zuen proposamen hori ulertu, eta 1918ko abenduaren 22an iritsi zen bere erantzuna: Bizkaiko Elkarte Tradizionalistaren helburua foruen erabateko berrezartzea zen, hau da, 1839ko urriaren 25aren aurreko egoerara itzultzea; eta hori ezinezkoa bazen, ahalik eta autonomia handiena lortzeko borrokatu behar zuten, bere ustez, Espainiako batasun nazionalarekin bateragarria zelako. Liga de Acción Monárquica alfontsotarrak eta Aranako kondearen beraren etsaiek separatista izatea leporatu zioten, eta bere buruaren defentsa publikoa egin zuen 1919ko urtarrilaren 2an El Solar Vizcaíno aldizkarian. Guztiarekin ere, barne desadostasunak hainbeste azaleratu ziren, azkenerako Aranako kondeak dimititu behar izan zuela, eta 1919ko abenduaren 6an Bizkaiko karlisten ordezkari nagusi izateari utzi zion.

Obrak

Vademecum del Vasco, Bilbo: Editorial Vasca, 1921-1922.

Fraternidad Vasco-Histórica = Euskal-Kondairatar Anaitasuna, Bilbo: Editorial Vasca, 1921.

Bibliografia

ESTORNÉS ZUBIZARRETA, I., La construcción de una nacionalidad vasca. El autonomismo de Eusko Ikaskuntza (1918-1931), Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1990.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP