Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Bizkaiko egileak eta obrak

ALTUBE ALBIZ, Lucas (Azpeitia, Gipuzkoa, 1860ko urriak 18 – ?, 1925).

Karguak eta lanbideak

Abokatua, probintziako politikaria eta historialaria.

Ibilbidea

1860ko urrian Azpeitian jaioa ongi kokatutako handikien familia batean. Aitaren aldetik, aitona Juan Bautista de Altube Garnier zen, hainbatetan Gipuzkoako diputatu nagusi izandakoa, batez ere 1825etik aurrera. Goiz batu zen iraultzakontrako mugimenduarekin, eta 1833ko urrian Azpeitia mendean hartu zuten karlistek probintziako diputatu nagusi izendatu zuten. Amaren aldetik, Lucas de Altube hasieran liberalismo moderatuarekin lotura zuen Bizkaiko familia bateko kide zen. Pedro Maria de Albizen biloba zen, hainbatetan Bizkaiko diputatu nagusi izandakoa, Busturiako merindadean jabetza handiak zituzten maiorazko ugariren jabea ere bazen, eta horiengatik errenta oparoak jasotzen zituen urtero.

Bazekien jatorriz herrialdeko etxe nagusien artekoa zela, eta hala erakutsi zuen egun ezagutzen den bere obra bakarrean, amaren abizenak osorik eman baitzituen (Albiz de Mendoza de Arteaga y Ruiz de Murueta»). Era berean, bere Azpeitiko oinetxeari buruzko aipamen ugari egin zituen (Zubi-Musu): «Bere zimenduetan Loiolako San Inaziok Madalenako Ospitaleko kaperako arkupetik predikatzeko erabiltzen zuen aulkiaren puskak baitaude».

Senar-emazteen arteko gatazkak nagusi ziren bere jaiotetxean, eta haurra zela aita eta ama galdu zituen (Manuel Ignacio Altube eta Anselma Albiz Iturria). Gernikan bizi zen amaren aldeko amonak zaindu zituen bera eta bere lau anai-arrebak. Pentsatzekoa da orduan mugitu zela bertan bizitzera.

Unibertsitate Zentraleko Filosofia eta Letren Fakultatean aritu zen, arteen batxilergoa eskuratu ondotik. Madrilgo Carmen kalean bizi izan zen, gutxienez, 1877-1878 ikasturtean. Zuzenbidean ere matrikulatu zen eta abokatu izatera iritsi zen, nahiz eta ez dagoen bere jardunari buruzko datu ezagunik.

Tradizionalismoaren baitan, politikagintzan aritu zen zenbait urtez. Badirudi nolabaiteko zeresana izan zuela alderdi karlistaren erakunde egituran. 1886ko probintzia hauteskundeetako kanpainan partehartze aktiboa izan zuen, eta Gernikako distrituan gehiengoa lortu zuen. Politika aktiboan izandako inplikazioak ez zuen luze iraun, ezagutzen diren datuen arabera. Jabe eta errentadun aberatsa zen, eta harrotasunez erakusten zuen, Bizkaiko Jaurerri horretan ibili zen lehen autoaren jabe izan baitzen.

Bere egoera ekonomikoari esker, Gernikako historian aditu izateko aukera izan zuen. Argitaratu zuen lanak balio handiagoa izan zuen urteekin, Eugenio Zameza medikuaren lanekin batera, 1937ko bonbardaketaren aurreko udal eta notario dokumentazioa jasotzen duen bakarra baita. Horrekin batera, bere familiaren artxiboko dokumentazioa ere erabili zuen.

Funtsean lan deskriptibo hutsa da, eta askotan, bonbardaketaren ondorioz galdutako materialen transkripzioak eskaintzen ditu. Autorearen helburua material horiek bere auzokideen eskura jartzea besterik ez zen. Lana gaien arabera egituraturik dago, ez kronologikoki, eta ez oso modu antolatuan. Hainbat jauzi egiten ditu bertako historiarekin zerikusirik ez duten gaiak lantzeko, besteak beste, euskal herritarren salbuespen militarra edota elizen gaineko patronatuak. Informazio gehiena mende modernoei buruzkoa da, batez ere XVII-XVIII. mendeetakoa.

