Karguak eta lanbideak
Historialari magrebtarra eta Fez hiriko kadia
Ibilbidea
712./1312-1313. urte inguruan idatzi zuen bere kronika. Mundu islamiarraren ekialdeko kalifa, imam eta emirrei buruzko ondo oinarritutako historia da. al-Bayān al-mugrib fī (iḫtiṣār) aḫbār mulūk al-Andalus wa l-Magrib lana hiru ataletan zatituta dago, eta Ifriqiya eskualdearen historia jasotzen da bertan, 20./620.-621. urteko Miṣrreko konkistatik (Egipto) almohadeek 602./1205.-1206. urtean al-Mahdiyya hartu zuten arte. Garaiko hainbat dinastiaren errelatoa biltzen da kronikaren lehen zatian. Bigarrenean, berriz, Iberiar penintsularen konkista eta emirerriaren, kalifa-herriaren eta taifa-erresumen historia kontatzen da. Eta, hirugarren zatian, Magrebeko eta Al Andaluseko dinastia almorabide eta almohadeen berri ematen da.
Obra horren hainbat edizio eta itzulpen argitaratu dira xix. mendeko bigarren erdialdeaz geroztik. Besteren artean, historialari eta arabista hauek arduratu dira horietaz: Dozy, Lévi-Provençal, Fernandez Gonzalez Colin, Fagnan, Huici García Gómez, Tāwit eta Sánchez Albornoz. Obra, berez, kroniken konpilazio bat da. Kronika asko galduta daude, baina horien eskutik xehetasunez jakin daiteke Magrebeko eta Al Andaluseko historiaren berri. Hori dela eta, obraren iturriak azterturik, lanaren garrantzia azpimarratu dute aipatutako egileek.
Aipatutako al-Bayān lanean dezenteko xehetasunez jasotzen ditu musulmanek Iruñerriaren eta Iruñearen aurka eginiko kanpainak, aurrenekotik hasita. Lehen hori aztergai duela, kontatzen du 712an musulmanak baskoien lurraldearen bihotzeraino sartu zirela, eta barbarotzat hartzen ditu. Ondoren, jakinarazten du Uqba emirrak (116/732-123/739) Narbona konkistatu eta mendean hartu zituela Galizia eta Iruñea, eta azken hiri hori musulmanez populatu zuela. Aurrerago, Arabako eta/edo Iruñeko lurren aurka musulmanek eginiko kanpainen berri ematen du, informazio gutxiago edo gehiago emanez. Abd ar Rahmanen bezero bat, Bedr, buruan zela, 150. urtean (756ko otsailaren 6an) Arabako mugara eginiko espedizioaren berri ere ematen du, eta Araba zerga bat ordaintzera behartu zutela azaltzen du. Borrokak eta guduak bata bestearen atzetik gertatu ziren; esaterako, Abd ar Rahmanen bisir eta bezero Yūsuf b. Buqten eta Bermudo I.aren artean. Iturri honen arabera hamar mila lagun baino gehiago hil ziren gudu haietan. Iturri horri berari jarraituz, azaltzen du 176. urtean (792ko apirilaren 28an), Hiŝamek espedizio bat bidali zuela Arabaren aurka [pais de Álava], Abū ‘Uṯmān ‘Ubayd Allāh b. ‘Uṯmān buruan zela. Etsaia garaitu eta herritarrak sarraskitu zituen, eta bederatzi mila buru baino gehiago bildu zituen. 179. urtean (795eko martxoaren 27an) ‘Abd al-Qārim b. Mugīṭek beste espedizio bat gidatu zuen Alfontso erregearen aurka (Euskal Herriko jendearen aliatua garai hartan). Egileak «kristauen herrialde» izendatzen duen horretan bata bestearen atzetik gertatu ziren borrokak ii./ix. mende osoan zehar. Azpimarragarria izan zen 246. urtean (860ko martxoaren 28an) gertatutakoa: Muḥammad I.ak bere ofizialetako bat bidali zuen Iruñearen aurka kanpaina bat gidatzeko; han, Gartzea Enekoez etsaituta zegoen Galiziako errege Ordoñorekin (egileak uste zuen, oker uste ere, Alfontso Froilaz Konkordunaren semea zela Enekoez); jeneralak azpian hartu zuen lurraldea, 32 egunetan zeharkatu zuen, bidean biztanleak hondoratuz, zuhaitzak ebakiz, herrixkak eta gotorlekuak konkistatuz… Iruñean, Orti I.a Gartzez Begibakarra hartu zuen preso, eta Kordobara eraman zuen. Hogei urte egin zituen han. Esaten da Orti I.a Gartzez 120 urte bizi izan zela.
Obrak
Histoire de l’Afrique du nord et de l’Espagne musulmane intitulée Kitab Al-Bayān al mughrib et fragments de la chronique de ‘Arib [u.a.]. 2, Beirut: Dār al-‘Arabīya li-l-Kitāb, 1983.
Histoire de l’Afrique du nord et de l’Espagne musulmane, intitulée Kitāb al-bayān al-mughrib, et fragments de la chronique de ʻArīb. Leiden: Brill, 1948-1951. Argitalpen berria 1848-1851koaren ondoren argitaratu zen. R. Dozy et de nouveaux manuscripts.
Kitāb al-Bayān al-mugrib fī (iḫtiṣār) aḫbār mulūk al-Andalus wa l-Magrib, Beirut: Dār al-thaqāfat, cop. 1929-1948.
Histoire de l’Afrique du nord et de l’Espagne musulmane intitulée Kitab Al-Bayān al Moghrib, Fagnan, E. (itz. eta oharrak), Argel: Imprimerie Orientale Pierre Fontana, 1904.
Bibliografia
Bramon Planas, D., Nous textos d’historiadors musulmans referents a la Catalunya medieval (continuació de l’obra de J. M.ª Millàs i Vallicrosa),Doktore-tesia. Zuzendaria: M. Arias Rodríguez, Universitat de Barcelona, 1998. Tesia irekian dago hemen: TDX Dipòsit Digital de la UB.
Dozy, R., Histoire de l’Afrique et de l’Espagne, Leiden, 1848-1851, 2 libk.
— Corrections sur les textes du Bayano ‘l Mogrib, Leiden, 1883.
Martos Quesada, J., «La labor historiográfica de Ibn Idari», in Anaquel de Estudios Árabes, 20 (2009), 117.-130. or.
Souto Lasala, J. A., «Fuentes magrebíes relativas a la Marca Superior de al-Andalus: el volúmen II de al-Bayan al-Mugrib de Ibn Idari», in Historia, ciencia y sociedad: actas del II Coloquio Hispano-Marroquí de Ciencias Históricas[celebrado en] Granada, 6-10 noviembre de 1989, Madrid: Agencia Española de Cooperación Internacional, 1992, 299.-322. or.
— «El emirato de Muhammad I en el “Bayân al-Mugrib” de Ibn ‘Idârî», in Anaquel de Estudios Árabes, 6 (1995), 209.-248. or.
Z.E., «La España cristiana de los siglos viii al xi. Los núcleos pirenaicos (718-1035), Navarra, Aragón, Cataluña», in Riu y Riu, M. (koord. eta hitzaurrea), Historia de España, dirigida por Menéndez Pidal, VII, Madrid: Espasa-Calpe, 1999, 118.-121. or.
Aipamen bibliografikoa
Martínez Almira, Mª. M. “Abu L-‘Abbas Ahmad B. Muhammad B. ‘Idari Al-Marrakusi”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 296-297.





