Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Nafarroako egileak eta obrak

ALBIZU SAINZ DE MURIETA, Juan (Gorozin, Nafarroa, 1876ko maiatzak 16 – Iruñea, 1955).

Karguak eta lanbideak

Apaiza eta historialaria

Ibilbidea

Florencio Albizu Etayoren eta Celestina Maria Sainz de Murieta Arrietaren semea izan zen, eta lau anai-arreba izan zituen: Luis, Veremundo, Francisco eta Rosa. 1888 eta 1899 bitartean Iruñeko apaizgaitegian formatu ondoren, Zaragozako unibertsitatean egin zituen ikasketak, bertan teologian lizentziatu zen, ondoren, doktore-gradua lortu zuen Erroman.

1910eko hamarkadan, Erriberriko parrokoa izan zen, 1920an Iruñeko San Saturnino parrokiara eraman zuten arte, eta bertako buru izan zen hil arte.

Predikazio eta erruki-lan ugari idatzi zituen, eta horietako batzuek arrakasta handia izan zuten argitalpenetan; esate baterako, Catecismo de adultos, 1914an bi liburukitan argitaratua, eta bost edizio lortu zituena, eta baita seigarrena ere 702 orrialdeko liburu bakarrean; bere Sermones parroquiales (1915), 800 orrialde ingurukoa, eta bost argitalpen izan zituena; eta Homilías parroquiales (1918), bi liburukitan, lau edizio izan zituena. Gai horiei buruzko artikuluak Bartzelonako La Hormiga de Oro eta Anuario Eclesiástico aldizkarietan eta El Progreso Navarro aldizkari sozialean argitaratu ziren.

Lehenengo pastoraltzan, historialari bokazioari bide eman zion, eta, hasieran, Erriberriko San Pedro parrokiaren historia aztertu zuen (1914). Ondoren, monografia bat egin zuen, herri horretako (1915) herriaren alderdi desberdinei buruzkoa. Lan honen kapituluak liburuxka moduan azaldu ziren aurretik El Olitense egunkarian. Apuntes de Olite horiek ixteko «Historiak iragana ikertzen du, orainaldia azaltzen du eta etorkizuna iragartzen du» amaiera eman zion. Handik urte batzuetara, Inventario del Archivo y fundación, reglamento y catálogo de la Biblioteca de la Parroquia de San Pedro egin zuen, eta liburuxka moduan argitaratu zuen (1919).

Iruñera joan eta, urteen poderioz, hiriko garaiko historialaririk garrantzitsuena bilakatu zen. San Saturnino parrokiaren eta burguaren historia izan ziren bere lanaren ardatza, eta haren ikerketek, bi liburutan jasoak (1930 eta 1945), ordura arte ezezaguna zen dokumentazio aberats eta interesgarria atera zuten. Parrokiako dokumentu-funtsak Catálogo general oso batean eman zituen ezagutzera (1925, 1950ean berrarg.). Albizuk, hitzaurrean, dokumentazio horrek tenpluak historian zehar izan zituen gorabeherak ezagutzeko aukera ematen zuela adierazi zuen; izan ere, jatorrizko kontu-liburuetan jasotako konponketen kostua, ondasun higigarriak eta higiezinak, gotzainek egindako bisitak, eliztarren kopurua eta identitatea, kofradiak, fundazio elizkoiak, mezak, ermandadeak eta baita eskubide, kargu, errolda, ohore eta auzi guztiak azaldu zituen. Era berean, eta izaera pietista eta moralizatzaile ukaezinarekin, zera ohartarazten zuen: «partida-liburuak elkarren artean eta matrikula-liburuarekin konparatuz, eta bataioak eta heriotzak alde batera utzita, erraz antzeman daiteke legez kanpoko jaiotzarik izan ote zen eta zein proportziotan; gurasoek beren seme-alabak garaiz bataiatzen ote zituzten; gaixoek gero apaizari deitzen ote zioten; eta antzeko beste datu batzuk. Datu hauek barometro eta termometro modukoak dira, herrien giro moral eta erlijiosoa ezagutzeko, eta errukitasuna eta moraltasunaren aurreratzea edo atzeratzea zehazteko».

San Saturnino burgotik atera gabe, Pellejeria auzo historikoari buruzko azterlan nabarmena egin zuen. Iruñeko Udalak 1926an saritu zuen arren, 1945era arte ez zuen argitaratu, Príncipe de Viana aldizkarian idatzitako artikulu luze batean. Aldizkari honek bere «Antecedentes históricos de la santa iglesia catedral, de la imagen de Santa María, y del palacio episcopal de Pamplona» lana ere jaso zuen (1947).

Obrak

La Santa Misa: su importancia y valor. Modos de asistir a ella debidamente, Barcelona: Eugenio Subiranaren inp., 1912.

Historia ilustrada y documentada de la parroquia de San Pedro de la ciudad de Olite, Iruñea: Huarte y Coronas argitaletxea, 1914.

Catecismo de adultos. Prácticas doctrinales, Iruñea: Inp. Diocesana, 1914, 2 liburuki; 2. ed. moldatua Catecismo de adultos. Prácticas doctrinales basadas en los Catecismos del Concilio Tridentino izenburuarekin, Iruñea: Inp. Diocesana, 1915; 3. ed. moldatua, Barcelona: La Hormiga de Oro inp., 1918; 5. ed. moldatua, Barcelona: La Hormiga de Oro, 1933; 6. ed. liburuki bakarrean, Iruñea: Aramburu, 1950.

Apuntes históricos de la ciudad de Olite, Iruñea: Huarte y Coronas argitaletxea, 1915.

Sermones parroquiales. Panegíricos variados para cada una de las fiestas de precepto y sermones morales de algunas circunstancias especiales en que el párroco tiene que predicar a sus feligreses, Tafalla: Valero Albénizen inp. lib. eta entz., 1915; 4. ed., Barcelona: La Hormiga de Oro, 1936; 5. arg., Iruñea: Aramburu, 1951.

Homilías parroquiales varias y distintas sobre cada uno de los Evangelios de todos los domingos del año, Iruñea: «La acción social» inp. lib., 1918, 2 liburuki.; 2. ed., Iruñea: Inp. Diocesana 1922; 3. ed., Iruñea: Inp. Diocesana, 1928; 4. ed., Iruñea: Inp. Diocesana, 1941.

Inventario del Archivo y fundación, reglamento y catálogo de la Biblioteca de la Parroquia de San Pedro de Olite (Navarra), Barcelona: La Hormiga de Oro inp., 1919.

Archivos y bibliotecas parroquiales, Tafalla: Domingo Albéniz, 1920.

La Virgen del Camino. Historia breve de su aparición y culto en Pamplona. Oraciones para rezar en su octava, novena y visita diaria, Iruñea: Viuda de N. Aramburu, 1924.

San Cernin. Reseña histórico-artística de la iglesia parroquial de San Saturnino de Pamplona, Iruñea: Aramburu, 1930.

«El barrio de las pellejerías», PV, 6. liburukia, 21. (1945), 647-686. or.

Relación de los párrocos de San Saturnino de Pamplona y notas históricas referentes a su feligresía, Iruñea: Gráficas Vasconia, 1945.

Oraciones y novena a la santísima Virgen del Camino que se venera en Pamplona, Iruñea: Aramburu, 1946.

«Antecedentes históricos de la santa iglesia catedral, de la imagen de Santa María, y del palacio episcopal de Pamplona», PV, 8. liburukia, 29 (1947), 527-574. or.

Catálogo general del Archivo de la parroquia de San Saturnino de Pamplona, Iruñea: Aramburu, 1925; 2. ed. Iruñea: Aramburu, 1950.

Novena a la Santísima Virgen de Mendigaña precedida de una breve reseña histórica de su culto y basílica, Ollobarren (Nafarroa): Wilsen, 1998.

Bibliografia

AUÑAMENDI, «Albizu y Sainz de Murieta, Juan», Auñamendi Euskal Entziklopedia. Online arg.: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/es/albizu-y-sainz-de-murieta-juan/ar-8179/ (2020ko urriak 5).

GRAN ENCICLOPEDIA DE NAVARRA, «Albizu y Sainz de Murieta, Juan», Gran Enciclopedia de Navarra. Online arg.: http://www.enciclopedianavarra.com/?page_id=2676 (2020ko urriak 5).

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP