Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal Herri Kontinentalako egileak eta obrak

AMESTOY, Charles [AMEZTOI, Xarles] (Urketa, Lapurdi, 1861 – ?, d.g.).

Karguak eta lanbideak

Abokatua eta historialaria

Ibilbidea

Charles Amestoy abokatua baionarra zen, Euskal Herriko familia baten semea, eta bi eremutan arrakasta handiz lan egin zuen. Jurista-eginkizunean lan tekniko bat eskaini zion ameteriari, baina historiarekin lotutako gaiak ere landu zituen, haren arbasoek gertaera haietan izandako parte hartzea kontatuz.

Haren Le bail à métairie. Usages du Pays Basque (1891) izeneko lana ongi idatzia dago eta garrantzitsua da, deskribatzen duelako garai hartan ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetako nekazaritzan oso hedatua zen aprobetxamendu-molde bat. Badakigu nekazaritza- modu hori antzina-antzinakoa zela, arkaikotzat jotzen baita, eta desberdintasun-baldintzak ezartzen zituena; baina defendatzaile sutsuak ere bazituen. Errentaria zerbitzariaren figuratik hurbil kokatzen zuen. Apartzeriak 1939ko gerra bukatu ondorengo garaira arte iraun zuen, baina Euskal Herrian ez zuen gatazka bortitzik eragin, Landetako auzo-lurraldean Lehen Mundu Gerraren ondoren gertatu zen bezala.

Zuberoan, Atharratzeko kantonamenduan, 59 maizter edo partzuer besterik ez zegoen, guztira 1.540 ustiategi zeuden eremu batean, baina beste kantonamendu batzuetan, esaterako Iholdiren kantonamenduan, apartzeria oso garrantzitsua zen: 1892an 381 ustiategi zeuden apartzeria erregimenean, guztira 822 ustiategi biltzen zituen eremu batean. Donapaleuko kantonamenduan, 753 ziren partzuerrak, guztira 2.000 ustiategiko eremuan. Partzuerra gaizki ikusia zen eskuin tradizionaleko batzuen begietatik. Zenbait urte lehenago, Duvoisinek idatzia zuen: «Etxetiarrek bereziki egiten dute eder ez den bezala. Alferra nausitzen zaiote: bihotz gaixtoa ere bai».

Egileak, lehenik eta behin, apartzeria edo nekazaritzako apartzeria-kontratua zer den definitzen du. Haren arabera, lurjabe batek partzuer edo etxetiar baten esku jartzen du bere lurra, hark landu dezan, ondoren etekina banatzeko errentariaren eta errentatzailearen artean. Ameztoiren irudiko, apartzeria horren definizioak maiz eskasak dira, eta espezialisten iritzia aztertzen du. Haiek bereizten dute «sozietatea» eta «errentamendua», alde batetik, eta bestetik, izenik ere ez duen kontratu moduko bat, sozietatearen eta errentamenduaren artean dagoena. Ameztoik, apartzerian oinarritutako nekazaritzari ematen dion definizioan, esaten du kontratu hori izenik gabea dela, adostua, sinalagmatikoa eta fede onean oinarritua, aldi berean delarik errentamendua eta sozietatea. Era berean, zehazten ditu bi aldeen betebeharrak, bereziki partzuer edo etxetiarrari dagozkionak, uztaren edo bestelako produktuen parte bat eman behar dituela, normalean erdia. Partzuerra frantsesez «métayer» esaten da, latinezko mediatarus hitzetik datorrena eta, hain zuzen ere, erdizkako nozio hori adierazten duena. Abeltzaintzaren kasuan, ardi-moztearen etekina bi erdiz zatitzen da, eta orobat, gariaren, artoaren eta lihoaren kasuan (euskaraz etxetiar erabiltzen da apartzeriako errentaria adierazteko, eta erdizka, apartzeriari dagokion adberbio gisa).

Ondoren, kantonamenduen araberako ohiturak zehazten ditu Ameztoik, kontratua amaitzeko datari erreparatuta; normalean San Joan egunean, Andre Maria egunean, edo San Martin egunean jartzen zen (ekainaren 24an, abuztuaren 15ean, edo azaroaren 11n, hurrenez hurren). Azaroaren 11 izaten zen ohikoena kantonamendu gehienetan, Mauleko eta Atharratzeko kantonamenduetan izan ezik, haietan azaroaren 1ean ezarria baitzegoen data, Ameztoiren iritziz data egokia, laborantzako lanen egutegia kontuan hartuta, bereziki gariaren ereintza goiztiarra. Bazka ez zen beti berdintasunez banatzen, eta errentariaren alde egiten zen. Modalitate batzuetan zehazten zen errentariak, kontratuaren bukaeran, beste ustiategi batera joaten zenean, zer hartzen ahal zuen beretzat, eta askotan uzten zela lur puska bat hurrengo errentariak erabil zezan, abuztuan arbia erein ahal izateko. Arto-hosto lehorrak eramaten ahal zituen, baina artaburua edo kapeta ez. Ia leku gehienetan, kare-hobietan fabrikatutako karea erdiz eta erdiz banatzen zen, eta ongarria ere bai. Zuberoan, Ameztoik aipatzen du bazirela elge izeneko lur-eremuak. Haietan, partzelak ez ziren izaten hesituak, eta uztaren ondoren aziendak bazkatzeko uzten ziren. Fruitu-arbolen produktuak erdiz eta erdiz banatzen ziren, eta patatak ere bai. Batzuetan, jabeak fruituen bi heren hartzeko eskubidea izaten zuen, lan gutxi zutela argudiatuta. Nekazari errentariak edo etxetiarrak mantentze-lanak egin behar zituen basoetan, baso-beheretan, hesietan eta bide bazterreko areketan. Haietatik hala-moduzko egur-zamak ateratzen ahal zituen beretzat. Apartzeriari buruz egin zuen lanean aztertzen ari zen gaian bete-betean sartzen ez bazen ere, aholku zehatzak jaso zituen Ameztoik jabegoen arteko muga-lerroetan sortzen ziren arazo korapilatsuei buruz, maiz auzitara eramaten baitziren. Pied sur bord adierazpidea azaltzen du, alegia, oin bat edo 33 zm-ko zuhurtasunezko tartea errespetatu behar zela auzo-jabegoarekiko, zanga bat ireki behar zenean. Errentariaren zorrak ere jaso zituen, eta zergak Euskal Herrian jabeak ordaindu ohi zituela. Azkenik, abere-bordaren errentamenduaren kasu berezia jaso zuen Ameztoik. Azterlana zehatza eta oparoa da, laborantzako aprobetxamendu-mota horri buruzko informazioari dagokionez.

Ameztoiren lanaren beste alderdi bat gertakarien historiari eskainia da. 1927ko artikulu batean, izenburua testuarekin bat ez badator ere, plazer handiz kontatzen du egileak, Bidaxune, Akamarre eta Bardoze inguruetan, 1665ean, izandako erasoen karietara, Frantziako erregeak emandako barkamen-agiri bat oinarri hartuta eraikitako istorio bat. Agiri historikoen erabileran duen eskarmentua erakusten du Ameztoik, Aturri ibaiaren inguruko udalerriei (Urketa) buruzko dokumentuen inguruan. 1702ko Lapurdiko kleroari buruz Daranatzek idatzitako artikulu bat komentatu zuen. Haren lanean aurkitzen ditugu aipatuta Souhyko jauna eta gaztelua, eta haren familia (Ameztoiren familia ere bazena), eta orobat, gatazka bat, Urketako udalerriaren eta Lehuntzeko abade premonstratenseen komentuaren artekoa.

Beste alde batetik, oso ezaguna ez den Dettingeneko bataila (1743) gaitzat hartuta idatzitako artikulu batean, borrokaldi hartan parte hartu eta hango gorabeherak eskutitz batean kontatu zituen arbaso batekiko lotura egiten du. Bataila hura kontatu zuen soldadua baionarra zen, Pierre Fenouil Gouzian de Saint-Martin de Souhy izenekoa, Souhyko jaunaren aitona; Souhyko jauna Mauleko kontseilari nagusia eta Charles Ameztoiren aitona zen. Horrek berresten digu familiaren artxibo oparoak erabiltzeko aukera izan zuela. Ameztoiren luma zoli eta trebe agertzen da «Frantziaren arima» goresten duenean, 1914ko gerraren ondorengo testuinguruan.

Revue des deux Mondes aldizkariko kronistak 1928ko artiluluan azaldu zuenez «aipagarria da orobat Mémoires horietan [Baionako Letren Arteen Sozietatearen Memoriak], Bataille de Dettingen (1743) delakoaren gaineko narrazio bitxia, han soldadu zegoen Souhyko jaunak egina, eta Charles Ameztoik kontatua».

Obrak

Le bail à métairie. Usages du Pays Basque, Baiona: Lasserre, 1891.

«Un joyeux repas de contrat de mariage chez le notaire Morel (15 juillet 1663). Rencontre au pistolet; morts et blessés; enquête du lieutenant criminel d’Acqus; lettres de rémission (1665)», BSSLAB, 3-4 (1927), 258-268. or.

«Le clergé de Labourd», BSSLAB, (1927), 251-257. or.

«La bataille de Dettingen», BSSLAB, 1 (1928), 164-171. or.

«A propos d’une publication récente: Le Clergé de Labourd en 1702», BSSLAB, 3 (1929), 113-126. or.

Bibliografia

BACQUÉ, M., Baserritarrak, vivre et travailler dans les campagnes basques au XIXe siècle, Paris: Les Indes Savantes, 2012, 428 or.

CONORD, F., La terre des autres. Le métayage en France depuis 1889. Montrouge: Editions du Bourg, 2018, 336 or.

HIGOUNET, Ch. (zuz.), Les revenus de la terre: complant, champart, métayage, en Europe Occidentale (IXe-XVIIIe siècles), lan kolektiboa, Tolosa: Presses Universitaires du Midi, 1987, 208 or.

LEFEBVRE, Th., Les modes de vie dans les Pyrénées atlantiques occidentales, Paris: Armand Colin, 1933, 777 or. + mapak.

LUC, P., Vie rurale et pratique juridique en Béarn aux XIVe et XVe siècles, zuzenbide tesia, Montpellier, 1943.

ITURRIAK

DUVOISIN, J., Laborantzako liburia edo bi aita semeren solasak laborantzaren gainean, Baiona: Lamaignère, 1858.

SAVARIT, C-M., «Les académies de province au travail», Revue des Deux Mondes, 46. libk., 4 (1928), 944-947. or.


Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP