Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAKO EGILEAK ETA OBRAK

ANDOSILLA ARLES, Martin (Martín de Andosilla, Martín de Arlés y Andosilla)

Karguak eta lanbideak

(Azkoien, Nafarroa, 1452 – Iruñea, 1521). Doktorea Teologian, agustindarra, Oibarko artxidiakonoa, Iruñeko katedraleko kanonigo artxidiakonoa

Ibilbidea

Gurasoak Diego de Arles eta Nicolasa San Juan izan zituen, eta bere garaiko dokumentazio ofizialean beti Martin Andosilla izenez ageri da. Behin edo beste bakarrik erabili zuen Martín de Andosilla y Arlés deitura, tartean sartuta aitaren abizena, hura jaio zeneko Arlás herria aipatzen zuena; 1328 izurritearen ondoren hustu zen herri hura, eta handik aitzina Nafarroako Azkoien hiribilduaren jurisdikzioaren pean egon zen. Nazioartean, ordea, egile hau Martín Arlés Andosilla izenez ezaguna da, deitura horrekin agertu baitzen haren De superstitionibus obraren lehenengo edizioa, beharbada Lyongo (Frantzia) haren argitaratzaileek hala erabakita.

Berak bere burua «jatorriz Azkoiengoa» aldarrikatzen badu ere, eta lehenengo deitura Andosilla erabiltzen badu ere, «halako tokitan jaioa» formula ez erabili izanak zalantza eragiten du haren sorterria Azkoien inguruko Andosilla ote zen, hangoa izan zitekeelako haren ama, eta abizenak, beharbada, familia konbertitu batekoa izatea iradokitzen ahal du.

Martin Andosillak bere elizgizon-ibilbidearen hasieratik izan bide zuen Iruñeko apezpiku Alonso Carrilloren babesa. Dirudienez, apezpikuak kargua Peraltako mosén Pierresen ondorengoen laguntzari esker lortu zuen, alegia, Azkoienen errotuta zeuden Martinen familiarrei esker. Iruñeko katedraleko kanonigoa izendatu zuten 1478an, eta 1480an Oibarko artxidiakonoa izendatu zutenetik, eremu hartako parrokien errentak jaso zituen, alegia, Oibar, Itzagaondoa, Untziti, Ibargoiti, Longida, Lizoainibar, Arriasgoiti eta Artzibarko ibar eta herrietakoak. Osotara 136 hiribildu ziren, garrantzitsuenak Agoitz, Zangoza eta Oibar. 1487 inguruan hasi zen Teologia ikasketak egiten Parisen, Carrillo apezpikuak Erromatik bidalitako gutun pertsonal batean ageri denez. Apezpikuak bere babespean hartu zuen, korura joateko betebeharretik salbuetsiz eta haren errenta oparoen fruituak hartzeko aukera emanez, era horretan buru-belarri sar zedin Sorbonako letra sakratuen ikasketetan. Iruñera itzuli zen, Teologian doktore titulua eskuratuta, eta xv. mendearen amaieran hasi zen idazten nazioartean ospea eman zion lana: De superstitionibus tratatua.

Garai hartako zenbait gertaera politikotan arrastoa utzi zuen, esaterako, Remiro Goñi Iruñeko apezpiku hautatu zutenekoan (1520), eta haien argira esan liteke agaramontarren bandotik hurbilekoa zela, hau da, Nafarroako erresumaren independentziaren aldekoa. Martin Andosilla 1521eko apirilaren 25ean hil zen eta Iruñeko katedralaren klaustroan lurperatu zuten.

