Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAKO EGILEAK ETA OBRAK

ALVEAR, Sancho (Valladolid? – Lizarra?, Nafarroa, 1530).

Karguak eta lanbideak

Militarra eta kronista

Ibilbidea

Ziurrenik Valladoliden jaio zen. 1505 eta 1506an arma-zerbitzua eman zuen Granadako infante Fernandorentzat. 1512an zaldun korazatu gisa aritu zen Nafarroa konkistatzeari ekin zion armadan. 1514ko uztailean Erronkariko kapitain izendatu zuten, eta mugako postu horren zaintza agindu zioten. Komunitate gaztelarren matxinadan Tordesillas menperatu zuen errege armadan jardun zuen. 1521eko abuztuan, Ibañetako bortuko El Peñón gazteluko alkaidea zela, Karlos V.ak Erronkariko komisario eta bortuen zaintzaile izendatu zuen. Handik hilabetera, Zangozako harresien eraispenaz arduratu zen. Urte hartako irailean, armada franko-nafarrak Hondarribia hartu zuenean, Donostia defendatzera bidali zuten, eta han geratu zen 1522ko urtarrila arte. Urte bereko uztailean, gerrako kapitaina zela, Amaiurko gaztelua azpiratu zuen milizia erronkariarra zuzendu zuen, eta liskarrean zauritua izan zen. Lizarrara lekutu zen, eta han bizi izan zen Joana Rueda emaztearekin. Oinordetza bere seme bakar Tristani utzi zion. 1530eko ekainaren 30ean hil zen.

Harena da Genealogía y descendencia de los Reyes de Navarra liburua, non bere burua aurkezteko «Sancho Alvear, Bere Maiestatearen kapitaina» hitzak erabili zituen. Argitaratu gabeko kronika bat da, 1524 eta 1530 bitartean idatzi izanen zena. Kontakizuna erresumaren sorreran hasi eta 1507an amaitzen da, bat batean amaitu ere. Lan konbentzionala da oso, eta apenas piztu duen historialarien interesa. Erresuma Gartzea Semenezek sortu zuela esan zuen lehenengo egilea da. Hala ere, Eneko Aritza jo zuen titulua hartu eta foruen zina egin zuen lehen errege nafartzat, eta Ximenez Radakoak eta Vianako printzeak eman zizkioten jatorri desberdinak bateratzen saiatu zen. Nafarroako erresumak Aragoiko erresumaren gainetik zuen lehentasunaren inguruan Aragoiko kronistekin duen eztabaida historiografikoa handik mende gutxira piztuko zenaren aurrekaria izan zen. Laudorioz balioetsi zituen tronutik kendutako Joan III.a eta Katalina I.aren agintaldiak. Hori egin izanak, eta bere lana konkistari aurre egin zion armada nafarraren buru Nafarroako Pedro III.a mariskalari eskaini izanak pentsarazten dute agaramontarren bandokoa zela. Hala izanez gero, haren ibilbide militarrarekin kontraesankorra izanen litzateke, Alvear nabarmendu zelako, hain zuzen ere, armada konkistatzaileko militar gisa. Erronkariko ibarrean luze egon izanak, agaramontar joerako lurraldea baitzen gehienbat, azalduko luke, beharbada, jarrera hori erakutsi izana.

Bigarren lan bat ere, Suma abreviada de las Corónicas de Navarra izenekoa, harena dela uste da. Izenburuan berean, egileak ezkutuan geratzeko asmoa agertu zuen. Genealogía idatzi ondoren egin zuen, kontakizun historikoa 1516ra arte iristen baita. Bertan defendatu zuen Nafarroa lehena zela penintsulako gainerako erresumen gainetik, eta hori justifikatzeko aipatzen zituen antzinatasun handiko jatorria, antzinako kristautasuna, duintasun zaharragoa, konkisten arrakasta, fideltasun etengabea eta Nafarroaren eta bertako erregeen gailentasuna, haiengandik sortu baitziren penintsulako gainerako erresumak. Amaieran Joana I.a eta Karlos V.a goresten ditu, Nafarroako koroaren berezko eta legezko oinordekoak zirelako.

Obrak

Genealogía y descendencia de los Reyes de Navarra. Badira hainbat ale eskuz izkribatuak – Nafarroako Errege Artxibo Nagusia. Kodize eta Kartularioak, E-3. 85.-103. folk.; Nafarroako Liburutegi Nagusia, 36-6/32 eskbu., 77r-93r folk.; Real Academia de la Historia. Colección Tragia XX. libk., 157v.-182. folk.

Suma abreviada de las corónicas de Navarra copilada por un caballero del mismo regno el cual oculta su nombre. Academia de la Historia, Colección Salazar, G-46 eskbu., 74v-99 folk. Badira kopia gehiago Zaragozako Liburutegi Unibertsitarioan, 356. eskbu., eta Salamancako Liburutegi Unibertsitarioan, 1.867. eskbu.

Bibliografia

Leoné Puncel, S., Los fueros de Navarra como lugar de la memoria, Donostia: Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 2005.

Orcástegui Gros, C., «La memoria histórica de Navarra a fines de la Edad Media: la historiografía nacional», in Homenaje a José María Lacarra, Príncipe de Viana, 47.  urtea, 2. eranskina, I. libk. (1986), 591.-606. or.

Aipamen bibliografikoa

Monteano Sorbet, P. J.,  “Alvear, Sancho”, Jimeno Aranguren, R., (dir),Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 494-495.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP