Karguak eta lanbideak
Abokatua, Amerikako Estatu Batuetako presidentea
Ibilbidea
John gaztea Massachusettseko familia ezagun baten baitan hazi zen. Bere aita John Adams artzain kongregazionista zen, diakonoa, lur-jabea, eta bertako gobernuko eta miliziako karguduna. Ama, aldiz, Susana Boylston Adams zen, artzain protestante baten alaba. Tokiko tutoreek hezi zuten, eta 1755ean Harvarden graduatu zen.
1756az geroztik, Worcesterren lan egin zuen eskolako irakasle, eta legeak ikasten hasi zen, irakasletza eskuratuz. 1760ko hamarkadan hainbat auzitan parte hartzeko eskatu zioten. 1764an Abigail Smithekin ezkondu zen, artzain baten alaba bera ere. Ordutik, etengabe bidali zizkioten gutunak elkarri, eta hainbat biografok informazio iturri emankor hori baliatu du Adamsen bizitzari buruzko azterketak egiteko.
1768an familia Bostonera mugitu zen. Bertan, Adamsek hainbat artikulu idatzi zituen Stamp Act delakoa kritikatzeko, Amerika britaniarrean erabilitako paperari zerga ezartzen zion legea. Parte hartu ohi zuen irakurketa eta eztabaida elkarte batek saria eman zion idatzi horiengatik. Horri esker, bere disertazioa hainbat egunkaritan argitaratzea lortu zuen, eta 1768an liburu formatuan argitaratu zen, A dissertation on the canon and Feudal Law izenburuarekin. Abokatu independente bezala jarri zen, eta bere aginte britaniarraren kontrakoa izateko ospea hazi egin zen Ameriketako hamahiru kolonien eta Londresen arteko tentsioa hazten ari zen une berean. John Adamsek bertatik bertara ikusi zuen, eta ez hori bakarrik, tentsioak gora egin zuen momenturik erabakigarrienetan parte hartzera iritsi zen. Adibidez, 1770ean «Bostongo Sarraskia» egiteagatik auzipetutako soldadu britaniarren abokatua izan zen, manifestari batzuen aurka oldartu eta horietako batzuk hil izana leporatzen zieten. Gaixotasun batetik osatzeko Braintreera erretiratu ondoren, 1773an Massachusettseko gobernadorearen kontseiluko kide izateko proposatu zuten, baina gobernadoreak betoa ezarri zion.
Urte beran Tea Partya gertatu zen, tearen gaineko zergaren aurrean Bostongo biztanleek egindako protesta ezaguna. Gertakari horren ondorioz, salbuespen egoera ezari zen, eta britaniar koroak portua blokeatu zuen. Horri erantzuteko, hamahiru koloniek estrategia bateratua adosten saiatu ziren, euren ordezkariak Filadelfiako Lehen Batzar Kontinentalera bidaliz, eta John Adams bertan izan zen, Massachusettsen izenean. Bostonera itzulita, gogotsu aritu zen publizista bezala, eta, 1775ean, berriro ere ordezkari izateko hautatu zuten, Bigarren Batzar Kontinentalera joateko. Britaniarren kontrako guda agerian jarrita, kongresu horretan Amerikako Estatu Batuen independentzia sinatu zuten, 1776. urtean.
Batzar Kontinentalak hala aginduta, Adams Parisera joan zen 1778an, Frantziarekin harreman estuagoa lortzen saiatzeko. Hurrengo urtean, Massachusettseko konbentzio konstituzionalak konstituzio zirriborro bat idazteko eskatu zion, eta eragin handia izan zuen gerora etorri zen Estatu Batuetako konstituzioan. Urte hartan bertan, Parisera abiatu zen berriro, Britainia Handiarekin bake negoziazioak hasteko helburuarekin, eta, bidaia probestuz, Holandarekin mailegu onuragarriak hitzartu zituen. Britainiarrekin izandako negoziaketei esker, Parisko Ituna sinatu zuten, 1783an, bakea adosteko eta Eskatu Batuak herrialde independente bezala onartzeko. Bidai horietan, hiri- buru frantziarrean diplomatu bezala zebilen Benjamin Franklinekin izandako desadostasunak ezagunak izan ziren; gainera, Parisko agintariek ingelesen aldekoa izatea leporatu zioten Adamsi.
1785ean Britainia Handian Amerikako enbaxadore izateko hautatu zuten, eta, hala, aspaldi desio zuen postua eskuratu zuen. Nolanahi ere, britainiarrak konbentzitzen saiatzeko negoziaketetan, ez zuen lortu Estatu Batuak harremanak egiteko lehentasunezko nazioa izaterik, ez eta mendebaleko lurraldeak uzterik ere. Adams Bostonera itzuli zen 1778. urtean.
Europara egin zuen bigarren bidai diplomatikoaren joanekoan Bilbon izan zen epe labur batez, 1780ko urtarrilaren 15etik 20ra. Orduko hartan, Diego Gardoquiren familiarekin harremana egin zuen. Merkatariak ziren eta dagoeneko tratuak zituzten Ingalaterrarekin eta Ipar Amerikarekin. Aurrerago, kargu diplomatikoak bete zituzten Estatu Batuetan. Bidai hartan, Adamsek interesa agertu zuen Bizkaiko Jaurerriak zuen gobernu egiturarekiko, eta hala adierazi zuen 1787an argitaratu zuen liburuan: Defence of the Constitutions of the United States. Lan horretan Europako gobernu modu ugari aztertu zituen, eta Bizkaia errepublika demokratikotzat hartutakoen artean sartu zuen. Atal labur bat eskaini zion, eta, bertako sistema politikoa azaltzerakoan, botere banaketa argiko merkataritza errepublika aberatsa zela esan zuen. Itxuraz sistema liberal-demokratikoa omen zen, baina kontratu bidezko aristokrazia bezala definitzen du, kargu publikoetara aurkezten ziren hautagaiek bete beharreko baldintzak zirela-eta.
Lan hori Londresen argitaratu eta Filadelfian berrargitaratu zen, eta Turgotek estatu berriari egindako kritikei erantzuteko idatzi zuen, ez gobernu moduen tratatu teoriko huts bezala. Sistema zahar eta berrien arteko alde- raketen bidez, bere ustez Estatu Batuetan ezarri beharreko sistema politikoa justifikatzea bilatzen zuen, eta, oro har, 1878ko konstituzioan gaingiroki onartzea lortu zuela esan liteke. Herrialdean konstituzio berriaren menpeko lehen gobernua 1789an eratu zen, George Washington presidente eta John Adams presidenteorde zirela.
1790eko hamarkadan, banaketa sortu zen Estatu Batuetako politikagintzan. Gobernu zentral indartsua izatea eta Ingalaterrarekin ituna sinatzea bilatzen zutenak, batetik (federalistak); eta gobernu deszentralizatuagoa eta ituna Frantziarrekin sinatzea nahiago zutenak, bestetik (errepublikanoak). Adamsek lehen taldearekin egin zuen bat, eta hurrengo hauteskundeak irabazi zituen. Gauzak horrela, 1797an, kargua zin egin zuen, eta Estatu Batuetako bigarren presidente bilakatu zen, Thomas Jefferson errepublikanoa presidenteorde zela.
Herrialde berriaren politikan gertatutako barne zatiketak eta kanpo-harreman korapilatsuek markatu zuten Adamsen agintaldia. Presidenteak kabinetearen esku utzi zituen gobernuaren egitekoak, askotan, bere baserrira alde egin zuelako. 1801ean, Jeffersonen aurka hauteskundeak galdu zituenean, behin betiko joan zen Braintreera. Bi aldeen artean egindako botere aldaketa baketsua sortu berri zen sistema amerikarraren lorpen nagusietako bat bezala hartua izan da. Esan ohi da, meriturik handiena Adamsena izan zela, trantsi- zioa asko erraztu baitzuen. Behin erretiraturik, bere autobiografia eta kazetaritza artikuluak idazten hasi zen, eta lankide ohiekin gutun-truke oparoa izan zuen, tartean Jeffersonekin. Biak 1826ko uztailaren 4an hil ziren.
Adamsen lanak bere ondorengoek editatu zituzten, hamar liburukitan, XIX. mende erdialdera. Bere funts pertsonaleko dokumentazio originala Massachusettseko Historia Elkarteari utzi zion bere familiak XX. mendearen erdialdean. Estatu Batuetako presidentea izan zenez, eta bere inguruan bildutako iturrien kopuruaren tamainagatik, autore ugari gerturatu dira ikuspegi gutxi-asko akademikoetatik. Nolanahi ere den, esan beharra dago, orokorrean, Adamsen oroitzapena oso lausoturik zegoela XXI. mendearen hasierara arte. Momentu horretan, David McCulloughek Pulitzer saria irabazi zuen John Adams (2001) best-seller biografikoarekin, eta horren atzetik hainbat Emmy irabazi zituen izen bereko telesail laburra sortu zelako (2008). Gizarte zibilak egindako oroitzapen-ziklo horren baitan, Bilboko Udalak haren omenezko estatua bat inauguratu zuen 2011. urtean, Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregiaren ondoan.
Obrak
A defence of the constitutions of government of the United States of America, I. libk., Londres: C. Dilly/John Stockdale, 1787.
Bibliografia
AGIRREAZKUENAGA, J., «John Adams, USAko bigarren presidentearen ikuspegiak 1780ko Bilboko egonaldiaren ondoren eta Bilbo ezagutzeko, XVIII mende bukaerako gida», Bidebarrieta, 14 (2003), 85-91. orr.
BERNSTEIN, R. B., «John Adams: the life and the biographers», WALDSTEICHER, D. (arg.), A companion to John Adams and John Quincy Adams, Malden/Oxford: Wiley- Blackwell, 2013, 5-35. orr.
CHAPARRO SAINZ, A. eta CHAPARRO SAINZ, A., «Diego María de Gardoqui y los Estados Unidos: actuaciones, influencias y relaciones de un vasco en el nacimiento de una nación», Vasconia, 39 (2013), 101-140. orr.
NAVASCUÉS, L. J., «John Adams y su viaje a Vizcaya en 1779», Gernika. Eusko-Jakintza, 1. libk., 3-6 zk. (1947), 395-419, 583-591. orr.





