Karguak eta lanbideak
Arkitekto, historialari, berriztatzaile eta arkeologoa
Ibilbidea
Pedro Ansoleaga arkitektoaren eta Josefa Elizondoren semea. Lehen ikasketak eta batxilergoa Iruñean egin zituen, eta ondoren arkitektura ikasi zuen Madrilgo arkitektura-eskolan, Ricardo Velazquez Bosco, Blas de Iranzo (gero Iruñeko udal-arkitektoa) eta Francisco de Cubas markesa (Madrileko Almudenako katedralaren egilea, Deustuko Unibertsitatearena edo Gatikako (Bizkaia) Butrongo gazteluarena) ikaskide izan zituen. 1872an lizentziatu zen.
Hirugarren gerra karlistaren ondoren, Iruñeko udal arkitekto izendatu zuten aitaren ordez, eta berrogei urtez hala izan zen. Iruñean korronte historizista eta eklektikoen sartzailetzat hartua da. Gerora, Julian Arteaga eta Angel Goicoechea arkitektoek jarraituko dituzte korronte horiek.
Nortasun artistiko hori Iruñeko alde zaharrean eraiki zituen eraikin zibiletan erakusten du, hiriaren erdigunea eta bihotza, artean. Erdi Aroko orube estuen banaketa errespetatzen jakin baitzuen, eta itxura berria eman zion fatxada-mota bat sortuta. Horren adibide dira gazteluko plazako (40-42. zk.) etxebizitzak eta Zapateria 19koak, 1892. urtekoak, edo San Frantzisko plazako 20-22 zenbakietakoak 1912koak. Lehen zabalgunearen sorkuntzan ere lan egin zuen, Navas de Tolosa kalea egin zuen eta oso irizpide desberdineko etxeak proiektatu zituen.
Eraikin horiei obra bereziak gehitu dakizkieke, hala nola Erruki Etxe baten eraikuntza eta Nekazaritza eskola (1880) Iratxen edo Probintziako Jauregiko lorategietan Museoa eta Artxibo Probintziala eraikitzea.
Garrantzi handia du zaharberritzaile gisa ere, eta aztarna utzi digu Iruñeko San Nikolas (1883), San Saturnino (1886) eta San Agustin (1897) elizetan, fatxada berriak egin baitzituen, San Lorentzo edo Aldapako San Ferminen (1883an hasi eta Julian Arteaga bukatuko zuen). Orreagan ere bai, kolegiataren fatxadarako bere proiektua aurrera atera ez bazen ere, San Agustinen kapera berriztatu ahal izan zuen.
1877az geroztik elizbarrutiko arkitekto gisa ere lan galanta egin zuen, Iruñeko Behartsuen Senidetxoen komentua (1887), Mariaren Mirabeena eta Urtsulatarren ikastetxea (1893), biak hirian eta oinplano berrikoak, karmeldar Oinutsen komentua (1899) edo Ikustaldiaren monasterioa (1900) eraiki zituen.
1877an, San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiako akademiko urgazle hautatu zuten, eta, aldi berean, Nafarroako Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzordean sartu zen, eta lehendakariorde izatera iritsi zen (1910-1916). Urte batzuk geroago, 1888an, Frantziako Arkeologia Elkarteko kide urgazle izendatu zuten (Société Française d’Archéologie). Baionan eta Akizen kongresuan zeuden hainbat kideri, eta bertako beste jakintsu batzuei lagundu zien Nafarroara egindako bisita batean, eta Erriberri, Tafalla, Iratxe, Gares, Lizarra eta Iruñera eraman zituen.
Mota horretako beste elkarte batzuekin zuen lotura eta bere lanaren onarpena zela eta, 1891. urtean Bartzelonako Elkarte Artistiko-arkeologikoko kide izendatu zuten eta 1896. urtean Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolako zuzendari.
Arkeologo gisa, Nafarroako hiriburuko Curia eta Navarreria kaleetan indusketak egin zituen Juan Iturralde Suitekin batera eta erromatarren hondar garrantzitsuak aurkitu zituzten. Orduz geroztik, prospekzio lan garrantzitsua egin zuen lurralde osoan zehar, Nafarroan erromatarren aztarnategiak aurkitzeko.
1895ean, urak Iruñera ekartzeko lanak egiten ziren bitartean, Monumentu-batzordearen aginduz, orduko nekropoli bisigodoa ere hondeatu zuten, Argaray edo Obietagaña deritzona, harresiz kanpokoa, eta hiriaren bigarren zabalgunea egiten ari ziren tokian (egungo Arrieta eta Amaya kaleen eremuan) zegoena. 1914an lana argitaratu zuenean, frankoei esleitu zien. Lan ausarta izan zen, eta eztabaida historiografiko garrantzitsu bati eman zion bide eta duela urte gutxi arte ez da ebatzi eztabaida hori. Bere materialak jakintza berrien argitan berrikusi ondoren, besteak beste, Angeles Mezquiriz edo Agustin Azkarate autoreek ondorioztatu zuten euskaldunen eta akitanoen ehorzketa zirela.
Era berean, oso aktiboki hartu zuen parte bai Nafarroako antzinako Museo Arkeologikoaren instalazioan, bai egokitze-lanetan (doan egin zuen), baita aretoen antolaketan ere, eta bere bilduma pribatuko dohaintza oparoak egin zituen. 1910ean inauguratu zen, Kontuen Ganberan.
1913an, historiaurrelari eta antropologo Telesforo Aranzadirekin batera, Aralarko trikuharriak hondeatu zituen, eta 1916an amaitu eta Batzordearen Aldizkarian argitaratu ziren Juan Iturralderen lanei jarraitu zien. Nafarroako eta Euskadiko megalitismoari buruzko proiektu aitzindaria izan zen.
Nafarroako Euskara Elkartearen sortzailea eta Nafarroako Gurutze Gorriaren lehendakaria ere izan zen. 1873an sartu zen Gurutze Gorrian eta 1876an ordenaren plaka lortu zuen, bere zerbitzuengatik.
Iruñearen eta Nafarroaren alde egindako lanagatik, Iruñeko Udalak bere izena ematea erabaki zuen Tecenderias kaleari (1917ko otsailaren 28ko saioa), urtebete lehenago hantxe hil baitzen etxean; izan ere, aberastasun arkitektoniko eta monumentala arkeologo eta zaharberritzaile gisa defendatu, eta gainera, eskola sortzen jakin zuen.
Obrak
«El cruzado y los cruzates en la iglesia de San Saturnio de Pamplona», BCMHAN, 3 (1910), 36-39. or.
Vicente LAMPEREZ ROMEArekin batera. Polémica arqueológica a propósito de una granja de Sangüesa, Iruñea: Nemesio Aramburu inp. eta liburudenda, 1911.
«Signos lapidarios», BCMHAN, 9 (1912), 57-60. or.
«Roncesvalles. Vidriera de la capilla de San Agustín», BCMHAN, 9 (1912), 116-119.
«Claustro de la Catedral de Pamplona. Puerta del Refectorio», BCMHAN, 13 (1913), 41-44. or.
La Cruz Roja de Navarra en la acción de Eraul, mayo de 1873, Iruñea: Jesús Garcíaren inp., 1913.
«Monumentos romanos de Arróniz», BRAH, 62 (1912), 384-386. or.
El cementerio franco de Pamplona (Navarra), Iruñea: J. Garcia inp., 1914.
Exploración de cinco dólmenes del Aralar, Iruñea: Imprenta Provincial, 1915. Telesforo Aranzadirekin batera. Gaztelaniazko azken argitalpena, Bordeaux: Université Bordeaux Montaigne, 2014 (dokumentu elektronikoa).
ARANZADI, Telesfororekin batera, Exploración de catorce dólmenes del Aralar, Iruñea: N. Falces, 1918.
Bibliografia
ALTADILL, J., «Necrológica. Sr. Don Florencio de Ansoleaga y Elizondo», BCMHAN, XX (1916), 198-201. or.
ARRIETA, I.; RUIZ CABRERO, G.; BERNARD, C., eta CUTILLAS, J. M., Guía de arquitectura de Pamplona y su comarca, Iruñea: Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, 2006.
ORBE SIVATTE, A., Arquitectura y urbanismo en Pamplona a finales del siglo XIX y comienzos del XX, Iruñea: Nafarroako Gobernua, Vianako Printzea Erakundea, arte saila, 16. zk., 1986.
QUINTANILLA, E., La Comisión de Monumentos Históricos y Artísticos de Navarra, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1996.
VALLESPÍ, E., «Investigación de la prehistoria Navarra. Historiografía y bibliografía», PV, 138-139 (1975), 47-82. or.





