Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ASTURIASKO EGILEAK ETA OBRAK

ALFONTSO III.a (Alfontso III.a Handia) (Oviedo?, ca. 848.- Zamora, 910).

Karguak eta lanbideak

Asturiasko erregea. Kronikaria

Ibilbidea

Ordoño I.aren eta Muniaren semea izan zen. 853ean tronuari lotuta gelditu bazen ere, 866. urtearen bukaera arte ez zuen errege-koroatzerik izan, Fruela Bermudez tiranoaren usurpazioak eragotzita. Arabarrak 867 edo 868 inguruan matxinatu ziren, baina Gaztelako Errodrigo kondeak zapaldu egin zituen; Alfontso III.aren osabak, hain zuzen. Errodrigok matxinada-burua (Egilon) preso hartu eta Oviedora bidali zuen, eta arabarra hantxe hil zen giltzapean. Baskoien aurkako borrokak, antza denez, garrantzitsuak izan ziren, Crónica Albeldense idazkian esaten baita erregeak bi aldiz zapaldu eta umiliatu zuela bere armadarekin «baskoien basakeria». Urte haietan, Kordobako agintarien razziek ere gogor jo zituzten Arabako eta Gaztelako bazterrak (867), bai eta Leóngoak ere (868), azken hori Alfontso III.aren tropek geldiarazi zuten arren. 869an, erregea Ximenarekin ezkondu zen, hots, Gartzea Ximenez iruindar handikiaren alabarekin (869), eta bederatzi seme-alaba izan zituzten: Gartzea, Ordoño, Fruela, Ramiro, Gonzalo, Bermudo, Santxa eta izen ezezaguneko beste bi alaba. Ximenarekin ezkondu izanak musulmanen aurkako aliantza kristaua indartu zuen; Banukasitarren familia muladi garrantzitsuaren kontra, zehazki. Aliantza hura funtsezkoa baitzen Ebro ibaiaren erdialdeko indarren arteko orekari eusteko. Ezkontzaren ondorioz, halaber, baskoien eraginpean kokaturiko Araba eta Bizkaiko lurrak Oviedoko erregearen eraginpean gelditu ziren. Handik gutxira, Arabako konderria Bela Ximenez kondearen agindupean geratu zen. Bela iruindar noblea zen eta Asturiasko erregearen basailua.

Alfontso III.a Asturiasko erregearen azken urteetan, erresumaren lurrak oso nabarmen hedatu ziren musulmanen bizkar, noraino eta Coimbra (878), Sahagún (880), Zamora (893), Burgos (884), Dueñas (899), Simancas eta Tororaino (890), hain zuzen. Gogotik ahalegindu zen, halaber, konkistaturiko lurralde zabalak berrantolatzen eta jendeztatzen. Zamoran hil zen, 910eko abenduaren 20an. Gorpuzkiak Astorgara eraman zituzten arren, 986an Oviedoko Andre Mariaren elizako errege-erreginen panteoian ehortzi zuten betiko.

Alfontso III.aren kronika deritzon kronikaren egilea da, ix. mendearen bukaeran idatzia. Alfontso I.a asturiar printzeak (739-757) Islamaren kontra egindako balentrien berri ematen du. Zehazki, 750. urtearen inguruan, Alfontso I.ak,

«bere anaia Fruelarekin batera, gerra anitz egin zituen sarrazenoen aurka, eta haiek lehenago zapaldutako hiri asko hartu zituen, hau da, Lugo, Tuy, Oporto, Braga Metropolitanoa, Viseo, Chaves, Agata, Ledesma, Salamanca, Zamora, Ávila, Segovia, Astorga, León, Saldaña, Mave, Amaya, Simancas, Oka, Beleia Arabakoa, Miranda, Revenga, Carbonárica, Abeica, Briones, Cenicero, Alesanco, Osma, Clunia, Arganza, Sepulveda, eta horiez landa, gazteluak eta haien hiribildu eta herrixka oro ere bai; eta aipatu hiriak okupatzen zituzten arabiar orori heriotza emanik, kristauak berarekin eraman zituen aberrira.

Garai hartan, Primorias, Liébana, Trasmiera, Sopuerta, Karrantza, Barduliak (orain Gaztela deritzenak) eta Galiziako itsasaldea jendeztatu ziren; zeren, egiaztatua baitago Araba, Alaone eta Urduña beti egon zirela beren biztanleen agintepean, Iruñea, Deio eta Berrotza bezala».

Testuaren arabera, Arabako lurrek eta Arabak Bizkaian zituen barruti txikiek, hau da, Alaonek(Aiara, agian) eta Urduñak, aurreko biztanleen jabetzapean jarraitu zuten. Bada, terrasa suis [incolis] reperitur semper esse possessas esaldian barnebildutako lur haien artean Iruñeko, Deioko eta Berrotzako lurraldeak ere bazeuden. Testu horrekin bat, historiografiak esan du musulmanen inbasioak ez zituela aldatu lurralde kristau haietako egitura sozioekonomikoak eta juridikoak. Araba eta barruti txiki posible horiek, beraz, Kantabria-Asturiasko printzerri hasiberriaren ekintzaren eraginpean zeuden. Gisakorik ez zen gertatzen, ordea, Iruñeko eskualde mugakidean, Deion eta Berrotzan.

Alfontso II.aren erregealdiari dagokionez, Alfontso III.aren kronikaidazkiak esaten du errege gazte horrek Mauregato usurpatzailearengandik (AlfontsoI.aren seme bastarta) ihesi joan behar izan zuela 783an, amaren ––Munia andrearen–– familiako kideen artean babesteko.

Obrak

Crónica de Alfonso III. Versión rotense, ca. 884; versión ad Sebastianum, 884-914, VIII. kap., 14, 1 (884). Argitalpena: Gil Fernández, J. (sarrera eta argit. kritikoa), Crónicas asturianas, Oviedo: Universidad de Oviedo, 1985. Gaztelaniazko itzulpenak: Moralejo, J. L. (itz. eta oharrak), Crónicas asturianas, Oviedo: Universidad de Oviedo, 1985, 395.-396. or.

Bibliografia

Besga Marroquín, A., Orígenes hispano-godos del reino de Asturias, Oviedo: Real Instituto de Estudios Asturianos, 2000.

Deswarte, Th., De la destruction à la restauration. L’idéologie du royaume d’Oviedo-Léon (viii-xi siècles), Turnhout: Brepols, 2003.

Jimeno Aranguren, R., Terras a suis reperitur semper esse possessas. La Iglesia en Tierra Estella en la Edad Media, Iruñea: Lamiñarra, 2007.

Martín Duque, A. J., «Del espejo ajeno a la memoria propia», Martín Duque. A. J. (zuz.), in Signos de identidad histórica para Navarra, Iruñea: Nafarroako Aurrezki Kutxa, 1. libk., 1996, 21.-50. or.

— «El Reino de Pamplona», in Historia de España Menéndez Pidal, Madril: Espasa Calpe, VII-2. libk., 1999, 39.-266. or.

Ruiz de la Peña Solar, J. I., La monarquía asturiana, Oviedo: Nobel, 2001.

— «Alfonso III», Diccionario Biográfico Español, Madrid: Real Academia de la Historia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/6360/alfonso-iii (2018ko abuztuaren 30ean egindako kontsulta).

Aipamen bibliografikoa

Jimeno Aranguren, R., “Alfontso III”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 158-160.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP