Karguak eta lanbideak
Jesuita eta Nafarroako erresumaren kronista
Ibilbidea
Vianan sortu zen Francisco Aleson, xvi. mendearen hasieratik han finkatutako familia batean. Nerabezaroan Jesusen Konpainiaren Anuntziatuaren Ikastetxean ikasi zuen. Jesuiten ohiko heziketa izan zuen, eta ziurrenik aita Jose Moreten esku-hartzea erabakigarria izanen zen. Aleson materia humanistikoetan ahalegindu zen, 1688an Societas Iesu delakoan profesatu zuen arte. Urte hartan bertan, aipatutako aita Moret aurreko urtean hil zenez, Erresumako Diputazioak Aleson proposatu zuen hark hutsik utzitako kronista-kargua betetzeko. Elite nafarrak haren izendapena babestu bazuen ere, Tirso Gonzalez de Santalla preposito orokorra eta Inozentzio XI.a aita santua haren aurka agertzeak karguaren onarpena atzeratu zuen. Haren apaizgoa eta kronistaren kargua teorian bateraezinak izatea gainditu nahian, Cogolludoko markesari eskatu zitzaion bitartekari lanak egitea, Espainiaren enbaxadorea baitzen Erroman, baina 1689ra arte esperatu beharko zuen Alesonek erresumaren kronista kargua hartu arte.
Erresumaren kronista-kargua urtean 150 dukatez hornituta zegoen eta Vianako jesuitak biziartean bete zuen ordezkaritza politiko altua, hasieran haren lana, hein batean, haren aurreko aita Moreten ospeak itzali bazuen ere. Hortaz, haren hasierako lana gehiago izan zen lehendik egindako lanak argitara ematea, sortzea baino, inprentara eraman baitzuen Moretek egindako Annales lanaren bigarren tomoa (1695), behin betiko zirriborro eran iritsi zitzaiona. Liburuki horrekin batera, Diputazioaren eskutik jaso zuen Alesonek sail hartako hirugarren liburukia osatuko zuten paper solteak, eta haiei erantsi zitzaizkien hainbat iruzkin eta ohar. Era horretan zabaldu zen erresumaren lehengoratzearen inguruan eta Évreux etxearen inguruan aita Jose Moretek egindako azken lanak argitaratzeko aukera.
Bere kronista-lana etenda ikusi zuen Alesonek, Jesusen Konpainiaren barneko arduretan etengabe gora egiten ari zelako. Soria, Segovia eta Donostiako etxe eta ikastetxeak kudeatu ondoren, Loiolako errektore eta ondoren Iruñeko errektore izendatu zuten, Gaztelako probintzialorde-kargura (1695) eta Valladolid eta Salamancako Ikastetxe garrantzitsuetako kudeatzaile-kargura iritsi aurretik. Halako cursus honorum bat ez zen oharkabean igaro Erresumako diputatuen begietara, eta Luis Francisco Benavides erregeorde eta Solerako markesaren aurrean salatu zuten Aleson —Filipe IV.a Borboikoak tronua hartzen zuen une berean— kronista karguari zegozkion betekizunak betetzen ez zituelakoan. Diputazioak erabaki zuen kronistaren soldata lau urtez bahitzea, baina erregeordetzaren eta Gaztelako Ganberaren mesedeak bere ordainak itzuli zizkion jesuitari.
Nafarroako kroniken zikloaren etenaldia 1704an amaitu zen, Anales lanaren hirugarren tomoa agertu zenean, ordurako argi zegoela Francisco Alesonek lan horretan izan zuen esku-hartzea. Moretek sailkatutako materialez gain, kronika espainiar nahiz frantsesak, erresuma, eliza nahiz udaletxeetako artxiboetan (Simancas, Iruñea, Zangoza, Viana, Leire, Olite) kontsulta zuzena eginez, eta Gaztela nahiz Nafarroako partikularrek eskainitako materialak aztertuta, Vianakoak erresuma piriniarreko gertakarien narrazioa osatu zuen, xiv. mendearen erdialdetik hasi eta Karlos V.a enperadorearen erregealdiaren hasiera arte. Espainiako Ondorengotza Gerraren erasoak gorabehera, kroniken zikloko laugarren eta bosgarren tomoak inprimategira eramatea lortu zuen Alesonek (1709 eta 1715). Aldi horren azterketa eginik, Behe Erdi Aroko Nafarroa konfiguratu zuten gertakarien eta, zehatzago, Gaztelak 1512an egindako konkistaren ikuspegi berritua eskaini zien Francisco Alesonek Ilustrazioa eta Liberalismoa gogoko zituzten jakintsuei. Alfredo Floristán Imízcozek gogorarazten duenez, jesuitaren ikuspegia nagusi izan zen bi mendez, erresuma independente izatetik Habsburgoko monarkia plurinazionalean integratzera egindako trantsizioaren interpretazioari dagokionez, eta betiere Alesonek bere kontakizunetan unean unekoari buruz agertzen zuen kezka antzematen delarik. Filipe V.a Borboikoaren zerbitzari leiala izanik, haren iritziz, dinastia frantziarra Madrilgo tronuan, eta beraz Iruñekoan finkatu izana, Gaztelaren anexioa eta Borboiko monarkian integratzea legitimatuko zituen ziklo baten itxiera besterik ez ziren.
Aita Francisco Aleson Logroñon hil zen, 1715eko urrian, Anales de Navarra lanaren bosgarren liburukia Vianako Francisco Picarten inprimategitik atera eta denbora eskasera. Azken lan hori egiten zuen aldi berean, Filipe IV.aren alde Jacinto Aranazek egindako laudoriozko testua onartzeko eta zentsuratzeko lanean aritu zen, eta beste hainbat lan idazten, adibidez Francisco Elorza Rada Nafarroako noblearen heraldika lana, Filipe IV. aren heriotzaren ondorengo testuak, eta nonbait galdu zen Grammatica græco-hispana izeneko lana, Salamancan argitaratua (1697).
Obrak
Elogios fúnebres al rey nuestro señor Felipe IV el Grande, en siete lenguas, griego, latín, castellano, portugués, toscano, francés y vascuence, con la traducción de las menos comunes, in Aguirre Álava, J. (arg.), Honores fúnebres que hizo el Real Consejo de Navarra a la piadosa memoria del rey Philippo IV, Iruñea: Gaspar Martínez, 1666, 40.-54. or.
Tomo segundo de los Annales del reyno de Navarra, compuesto por el R. R. M. Joseph de Moret. Obra pósthuma, dispuesta en otra forma por el P. Francisco de Alesón, ambos de la Compañía de Jesús, y chronistas del mismo reyno, Iruñea: Bernardo Huarte, impressor de la muy noble y muy leal provincia de Guypuzcoa, 1695.
Grammatica græco-hispana, Salamanca: s. i., 1697 (ustez).
Tomo tercero de los Anales de Navarra. Obra pósthuma y última del padre Joseph de Moret, con scholios y adiciones al fin del padre Francisco de Alesón, ambos de la Compañía de Jesús y chronistas del mismo reyno, Iruñea: en la imprenta del ilustríssimo Reyno, 1704.
Tomo quarto de los Annales de Navarra, o primero de su segunda parte. Compuesto por el padre Francisco de Alesón, de la Compañía de Jesús, Iruñea: Francisco Picart, impressor y librero, 1709.
Aprobación, en Aranaz, J. de, OC, El señor Phelipe V es el rey de las Españas verdadero, dado por la mano de Dios, Iruñea: Francisco Antonio de Neyra, impressor del Reyno de Navarra, 1711.
Censura, in Elorza y Rada, F. de, Nobiliario de el valle de la Valdorba, Iruñea: por Francisco Antonio de Neyra, impressor del Reyno, 1714.
Tomo quinto de los Annales de Navarra, o segundo de su segunda parte. Compuesto por el padre Francisco de Alesón, de la Compañía de Jesús, Viana: Francisco Picart, impressor, 1715.
Moreten Anales del reino de Navarra lanaren berrargitalpen bateratuak, Iruñea, 1757 eta 1766; Tolosa: Establecimiento Tipográfico y Casa Editorial de Eusebio López, 1890-1892; Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1988.
Bibliografia
Altadill, J., Biografía y obras del P. Joseph de Morete, cronista de Navarra, Iruñea: Imprenta y librería de Joaquín Lorda, 1887.
Castro Álava, J. R., Historiografía: los cronistas Moret y Alesón, Iruñea: Nafarroako Foru Diputazioa, 1971.
Floristán Imízcoz, A., «Examen de la conquista castellana. La introspección de los cronistas navarros (siglos xvi–xviii)», in Príncipe de Viana, 61 (2000), 79.-134. or.
— Sarrera «Alesón, Francisco», Diccionario Biográfico Español, II. libk., Madrid: Real Academia de la Historia, 2010.
— El reino de Navarra y la conformación política de España (1512-1841), Madrid: Akal, 2014.
Pérez Goyena, A., SI, «El segundo cronista de Navarra, P. Francisco Alesón», in Príncipe de Viana, 4 (1944), 43.-65. or.
Quirós Rosado, R., «Ley Sálica. Historiografía y crítica antifrancesa en la Navarra de Carlos II de Austria», in Bravo Lozano, C., eta Quirós Rosado, R. (argk.), La corte de los chapines. Mujer y sociedad política en la Monarquía de España, 1649-1714, Milan: EDUCatt, 2018, 97.-117. or.
Simón Díaz, J., Bibliografía de la Literatura Hispánica, V. libk. Madrid: CSIC-Instituto Miguel de Cervantes, 1973.
Aipamen bibliografikoa
Quirós Rosado, R., “Aleson, Francisco”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 551-553.





