Karguak eta lanbideak
Kleriko erregeladuna eta kronikaria
Ibilbidea
Oso zaila da egile hau identifikatzea; izan ere, hainbat historialariren erudizio eta irudimenarentzako probarri izan da erronka hori. Lope Gartzia Salazarren garaikide izan zitekeen, bandokide bizkaitarraren azken etapan. Hark idatzia dela ziurtasunez dakigun obra bakarreko datuen argitan, luzaroan bizi izan zen, gutxienez xvi. mendeko lehen hamarkadetan. Fraidea izan zela ere aipatzen da, eta, beraz, erlijio-ordena bateko kide izan bide zen, agian eskekoa. Sabino Agirre Gandariasek, zalantzak izan arren, Kanariak uharteetako ebanjelizatzaile batekin lotzen du, beste aukera batzuk alde batera utzi gabe.
Andres E. Mañarikua historialariak, Rafael Floralesen iritzia berretsiz, Diego de Aiala jotzen du Anales Breves de Vizcaya lanaren egile. Aldiz, Sabino Agirre Gandariasek, egiletza horren kontrako arrazoiak ematen ditu, eta haren iritziarekin bat gatoz puntu horretan. Gehienez ere, 1490ean lan hori burura eraman zuen kopistatzat har daiteke. Aldiz, ziurragoa dirudi Aiala etxearen kontakizun genealogikoa idatzi zuela —ikusi beherago—. Julian Olabarria Sautuk 1951. urtean eman zuen argitara eta ezagutzera lan hori, baina ez zuen argitu zein den kontsultatutako eskuizkribuaren jatorria. La casa y linaje de Ayala lan horrek, hasieran, Alfontso VIII. aren erregealdian, elezaharretako Bela jauna Arabako ibar batera iritsi zela kontatzen du, eta ibarrari Aiara izena eman ziola. Abiapuntu horretatik, leinuaren historia azaltzen du, belaunaldiz belaunaldi, Aiarako hamaseigarren jaun On Atanasioren garaira arte (xvi. mendeko 20ko hamarkada). Abizenaren jatorriaren eta arma heraldikoen azalpen osagarria ere ematen du. Bukatzeko, Palacios eta Ibarguen leinuen erreferentziak jasotzen ditu. Edukia aintzat hartuta, obra hori Gaztelako nobleziaren oinetxe handien narratiba genealogiko eta historikoarekin loturik dago, eta, zehazki, euskal esparruan, Libro del linaje de los señores de Ayala lanarekin. Genealogia hori Fernán Pérezek, Pedro López kantzilerraren aitak, idatzi zuen 1371 eta 1385 artean, eta haren ondorengoek osatu zuten. Fantasiazko datuak, batez ere hasieran, eta denboran aurrera egin ahala datu fidagarriagoak uztartuz, familia-memoria horiek aski argigarriak dira jakiteko nobleziak zer-nolako estrategiak erabiltzen zituen maila eta ondarea justifikatzeko.
Obrak
La casa y linaje de Ayala y los nombres de los señores de ella. Olavarría, J. de (arg.), «Linajes alaveses. Los señores de Ayala», in Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Buletina, 7 (1951), 531.-538. or.
Bibliografia
Aguirre Gandarias, S., Las dos primeras crónicas de Vizcaya: estudios, textos críticos y apéndices, Bilbo: Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1986.
Bazán Díaz, I., «La historiografía medieval vasca y su influencia en la obra de Garibay», in El historiador Esteban de Garibay, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2001, 75.-122. or.
Dacosta Martínez, A., El «Libro del linaje de los señores de Ayala» y otros textos genealógicos. Materiales para el estudio de la conciencia del linaje en la Baja Edad Media, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2007.
Mañaricúa, A. E. de, Historiografía de Vizcaya (Desde Lope García de Salazar a Labayru), Bilbo: Editorial La Gran Enciclopedia Vasca, 1973, 2. argit. Berrarg. handitua, Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 2012.
Aipamen bibliografikoa
Lema Pueyo, J. Á., “Aiala, Diego de”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 226-227.





