Ibilbidea
Francisco Javier Anton Lasantaren eta Maria Manuela Luzuriaga Cabriadaren semea izan zen, 1792ko urriaren 30ean Soto de Camerosen jaioa, une hartan Soriako probintziakoa. Seme bat izan zuen Magdalena Ardenalesekin, bere seme bakarra, Norberto, 1832ko ekainaren 6an Iruñean sortua. 1860ra arte, behintzat, ez zen Magdalenarekin ezkondu. Izan ere, urte hartan egin- dako testamentuan ezkongabea zela adierazi zuen, ondasun guztiak seme natural gisa agertzen zen Norbertori utzita. Donostian hil zen —Biarritzen, zen- bait egileren arabera— 1874ko ekainaren 23an. Donostiako Polloeko hilerrian ehortzi zuten, eta semeak panteoi bat eginarazi zuen.
Lehen urteak bere jaioterrian eta Peronielen (Soria) eman zituen, nonbait herri horretan amaren aldeko familia bizi zelako. 1805ean, hamahiru urte zituela, Villacarriedoko Escuelas Pías Ikastetxean sartu zen, Santanderren. Arteetako hiru ikasturte egin eta 1807ra arte egon zen. Aitak Elizaren bidea nahi zuen semearentzat, San Frantzisko komentuko kapilautza orokorra har zezan, arbasoetakoren batek sortua zelako. Bada, aitaren nahiari jarraikiz, Valladolidera jo eta, han, lehenbiziko tontsura lortu zuen, apezpikuak 1808ko apirilean emandakoa. Ondorioz, urte hartako maiatzean, aipatu kapilautzaz jabetu zen. Horrez gain, Valladolideko Unibertsitatean ikasten jarraitu zuen, 1808ko apirilaren 23an Batxiler gradua lorturik Filosofian.
Napoleonen inbasioak, ordea, haren bizitza errotik aldarazi zuen. Inbasioaren ondorioz, izan ere, familiak bere ondasunak galdu, eta aita —artile fi- nen merkataria— erbestera joan eta han hil zen. Horrenbestez, elizako bide hasi berria abandonaturik, Batxiler titulua eskuratu zuen Legeetan Alcalá de Henaresko Unibertsitatean, 1816ko ekainaren 5ean, behin Independentzia Gerra bukatu ondoren, hara joana baitzen 1815-1816. ikasturtean. Gero, 1818ko ekainaren 2an eta 3an, Legeetako Lizentziadun eta Doktore Graduak lortu zi- tuen, hurrenez hurren. Urte horretan bertan, «Real Academia de Ambas Jurisprudencias de la Purísima Concepción»-eko akademiako eta irakasle izendatu zuten. Akademiako kide-idazkaria eta fiskala ere izan zen. Gainera, 1817an, abokatutzan jarduteko baimena eskatu eta Gaztelako Kontseiluan onartu zu- ten. 1819ko otsailean, berriz, Madrilgo Abokatuen Elkargoan sartu zen; hiri hartan, nonbait, abokatu-langela izan zuen 1821era arte. Hasierako urte haie- tan, Peroniel hiribilduko alkate lehena eta betiereko erregidorea izan zen. Halaber, Eliza Zientzien Akademian sartu zen, idazkari-kargua beteta, bai eta Ateneo Español elkartean ere.
Epailetzako postu bat lortzeko ahaleginean hainbat aldiz huts egin ondoren, azkenean Donostiako lehen auzialdiko epaile postua erdietsi zuen, Hirurteko Liberalean jada. Kargua 1821eko urriaren 31tik 1823ko apirilera bitarte bete zuen. San Luisen Ehun Mila Semeen inbasioa gertatu zenean, kausa libe- ralari fidel izan zitzaion eta Cadizera jo zuen itsasontziz, han Gobernua babestua baitzegoen. Donostiako postua kendu ziotenez, beste postu bat eskatu zuen eta, Gorteek epaile errefuxiatuak epaitegi hutsetan birkokatzeko emaniko baimen bereziarekin bat, Coruñako epaitegirako izendatu zuten 1823ko ekainaren 29an; azkenean, ordea, postu hori beteta baitzegoen, Betanzosko epaitegia eman zioten, urte horretako uztailaren 2an izendaturik. Coruñako defentsan parte hartu zuen, hiriak 1823ko abuztuaren 21ean kapitulatu zuen arte. Libe- ralen porrotaren ondotik, Frantzian erbesteratu eta, Fernando VII.ak 1824ko maiatzaren 1ean erbesteratuak amnistiatzeko emaniko Dekretuaren ondotik, Madrilera itzuli zen.
Madrilgo Abokatuen Elkargotik kanporatu zuten, Hirurtekoan karguak bete izanagatik, eta gainera, Cadizko Konstituzioa indargabeturik, bai eta hark ezarritako organigrama judiziala ere, abokatu-bulegoa ireki behar izan zuen Donostian, adiskide eta harreman onak zituelako. Lehenago, izan ere, maiz joaten zen Collado familiaren tertuliara. Bilera haietan kausa liberalaren aldeko pertsona ospetsuak bildu ohi ziren, hala nola Joaquin Maria Ferrer edo Evaristo Perez de Castro, bai eta Donostiako gizarteko kide nabarmenak ere. Azken buruan, hura «kontseilu intimo» bat zen hiriko gai publikoak «espiritualki» zuzentzeko.
Donostian, aurrera egin zuen bere lanbidean, agintarien errespetua irabazita. 1828ko martxoaren 19an, Donostiako Komedia Zentsore izendatu zuten eta, urte hartan bertan, Udalak aurrez enkargaturik, errege-erregina Fernando VII.ak eta Amalia Saxoniakoak Gipuzkoako probintziara egindako bisita ofizialaren kronika idatzi zuen.
1831n, Donostiako Merkataritza Batzordeko idazkari kargua hartu zuen bitarte baterako, Kontsulatuko aholkulari juridikoa ere izan zen, eta eginkizun garrantzitsua bete zuen aipatu hiriaren eta Gipuzkoako probin- tziaren arteko lehian. Donostia barnealdeko aduanak itsasertzera erama- tearen aldekoa zen; Probintziak, berriz, nekazaritza-jardueretan ziharduen gehienbat. Horren haritik, Donostiako asmoen alde —zehazki, hiriko industria eta merkataritza arloko burgesiaren alde—, Azalpen ospetsu bat ondu zuen 1831ko uztailean Foruak aldatu beharra defenditzeko, Gipuzkoako merkataritzaren krisia arintze aldera. Batzar Nagusiek batzar berezi baterako deia egin zuten Donostiak mahai gainean jarritako arazoa ebaz- teko; zehazki, Azpeitian egitekoa zen urte hartako abuztuan. Luzuriaga, Merkataritza Batzordearen ordezkari izendaturik, Azpeitiko hiritik kanporatu zuten, Gipuzkoako Foruak ezarri bai baina jada erabiltzen ez zen xedapen bati jarraikiz, abokatu izatea batzarkide izatearekin bateraezina zela argudiatuta. Azpeitiak Donostiako asmoa atzera bota zuen, Foruaren kontrakoa zela iritzita. Donostiako hiriak, orduan, batzorde bat eratu zuen bere jarrera defenditzeko, eta batzordeak Luzuriaga izendatu zuen mandatari berezi Madrilen, memoria bat prestatzeko ardura emanda, kontrako txostenari aurre egiteko. Gortera joan zen zortzi hilabetez amarekin eta bi ahizparekin, ordainsaririk jaso gabe. Bada, han egindako gestioek arrakasta izan zuten eta emaitza 1832ko azaroaren 14ko Errege Dekretuaren aldarrikapena izan zen, Donostiako portuari Amerikarekin zuzenean salerosteko baimena eman baitzitzaion. Arrakastak, ordea, labur iraun zuen. Izan ere, erabaki hura kontraforua zela iritzita, Gipuzkoako Probintziak lortu egin zuen Cea Bermudezen gobernuak baimen hura bertan behera uztea (1833ko martxoa).
1833ko ekainaren 1ean, Donostiako Merkataritza Batzordeko idazkari kargua eman zioten jabetzan eta, hil arte, lotura etengabeak izan zituen hiriarekin, uda oro joaten baitzen eta, maiz, osasun arrazoiengatik atseden hartzeko. Fernando VII.a hil eta gero lehen Karlistaldia piztean, Milizia Nazionalaren batailoian sartu zen Isabel II.a erregina defenditzeko. Aholkulari juridikoa izendatu zuten Milizian sortzen ziren arazoak moldatzeko eta, 1834ko apirila- ren 12an, berriz, bitarteko gerra-auditore —Elias Legardarekin batera, ponen- tzia bat idatzi zuen hartu beharreko neurriez—; handik hamabost egunera, dena den, dimisioa eman zuen, jada abokatu gisa parte hartutako auzietan esku hartu behar zuelako.
Luzuriagak honako karrera edo cursus honorum hau egin zuen justizia-ad- ministrazioan jardun zuenean, 1833tik aurrera: arlo zibileko fiskala Katalu- niako Errege Entzutegian (1834ko abuztuaren 12an izendatua); Grazia eta Justiziako Bulegoko Idazkaritzako ofiziala (1836ko irailaren 18an izendatua), bertako Atal Burutzarako ere sustatu zuten (1837ko urtarrilaren 9an) eta, gero, Atalburu lehena izateko (1838ko urtarrilaren 7an), Justizia ministroa (José Lan- dero) aipatu Entzutegiko lankidea izanik; Bartzelonako Entzutegiko burua (1839ko abenduaren 31n izendatua); Ordena Militarretako Auzitegi Bereziko abokatu eta prokuradore fiskala (1840ko azaroaren 25ean izendatua); Auzitegi Goreneko ministroa (1843ko uztailaren 29an izendatua); Grazia eta Justiziako ministroa (Salustiano de Olozagak 1843ko azaroaren 24an aukeratua Esparte- roren aurkako aurrerazaleen gobernuan); Auzitegi Goreneko bere postuan sartu zen berriro 1843ko abenduaren 1ean, astebetera ministro kargua utzi baitzuen, harik eta abenduaren 19an erretiratu zen arte, hark berak eskaturik, osasun arrazoiak zirela medio. Hamarkada moderatuaren parentesiaren ondotik, Biurteko Progresistan, Administrazioarekiko Auzi Epaitegia sortu berriko presidente izendatu zuten (1854ko abuztuaren 20an), baina erretiratua zegoenez, uko egin zion; ukoa urriaren 10ean onartu zuten; Auzitegi Goreneko ministroa (1854ko irailaren 9an), baina era berean uko egin zion eta, halaber, ukoa irailaren 29an onartu zen; Auzitegi Goreneko presidentea, baina kasu horretan, nahiz eta aditzera eman zuen erretiratua zegoela eta, ondorioz, zerbitzu aktibora ezin itzuli zela, Gobernuak asmoari eutsi eta Kongresuari baimena eskatu zion 1855eko urriaren 5eko lege-proiektu baten bidez; beraz, baimena emanik, karguaz jabetu zen, hots handiko ospakizun batean, 1855eko urriaren 19an; eta, azkenik, berriz ere Grazia eta Justiziako ministroa (1856ko uztailaren 14an); berriz ere karguari uko eginik, 1856ko abuztuaren 7an onartu zuten. Gero, egun horretatik urriaren 20ra bitarte, Auzitegi Goreneko presidentea izan zen, baina osasun arrazoiak zirela eta, berriz ere uko egin zion.
Luzuriaga liberal aurrerazalea izan zen —alderdi horretako eskuinean kokatzen dute, «legales edo resellados» deritzenek osatua. Biurteko Progresista bukatzean, Union Liberal alderdian sartu zen—, ilustratua, gai ekonomikoetan interesatua (Herrialdeko hainbat Ekonomia Elkartetan izan zen kide, hala nola Sorian 1819an, Bartzelonan 1835ean, etab.). Gainera, kezka intelektual handia zuen; horren erakusgarri, Isabel II.ak Zientzia Moral eta Politikoen Errege Akademiako kide izendatu zuen erakundea hasi zenetik, 1857ko irailean.
Hona hemen haren ibilbide politikoan diren gertakaririk nabarmenenak. Gipuzkoako diputatu hautatu zuten 1839ko irailean —lehenago, 1836ko abuz- tuan, aulkia Bartzelonan lortu zuen—. Gorte horiek, ordea, ez ziren eratu, La Granjako Sarjentuen Altxamenduak eragotzita, eta 1836ko urriko hauteskundeetan, ordezko diputatu izatea lortu zuen Logroñon. Parlamentuan esandakoen artean, 1839ko urriaren 25eko Legearen prestaketaren harira adierazitakoak dira nabarmentzekoak; batez ere, urte hartako urriaren 5ean egindako hitzaldia, Foruak defenditu baitzituen, baina garai berrietara behar bezala egokituta; hortaz, Foruak aldatu behar zirela irizten zion. 1841eko bozetan, ordezko hautatu zuten Logroñon eta Esparteroren aulkia hartu zuen, hura erregeorde hasi zenean. Gorte haietan, une hartako eztabaidarik garrantzitsuenetan parte hartu zuen, erregeordetzaren formari buruzko haietan, hain zuzen, Esparteroren jarrera erregeorde bakar gisa defendituta, bai erreginaren tutoretzari zegokionez, bai foruen auziari zegokionez. Era berean, Gipuzkoako fo- ruak moldatzeko batzordean parte hartu zuen Donostiaren izenean. 1843an, hau da, Anton de Luzuriagaren politikagintzako urte erabakigarrian, berriz ere diputatu-akta eskuratu zuen Logroñon; azaroko hauteskundeetan, Esparterok Espainiatik alde egin ondoren, berriz ere Logroñon hautatu zuten; eta azken hil horren 24an, Olozagak, dakigunez, Grazia eta Justiziako ministro izendatu zuen. Olozaga auzia esaten zaionaren ondorioz, dimisioa eman zuen abenduaren 1ean. Gertakari haietan gutxietsia sentitu baitzen. Izan ere, ganberak datarik gabe desegiteko Dekretua sinatzera derrigortu eta behartu zuela leporatu zion Isabel II.ak Olozagari, baina Dekretuaren sinadura ez zen Luzuriagaren aurrean egin, Erresumako Notario Nagusia izanik ere, baizik eta abenduaren 1ean Estatuko ministro izendaturiko Gonzalez Bravoren aitzinean. Etsipenak jota eta gogaitua, Auzitegi Goreneko epaile-kargura itzuli zen eta, arestian esan dugun bezala, berehala erretiroa hartu zuen.
Hamarkada moderatuan biziarteko senatari izendatu zuen Isabel II.a erreginak ministro ohien kupoaren barnean (1845eko abuztuaren 31), jarduera txikia eginik eta urte haietako gertakari politikoetatik ia bazter egonik. Biurteko Progresistan, politikaren lehen lerrora itzuli zen. Estatuko ministro izendatu baitzuten 1854ko azaroaren 25ean, baina, beste ministro batzuekin batera, 1855eko ekainaren 4an dimititu zuen. Hilabete korapilatsuak izan ziren, Egoitza Santuarekin izaniko arazoek eraginik, azkenean harremanak hautsi baitziren. Madozen desamortizazio Legearen onespena ere arazo-iturri izan zen, bai eta Milizia Nazionalari buruzko ekainaren 3ko Dekretua ere. Lehenago, 1855eko urtarrilean, hauteskunde partzialetan, berriz ere diputatu hautatu zuten Logroñon. Auzitegi Goreneko presidente karguari eutsi zion 1856ko urrira arte eta Gorteetan diputatu izaten jarraitu zuen, une nahasi haietan jarduera politiko bizia mantenduta; adibidez, 1856ko martxoan, talde aurrerazale berri baten osaketan esku hartu zuen, «Centro parlamentario», bozemaile ere bihurtuta. Arestian azaldu dugun bezala, ez zuen onartu O’Donnellen gobernu berriaren proposamena Grazia eta Justiziako ministerioa hartzeko —Garaipenaren dukearekiko fideltasunaren erakusgarri— (Lu- zuriagaren ukoa 1856ko abuztuan onartu zuten). Gero, O`Donnell erortzearen ondorioz, azken urte horretako urrian Auzitegi Goreneko presidente kargua utzi zuen, dimisioa emanez, eta 1858ko uztailean, Estatu Kontseilari izen- datu zuten, baina berriz ere dimisioa eman zuen urte hartako azaroan, betiko osasun arrazoiek eraginda. Azken izendapen bat izan zuen, 1862ko otsailaren 12an Instrukzio Publikoko Errege Kontseiluko presidente izendatu eta 1865eko ekainaren 3ra arte egon zen. Ondoren, biziarteko senatari izateari eu- tsi zion eta, Isabel II.aren erreginaldiko azken legealdietako batzuetan, Senatuko lehendakariordea izan zen, erreginak berak izendatua: bigarren lehendakariordea 1858an, 1860an, 1861ean eta 1862an, eta lehena, 1863an. Lehenago, 1853an, gobernuak trenbideez aurkeztutako proiektuaren aurka mintzatu zen. 1857tik aurrera, gutxiago parte hartu zuen, hitzaldirik nabarmenena 1863an eginda, Konstituzioa erreformatzearen aurka mintzatu baitzen.
Jose Landero Grazia eta Justiziako ministroa zelarik (Luzuriaga haren adiskidea izan zen, eta politikan kide), 1822ko Zigor Kodea berrikusteko Batzorde Bereziko kide izendatu zuten, bai eta Prozedura Kriminaleko Le- gea idazteko ere 1836ko irailean, baina uko egin zion, Ministerioko Idazkaritzako ofizial izendatu baitzuten, bi kargu horiek bateraezinak baitziren. 1837ko abenduan, beste batzorde bateko kide izateko aukeratu zuten «epaileei erantzukizuna exijitzeko modua eta kasuak zehazteko Lege bat osatzeari ekite aldera…». Era berean, prozedura zibilak eta kriminalak instruitzeko Batzordean izan zen kide, 1838ko uztailean eratutakoan (ez zen izendapen Dekreturik izan; beraz, hura «ekitaldi konfidentziala» izan zela jotzen da). 1841eko maiatzean, bestalde, beste batzorde bateko kide egin zuten herrie- tako erreserbako gari biltegietako sistemari, administrazioari eta kontabilitateari buruzko lege bat idazteko.
1843ko abuztuaren 19ko Errege Dekretuaren bidez sortutako Kodeen Ba- tzorde Bereziko kide ere izendatu zuten —garai hartan, Auzitegi Goreneko ministroa zen—. Bada, hiru urtez aritu zen hainbat arlotan, harik eta batzordea 1846ko uztailaren 31ko Dekretuaren bidez desegin zen arte, hala nola Kode Zibilean (Florencio Garcia Goiena buru zuen atal zibileko kidea izan zen,), Zigor Kodean (1848ko Zigor Kodea prestatzeko lanetan parte hartu zuen) eta prozedura zibil eta penaletan. Kodeen Batzorde Berezia 1846ko irailaren 11n berrezarria, Luzuriaga berriz ere Atal Zibilean sartu eta nabarmentzekoa da 1851ko Kode Zibilaren proiektuko hipoteka-tituluak eta erregistro publikoak idatzi zituela. Proiektu horrek huts eginik, Gobernuak hipoteka-zuzenbidea Kode Zibiletik ateratzea erabaki zuen, hipotekei buruzko oinarriak eta lege-proiektu bat prestatzeko. Luzuriaga, zehazki, Cardenasek idatzitako oinarrien eztabaidan eta berrikuspenean aritu zen, beste batzuekin batera; saiakera hark, ordea, ez zuen aurrera egin, gobernua erori baitzen. 1854ko abuztuan, Kodeen Batzorde Berezia ezabatu zen. Handik aurrera, Luzuriaga ez zen inongo batzordetan kide izan. Azkenik, senataria baitzen, Hipotekei buruzko Legearen eztabaidetan parte hartu zuen parlamentuan, 1860ko azaroan. Legea 1861ean onetsi zen.
Obrak
Relación de la venida del Rey Nuestro señor y de su Augusta esposa a la ciudad de San Sebastián y Diario de su permanencia en ella en junio de 1828. Dispuesto por en- cargo de su Ayuntamiento, Donostia: Ignacio Ramos Barojaren inprimategia, 1828.
Exposición que el Ayuntamiento de San Sebastián y la Junta de Comercio dirigen a las Juntas Generales de Guipúzcoa el 2 de julio de 1831.
Memoria Justificativa de lo que tiene espuesto y pedido la ciudad de San Sebastián para el fomento de la industria y comercio de Guipuzcoa. Publicada por acuerdo del Ayuntamiento general de vecinos concejantes y Junta de Comercio de la misma Ciudad. Año de 1832, Donostia: Ignacio Ramos Barojaren inprimategia, 1832.
Discurso leído en el acto de la apertura de los Tribunales de la Corte, presidido por S. M. la Reina el 2 de enero de 1856 por el Presidente del Tribunal Supremo de Justicia, Madril: Jurisprudentziaren Buletinaren inprimategia, 1856.
Bibliografia
BLEIBERG, G. (zuz.), «Luzuriaga, Claudio Antón», Diccionario de Historia de España, Madril: Alianza Editorial, 2. argit. Zuzendua eta handitua, 1968-1969, 825. orr.
MÚGICA, J., Carlistas moderados y progresistas (Claudio Antón de Luzuriaga), San Sebastián, 1950, 7., 9-10., 13-15., 35., 44-49., 52., 69., 77-82., 89-90., 97., 98., 103, 108., 13.5, 15.7, 169., 190-197. eta 283-287. orr.
MUNAR BERNAT, P. A., Claudio Antón de Luzuriaga: ministro, magistrado y precursor de la Codificación Civil, Madril, 1998, 15-39., 41., 43., 47-57., 59-60., 67-72., 83-84., 87-90., 92., 98-99. eta 112-113. orr.
SIN AUTOR, «Luzuriaga, Claudio Antón», Enciclopedia Universal Ilustrada Europeo Americana Espasa Calpe, t. 31 (Lon-Madz), Madril: Espasa-Calpe, 1932, 937. orr.
URQUIJO Y GOTIA, J. R., «Antón de Luzuriaga, Claudio», Diccionario biográfico de los parlamentarios de Vasconia (1808-1876), Gasteiz: Eusko Legebiltzarra, 1993, 142-147. orr.





