Karguak eta lanbideak
Arabako Probintziako Diputatu Nagusia (1621-1624) eta Gasteizko Alkatea (1629 y 1633)
Ibilbidea
Araba zuzentzen zuen oligarkiako kidea zen Martin Alonso de Sarria, merkatari familia batean jaioa. Hainbat kargu publiko bete zituen, bai probintzia mailan bai hirian. Arabako Probintziako Diputatu Nagusia izan zen 1621 eta 1624 bitartean, eta Gasteizko alkate bi aldiz. Sarria barrokoaren mendeko historialari arabar azpimarragarrienetakoa izan zen. Halaber, Arabari eta, oro har, euskal lurralde guztiei buruzko mitoen dibulgatzailea ere izan zen, adibidez eusko-kantabrismoa zabalduz. Hori argi utzi zuen bere lanik onenaren izenburuan: Teatro cantábrico. Lan hori ez zen inprimatu, baina eskuizkribuak zabalkunde handia izan zuen. Ez zaigu iritsi testu horren alerik, edo ezin izan dugu atzeman gaur arte. Hala ere, garai hartako egileetako batzuek, edo ondorengoek, haren kokapenaren eta edukiaren berri eman zuten. Garai berekoa zen Gamarra apaizak, Historia de Aranzazu (1648) izeneko lan baten ustezko egileak, Martin Alonso de Sarriaren Teatro cantábrico lana erabili zuen berea idazteko. Joaquin Jose Landazurik, xviii. mendean, kontuan hartu zuen, Historia civil, eclesiástica, política y legislativa de la M. N. y M. L. ciudad de Victoria lana egin zuenean. Mende horretan bertan, Rafael Floranesek aipatu egin zuen, bere Vida literaria del canciller mayor de Castilla, D. Pedro López de Ayala lana egin zuenean, ziurtatuz bera idazten ari zen garaian, lan haren eskuizkribua Vadoko kondearen, alegia, Martin Alonso de Sarriaren ondorengo baten eskuetan zegoela. Floranesek esan zuen lan hura zela «itzela eta bere arloan inoiz ikusi dudan osoena», nahiz eta bazuen «zer disimulatua franko». Itxura guztien arabera, xix. mendearen hasieran galdu zen Martin Alonso de Sarriaren lanaren arrastoa. Gamarra apaizak aipatu zuen egile horren beste lan bat, «Espainiaren antzinatasunak eta nobleziak» kontatzen zituena eta, nonbait, inprimatzeko prest utzi zuena. Carlos Ortiz de Urbinaren ikerlanek, orain asko ez dela, berretsi dute liburu horren egiletza. Gamarrak ere datu jakingarriak eman zituen Teatro cantábrico lanari buruz, adierazi baitzuen lan horrek Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako lurraldeen berri jasotzen zuela. Beste egile batzuen ustez, ordea, hiru probintzietara mugatu zen haren lana.
Obrak
Teatro cantábrico de todo lo más notable que hay en Cantabria en lo antiguo y lo moderno. Argitaragabea, erredaktatua. 1641.
Compendio de la nobleza y de varones famosos antiguos y modernos, de sus hazañas, de la restauración de los reinos de España. Argitaragabea, datarik gabea.
Bibliografia
Landázauri y Romarate, J. J., Historia civil, eclesiástica, política y legislativa de la M. N. y M. L. ciudad de Victoria, Madrid: Imprenta de Pedro Marin, 1780.
Monreal Zia, G., «Incidencia de las instituciones de Álava del medievo en el pensamiento político de los alaveses de la Edad Moderna», in Anuario de Historia del Derecho Español, 54 (1984), 613.-638. or.
Ortiz de Urbina, C., La génesis de la identidad histórica alavesa, Gasteiz: Círculo Vitoriano, 2007.
Aipamen bibliografikoa
Merino Malillos, I., “Alonso de Sarría, Martín”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, p. 419.