Haren lana lehenengo aldiz Lyonen argitaratu zen 1510ean, izenburu osoa  Tractatus exquisitissimus de superstitionibus zuela. Tratatu horrek ospe handia izan zuen nazioartean, xvi. mende osoan iraun zuena, lau aldiz argitaratu izanak erakusten duenez: Paris (1517), Erroma (1559-1560), Frankfurt (1580) eta Venezia (1584). 1580ko argitalpena obra zabal baten baitan integratu zen, sorginkeriaren gaian adituak ziren zenbait egileren ikerlanekin batera, besteak beste, Nicholas Jacquier, Daneau Lambert eta Joachim Camerariusen lanekin batera. Lan horrek eragin handia izan zuen ondorengo garaian sineskeriak eta aztikeria landu zituzten egileengan, eta, xvi. mendeko teologo jakintsuen lanean aipatzen da, adibidez Martin Azpilkuetaren —Doktore nafarra goitizenez— lanean, edo Martin del Riorenean. Andosillaren Tratatua ez zen argitaratu edizio kritiko batean 1971 arte, orduan argitaratu baitzuen Jose Goñi Gaztanbide irakasleak, Lyongo lehenbiziko argitalpena oinarri hartuta.

Arlésen lana garai hartan aztikeriaren eta sineskeriaren inguruan sortu zen literaturaren sailean kokatu behar da. Haien iturriak Erdi Aroaren bukaeran eta Aro Modernoaren hasieran Europan izandako sorginen jazarpenak izan ziren. Izan ere, fenomeno hori oso zabala izan baitzen, herritarren fantasiaren eraginez ez ezik, neurri handi batean, orduko intelektual teologikoen eraginez ere. Andosilla Arlés, bere lanarekin, xvi. mendean sineskeriari aurre egin zion literatura espainiarraren aurrendaria izan zen.

Andosillak bere tesiekin erabat hausten zuen ordura arte hedatuta zegoen doktrina deabru-zalea. Alemaniako Heinrich Kramer eta Jakob Seprenger inkisidoreen Malleus Maleficarum («Sorginen Mailua») (ca. 1486) lanak oihartzun handia izan zuen Europa osoan, eta sorginen ehiza lazgarria piztu zen kontinente osoan. Teologo eta inkisidore anitzek goitik behera onartu zuten,  Malleus lanak hala baieztatzen zuelako, sorginak bazirela, gizon nahiz emakumeak, esaterako Pierre de Lancrek edo Bartolomé Spinak, eta haien argudioetako batzuek indarra izan zuten xviii. mendean aurrera sartuta ere.Martin Andosillak, berriz, —lan hura behin ere aipatu gabe, ziurtasun osoz ezagutzen bazuen ere— kontrako jarrera aldarrikatu zuen, ikuspegi eszeptiko eta arrazionalistagoa erakutsiz, eta bere ustez sineskeria faltsuak zirenak ukatuz. Andosillak ez zuen sinisten ez sorginkeria, ez aztikeria, ez deabruzko asmakizunik zegoenik, ez eta sorginen inbasiorik ere. Guztia sineskeriak maite zituen gizarte baten irudimenaren fruitua zen, haren esanetan.

Andosilla doktoreak bere argudioak San Tomas Akinokoarengan edo San Agustinengan oinarritzen zituen, edo Erdi Aroko Jean Gerson eta Johannes Níder ikerlariengan, baina batez ere, apaiz-eginkizunetan Nafarroan barna berak izan zuen esperientzian. Oso interesgarriak dira bere lana azaltzeko erabili zituen bertako adibideak. Esate baterako, Irunberriko herritarren jokabidea: Usungo San Pedroren irudia, prozesioan hartu eta erreka bazterreraino eramaten zuten; han, uretan murgilduko zutela mehatxua egiten zioten, idorte garaian, euririk ekartzen ez bazien. Gertaera horrek eman zion, egileak berak aitortu zuenez, tratatua idazteko ideia. Andosillaren arabera, sinesmenetik abiatutako jokabide horiek beren protagonisten ezjakintasunaren fruitua ziren, eta gogor salatu zuen bere herrikideen jokaera hori, argudio teologiko sendoez lagunduta, baina ez zuen inolaz ere onartzen egintza horien atzean deabrua ikusten dutenen jarrera.

Lehenengo pertsonan egiten zuen behaketak, «nik ikusi nuen neure begiez», «atso batek aholku eman zidan», «bertako herritar jator batzuek kontatu zidaten», etab., eta antzeko esapideak maiz agertzen direlarik, balio antropologiko handia ematen dio tratatuari. Obra horri esker dokumentatu ahal izan dira Nafarroan xvi. mendearen hasieran bizirik zeuden ohiturak, sinismenak eta erritual anitz, besteak beste, harrika ekitea hodeien aurka, ekaitzak konjuratzeko, Iruñeko San Kristobal basilikako zuhaitz jakin batean jostorratzak iltzatzea, buruko minik ez izateko, ileak iltzatzea Iruñeko katedraleko klaustroko San Urbanoren irudiaren aurrean, neskei ilea ez erortzeko edo ederragoa hazteko, edo kanpaiak jotzea Santa Ageda gauean, espiritu gaiztoak uxatzeko. Agerpen horiek guztiek argi erakusten zuten sineskeria oso barneratuta zegoela herritarrengan, katekesi-prozesu txar baten ondorioz, ez herritarren aldetik bakarrik, apaizek ere beren aldetik zerbait jarriko baitzuten, eta errieta gogorra eman zien apaizei. Jardunbide horiek ezin ziren zuzendu, —Teologia doktore honen arabera— Jainkoaren laguntzarekin ez bazen, otoitz eginez eta santurik nahiz gizonik jakintsuenen laguntza eskatuz.

Obrak

Tractatus de superstitionibus, Lyon, 1510. berrargk. Paris, 1517; Erroma, 1559-1560; Frankfurt, 1580; Venezia, 1584. Goñi Gaztambide, J. (arg.), «El tratado De superstitionibus de Martín de Andosilla», in Cuadernos de Etnología y Etnografía,3 (1971), 249.-322. or. Itz. gazt.: Jiménez Monteserín, M., «Bernardo Basin y Martín de Arlés / Martín de Andosilla. De brujos y teólogos. Cultura popular y mundo mágico», in Áreas. Revista Internacional de Ciencias Sociales, 9 (1988), 157.-212. or. López Gurpegui, F. T. (itz., azterlana), Martín de Andosilla y Arlés. De superstitionibus, Sevilla: Cultiva Libros, 2011.

De obitu sive morte canonicorum, que sunt fienda ante eius mortem et post,21 folio eskuz  izkribatuak. Iruñeko Katedraleko Artxiboa, sign.G-77-1. Argitaragabea.

Bibliografia

Goñi Gaztambide, J., «El tratado De superstitionibus de Martín de Andosilla», in Cuadernos de Etnología y Etnografía,3 (1971), 249.-322. or.

Goñi Gaztambide, J.; Andosilla Arlés, M.; Aldea Vaquero, Q.; Marín Martínez, T., eta Vives Gatell, J. (zuzk.), Diccionario de Historia Eclesiástica de España,Madril: Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusia, Enrique Flórez Institutua 1972, I. libk., 63. or.

Jiménez Monteserín, M., «Bernardo Basin y Martín de Arlés / Martín de Andosilla. De brujos y teólogos. Cultura popular y mundo mágico», in Áreas. Revista Internacional de Ciencias Sociales, 9 (1988), 157.-212. or.

López Gurpegui, F. T., Martín de Andosilla y Arlés. De superstitionibus, Sevilla: Cultiva Libros, 2011.

Rodríguez de la Torre, F., «Martín de Andosilla y Arlés», in Diccionario Biográfico Español, Madrid: Real Academia de la Historia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/19508/martin-de-andosilla-y-arles (2018ko azaroaren 6an egindako kontsulta).

Aipamen bibliografikoa

Mariezkurrena Iturmendi, D., “Andosilla y Arlés, Martín”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 487-490.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP