Karguak eta lanbideak
Entziklopedista eta historialaria
Ibilbidea
Al-Nuwayrī Egipton bizi izan zen, eta, seguru asko, haren lan entziklopedikoan jasotako albisteen argitan, Goi Egipton, 698./1298. urtea baino lehen. Ez dago haren biografiari buruzko daturik, eta horrek zaildu egiten du egilearen datu pertsonal eta profesionalen jarraipena egitea. Kairora deitu zuten dīwān al-jaṣṣadministrazioko kide izateko, eta jakina da madrasa al-Nāṣiriyya eskolan bizi izan zela. Zuzentasunak eta heziera onak eman zioten ospea, eta, madrasako langile zen aldetik, fundazio jainkozaleen ondasunen ardura zeukan sultanaren tutoreak wakf-aren administrazioan eginiko praxi kaskarra kritikatu zuen.
Sirian barna bidaiatu zuen 701./1301. urtean, sultanak eskatuta, dīwān al-jaṣṣedo Estatuaren jabetzak administratzeko. Mongolen aurkako borrokan parte hartu zuen 702./1303. urtean. Sirian zeharreko bidaian, hainbat hiri deskribatu zituen; Damasko, adibidez, eta bi urte eta lau hilabeteko egonaldia egin zuen han. 703. urteko ramaḍān hilabetean/1303ko apirilean, Kairora itzulirik, hainbat ardura-kargu bete zituen Estatuko finantzetan, eta beti egin zuen lan haren zerbitzura. 710./1310. urtean, dīwān al-jaṣṣ administrazioaren buru (ṣāḥib) zela,Ṣafar hirian (Tripoli) bete zuen kargua, eta han finkatu zuen bizilekua 712./1312. urtera arte, finantzen eremu berean beste ardura batzuk bere gain hartuta. Urte horretan, Damaskotik barna Kairora itzuli zen, baina idatzita utzi zituen kontakizunen anbiguotasuna dela eta, ez dago jakiterik zergatik utzi zituen kargu eta zeregin horiek. Egipton, Niloren deltako bi probintzietako naẓir al- dīwān izendatu zuten, eta beste zenbait ardura ere hartu zituen bere gain. Ez dago daturik kargu horiek noiz arte bete zituen jakiteko, baina bizitzaren une batean, bere interesei heldu zien, administrazioaren zerbitzua utzita. 698./1299. urte inguruan eta 716./1316ra arte, bizitza publikoa alde batera utzi eta adab-ari eta bere entziklopedia idazteari ekin zion bete-betean.
Berrogeita hamasei urterekin hil zen, 31 liburukitan 9.000 orrialde baino gehiago idatzita. Obra bost funūn edo zatitan banaturik dago, eta zati bakoitza, aldi berean, hainbat abwāb edo kapitulutan (bi eta hamalau artean). Testua unibertsoaren deskribapenarekin hasten da eta Egiptorenarekin bukatzen. Nabarmentzekoa da bereziki Profetaren eta hedapen arabiarraren historia. Erreferentziazko obra da, albisteen bilketa modu kualitatiboan egina baita. Obraren oinarrian Al-Waṭwāt geografoak (718an/1318an hila), haren aurrekoak, eginiko lana dago, hala egiturari nola edukiari dagokienez; hain zuzen, Al-Nuwayrīk berariaz aipatzen du bere aurrendaria entziklopedian.
Maisu izan zituen, besteak beste, ‘Abd al-Mu’min al-Dimyatī, de Ibn Daqīq al ‘Īd, ḥadiṯ-ean espezialista eta Ibn Ḫamā’a kadia; orobat, haren biografoek Zaynab bint Yaḥyā b. ‘Abd al-Salām ere aipatzen dute. Interes berezia izan zuen beti ḥadiṯ-aren jakintza eskuratzeko eta irakasteko, eta al-Buḥārī-ren Ṣaḥīḥtradizioen transmisioan ere nabarmendu zen.
Bere obran, musulmanek Arabako lurretan eginiko barneraldien eta Banū Qasī kristauen aliatuen aurkako borroken berri ematen du (187/803-804, 228-9/843-844). Aurrez, 178./794-795. urteen inguruan, Hiŝamek espedizio bat bidali zuen Arabako eta Gaztelako lurretara eta hainbat liskar sortu ondoren, onik itzultzea lortu zuen. 208ko yumada II hilabetean-824ko martxoa-apirilean, musulmanen beste espedizio batek Arabako hainbat lur eta hiribildu suntsitu eta erre zituen, hango gazteluak konkistatu zituen, eta herritarrak zergak ordaintzera eta bahitu musulmanak askatzera behartu zituen. 235./849.-850. urtean, Abd ar Rahmanek al-Mundir semea bidali zuen Arabako eta Gaztelako lurretara kristauen aurka borrokatzera. Halaber, normandiarrek Al Andalusen aurka eginiko erasoen berri ematen du, eta 245./859.-60. urtean Iruñeraino sarturik, Gartzea Enekoez preso hartu zutela, eta 90.000 urrezko pieza ordaindu behar izan zituela aske geratzeko. Urtebete geroago (246/860-861), Muḥammaden gudaroste izugarriek Iruñea alderako bidea hartu zuten, eta han azpiratu eta umiliatu egin zituzten bertako biztanleak, garaitu haien aldekoak, preso hartu zuten Orti I.a Gartzez, eta Kordoban giltzapetu zuten, hogei urterako. 249./863-864. urtean Muḥammadek armada bidali zuen, semea buru, Arabako eta Gaztelako lurretara, kristauen [frankoak] lurretara, eta hango ondasunak arpilatu eta gaztelu gotorrak konkistatu zituen. 251ko yumada II hilabetean/865eko uztailean, Muḥammadek al-Maliha hartu zuen mendean, Araban eta Gaztelan Rodrigoren plaza indartsuetako bat. 268/881-882an, al-Mundir Arabako lurretara heldu zen, Borja, Lleida eta Zerretanian hainbat eraso egin ondoren. Arabatik Gaztelara jo zuen, eta hainbat gotorleku konkistatu zituen han. Boterean haren aurrekoa izan zen Abd ar Rahman Sanchuelori buruzko datuak ere ematen ditu: Lokatzetako Kanpaina, Toledora iritsi zenekoa eta bizitzaren hondarreko urteak Kordoban.
Obrak
Nihāyat al-arab fī funūn al-adab, Aḥmad Zakī Pacha (arg.), Kairo, 1923. Berrarg. protostatikoa, Kairo, 1963, 18 libk.
En-Nuguari, Historia de España y África. Arabierazko testua eta gaztelaniazko itzulpena, Historiaren Errege Akademiako eskuizkribu batean oinarrituta eta beste testu batzuekin alderatuta. Egilea: M. Gaspar Remiro, Lehen zatia, Historia de la dinastía Omeya en las ciudades de España, Granada, 1917-1919, 2
Bibliografia
Chaputot Remadi, M., «Al-Nuwayrī», EI2, Leiden: E. J. Brill, 1995, VIII. libk., 155.-160. or.
Muhanna, E. I., Al-Nuwayrī and the Islamic Enciclopedic tradition, Princenton; Oxford: Princenton University Press, 2017.
— «Encyclopaedism in the Mamluk. Period: The Composition of Shihāb al-Dīn al-Nuwayrī’s (D. 1333) Nihāyat al-Arab fī Funūn al-Adab», Doctoral dissertation, Harvard University, 2012. Eskueran dago hemen: https://dash.harvard.edu/handle/1/9366551 (2018ko irailaren 30ean eginiko kontsulta).
Pérez de Laborda, A., Guía para la Historia del País vasco hasta el siglo ix. Fuentes, textos, glosas e índices, Donostia: Txertoa, 1996, 354.-362. or.
Aipamen bibliografikoa
Martínez Almira, Mª. M. “Al-Nuwayri“, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 297-298.





