Karguak eta lanbideak
Legelaria, jabetzaren erregistratzailea eta notarioa.
Ibilbidea
Kasualitatez Gasteizen jaioa, Burgosko familia baten baitan, haurtzaroa Sevillan eman zuen. Notarioa eta jabetzaren erregistratzailea izan zen, eta, azken lan horrek Estatu espainiarreko hainbat hiritara eraman zuen. Lanak Cebrerosera eraman zuen lehendabizi, 1898an. Handik gutxira, Markina herribildu bizkaitarrera mugitu zen. Bere jardunak Zuzenbide pribatuan aritzera «behartu» zuen (berak aitortu bezala). Bizkaian aritu behar izan zuenez, bertako Forua erabili behar izan zuen, eta tokian tokiko artxiboetan gordetako dokumentuak aztertu behar izan zituen. Denbora tarte laburra eman zuen herribildu bizkaitarrean, 1901ean izen bereko bere semea Velverde del Caminon jaio baitzen.
Angulo Laguna Bizkaiko Zuzenbide pribatua ulertzen saiatu zen, baina ez soilik jabetzaren erregistratzaile zelako. Forua bezalako Kode zibilaren irakurketa zorrotzagoen aurrean, Bizkaiko Zuzenbide pribatua aztertu (eta defendatu) zuen, «ongi sortutako Zuzenbide horren printzipio katearen» irakurketa egokiago bat eskaintzeko asmoz. Gai horren inguruan egindako ikerketen emaitza izan zen 1903an argitaratu zuen Derecho privado de Vizcaya. Hura idatzi zueneko testuingurua kontuan hartu beharrekoa da, Kode zibila onartu berri baitzen eta foru-eranskinak sortzeko lanean ari zirelako. Angulo Lagunak eztabaida juridiko horretan parte hartu nahi izan zuen Bizkaiko Zuzenbide pribatuari buruzko lan monografiko bat idatzi eta argitaratuta. Bertan, Zuzenbidearen adar horretako erakunde nagusiak aztertu zituen Bizkaiko Foruan. Idatzitako arauaz gain, mendeetan zehar nola ezarri eta interpretatu zen ikertu zuen. Aipatu dugun bezala, Bizkaiko lurretan emandako denborak tokian tokiko artxiboak arakatzeko aukera eman zion. Hala, bere lanean Markinako Mugartegi Etxeko artxiboa eta Bizkaiko Aldundikoa aipatzen ditu.
Derecho privado de Vizcaya lanaren edukiari eta ikuspuntuari buruz, Angulo Laguna aniztasun juridikoaren alde agertu zen, behintzat alderdi zibilari zegokionez, estatu subiranotasunean jasotako aniztasunetik sortua zenez, ez zuelako mugatzen. Guztiarekin ere, zuhurtzia eskatzen zuen batasuna bermatzeko, haren ustez «Estatu baten barneko aniztasun legislatiboa ezin delako historiak onartu gabeko nazio independenteak eskatzeko aitzakia izan». Estatuaren barnean Zuzenbide pribatuak zuen aniztasunaren aldarrikapen horren baitan, bereziki kritikatu zituen Felipe Sanchez Roman zibilistaren postulatuak (1850-1916). Unibertsitate Zentraleko irakasle horrek idatzitako Zuzenbidearen berezko ezaugarriak uniformetasuna eta batasuna izan behar zirela defendatu zuen hainbat lanetan, La codificación civil en Españan adibidez (1890). Bere obra osatzeko Angulo Lagunak, Forua ez ezik, Bizkaiko Kodifikazio Batzorde Bereziak idatzitako eranskina ere irakurri zuen. Azkeneko hori kritikatu zuen, besteak beste, Zuzenbide pribatu orokorra eta forala lurraldeka ezarri eta egokitzen zuen zehaztapenari zegokionez. Bere ustez, Bizkaiko Zuzenbide pribatuaren bizkarrezurra nekazal jabetzak ziren, «etxaldeak», eta bere ustez «legedia bizkaitarrak ezinbestean arautu beharreko» arloa zen. Bere lanean ondorengotza (III. eta VII. atalak), ezkontza, ondasunekin lotuta, (VIII. atala) eta salerosketa (IX.a) aztertu zituen, lur lauaren Zuzenbide pribatuaren arabera.
Bizkaia utziz geroztik, bere ikerketa arloa aldatu zuen. Bere haurtzaroko hirira itzulita, Sevilla, eta 1910. urtean notario bihurtuta, Sevillako bizitza politiko eta kulturalean murgildu zen hurrengo hamarkadetan. Bere obraz den bezainbatean, Zuzenbidearen arlo orokorragoak landu zituen, gai historikoekin batera. Adinagatik erretiroa hartu zuen 1944. urtean, hirurogeita hamabost urte bete zituenean, eta hurrengo urtean hil zen.
Obrak
(Hautaketa).
Estudios sobre la condición de los hijos ilegítimos según los principios del Código Civil vigente, [Madrid?]: Revista de Legislación y Jurisprudencia, [1895?] (2. arg. zuz. eta zab., Madrid: Hijos de Reus, 1906).
Derecho privado de Vizcaya, Madrid: Hijos de Reus, 1903 (faks. berrarg., Bilbo: Zuzenbidearen Euskal Akademia, 2006).
Bibliografia
CARANDE, R., «Diego Angulo Laguna», in CARANDE, R., Galería de raros atribuidos a Regino Escaro de Nogal, Madrid: Alianza, 1983, 39-51. or.
MATEO GÓMEZ, I. (koord.), Diego Angulo Íñiguez, historiador del arte, Madrid: CSIC, 2001.





