Karguak eta lanbideak
Testua gaztelaniaz
Historiador.
Ibilbidea
Alexandrian (Egipto) jaiotako historialari greziarra. Erromatar hiritartasuna izan zuen eta abokatu jardun zuen Erroman eta Egiptoko administrazio inperialean, antoninotarren agintaldian, K.o ii. mendean. K.o. 165ean hil zen. 24 liburu idatzi zituen, grezieraz, Erromak bere historian mendean hartutako lurraldeei buruz. Liburuek Erromaren sorreratik Trajanoren garaira arte hartzen dute, eta konkistaren aurretik eta konkista-prozesuan gertatutakoak kontatzen dituzte. Apianoren obratik, hamar liburu osorik eta gainerakoen zatiak iritsi dira gurera, eta lan hori oso interesgarria da Errepublikaren amaieran Erroman izandako gerra zibilen aldiaren berri izateko. Kontakizunak —gatazkaren indarkeria handia azpimarratzen du— aditzera ematen du Erromako historiaren aldi hori oso gatazkatsua izan zela.
Apianoren lanaren ikuspuntua erabat etnografikoa da, eta liburu bakoitza Erromak konkistatutako lurraldeari eta bertako biztanleei buruzko monografia bihurtzen da. Apianoren iturri nagusia Polibio da; beraz, egile preziatua da Megalopolikoaren obra osatzeko. Bestalde, Salustio, Tito Livio, Asinio Polion, Diodoro eta Plutarkoren lanak ere kontsultatu zituen —egile horiek guztiek mendebaldeko Pirinioen inguruko eremua aipatzen dute beren lanetan—.
Gerra Zibilen testuinguruan, Sertorioren Gerrak kontatzean, Apianok Ponpeioren eta Sertorioren arteko borroka azaltzen du (K.a. 74). Gerra horretan, Sertoriok «Calagurriseko Gudua» (Calahorra) delakoa irabazi zuen, eta Ponpeioren hiru mila soldadu hil zituzten (BC 1.112). Apianok, halaber, dio Metelok eta Ponpeiok negua Pirinioetan eman zutela, eta, handik, Ebro ibairaino jaitsi zirela. Calagurriseko Guduari dagokionez, garai horretan hiri hori baskoitzat hartzerik egonez gero, baskoien lurraldean izandako gerra-gatazka baten froga argia izango litzateke, baina argitzeke geratuko litzateke baskoiek Sertoriori emandako babesa erabatekoa izan zen, edo baskoi batzuek soilik babestu zuten. Are interesgarriagoa da Ponpeio Pirinioetan negua igarotzen kokatu izana. Izan ere, horrela izanez gero, horrek esan nahiko luke eremu hori leku segurua izango zela erromatar armadarentzat, eta jenerala baskoien lurraldearen iparraldean egon zela, K.a. i. mendearen lehen herenean jada kontrolpean zuten eremu batean. Apianok dio Ponpeioren armada Pirinioetatik jaitsi zela Ebro ibaiaren haranera, eta horrek eremu horren okupazio goiztiarra adieraziko luke. Izan ere, Nafarroan, erromatar aztarnategi berriak aurkitu dira azken urteotan, Pirinioen bi isurialdeak lotzen dituzten galtzaden inguruan. Aztarna horien kronologia berantiarra den arren, argi egongo litzateke erromatarrek Inperiorako garrantzitsuak ziren bi eskualderen arteko igarobidea kontrolatu nahi zutela: Akitania eta Ebro ibaiaren haraneranzko bidea.
Obrak
Argitalpenak eta itzulpenak. Apiano, Guerras civiles. I.-II. libk. Sancho Royo, A., (itzulpena.), Madrid: Gredos, 1980.
Appian, Roman History, III. libk., The Civil Wars, Books 1-3.26, White, H. (itzulpena), Cambridge, MA: Harvard University Press, 1913.
Bibliografia
Armendáriz, J.: De aldeas a ciudades. El poblamiento durante el primer milenio a. C. en Navarra, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 2008.
Martinez Txoperena, J. M.; Zubiria, R.: «La vía de Hispania a Aquitania en el paso del Pirineo por Ibañeta» in Jornadas sobre las calzadas romanas en la Antigüedad, Auritz-Burguete: Aranzadi, 2017, 151.-205. or.
Ramírez Sádaba, J. L.: «Limitaciones inherentes a las fuentes literarias: consecuencias de las guerras sertorianas para Calagurris» in Gerión, 3 (1985), 231.-243. or.
Aipamen bibliografikoa
Torregaray Pagola, E., “Apiano”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 55-56.