Lanak interesa du, transkribatutako dokumentuez gain, autorearen beraren ideologia eta asmoak hautemateko aukera ematen duelako. Historia magistra vitæ bezala ulertzen zuen, ez oso zorrotza egungo estandar historiografikoekin alderatuta. Berarentzat, arbasoen eredua ezagutu beharrekoa zen, garai hartakoak baino dohatsuagoak zirelakoan, eta «Jaungoikoaren fedeari, aberria maitatzeari eta tradizioak gordetzeari» zegokienez gainetik zeudelako. Euskal Herriaren historia ulertzeko zuen moduan urrezko aroa eta bertara itzultzeko beharra antzeman daitezke. Lehendabiziko biztanleek inbasioak, kolonizazioak eta kanpo eraginak gainditu zituen antropologia bat utzi zieten ondorengoei, ahozko tradizio zintzo baten bitartez transmititua, eta antzinako ohituren konpilazioa zen Bizkaiko Foruan jasotakoa. Bere erudizioa ez zen bere aurreiritzi ideologikoak ezabatzeko adinakoa. Beretzat antolaketa ideal hori bikaina zen «euskal herritarren heziketa moralari, ohiturei eta izaerari esker» (190. or.), eta, urteek aurrera egin ahala, okertzera egin zuen, XVIII. mendetik hasi eta 1876ko indargabetzea arte. Garai horretan hasi zen «gure Gernikako Arbola maitea negarrez foru askatasunak galduagatik; bere historiaren jatorrian legez atxikitako eskubideak noiz berrezarriko zain» (309. or.).

Obrak

Ensayo histórico y apuntes para la historia de la Villa de Guernica, Gernika: Imp. de Goitia, 1913, 404 or.

Bibliografia

ALBERDI, I., «Retazos de Historia entre las cenizas», Deia, 2013ko urriak 13. Online arg.: https://www.deia.eus/bizkaia/kostaldea/2013/10/13/retazos-historia-cenizas/325611.html (2023ko uztailak 17).
EGIBAR, L., Representación y representatividad en las instituciones de gobierno del Señorío de Bizkaia en el siglo XIX, Donostia: Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 2009.
MUTILOA POZA, J. M.ª, Guipúzcoa en el siglo XIX (Guerras-Desamortización-Fueros), Donostia: Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa, 1982.
REAL CUESTA, J., El carlismo vasco. 1876-1900, Madrid: Siglo XXI, 1985.

ITURRIAK

AHN, Universidades, 6329, 1. esp. (http://pares.mcu.es).
BIZKAIKO FORU AGIRITEGI HISTORIKOA, judiziala, Bilboko lehen auzialdiko epaitegia, jcR4461/012. Manuel Altube pozoitzen saiatu zirenean abiatutako auzia (1870).
— Judiziala, Bilboko lehen auzialdiko epaitegia, jcR4067/012. Azpeitiko biztanle Manuel Altubek, Azpeitiko herritar eta Bilbo Hiribilduko bizilagun Manuel Altubek Selma de Albiz Iturria emaztearen aurka adulterioagatik abiarazitako auzia (1871).
— Judiziala, Bilboko lehen auzialdiko epaitegia, jcR3679/008. Abintestato eta testamentu epaiketa Anselma de Albiz Iturriaren heriotzagatik, Bilbon bizi izandakoa, Manuel de Altuberen alarguna (1874).
DONOSTIAKO ELIZBARRUTIKO ARTXIBO HISTORIKOA, Azpeitia, Soreasuko San Sebastian eliza, Jaunartzeak, sig. 1518/002-01, 90v f.; 1519/002-01, 6v f. (Sakramentu-erregistroko datu basean kontsultatua: https://dokuklik.euskadi.eus, signatura digitalak 151800201-0099, 151900201-0009).
— Azpeitia, Soreasuko San Sebastian eliza, ezkontzak, sig. 1516/002-01, 118v f. (Sakramentu-erregistroko datu basean kontsultatua https://dokuklik.euskadi.eus, signatura digitala 152600201-0127).

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP