Karguak eta lanbideak
Literaturako katedraduna, historialaria eta idazlea
Ibilbidea
Valladoliden jaio zen, aita, Joaquim Rubió y Ors, han lan egiten zuelako. Familia Katalunian finkatu zen 1858an, Bartzelonako Unibertsitatean Historia Unibertsaleko katedra lortu zuenean. Antonio Ruok, aldi berean, Filosofia eta Letrak eta Zuzenbidea ikasketak egin zituen unibertsitate horretan. Manuel Mila y Fontanals eta Antonio Bergnes de las Casas helenistaren ikaslea izan zen, eta doktoregoa lortu zuen Madrilen, Estudio críticobibliográfico sobre Anacreonte y la colección anacreóntica, y su influencia en la literatura antigua y moderna (1878) doktore-tesiari esker. 1885eko maiatzean, Mila bere maisua ordezkatu zuen Bartzelonako Unibertsitateko Espainiako Hizkuntza eta Literatura katedraren buruan. Irakasle eta ikerlari aritu zen 1928ra arte, eta erretiroa hartu zuen orduan. Ondoren, Espainiako Errege Akademian sartu zen 1930eko martxoaren 23an, Del nombre y de la unidad literaria de la lengua catalana izeneko hitzaldiarekin. Unibertsitate-ikasketak elkarrekin egin zituztenetik, lotura estua izan zuen Marcelino Menendez Pelayorekin, eta Kataluniako kulturaren tratamenduan, hark bezala, eruditismo positibista bat zerabilen.
Erdi Aroko katalana aztertzea izan zuen ikerketa-ildo nagusia. Ikerketa filologiko eta literarioak alde batera utzita, azterketa historikoak egin zituen, eta bereziki aipagarriak dira kataluniarrek Erdi Aroko Grezian izan zuten presentziari buruzkoak. Ikerketa horietako lehen ekarpena La expedición y dominación de los catalanes en Oriente juzgadas por los griegos (1883) lana izan zen, eta ondoren beste asko etorri ziren. Bere ikerketei esker, Karlos II.a «Gaiztoa»ren erregealdian nafarrek Grezian zuten presentzia deskubritu eta sakondu zuen, eta bi monografiatan eman zuen haien berri, 1886 eta 1923an, hurrenez hurren. Zehazki, Lluchek Nafarroako Erresumako Konpainiaren bilakaera ezagutarazi zuen: Karlos II.aren anaia Luis infantearentzat Durazzo konkistatu ondoren (1376), hil egin zen, eta kinka batean geratu ziren. Batzuk Aragoiko erregearen laguntzaz Nafarroara itzuli ziren arren, Joan Urtubia eta Mahiot Coquerel buru zituzten kontingente bana zaldun ospitalarioek kontratatu zituzten, eta Akaiara joan ziren. Beren kontratua amaitu zenean, berriz, Urtubiren soldaduak Atenas eta Neopatriako dukerrien aurka oldartu ziren, 1379an Tebas, 1380an Livadia eta, agian, Atenas konkistatuz. Hiri horiek, bada, beren lehengo jaunen eskuetan utzi zituzten, Aragoiko erregeen kontrakoak, horiek bertan berriki beren subiranotasuna ezarri ondoren. Nafarroaren Greziako presentzia XIV. mendearen azken laurdenean iraun zuen, eta aliantza-politika konplexua jarri zuen abian, abantaila handienak eskaintzen zizkietenekin. Haien jarduera 1402an amaitu zen San Superano hil zenean, Coquerel 1386an hil ondoren Konpainian hura ordezkatu zuena, nahiz eta Nafarroako zenbait gerlarik beren Greziako jaurerri feudalak oraindik urte batzuetan mantendu zituzten.
Obrak
La expedición y dominación de los catalanes en Oriente juzgadas por los griegos: monografía leída… Real Academia de Buenas Letras de Barcelona en los días 12 y 26 de febrero y 12 de marzo de 1883, Barcelona: Imp. de Jaime Jepús, 1883.
Los navarros en Grecia y el ducado catalán de Atenas en la época de su invasión. Monografía leída en la Real Academia de Buenas Letras de Barcelona, Barcelona: Imp. de Jaime Jepús 1886.
Conquista de Tebas por Juan de Urtubia: episodio de la Historia de los Navarros en Grecia, Donostia: Imp. de la Diputación de Guipúzcoa, 1923.
Bibliografia
BADÍA PÀMIES, L., «Rubió i Lluch, Antoni», in MOLAS, P.; DURÁN, E., y MASSOT, J. (zuz.), Diccionari biogràfic de l’Acadèmia de Bones Lletres, Barcelona: Reial Acadèmia de Bones Lletres-Fundació Noguera, 2012, 374-376. or.
BALCELLS, A., Antoni Rubió i Lluch, historiador i primer president de l’Institut d’Estudis Catalans, Bartzelona: Institut d’Estudis Catalans, Secció Històrico-Arqueològica, 2001.
DE QUINTANA BERMÚDEZ DE LA PUENTE, C., «Antonio Rubió y Lluch», Diccionario Biográfico Español de la Real Academia de la Historia. Online arg.: http://dbe.rah.es/biografias/5310/antonio-rubio-y-lluch (2020ko abenduak 1).
SOLÁ I FARRÈS, E., Antoni Rubió i Lluch, bizantinista i grecista, discurso de ingreso en la Real Academia de Buenas Letras de Barcelona leído el 9 de junio de 1988, Barcelona: Real Academia de Buenas Letras de Barcelona, 1988.





