Karguak eta lanbideak
Politikaria eta historialaria
Ibilbidea
Manuel Abella Peligero de Bernabe, infantzoi familiakoa, Francisco Abella Zaidin eta Maria Ventura Peligero de Bernabe Raulinen semea zen. Bere anai-arrebak Tomas, Lamberto, Ventura, Manuela eta Tomasa Abella Peligero izan ziren. Historialari ezaguna zen, politikaria eta geografoa. Gramatika ikasketak Zaragozako Eskola Pietan egin zituen, eta bertako unibertsitatean filosofiakoak 1777an, teologiakoak 1779tik 1783ra, eta Jurisprudentziakoak 1785ean. 1793an beste arlo batzuetako ikasketei ekin zien, hala nola, Diplomatika, Paleografia edota Numismatika; azken horretan Erdi Aroko txanpon espainiarrei buruzko azterketa esanguratsuak egin zituen. Antonia Garciarekin ezkondu zen 1783ko abenduaren 8an, Darocako San Andres elizan, Zaragozan. Hiru seme-alaba izan zituzten: Nicolasa, Josefa eta Juan Manuel. Azkena Suediako enbaxada espainiarreko idazkari izan zen.
Ikasketak bukatu zituenean, bere familiak zituen kontaktuei esker, Madrilera iritsi zen, eta Villahermosako dukearen liburuzain aritu zen. Dukearen familia ere Pedrolakoa zen jatorriz. Urte horietan ere, Madrilgo Montserrat Andre Mariaren Monasterioko Artxiboan lanean egon zen, hau da, Madrilgo Monserrat Artxiboan, eta baita Bartzelonako Aragoiko Koroaren Artxiboan ere. Erakunde horretan zortzi hilabetez jardun zuen, eta, horri esker, 39 liburuki dituen Colección de escritores de la Historia de España izenburua duen lana prestatu ahal izan zuen, egun Colección Abella izenez ezaguna.
Lan hori argitaratu izanagatik, Historiako Errege Akademiaren akademiko supernumerario izendatzea lortu zuen. Instituzio horretan, hainbat komisiotako kide izan zen, eta hori zela-eta, gutun-truke oparoa izan zuen bertako aditu askorekin. Juan Bautista Muñozek Historia de Indias (1799) idazteko erabilitako eskuizkribuak biltzea lortu zuen Joaquin Traggia akademikoarekin elkarlanean (1802an, haren albazea izatera iritsi zen). Era berean, Errege Akademia Espainiarreko ohorezko kide izendatu zuten 1801. urtean, eta O eserlekua egokitu zitzaion.
Bere ibilbide profesionalean zehar hainbat kargu bete zituen: 1807an Gaceta de Madrideko erredaktore eta Estatu Idazkaritzako kabinete geografikoko zuzendari izendatu zuten. 1808an Estatu Idazkaritzako Artxiboko ofi- zial nagusi izateko hautatu zuten. 1809an plaza supernumerarioa eskaini zioten erresumako Gobernu Batzorde Nagusiko lehen idazkaritzan, eta idazkari izendatu zuten Gobernu Batzorde Goreneko Gorteetako Komisioan eta Batzorde Zeremonialean; azken horretan, besteren artean, ganberabakartasunaren alde egin zuen. 1810. urtean, Erregeordetza Kontseiluak Londresko Gorteko ezohiko Enbaxadako idazkari izendatu zuten eta Instrukzio Batzorde Publikoko kide izan zen Jovellanosekin, Isidoro de Antillonekin, Alberto Listarekin, Fray Jaime Villanuevarekin, Manuel de Valbuenarekin, Juan Tineorekin, Higinio Antonio Lorenterekin eta Mariano Gil de Bernaberekin batera.
1813an, Gorteetan esku hartuko zuten Aragoiko zortzi ordezkarietatik bat izateko hautatu zuten, eta hala izan zen 1813 eta 1814ko legealdietan. Horietan, erresumako agintariak hartzeko sortutako komisioan parte hartu zuen, eta baita Gorteetako Egunkaria konpontzekoan. 1814 eta 1815 urteen artean, Napoliko Espainiako kontsul izendatu zuten, eta, berriro ere, Fernando VII.a boterera itzuli ondotik, bulegoko lehen idazkaritzako ofizial. 1815eko martxoaren 13an, Karlos III.aren Ordena jaso zuen «Espainia eta Koroaren hobe beharrez» egindako ekintza onak saritzeko.
Bere obraz den bezainbatean, nabarmentzeko modukoa da hiru liburuki dituen Biblioteca Latina de todos los autores que contenía la Biblioteca del Duque de Villahermosa. Manuel Godoy eta bere gobernuaren laguntzaz, Noticia y plan de un viaje para reconocer y formar la colección diplomática de España argitaratu zuen 1795ean. Lan horren erreseina bat argitaratu zuten Memo- rial literario argitalpenean, eta 1815ean italierara itzuli zen. 1802an, Historiaren Errege Akademian sartu ondotik, eskuz idatzitako hogeita hamabi liburukitako Colección Diplomática de España editatu zuen. Urte horretan bertan idatzi zen Diccionario geográfico-histórico de España de la Real Academia de la Historia; lehendabiziko bi liburukiak Nafarroako erresumari, Bizkaiko jaurerriari eta Araba eta Gipuzkoa probintziei buruzkoak dira. Lan hori banatzean, Manuel Abellaren esku utzi zituzten hitzaurrea, deskribapen orokorra, Zangozako merindadea, Tuterakoa eta Olitekoa. Gipuzkoako probintziari buruzko zatia ere egokitu zitzaion, baina hori elkarlanean egin zuen Francisco Martinez Marinarekin, Arabako zatiaren arduraduna, Joaquin Traggiarekin, Nafarroa eta Iruñeko eta Lizarrako merindadeena, eta Vicente Gonzalez Arnaorekin, Bizkaiko jaurerriarena. 1808an, Manuel Godoyri garai hartako Bilduma diplomatikoa idaztea proposatu zion, baina sekula ez zen egin.
Gainera, argitalpen askotako autoreek Aragoiko historiari buruzko eskuizkribu ugariren egilea zela aipatu zuten, eta Historiaren Akademian berak idatzitako hainbat eskuizkribu argitaragabe gorde dira.
1817ko apirilaren 29an Pedrolan hil zen, 54 urterekin, erretiratu eta gero.
Obrak
Noticia y plan de un viaje para reconocer archivos y formar la colección diplomática de España encargada por el Rey a D. Manuel Abella, Madril: Errege moldiztegia, 1795.
Índice de la colección de manuscritos pertenecientes a la Historia de Yndias que escribía Dn. Juan Baptista Muñoz y por su muerte se han hallado en su librería: formado de Real Orden, con intervención de los Sres. Dn. José Navarro del Consejo de S.M., Alcalde de su Real Casa y Corte, y Dn. Cenón Alonso, oficial mayor de la Secretaria de Gracia y Justicia de Yndias/Por Dn. Joaquín Traggia y Dn. Manuel Abella, individuos de la Real Academia de la Historia, Alacant: Miguel de Cervantes Liburutegi Birtuala, 2015.
Discorso della Reale Academia matritense della Storia al desiderato Rey don Fer- nando VIII. Lo scrisse in ispagnuolo il ch. académico don Emmanuelle Abella. MAS- DEU, G. F-k italierara itzulia, Madril: 1815.
Diccionario geográfico-histórico de España por la Real Academia de la Historia. Sección
1. Comprende el Reyno de Navarra, Señorío de Vizcaya y provincias de Álava y Guipúzcoa, 1802, Berred. faksimilea, eta datu basean CD-ROMean «Serie Digital»,
1. zk., Donostia: Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 2005.
Bibliografia
DEDIEU, J. P., «Abella Peligero, Manuel», Diccionario Biográfico Es- pañol, Madril: Historiaren Errege Akademia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/20127/manuel-de-abella-peligero (kontsulta: 2019ko azaroaren 11).
GARCÍA CUADRADO, A., «Acerca de un plan de viaje de 1795 para reconocer Archivos»,
ANABADaren buletina, 49-2 (1999), 39-56. orr.
SOLANS, J. R. eta MAYORAL TRIGO, R. A., «Sociología de los diputados por Aragón en las Cortes de Cádiz», Revista de Historia Jerónimo Zurita, 87 (2012), 259-279. orr.
VICENTE Y GUERRERO, G., «Abella y Peligero de Bernabé, Manuel», Diccionario biográfico de parlamentarios españoles, Madril: Gorte Nagusiak, 2010, 1. libk., 122-132. orr.
VICENTE Y GUERRERO, G., «Los diputados aragoneses, juristas en las Cortes de Cádiz»,
Revista de Historia Jerónimo Zurita, 87 (2012), 115-148. orr.





