Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GIPUZKOAKO EGILEAK ETA OBRAK

AMILIBIA EGAÑA, Eustasio de (Tolosa, Gipuzkoa, 1801eko martxoaren 29a – Donostia, 1864ko abuztuaren 12a).

Karguak eta lanbideak

 Abokatua, politikari liberal aurrerazalea, Donostiako alkatea, Probintziako aita

Ibilbidea

Eustasio de Amilibiaren aita Juan Bautista de Amilibia izan zen, Zestoakoa sortzez (1773ko maiatzaren 28an jaioa), Gipuzkoako Batzar Nagusietako eta Diputazioetako idazkaria. Ama, berriz, Ignacia Abdona de Egaña Urri- tzola, Azkoitian 1780ko uztailaren 30ean jaioa eta, 1773an, Instituciones y colecciones histórico-legales de Guipúzcoa idatzi zuen Bernabe Antonio de Egaña lizentziatuaren alaba. Bestalde, Pedro de Egaña Diaz del Carpio izan zuen lehengusu, hau da, Isabel II.aren Grazia eta Justiziako eta Gobernazioko mi- nistroa. Eustasio de Amilibia Maria Angela Aristegieta Burguessekin ezkondu zen 1835ean eta bost seme-alaba izan zituzten; haien artean, Jose Victor eta Manuel Jose Hermenegildo Amilibia Aristegieta.

Osaba Juan Jose de Amilibia Debako artzapezarekin ikasi zituen Humanitateak. Filosofia eta Zuzenbidea, berriz, Oñatiko Unibertsitatean, 1817 eta 1824 artean. Gero, 1827an, Legeetan lizentziatu zen, Valladolideko Uniber- tsitatean. Hantxe Joaquin Calbeton izan zuen ikaskide, etorkizunean guraskide izango zuena. Amilibia Errege Kontseiluetako abokatua eta Gipuzkoako Kapitaintza Orokorreko aholkulari juridikoa izan zen. Halaber, Ogasun Ordezkaritzako aholkularia eta Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko dekanoa hiru aldiz.

Foruak aldatzearen aldeko liberal aurrerazalea izan zen, Esparterok beti lagundua. 1833an, Lehen Karlistaldia piztean, Donostiako Milizia Nazionalean sartu zen. Hiria Gipuzkoako bastioi liberala izan zen. Gerra garaian, mailaz igo eta granadarien laugarren batailoiko lehen komandante egin zuten, bai eta gerra auditore ere. Espartero jeneralaren aginduetara egin zuen borroka Oriamendiko gotorlekua nahiz Hernani eta Urnieta hartzeko erasoetan. 1837an, Karlistek hiria setiaturik zutela, lehen aldiz izendatu zuten Donostiako alkate, bai eta Gipuzkoako probintziako buruzagi politiko ere.

Gerra 1839an bukatu zenean, Amilibia bando liberalaren erreferentziazko figuretako bat izan zen Gipuzkoako probintzian eta, zehatzago, Alderdi Aurrerazalean. 1841ean, Baldomero Esparteroren alde egin zuen eta Octubrada esaten zaion altxamendu moderatuaren aurka. Altxamendua erbestean zegoen erreginorde Maria Kristina Borboikoak bultzatu zuen. Urte hartan bertan, Amilibia berriz ere izendatu zuten Donostiako alkate eta Gi- puzkoako buruzagi politiko, bai eta euskal Foruak aldatzeko ardura zuen batzordeko kide ere. 1842an, probintziako buruzagi politiko karguan errepikatu zuen. Baina 1843an Espartero zoritxarrean erori izanaren ondorioz (erbestera joatera behartu baitzuten), kargu publikoetatik urrun ibili zen hurrengo urteetan.

1848an, hirugarren aldiz izan zen Donostiako alkate, karguan 1850era arte mantenduta. 1853an, berriz ere Gipuzkoako buruzagi politiko izendaturik, probintziako hiriburutza Tolosatik Donostiara behin betiko eramatea lortu zuen, O’Donnellek bitartekaritza-lana eginik. 1854an, Gorteetako diputatu aukeratu zuten Bergarako barrutian. Gero, 1855ean, probintziako gobernadore zibil izendatu zuten (kargu hori buruzagi politikoaren ordezkoa izan zen). 1852tik 1861era, Gipuzkoako ahaldun nagusia izan zen.

1861ean, bizitzan azken aldiz izendatu zuten Donostiako alkate, eta karguan 1864an hil arte iraun zuen. Azken agintaldi hartan, gobernuak Donostiako harresien eraispena onartzea lortu zuen 1863ko maiatzean, hiriaren garapena eragozten baitzuten. Hogeita bost urtetik gora aritu zen asmo hartan lanean. Eraispenaren ondorioz, hiria bastioi militarraren izaera galdu eta hedatu egin zen. Horri esker, hiria hazi zen, turismo-hiri bilakatuta.

Esparteroren jarraitzaile amorratua zenez, Foruen aldaketa proposatu zuen, Exposición de la Comisión Económica de la provincia de Guipúzcoa al Ministro de Gobernación de la Península txostenetik ondorioztatzen den bezala. Txostena honako izenburu honekin argitaratu zen: Proyecto de arreglo de la administración provincial de Guipúzcoa ó sea modificación de sus fueros, firmado en San Sebastián el 13 de Diciembre de 1841. Amilibia bera eta Joaquin Irazabal, Jose Maria Urdinola, Joaquin Calbeton eta Ramon Maria Goizueta izan ziren egileak, guztiak ere Gipuzkoako Ekonomia Batzordeko kideak.

«Moldaketa proiektu» bat aurkeztu zen Gipuzkoako «gobernu probin- tziala berrantolatzen laguntzeko, hau da, bere foruak aldatzeko, 1839ko urriaren 25eko Legeari jarraikiz». «Reflexiones y datos preliminares» izenburuko hitzaurre luzeak Gipuzkoako historia forala bildu eta Esparteroren politika justifikatu zuen. Ondoren, proiektuak 45 artikulu eta 2 artikulu gehigarri proposatu zituen. Testuaren tankeraren erakusgarri, honatx 6. artikulua: «Diputazio Foralak eta Probintziako Batzar Nagusiek orain arte izan dituzten egin- kizunak egingo ditu Diputazio Probintzialak eta, horrez gain, Monarkiaren gainerako Diputazioek dituzten edo izan zituzten ahalmenak izango dituzte eta haien betebeharrak ere beteko dituzte».

Amilibia, gainera, literatur lanen zentsorea izan zen Gipuzkoan, Donostiako Ongintza Batzordeko burua, Espainiako eta haren kolonietako Arkeologia Elkarteko merezimenduko bazkidea, La Guipuzcoana paper lantegiaren bazkide sortzailea eta Bizkaiko Probintziako aita. Karlos III.aren eta Isabel katolikoaren ordenetako enkomiendak eman zizkioten.

Amilibiaren erretratu bat kontserbatu da, izen ezezaguneko pintore fran- tses batek 1836ko urrian egina. Donostiako Udalak kale batekin ohoratu zuen 1917an, hirian sartzeko etorbide egin berriari haren izena emanez, Antiguo eta Ondarreta auzoen artean. Gerra Zibilean, 1937an, etorbideari Zumalakarregi izena eman zitzaion, baina 1962an beste kale bat eman zioten Amilibiari Amara auzoan, harresien eraispenaren mendeurrena ospatzeko ekitaldiak prestatzen ari zirenean.

Obrak

AMILIBIA Y EGAÑA, E. de, et alii, Proyecto de arreglo de la administración provincial de Guipúzcoa ó sea modificación de sus fueros, Donostia: Ignacio Ramón Barojaren inprimategia, 1841.

Bibliografia

AGIRREAZKUENAGA, J. (zuz.), Diccionario biográfico de los parlamentarios de Vasconia (1808-1876), Gasteiz: Eusko Legebiltzarra, 1993.

AMILIBIA Y CALBETÓN, E. de, Biografía de dos liberales guipuzcoanos, Donostia: La Voz de Guipúzcoa, 1925.

AVIRANETA, E. de, Memoria dirigida al Gobierno Español, sobre los planes y operaciones, puestos en ejecución, para aniquilar la rebelión en las Provincias del Norte de España, Tolosa, 1841.

EGAÑA, B. A. de (aut.), AYERBE IRÍBAR, M.ª R. eta DÍEZ DE SALAZAR Fernández, L. M. (argk.), Instituciones y colecciones histórico-legales pertenecientes al gobierno mu- nicipal, fueros, privilegios y exempciones de la M.N. y M.L. provincia de Guipúzcoa, Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, Kultura eta Turismo Saila, 1992 (1. argit. 1783).

GUERRA, J. C. de, Ensayo de un Padrón Histórico de Guipúzcoa, según el orden de sus fa- milias pobladoras, Donostia: Joaquín Muñoz-Baroja, 1928, 79. orr.

MÚGICA, J., Carlistas, moderados y progresistas (Claudio Antón de Luzuriaga), Donostia: Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Liburutegia, 1950, 30-33. orr.

AUÑAMENDI, «Amilibia, Eustasio de», Auñamendi Euskal Entziklopedia. Online edizioa: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/es/amilibia-egana-eustasio/ar-9857/ (2019ko azaroaren 3an egindako kontsulta).

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP