Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GIPUZKOAKO EGILEAK ETA OBRAK

AGUIRRE MIRAMON, Jose Manuel (Jose Manuel Agirre Miramon) (Donostia, 1812ko urtarrilaren 1ean bataiatua – Tolosa, Gipuzkoa, 1887ko martxoaren 31n).

Karguak eta lanbideak

Jurista, senataria eta politikari foruzale liberala

Ibilbidea

Jose Manuel de Agirre Miramongo oinetxean jaio zen, Donostiako jurisdikzioan. Lehenbizi, Alejandra Elosegirekin ezkondu eta bi seme-alaba izan zituzten, Severo eta Maria. Alargundutakoan, Vicenta Igerabiderekin ezkondu zen, 1844ko otsailean.

Bigarren hezkuntzako ikasketak egin zituen Bergarako Errege Mintegian eta, ondoren, 1825etik 1832ra, hiru ikasturte Filosofian eta, bi, Legeetan, Oñatiko Unibertsitatean. 1832an, batxilergo gradua eskatu zuen Legeetan. Gero, Zaragozara joan zen bertako unibertsitatean Legeetako lizentziatura ateratzeko, baina dirurik ezaren ondorioz, ez zuen gradurako aukerarik izan 1835ean, harik eta 1837an abokatu-titulua erdietsi zuen arte Zaragozako Unibertsitatean. Bertako klaustroak laugarren urteko ordezko katedradun izendatu zuen Legeetan eta, hantxe, 1838ra arte iraun zuen. Hainbat irakasgai irakatsi zituen, hala nola Espainiako Zuzenbide Publiko Zibil eta Kriminala, Erakunde Kanonikoak eta Elizako Zuzenbide Publikoa. Lehen Karlistaldia piztu zenean (1833-1840), Donostiako milizia liberaletan sartu zen. Ondorioz, haren familiak karlisten erasoak pairatu zituen, ondasunetan kalte larriak eragin zizkieten eta emigratu behar izan zuten.

Zaragozako Unibertsitatean irakasle lanetan pozik ez zebilela eta, magis- traturarako oposizioak prestatu zituen familiaren estutasun ekonomikoa arintzeko. Karrera judizialean sartzen saiatu zen baina moldaketa-batzordeak, hasiera batez, haren nahia eragotzi zuen, abokatutzan aritu ez izanagatik. Agirre Miramonek bere familiak pairatutako kalte larriak ekartzen zituen argudioetara, karlistek dena arpilatu zutelako eta familiak bere ondasunak abandonatu behar izan zituelako; horren ondorioz, bere karreran atzerapena gertatu zen kausa liberalari atxiki izanagatik. Azkenean, Ministerioko idazkaritzak esan zuen gaitua izan zitekeela eta, 1838ko urtarrilaren 28an, Castro Urdialesko epaile izendatu zuten bitarte baterako. 1840ko abenduaren 17an, Castro Urdialesko epaitegiaren jabetza eman zitzaion. 1841eko martxoaren 15ean, Tolosako bitarteko epailea zen. 1841eko azaroaren 4an, 12. barrutiko kapitain jeneralak haren jokabide leiala goretsi zuen 1841eko urriko gertakarietan, hau da, Espartero erregeordearen aurkako altxamenduan. Berehala, azaroaren 20an, Tolosako Epaitegia eman zitzaion jabetzan. Iruñeko buru politikoak haren aldeko gomendioa ere egin zuen etorkizunean mailaz goratzeko. 1854ko iraultza liberal aurrerazalearen ondorioz, agintari berriek Gasteizko epaile izendatu zuten, 1854ko urriaren 6an.

1855eko otsailaren 13eko Errege Dekretuaren bidez, Claudio Anton Luzuriaga estatuko ministroak (lehenago, Donostiako burgesiaren merkataritza-in- teresen bozemaile izanikoa) Manilako Entzutegiko gobernadore-presidenteari jakinarazi zion Jose Manuel Aguirre Miramon izendatu zutela Entzutegi hartako epaile-posturako eta, horren ondorioz, Gasteizko lehen auzialdiko epaile izateari utzi zion, 1855eko martxoaren 11n. Lau urte inguru eman zituen Filipinetan. Han, antzinatasunagatik, epaile dekanoaren postua egokitu zitzaion, hots, lehen postua erregidore-postuaren azpitik. Artxipelagoan, epaile lanez gain, bestelakoak egin zituen bitarte baterako; adibidez, Uharteetako Gobernu Nagusiaren aholkulari orokorra izan zen, bai eta Ogasuneko aholkularia ere. Oso lan eraginkorra egin zuen Filipinetan: nagusiki, administrazioa hobetzen jardun zuen, baina nekazaritzaren antolaketaren hobekuntzaz ere agertu zuen interesa. 1858ko irailaren 24an, Kubako Entzutegi pretorialeko epaile izendatu zuten. Kargu hartaz 1859ko maiatzaren 4an jabetu behar izan zuen. Manilatik, ordea, baimena eman zitzaion egin beharreko bidaia atzeratzeko eta hantxe gelditu zen, berak halaxe eskaturik eta, azkenean, ez zuen ontziratzea baieztatu. Disenteria larritik sendatu ondoren, kargu-uztea eskatu zuen eta 1859ko azaroaren 4an eman zitzaion. Egun horretan, administrazio publikoan egindako zerbitzuak bukatu ziren eta Espainiara itzuli zen.

Behin Espainiara itzulitakoan, Gipuzkoan kokatu eta, hurrengo hamarkadetan, esku-hartze politiko aktiboa izan zuen erakunde publikoen bidez Probintzia garatzearen aldeko lanetan. Aguirre Miramon foruzaletasun liberalean sarturik zebilen, hau da, Lehen Karlistaldia bukatu ondoren sortutako doktrina politikoan, euskal Foruak Estatu liberalera egokitzeko. 1864tik aurrera, bere ideia liberalak defenditzearekin batera, euskal probintziek zeukaten administrazio-erregimen bereziaren alde aritu zen (foralismoa). Hortaz, horra hor liberal aurrerazale bat, Esparteroren aldekoa, karlisten jazarpena pairatutakoa eta, gero, Gorte Orokorretan euskal Foruak suhartasunez defenditu zituena.

1865ean, Gorteetarako diputatu hautatu zuten Donostiako barrutian. 1868ko iraultzaren ondorioz, Aguirre Miramonek are gehiago esku hartu behar izan zuen bere printzipio liberalen defentsan. 1869an, Gipuzkoako ahaldun nagusi izendatu zuten eta, kargu hartatik, Paisaiako portua garatzen eta hobetzen lagundu zuen. Halaber, nekazaritza-lehiaketak eta -erakusketak sustatu zituen, bai eta administrazio publikorako kudeaketa kontzeptu berri bat ere eta, horretarako, lurralde, merkataritza eta industria arloko estatistiken prestaketa bultzatu zuen. Gainerako euskal diputatuekin batera, tertzio baskongadoa sortzen lagundu zuen, Kuban matxino independentisten aurka borrokatzeko. Gipuzkoako probintziako senatari hautaturik atera zen 1872ko irailaren 6an 1872-1873 legealdirako. 1873an, Espainiako Lehenbiziko Errepublika ezarririk, Foruaren alde jardun zuen Madrilek proposatzen zuen zentralismoaren aurka. Goiz mintzatu zen Espainiako Errepublika federalaren alde eta, 1873ko apirilean, hari buruzko proiektu bat idatzi zuen.

1876ko legealdi eratzailean eta 1877ko legealdian berrautatu zuten. Borboien monarkia berrezarri ondoren, gogoangarriak izan ziren Senatuan 1876an egindako hitzaldiak Sanchez Silvari erantzuteko, hau da, foruak in- dargabetzearen aldekoen buruari erantzuteko. Parlamentuan egindako hitzaldien artean, nabarmentzekoa da 1876ko uztailaren 21eko legearen tramitazioan hartu zuen protagonismoa. Apirilaren 4tik ekainaren 20ra, izan ere, Senatuan eztabaida latza gertatu zen probintzia baskongadoak legedi komunarekin berdintzeari buruz. Euskal senatarien artean, Agirre Miramon burua izan zen proiektuari kontra egiten. Zehatz azaldu zituen euskal probintzien eta gobernuaren ordezkarien arteko negoziazio eta kontaktuak Foruak errealitate konstituzionalera egokitze aldera (Senatuko Bilkuren Egunkaria, 1876). Haren iritziz, Karlistaldia «gerra erlijioso hutsa izan da eta ez du jatorria izan Probintzia Baskongadetan». Baina ezin izan zuen eragotzi Foruak azkenean indargabetzea.

Parte hartu zuen, halaber, Orkoneratik Lutxanarako trenbiderako materiala eskubiderik gabekotzat (Bilboko aduanan) deklaratu zuen lege-proiektuaz irizpena eman behar zuen batzordean.

Jurista nabarmena izan zen, garaiko zientzia eta zuzenbide elkarteetako kidea, eta Revista de Legislación y Jurisprudencia aldizkariko erredaktorea. Aldizkari horretan, zehazki, Zuzenbide Zibilari eta administrazio publikoari lo- tutako artikulu ugari idatzi zituen; bereziki, Itsasoz Haraindiko probintziei buruzkoak. Jorratutako gaien artean, honako izenburu hauek dira esanguratsuak: Aplicación de la nueva ley hipotecaria a las Provincias de Ultramar (1861), Aplicación del Código Penal a las provincias ultramarinas (1861), De los Consejos de administración de Ultramar (1861), De la legislación de Ultramar, con relación a las diferentes razas de la población de Filipinas (1861), Derecho de propiedad de los artistas en las obras de su arte (1862), Del poder judicial en las repúblicas hispano-americanas (1862), Reforma de la legislación hipotecaria de Ultramar (1862), Influencia del desestanco del vino de coco y nipa en la criminalidad de las Islas Filipinas (1863), De las leyes especiales de Ultramar y de su reforma (1863), De la avocación de causas por la Sala de Indias del Tribunal Supremo de justicia (1863), Legislación extranjera: Instituciones administrativas y civiles de la China (1864), Reformas jurídico-administrativas en la Isla de Santo Domingo (1864), Legislación de Ultramar. Islas Filipinas: Contratos usurarios (1864), Juicio ejecutivo: condena de costas a los jueces (1864), Legislación de Ultramar: Aplicación de la ley de enjuiciamiento civil a las islas de Cuba y Puerto Rico (1866), Aplicación del Código penal en ultramar (1871).

Aldundi Nagusiko presidente kargutik, 1880an, Euskal Lore Jokoen sorrera babestu zuen eta, kultur erakunde horretako presidente gisa, halaber, Sebastian Mendiburu euskal idazle eta baskoiberista jesuitaren mendeurrena ospatzeko ekitaldietara joan zen. Mendiburu Manuel Larramendiren dizipulu eta laguna izan zen. Honatx zer idatzi zuen Oiartzungo Udaleko liburuan: «Bizi bitez euskera ta Euskal Erria», euskaro guztien ohiko adbokazioa. Euskaroentzat, Espainia beren aberri handia zen, eta Euskal Herria, aberri txikia. Bere bizitzaren bukaeran eta, Canovas del Castilloren eraso politiko zentralizatzailearen aurrean, buru-belarri jardun zuen ideia baskistak zabaltzearen alde 1887ko martxoan hil zen arte.

Bibliografia

AGIRREAZKUENAGA, J., «Aguirre Miramón, José Manuel de», Diccionario biográfico de los Parlamentarios de Vasconia (1876-1939), Gasteiz: Eusko Legebil- tzarra, 1993, 67-71. orr.

ARZAK, A., «Apuntes necrológicos, D. José Manuel de Aguirre Miramón», Euskal-Erria,

I. seihilekoa (1887), 336-344. orr.

CHACÓN DELGADO, P. J., Nobleza con libertad. Biografía de la derecha vasca, Bilbo: Axular Atea Argitaletxea, 2015, 235-241. orr.

LEGORBURU FAUS, E., «Aguirre Miramón, Severo de (sic, José Manuel)», Diccionario Biográfico Español, Madril: RAH, 2009, I. libk. 824-825. orr. On-line edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/57633/severo-de-aguirre-miramon (2019ko urriaren 14an egindako kontsulta).

MORALES ARCE, J. A., La formación intelectual de los vascos. La Universidad de Oñati, desde las reformas ilustradas hasta su supresión definitiva (1772-1842), Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 1999, 151., 154., 198. orr.

URRUTIA, E. de, «Biografía. José Manuel de Aguirre Miramón», Euskalerriaren Alde, 15 (1925), 157-158. orr.

ITURRIAK

SENATUKO ARTXIBOA. Expediente personal del Senador D. José Manuel Aguirre Miramón, por la provincia de Guipúzcoa, sig. HIS-0008-01.


Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP