Karguak eta lanbideak
Militarra, historialaria, geografoa eta argazkilaria
Ibilbidea
Madrildar ama eta aragoiar aitaren semea, aitaren lanbidea zela eta, Toledoko ingeniari militarra, hantxe jaio zen. Handik gutxira, familia Iruñera joan zen, eta han egin zituen ikasketak Juliok, lehenik, San Miguel kontzilio-seminarioan, gerra karlistak eten zuena, eta, geroago, batxilergoa, institutuan. 1875ean, intendentzia militarreko akademian sartu zen lehen postuan. Akademia Madrildik Ávilara joan zen handik gutxira, eta bertan amaitu zituen ikasketak bi urte geroago.
Hainbat tokitan egin zuen karrera militarra, Iruñean barne, eta gero eta ardura profesional handiagoak izan zituen armadaren intendentziaren barruan, izan zituen maila-igoerak izan ziren horren isla. Adibide gisa, tropak bidali zituen Cubako eta Rifeko gerretara, Melillatik. 1918an, intendentzia koronela zela, erreserbara pasatzea eskatu zuen, osasun-arrazoiengatik. 1920an, erreserban zegoela, ohorezko Dibisioko intendente izendatu zuten. Urte horretako irailean, meritu militarreko Gurutze Zuri Handia eman zioten, bere kondekorazio ugarietako bat. Armadatik kanpo ibilbide profesional laburra izan zuen. 1912an, La Vasco Navarrako lehen zuzendaria izan zen Iruñean, lan-aseguruen alorreko enpresa. Behin enpresa finkatuta, intendentzia-zerbitzura itzuli zen.
Destino asko izan arren, beti itzultzen zen Iruñera, eta bertan egon zen bere bizitzako parterik handiena. Polifazetikoa eta kezka kultural ukaezinekoa izan zen. Oso gaztetatik Nafarroako historia, arte, geografia… ikertzen aritu zen, eta ehun lan eta artikulu baino gehiago idatzi zituen: hitzaldiak, azalpen-biografikoak, aipamenak, efemerideak, lan bibliografiko eta militarrak, saiakerak… Bere ekoizpena argitalpen askotan agertu zen, Boletín de la Comisión de Monumentos Históricos y Artísticos de Navarra aldizkarian bereziki. Hainbat lan emanalditan argitaratu zituen, adibidez, Índice de los documentos existentes en el Archivo General de Simancas que afectan a la historia de Navarra; Documentos inéditos para la historia de Navarra y artistas exhumados; Geografía histórica de Navarra. Los despoblados y Datos para la historia del arte en Navarra.
Haren monografien artean, honako hauek azpimarra daitezke: Memorias de Sarasate (1909), biolin-jotzailea hil eta gutxira argitaratua eta Provincia de Navarra handia, 1910ean hasi eta 1916an amaitu zuena. Mila orritik gorako bi liburuki, zein baino zein irudiztatuago, Gerra Ministerioak haren erabilgarritasuna eta, bereziki, aplikazio militarra kontuan hartuta saritu egin zuena. 1923an De re geographico-histórica. Vías y vestigios romanos en Navarra argitaratu zuen, hamabost urteko azterketen ondorioz; eta 1934-1936, Castillos medievales de Nabarra.
1902ko maiatzaren 4an Historiako Errege Akademiako urgazle izendatu zuten eta 1909ko abenduaren 13an San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiakoa. Halaber, Hispanoamerikar zientzia eta arteen akademiako kide, San Vicente de Pauleko hitzaldi-kontseiluko lehendakari eta 1920an Euskal Ikasketen Bigarren Kongresuko idazkari ere izan zen. 1902ko maiatzaren 4an Nafarroako Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzordean sartu zen. Egun horretatik 1915eko martxoaren 29ra arte izan zen bertako idazkaria. 1918ko abenduaren 9an batzordekideek lehendakariorde aukeratu zuten. Gainera, 1910eko urtarrilean bigarren etapa hasi eta 1923ko abenduaren 11 arte Batzordearen Aldizkariko zuzendaria izan zen. Egin zuen lan intelektual eta ikertzaile zabal eta anitza, ekimen-sorta zabala, izan zuen kargu mordoa, izendapen kulturalak, jasotako sari piloa, aintzatespenak, dominak… horiek guztiek garaiko Nafarroako intelektualen oinarrian kokatzen dute. Hain zuzen ere, bere bi lagunekin batera, Campion eta Olorizekin, 1912an Nafarroako bandera zehaztu zuen, Foru-Aldundiak hala eskatuta.
Altadill-ek berak laburtu zuen bere lan intelektuala. Osatu gabe egon arren, Nafarroako historian eta artean berriak ziren apunteak argitaratzeari ekin zion. Harro zegoen zenbait gairen oinarriak jarri zituelako, ziur baitzegoen bide berriak ireki eta ikasketak arautzeaz gain, egunen batean, bera baino prestatuago egonen ziren horiek, hasitako gaiei buruz gehiago azaltzea eta albiste horien baturak enigma franko ebaztea ahalbidetu zuela. Berak, beste kide eta jarraitzaile batzuek bezala, «gure maisu ohoretsu eta ahaztezin» haren bidexka jarraitu zuen, Joan Iturralde y Suit, programa handi bat marraztu eta gai franko hasi zituena.
Argazkizalea izan zen, eta Nafarroako Gobernuari emandako fondoak 1.364 argazki ditu: paisaiak eta natura, ondare artistiko, arkeologiko eta dokumentala, eta baita familia-argazkiak ere. Egileak paisaia-argazkiak erabili zituen Nafarroako geografiari buruzko bere lana irudiztatzeko.
Bere kultura-kezken eta historiarekiko interesaren lehen emaitza 1883ko sanferminetan Iruñeko Udalak antolatutako lehiaketan lortutako saria izan zen. Lehiaketa aurreko urtean egina zen Iturralderen proposamenez, euren kezkak ofizial egiteko euskaldunen ahalegin ikaragarrien emaitza izan zen, eta elite kulturalari bultzada emateko balio izan zuen. Giro hartan aurkeztu eta elikatu zen Nafarroako intelektual nabarmenekin harremanak eta adiskidetasunak izan zituen militar gaztea.
Lehiaketako gaiei erantzunez, 1883an saritutako azterlanak Amerika aurkitzea eta konkistatzea Espainiarentzat zeinen loriatsua izan zen aztertzen zuen; 1884an saritutako lana, urte berean alemanera itzuli zena, Iruñeko lehen inprentara eta hiriburuan argitaratutako lanetara hurbiltzen zen, eta 1886an saritutako biografia Aita Moreten bizitza eta lanak aztertu zituen, Nafarroako lehenbiziko kronista.
Julio Altadill karrera militarrekoa izanik, zaila dirudi bere proposamenetako baten inguruan sortu zen eztabaida ulertzea, Iturralderen beste irrika bat jaso besterik egiten ez zuena, bere heriotzatik hamar urte baino gehiago joan zirenean. Monumentuen Batzordeak 1920ko maiatzaren 15ean egindako bilkuran, Amaiurren obelisko bat eraikitzeari buruzko mozio bat irakurri zuen, Nafarroako independentziaren azken defendatzaileen oroimenez eta ohorez. Mozioak, aho batez onartua, «justizia-ordain soil bat besterik ez zuen eman nahi». Monumentua 1922an inauguratu zen, baina Amaiurren defendatzaileenganako traizio salaketek eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako armarriak jartzeak polemika piztu zuten. Egoera lehertu egin zen 1924ko maiatzaren 23ko batzordean, bi kidek monolitoan Espainiako armarria jartzeko eskatu zutenean.
Uztailaren 17an Altadillek bere monumentua defendatu behar izan zuen, eta haren defentsan hobeki uler daiteke erretiratu militarraren ikuspegi historiko-juridikoa. «Egia unibertsaltzat» jotzen zuen bere partaideek egindako heroismo guztiak Espainiaren ondare komuna zirela, hala nola Covadongako garaipena, Navas de Tolosako gudua, Granadako konkista edo Mundu Berriaren aurkikuntza, nahiz eta egungo Espainia oraindik existitu ez. Ez zen urrunago joan, ezta azalpen amarrutsurik bilatu behar ere: autore nafarrek eta ez nafarrek laudatutako gertakari batzuen omenez izaera historiko hutsa zuen monumentu bat eraiki nahi izan zen. Argudio gisa, Altadillek batzordekideen ibilbide pertsonal eta profesionala jarri zituen mahai gainean, eta baita berea ere, bere gizarte-izaera eta 1880tik aurrera egindako lan, hitzaldi eta kultura-lan guztiak barne.
Altadillek hainbat sari jaso zituen, zientzia, profesionaltasun, literatura, ekonomia, irakasletza eta kanpaina merezimenduengatik emandakoak, bere esanetan, aberriaren alde egindako lanagatik. Espainiako banderaren alde borrokatu zen, eta nagusi zein mendekoek berretsitako zerbitzu-orri ezin hobea zuen. Betebehar militar eta sozialen ideia perfektu horrekin, arbuiatu egiten zituen «bigarren mailako chauvinisten» epaiketak, eta horregatik jotzen zituen abertzaletzat eta ez traidoretzat Amaiurko defendatzaileak, 1522an bizitza eta ondasunak eman baitzituzten beren aberria eta erregeagatik. Amaiur askoz lehenago hasi zen, azaldu zuen Altadillek 1925ean, 1512ko udan hasitako konkistaren azken oihartzuna izan zen, «Nafarroako Erresuma zaharraren erlojuaren azken ordua» entzun zenean, gerra zibilek eta norgehiagokek, gorteko jakintsuek, anbizio handiko traidoreek eta etsai garaiezinak mehatxatu eta ahuldu zuten «harrapakina» erori zenean. Altadillek zioenez, euren erregeei leial zirenak, deserritik «mendeku konpontzailea» antolatu zuten, baina saiakera kartsu hark porrot egin zuen.
Horren ikuspegi historiko nafarra izateak ez zuen Espainiaren ideia baztertzera bultzatu, batez ere erresuma zaharraren historia errespetatzen zuen Espainiaren ideia. 1883an saritutako memorian, hain zuzen ere, Errege katolikoak goraipatu ondoren eta Amerikaren aurkikuntzaren argiak eta itzalak jaso aurretik, Altadillek musulmanak kanporatu izana ere kritikatu zuen, eta, Hermilio de Olorizen lana gogoan, Fernandok Nafarroarekiko «leialtasun eza» gogorarazi zuen. 1884an sari bat jaso zuen Iruñean inprenta jartzeari buruz egindako lanagatik, bertan bere adopzio-aberriarekiko zuen maitasuna adierazi zuen, eta hori zela eta Nafarroako Liburutegi Unibertsaleko lehen harria jartzeko zuen gogoa, Nafarroak bere loria artistiko, militar eta zientifikoak kontatzen zituzten liburu guztiak jasotzeko eraikitakoa, Nafarroako bibliografiaren lehen saiakeratzat hartua. 1886an Aita Moreten irudira hurbildu zen, «Baskoien orube zaharreko edergarri literario eta zientifiko handienetako bat».
Harea mugikorrak ongi ezagutzen zituenez, edo hobeki esanda, historiako politikak, Nafarroakoak, batez ere, Antso Azkarrak Navas de Tolosako batailan izan zuen segizioari buruzko azterketan, berehala nabarmendu zuen gaiak oraindik eztabaida sortu ez izana. Hala ere, Altadillek berak berehala ulertu zuen zergatik zen historian aztertu gabeko txokoa. Nafarroako erregearen balentriaren atzean beste errege baten erabaki ulertezina zegoen. «Foruaren izaera jakintsu eta demokratiko»ari esker, Nafarroako monarkia finkatuta zegoenean, Antso Handiaren testamentuak erreinua bereizi egin zuen, «haren lehenengo akats eta agian bakarra, arrazaren zatiketa abiatu zuen unea» eta hegemoniaren amaiera: Nafarroak pisu politikoa, nazioarteko izaera eta musulmanekiko mugak galdu egin zituen, eta kristauak etsai bilakatu ziren. Amaiurren abiapuntua.
1916ko urriaren 15ean Nafarroan Txango Elkarte (Sociedad Navarra de Excursiones) bat sortzeko egindako proposamenean, Altadillek zenbait helburu ezarri zituen: Erreinua ikuspegi artistiko, historiko, etniko, zientifiko eta literariotik aztertzea, haren izaera ezagutzea, haren garapen ekonomikoa behatzea, kultura-handitasunaren alde lan egitea, haren arbaso ospetsuak ezagutaraztea, bere oroitzapena monumentuen eta leku-izenen bidez iraunaraztea eta bertako herrien arteko batasuna sendotzea. Gizartean denek zuten lekua. «Aberri-sorterriari zioten maitasunezko su sakratua» eta guztien ongiaren alde lan egiteko gogoa aski ziren, antagonismoak, senideen aurkako politikak, errezelo hutsalak eta txikikeriak alde batera utzita. Nafarra naiz hura gorestea zen garrantzitsuena, eta edukiz betetzea.
Altadillek idatzi zuen moduan, grinak alde batera utzi behar ziren, egia historikoarekin bateraezinak baitziren. Agian hor zegoen gakoa. Egia historikoa zena zen, eta politikak edo desioek ez zuten ez lausotzen, ez bahitzen. Politikak ezin zuen historia idatzi edo berridatzi. Modu berean, politika ez zen arma historiko bihurtu behar, ezta historia arma politiko ere. Iraganaren interpretazioan adostasuna izateak ez zuen zertan eragotzi etorkizunari desberdin begiratzea, edo alderantziz. Iraganari modu berean begiratzea eragotzi behar ez zuen etorkizun desberdina. Besteak beste, Altadillek ez zuelako harreman zuzenik egiten atzo eta gaur artean, edo atzoko historiaren eta gaurko politikaren artean. Iraganera jo zitekeen Nafarroako Erresuma goratzeko eta Gaztela eta/edo Espainia kritikatzeko, hala merezi bazuten. Eta hori egin zuen.
Obrak
«Hasta qué punto el descubrimiento, conquista y dominación de los españoles en América fue gloria y bien para España», Certamen científico, literario y artístico en la ciudad de Pamplona, Iruñea: Joaquín Lordaren inp. eta lib., 1883, 21-52. or.
«Estudio bibliográfico: primera imprenta y catálogo de obras editadas en Pamplona», Certamen científico, literario y artístico en la ciudad de Pamplona, Iruñea: Regino Bescansaren inp. eta lib., 1884, 21-96. or.
Biografía y obras del P. Joseph de Morete, primer cronista de Navarra: memoria, Iruñea: Joaquín Lordaren inp. eta lib., 1887.
Memorias de Sarasate, Iruñea: Aramendía y Onsalo, 1909.
El séquito del rey de Navarra Don Sancho el Fuerte en la Batalla de Navas de Tolosa, Iruñea: Inp. Provincial, 1912.
«Provincia de Navarra», Carreras i Candi, F. (zuz.), Geografía General del País Vasco- Navarro, Barcelona: Alberto Martínen argitaletxea, 1918, 2 liburuki.
De re geographico-historica: vías y vestigios romanos en Navarra, Donostia: Gipuzkoako Aldundiko inp., 1923.
«La marquesa de Falces», Nafarroa, 1 (1925).
Castillos medioevales [sic] de Nabarra, Donostia: Beñat idaztiak; Zarautz: Itxaropena, 1934-1936, 3 liburuki.
Bibliografia
AUÑAMENDI, «Altadill y Torrontera de Sancho San Román, Julio», Auñamendi Euskal Entziklopedia. Online argitaratua: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/es/altadill-y-torrontera-de-sancho-san-roman-julio/ar-9064/ (2020ko abenduaren 1ean kontsultatua).
BIBLIOTECA NACIONAL DE ESPAÑA, «Julio Altadill (1858-1935)», Escritores de la Biblioteca Nacional de España. Online arg.: https://escritores.bne.es/web/authors/julio-altadill-1858-1935/ (2020ko abenduak 1).
CAMPION, A., «Prólogo», in Altadill, J., Memorias de Sarasate, Iruñea: Aramendía y Onsalo, 1909.
FOTOTECA DE NAVARRA, «Julio Altadill», Fototeca de Navarra. Online arg.: https://www.fototecanavarra.es/es/altadill-julio/ficha-completa (2020ko abenduak 1).
GRAN ENCICLOPEDIA DE NAVARRA, «Altadill y Torronteras de Sancho, Julio», Gran Enciclopedia de Navarra. Online arg.: http://www.enciclopedianavarra.com/?page_id=2971 (2020ko abenduak 1).
TEIJEIRO DE LA ROSA, J. M., «Altadill Torronteras, Julio», Diccionario Biográfico Español de la Real Academia de la Historia. Online arg. http://dbe.rah.es/biografias/45586/ julio-altadill-torronteras (2020ko abenduak 1).
ZALBA, J., «Necrología: Don Julio Altadill», BCMHAN, 19 (1935), 159-170. or.
ITURRIAK
BCMHAN, Iruñea, 1895-1936.
El Eco de Navarra, Iruñea, 1876-1913.





