Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAKO EGILEAK ETA OBRAK

ALONSO RUIZ DE CONEJARES, Jose Francisco (Corella, Nafarroa, 1781eko irailaren 21a – Madril, 1855eko apirilaren 12a).

Karguak eta lanbideak

Hainbat audientziatako magistratua, magistratua eta Auzitegi Goreneko lehendakaria, Grazia eta Justizia ministroa

Ibilbidea

Jose Alonso Corellako erriberako jabe aberats baten semea izan zen. 1806an Ciriaca de Colmenares Ortegarekin ezkondu zen, Valladolideko Errege Kantzelaritzako epaile baten alabarekin. Bere semeetako bat ere, Eduardo, Grazia eta Justizia ministroa izango zen.

Jose Alonso abokatu gisa hartu zuten Errege Kontseiluetan 1806an. Bi urte geroago, etxetik ihes egin behar izan zuen, frantziar inbasioaren ondorioz. Bere ondasunen bahiketa jasan zuen, eta Jose Antonino Colmenares, Cervera del Rio Alhamako korrejidorea izateaz gain Valladolideko Kantzelaritzako epaile zen aitaginarrebaren eskariz, Soriara joan zen, handik, Burgos, Guadalajara eta Nafarroako probintzietan matxinada antolatzeko.

1809ko uztailaren 22an Guadalajara, Soria eta Molinako jaurerriko armamentuaz arduratzen zen batzordeko idazkari izendatu zuten, Jose Antonino buru zela. Aitaginarrebaren gaixotasuna zela eta, Alonsok bere gain hartu zuen lurralde horietan defentsa-egiturak sortzeko ardura. Era berean, hainbat monasterio eta elizatako zilarra jaso eta Sevillara eraman zuen (1809ko azaroa), Batzar Nagusiaren esku jartzeko.

1810eko urtarrilaren 20an, karguan titularrak zituen osasun arazoak zirela eta, Soria probintziako Batzorde Zuzentzaileko lehendakari izendatu zuten. Aldi berean, herrialdea libratutakoan, Nafarroako Kontseiluko ministro izateko izendatu zuten. 1810eko martxoaren 20an hasi zen, Villelen (Teruel), Soriako Probintziako Batzorde Nagusiko buru izaten. Urte horretako irailaren 21ean, Andaluziako hiriburuan zela, izendapena luzatu egin zioten eta Soriara itzultzeko agindua eman. Batzordeko kide batzuen protestari aurre egin behar izan zion, ordea, aginte militarreko buru Jose Joaquin Duran jeneralak Batzordeko buru izaten jarraitzea nahi baitzuten.

1812ko irailaren 22an, Aragoiko Entzutegiko bitarteko ministro izendatu zuten, Jose Antonio Larrumbidek utzitako hutsunea betetzeko, hura ez baitzen karguaz jabetu. 1813ko maiatzaren 3an Valentziako Auzitegiko magistratu izendatu zuten, eta urtebete geroago, audientzien lantoki zaharra berrezartzean, Krimenen Salako gobernadore hautatu zuten (1814ko uztailaren 23a).

Absolutismoa berrezarri ondoren, hainbat enkargu eman zizkioten: argitalpenen zentsorea (1814ko maiatzaren 20a); Osasun Batzordeko aholkularia (1814ko azaroaren 28a) eta Errenta Orokor eta Estankatuen aholkularia (1815eko apirilaren 8a). Garai hartan, Valentziako Errege Pisuaren Gomendioko epaile babesle edo kontserbadore izendatu zuten.

1815eko maiatzaren 30ean, magistratu guztiekin batera atxilotu zuten, sistema konstituzionalarekin bat egiteagatik. Askatu zutenean, Corellara itzuli zen, eta 1817ko irailean kasua artxibatu zuten, eta, horrekin batera, erretiroa hartu zuen, soldataren bi herenekin.

Hirurteko liberalean, Alonso Iruñeko Elkarte Patriotikoari atxiki zitzaion eta karrera judizialean birsartzeko eskatu zuen (1820ko irailaren 17a). Hilabete batzuk geroago, 1820ko abenduaren 26an, Gaztela Berriko Entzutegiko ministro izendatu zuten. 1822ko otsailean Aragoiko Audientziaren Erregeordetzara igo zuten, eta kargu horretan 1823ko abuztuaren 19ra arte egon zen, egun horretan sinatu baitzen Zaragozako kapitulazioa Frantziako tropen aurrean.

Hamarkada absolutistan, Jose Alonso Sorian bizi izan zen. 1827an, arazo ekonomikoengatik premiatua, erregeari 1820 baino lehenagoko egoeran jartzeko edo Madrilen abokatutza egiteko eskatu zion. Bi urte geroago, 1829ko abenduaren 4an, Ordena Militarretako Prokuradore Nagusiaren aholkulari lana eskatu zuen.

Bere ideologia liberalak birgaitzeko aukeratik aldendu zuen, Francisco Martinez de la Rosaren Gobernuan baino ez baitzitzaion iritsi. 1834ko martxoaren 2an Madrilgo Entzutegiko ministro izendatu zuten. Urte horretako otsailaren 11n, Bizkaiko probintzian korrejidore lana hartu zuen, karlistadek goren mailan zeudenean. Martxoaren 16an Gasteizen zegoen, Zumalakarregiren tropek biztanleria erasotu zutenean. Gerra-egoeraren larritasunari Errege Estatutua aplikatzeak eta, ondorioz, foru-sistemaren iraupenak eragindako tentsioak gehitzen zitzaizkion. Alonsok 1835eko martxoaren 22an utzi zuen kargua, komisario erregioak desagertu zirenean.

1835eko irailaren 21ean Madrilgo Entzutegiko erregeorde zen. Urtebete geroago, 1836ko abuztuaren 5ean, Isturiz Kabineteak kargutik kendu zuela esan zion. Handik bi astera, La Granja matxinatu ondoren, haren karguan berrezarri zuten, «eragindako iraina konpontzeko» beharra adierazten zuen dekretu baten bidez.

1836ko azaroaren 12an erregeordea Auzitegi Goreneko fiskal bihurtu zen, eta Justiziaren jarduna arautu behar zuten arau berriak idazteko ardura zuen batzordeko kide izendatu zuten.

Jose Alonsoren parlamentuko lana Nafarroako diputatu gisa hasi zen 1836an. Legegintzaldi horretako esku-hartze nagusia hauteskunde-legearen eztabaidan izan zen, eta bertan erregimen orokorra zabaltzeko beharra planteatu zen, honakoa baieztatzean: «probintzia haiek Erresumako gainerakoei bateratu behar zitzaizkiela lege honi dagokionez, eta gaineratu genuen gauza bera egin behar zela gainerako guztian».

1840ko azaroaren 2an Auzitegi Goreneko ministro plaza bat beteko zuen. Goi-auzitegiko kide zela, Grazia eta Justizia ministro izendatu zuten (1841- 1842ko maiatzaren 21a, ekainaren 17a). Bere agintaldian sortu ziren hiru euskal probintzietako epaitegiak, eta sistema judizial komuna foru-lurraldeetara hedatzen hasi zen.

Ministeriotik, Alonso politika erregalista egiten saiatu zen, eta Espainiako Elizaren sektore zabal batean etsaiak irabazi zituen. Denboraldi horretan, Gobernuak gogor borrokatu zuen Vatikanoarekin. Alonso arduratu zen Aita Santuak 1841ean Espainiaren egoerari buruz egindako hitzaldiari Gobernuak emandako erantzuna idazteaz. Bera izan zen urte horretako azken egunean Gorteetara aurkeztutako Dekretu proiektuaren egilea. Eliza-jurisdikzioari buruzkoa zen, eta Espainiako Elizari makurtzen zitzaion erabat ahalmen zibila, Erromatik ere bereiziz. 1837ko udaberrian, bere jaioterriko (Corella) Karmeldarren komentua itxi zuen, Zalditeriako indarren laguntzarekin, Mendizabalen gobernuak 1835ean eta 1836an agindutakoa betetzeko.

1843ko martxoaren 2an Alonso Auzitegi Goreneko ministro postura itzuli zen. 1843ko maiatzaren 27an, hamarrenen partaideen tituluak kalifikatzeko Aholku Batzordeko lehendakari izendatu zuten. Espartero erori zenean, bere postutik bereizi zuten (1843ko uztailaren 29a) eta hamarkada moderatuan ez zuen kargurik izan.

Bigarren parlamentu partaidetza 1848an izan zuen, Madrilgo Vistillas barrutia ordezkatzeko. 1854ko hauteskundeetan hautetsia izan zen Avila, Burgos eta Nafarroako probintzietan, eta bigarrena aukeratu zuen.

Biurteko Progresistako Lehen Kabineteko Grazia eta Justizia ministro izendatu zuten, eta hilabete gutxi batzuetan aritu zen kargu horretan. Prentsa erradikalak izendapen harrigarriaren berri eman zuen, politikatik urrun bai- tzegoen eta, gainera, azken ministerioetan hiru seme-alabarentzako postuak eskatu izana leporatu zion. Hala ere, onartzen zen, bere zentzu erregalista zela eta, mintzakide egokia zela Elizarekin harremanak izateko.

1854ko abenduan Auzitegi Goreneko presidente izendatu zuten eta 1855eko apirilaren 12an hil zen karguan zela.

Legelari eta kanonista bikaina, Jose Alonsok foru-erregimena mantentzearen aurkako liberal aurrerakoien tesia adierazten du. Horrela egiazta daiteke, adibidez, Prokuradoreen Estamentuan, 1836ko maiatzaren 17an, hauteskunde-legearen 55. artikuluari buruzko eztabaida zela eta, emandako hitzaldian:

«Foruak ez dira mesedegarriak probintzia haietako klase pribilegiatuentzat baino». Era berean, El Eco del Comercion, urte bereko maiatzaren 26 eta 27an, Nafarroako eraketa historikoaren hutsuneak zehatzago azpimarratzen zentratzen da. Nafarroako erregeordeak probintziako audientzia ezartzeari buruzko agindu errealak betetzeari uko egiten baitzion, foruak zuzendu, arteztu edo deuseztatzeko beharra aldarrikatzen zuen, «uniformetasuna eta zoriontasun orokorra ezartzeko» Alonsok, Gerra Karlistaren ondoren, foruei buruz itundutako soluzioa defendatu zuen eta Nafarroan 1841eko legea berretsi zuen, Justizia ministro gisa. Lehena izan zen onartzen lege hori «nazioaren botere gorenaren eta probintzia haren arteko benetako hitzarmen edo ituna» dela. Hala, bada, itun hori, «egin daitekeen hitzarmenik handiena», «Kontratu bat da, non Nafarroak askatasun eta salbuespen ugari eta oso preziatuak laga arren, Gober- nuak eta Gorteek beste batzuk zaintzeko hitza ematen baitiote, lagatako eta uko egindako kontratuak bezain garrantzitsuak ez direnak. Lege honen era- keta eta osaera azalduta, inork ezin dio ukatu itundua eta konbentzionala denik. Mota honetako legeak ezin dira aldatu, aldebiko kontratuen modura baizik, hau da, era berean, haiek eratzeko izandako adostasun bera izanda. Beraz, Foruen baieztapen solemne, berariazko eta orokor baten ondoren izanik, probintziaren esku-hartze, entzunaldi eta baieztapenarekin, eztabaidaezina da, beraz, ezer ezin dela aldatu, baizik eta modu berean gertatzen ez bada. Hori oso kontuan hartu behar da beti». Recopilación y comentarios de los Fueros y Leyes del antiguo Reino de Navarra que han quedado vigentes después de la modificación hecha por la Ley Paccionada de 16 de agosto de 1841 lana funtsezko erreferentziatzat hartzen da Nafarroako foru-zuzenbidea interpretatzeko.

Haren heriotzaren ondoren, Eduardo semeak Jose Alonsoren printzipio erregalistak agerian jartzen dituen indar-baliabideei buruzko lana argitaratu zuen, eguneratuta. Bertan, «Elizako ahalmen edo agintearen bidez eragiten zaien edo sortzen saiatzen diren zapalkuntza eta indarkeria orori» aurka egiteko ahalmen erreala aztertzen du.

Obrak

Discurso que en la apertura de la Audiencia territorial de Aragón en 2 de enero de 1823 dijo su Regente D. Josef Alonso, Zaragoza: Francisco Magallón inprimategia, 1823.

Exposición presentada por el señor Ministro de Gracia y Justicia en 29 de junio de 1841 a S.A. el Regente del Reino; Decreto que en su virtud se expidió con la propia fecha; y Manifiesto del Gobierno español con motivo de la alocución de Su Santidad pronunciada en el Consistorio secreto de 1.º de marzo del mismo año, Madril: Inprimategi nazionala, 1841.

Historia de la causa criminal contra el reverendo Obispo de León, D. Joaquín Abarca, por delitos de sedición y alta traición, contra el Sr. D. Fernando VII y su Excma. hija la Princesa Isabel y su nación, Madril: Boix, 1841.

Colección de las alegaciones fiscales del Excmo. Sr. Conde de Campomanes, Publícala, con autorización de la Regencia del Reino, Don José Alonso, Fiscal que ha sido y actualmente Magistrado del Tribunal Supremo de Justicia, Madril: Repullés inprimategia, 1841-1842, 4 libk.

Recopilación y comentarios de los fueros y leyes del antiguo reino de Navarra que han quedado vigentes después de la modificación hecha por la Ley paccionada de 16 de agosto de 1841, Madril: Saavedra y Cª inprimategia, 1848-1849, 2 libk. Berrarg. Iruñea: Nafarroako Foru Diputazioa, 1964.

Tratado teórico-práctico de los recursos de fuerza y de protección con arreglo a las legisla- ciones y prácticas de los tribunales de España y de sus Indias, acomodada a la legislación vigente por Eduardo Alonso Colmenares, Bartzelona: Narciso Ramírez esta- blezimendu tipografikoa, 1860.

Bibliografia

ARTOLA, M., «El siglo XIX: un balance político», Gortázar, G., Nación y Estado en la España Liberal, Madril: Noesis, 1994.

DEL BURGO, J. I., Ley paccionada de Navarra de 1841: homenaje al Ministro D. José Alonso Ruiz, Madril: Justizia Ministerioa, 2004.

FERRER, M., Diatriba contra el Ministro de Justicia de Madrid D. José Alonso y contra el Gobierno sacrílegamente tirano, Tolosa, 1842.

HERRERO MEDIAVILLA, V. (arg.), Archivo Biográfico de España, Portugal e Iberoamérica, Munich: K. G. Saur, 2002.

LASSO GAITE, J. F., El Ministerio de Justicia: Su imagen histórica (1714-1981), Madril: Sáez inprimategia, 1984.

MENÉNDEZ PELAYO, M., Historia de los heterodoxos españoles, Madril: Miguel Artigasen arg., 1932, VII, 263-273. orr.

MIKELARENA PEÑA, F., «La cuestión foral en relación con Navarra en la opinión pu- blicada anterior e inmediatamente posterior a la ley de 25 de octubre de 1839», Iura Vasconiae. Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoko Aldizkaria, 9 (2012), 159-233. orr.

URQUIJO GOITIA, J. R., «José Alonso Ruiz de Conejares», Diccionario Biográfico Espa- ñol, Madril: Historiako Errege Akademia. On line argitalpena: http://dbe.rah.es/biografias/9244/jose-francisco-alonso-ruiz-de-conejares (2019ko maiatzaren 20an kontsultatua).

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP