Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EGILE ETA OBRA MUSULMANAK

AL-BAKRĪ, Abū ‘Ubayd. Abū ‘Ubayd ‘Abd Allāh b. [Abī Muṣ’ab] ‘Abd al-‘Azīz b. [Abī Zayd] Muḥammad b. Ayyūb b. ‘Amr [b. Muḥammad b. Ayyūb] al-Bakrī. Ez dago daturik noiz jaio zen eta jatorriz Salteskoa ote zen jakiteko; Kordoban hil zen 487. urteko šaw

Karguak eta lanbideak

Eruditua, literatoa, hiztegigilea, filologoa, teologoa, botanikoa eta geografoa

Ibilbidea

Al-Bakrī Al Andaluseko geografo garrantzitsuenetako bat izan zen, adituen arabera. Arabiar jatorriko familia noble bateko kidea zen, Bakr b. Wa’il Huelvako taifako gobernadorearen leinukoa. Aita, Huelvan eta Saltés (Šalṭīs) uhartean izan zen gobernadore, birraitona kalifen Kordoban apelazio batzuk ebazteaz arduratu zen, eta kadia izan zen Niebla hirian. Anaietako bat Almanzorren mandatari izan zen konde eta errege kristauekin bakea sinatzeko, eta, horrez gain, bisirra eta kadia ere izan zen. al-Bakrī bera, berriz, genealogien eta albiste historikoen gainean zuen jakintzagatik nabarmendu zen; bibliofiloa izateaz gain, sendagaietan eta beste zientzia batzuetan ere jantzia zen.

Abū Marwān Ibn Hayyān, Abū Bakr al-Muṣhafī eta Abū ‘Umar Ibn ‘Abd al-Barr izan zituen maisu. Sevillarrek Banū l-Bakrī leinuaren erresuma hartzean, jazarpenaren ondorioak jasan zituen, eta Kordoban babestu behar izan zuen aitarekin batera. Ondoren, aita Sevillara joan zen, eta bera Almeriara, al-Mu’taṣimek gonbidatuta. Uste da han bizi izan zela 70eko hamarkadara arte, urte haietan Sevillara joan baitzen al-Mu’taṣimek bidalitako ordezkaritza batekin, gorteko ofizialekin batera. 483./1090-1091. urtean berriro Kordoban zen, eta han hil zen lau urte geroago. Ez zuen Iberiar penintsulatik kanpora bidaiatu, eta, horregatik idatzizko iturrietan oinarritu zuen bere obra. Hain zuzen, Al Andalusen kasuan Aḥmad al-Rāzī aipatzen du, zuzenean edo bere maisuaren bidez.

Almerian, Abū l-‘Abbā al-‘Uḏrī geografoarekin egin zituen ikasketak. Haren dizipuluen artean, honako hauek nabarmentzen dira: Abū ‘Abd Allāh Muḥammad b. ‘Abd al-Raḥmān al-Qurašī eta Abū Bakr Muḥammad b. ‘Abd al-Malik b. ‘Abd al-‘Azīz al-Lajmī. Bere ezaguerak transmititu zizkien hainbat egileri, besteak beste Ibn Jayrri. Eta nabarmentzekoa da, halaber, Abū ‘Ubayd ‘Abd Allāh b. Muḥammad b. Abī ‘Ubayd ‘Abd Allāh b. Muḥammad b. Abī ‘Ubayd ‘Abd Allāh b. ‘Abd al-‘Azīz b. Muḥammad b. Ayyūb b. ‘Amr al-Bakrī bilobak jasotako oinordetza. Kordoban jaio zen biloba 507/1134an eta han hil zen, 581/31ko ŷumādà I hilean (1185eko uztaila-abuztuaren 29a); aitonaren izen bera hartu zuen.

Profezia eta esaera zaharrei eta izenen eratorpenari buruzko hainbat lan egin zituen; hala ere, bere lanik esanguratsuena eta eragin handienekoa geografia-tratatu bat da: Kitāb al-Masālik wa l-mamālik edo Libro de los caminos y los reinos. Lan hori Almeriako egonaldian idatzi zuen, seguru asko 460./1067.-1068. urte inguruan. Tratatuaren zati bat baino ez da gorde; aurkibiderik eta egiturarik ez da ezagutzen. Gorde diren pasarteen artean, munduaren zabalerari buruzkoak, munduaren sorrerari eta antzinako arabiarren sinesmen erlijiosoei buruzkoak eta herrietako eraikin erlijiosoei buruzkoak ageri dira, baita ibai, itsaso eta uharteen deskribapenak ere. Ondoren, testua zazpi klimatan (iqlim) banatzen du, India eta Txinatik hasi eta Mendebalderantz. Liburuaren azken zatian, Mendebaldeko Europaren deskribapena egiten du, eta horren barnean, Al Andalusen deskribapen orokorra. Nahiz eta labur izan, izen hauek aipatzen ditu: Iberia (Ibāriya), Bética (Bāṭiqa), Hispania (Išbāniya) eta Al Andalus. Sei zatitan banatzen du, Konstantinoren banaketaren arabera, eta eskualde nagusi hauek aipatzen ditu: Narbona eskualdea, Galizia ingurua, Tarragona eta Zaragoza ingurua, Toledoko eskualdea, Mérida ingurua eta Sevilla ingurua. Hiriak, berriz, beste hauek: Kordoba, Sevilla, Algeciras, Mérida, Badajoz, Toledo, Talavera, Tutera, Barbastro eta Bartzelona. Azkenik, Galizia, frankoen eskualdea eta bretoiak aipatzen ditu. Tuterari (Tuṭīla) buruz eskaintzen duen informazioan azaltzen du 400/1009-1010 inguruan emakume bizardun bat izan zela, eta «haren baldintzari zegozkion lanak» egiten zituela, bidaiatzeko inolako mugarik gabe; bertako kadia ohartarazita, emakume jakintsuen ikuskapena egitera behartu zuten, sexua zehazteko. Une horretatik aurrera, bizarra egitera eta emakumeak bezala janztera behartu zuten, eta bidaiatzea galarazi zioten ez bazen familiako gizonen bat ondoan zuela. Baskoiei buruz dio Galiziarekin batera —izendapen horretan sartzen du Gaztela— bazela al-Baŝḳuns izeneko eskualde zabal bat.

Haren obra gerozko beste batzuk osatzeko erabili zuten; adibidez, Kitāb al-Istibṣār edo Libro del discernimiento. Lan horretan erreferentzia eta albiste historikoak eta albiste miragarriak (‘aŷā’ib) jasotzen dira, al’Uḏrī maisuaren aginduei eta irakaspenei jarraituz.

Obrak

Lan poetiko eta filologikoez gain, eduki historikoa eta geografikoa duten lanak nabarmentzen dira:

Kitāb al-A’lām al-nubūwa edo libro de las señales de la profecía.

Kitāb Faṣl al-maqāl fīšarḥ Kitāb al-amṯāl edo Libro del decisivo. Comentario de El libro de los proverbios. Iḥsān ‘Abbās al-Maŷīd al-‘Ābidīn (arg.), Beirut, 1971.

Kitāb al-Nabāt edo Libro de las plantas.

Kitāb al-Masālik wa l-mamālik, Ŷamāl Ṭalaba (arg.), Beirut: Dār al-Kutub al’Ilmīya, 2003. 2 libk.

Kitāb al-Masālik wa l-mamālik, Van Leuwen, A. P., eta Ferre, A. (argk.), Tunisia, 1992, 2 libk.

Ištiqāq al-asmā’ edo La derivación de los nombres.

Mu’ŷam mā ista’ŷama min asmā’ al-bilād wa l-mawādī’, Diccionario de los nombres de los países y los lugares.Wüstenfeld, F. (arg.), Gotinga, 1876-1877, 2 libk. Berrinp. Osnabrück, 1976. Berrinp. F. Sezgin, Francfurt, 1994 eta Musṭafà al-Saqqā’, Beirut, 1983, 2 libk.

[Simt] al-la’āli’ fīšarḥ al-amālī, El collar de perlas. Comentario de Los dictados, ‘Abd al’Azīz al-Maymanī (arg.), s.d., 1936, 2 libk.

Tahḏib Kitāb al-Mu’talif wa-l-mujtalif fī asmā’ al-wabā’il, La revisión del libro de lo concordante y lo divergente acerca de los nombres de las tribus.

Al-Tanbīh ‘alà awhāmlaglāṭ Abī ‘Alī fi Amālī-hi, El aviso sobre las malinterpretaciones / Los errores de Abū ‘Alī en sus Dictados.

Abū ‘Ubayd al-Bakrī. Geografía de España (Kitāb al-Masālik wa l-mamālik), Vidal Beltrán, E. (arg.), Zaragoza, 1982 (Iberiar penintsulari buruzko zatia soilik).

Bibliografia

García Sanjuán, A., «Abu’ Ubayd Al-Bakri, polígrafo cortesano del periodo taifa», in Jábega, 97 (2008), 40.-46. or.

Lirola Delgado, J., «Al-Bakrī, Abū ‘Ubayd», in Lirola Delgado, J., eta Puerta Vílchez, J. M. (zuz. eta arg.), Biblioteca de al-Andalus, Almería: Fundación Ibn Tufayl,2012, 1. libk., 154.-160. or.

Aipamen bibliografikoa

Martínez Almira, Mª. M. “Abu’ Ubayd Al-Bakri,”, Jimeno Aranguren, R., (dir),Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 291-293.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP