Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal herritik kanpoko egileak eta obrak

MILLÀS VALLICROSA, Jose Maria (Santa Coloma de Farnés, Girona, 1887ko azaroak 29 – Bartzelona, 1970eko irailak 26).

Karguak eta lanbideak

Hebreeralaria, arabista, zientziaren historialaria, epigrafista eta itzultzailea

Ibilbidea

Arabiera eta hebreera katedraduna izan zen Bartzelonako Unibertsitatean, eta hizkuntza zein literatura hebrearreko lehendabiziko katedraduna Madrilgo Unibertsitatean. Zegokion irakaskuntzaz gain, diziplina anitzeko ikerketa-lan erraldoia egin zuen: 36 liburu, 177 artikulu, 8 itzulpen eta 169 aipamen, horietako batzuk benetako azterlan kritikoak. Era berean, kargu eta duintasun ugari eman zitzaizkion bere bizitza osoan, besteak beste: Espainiako Historiaren Errege Akademiako akademikoa, Hispanic Society of America elkarteko kidea, CSICeko kontseilaria, Pariseko Academia Internationale d’Histoire des Sciences kidea eta presidentea, Lundeko Astronomiska seminariet och Samfundet for Astronomisk Histoire Forsking-ko kidea.

Literaturan, funtsezko lanei esker nabarmendu zen, hala nola poesia sakratu hebraiko-espainiarrari eskainitakoa, egun ere erreferentziazko lana. Haren atariko azterketa zorrotzak eta itzulpen itzelak, literatura hebraiko-espainiarraren benetako tratatu bihurtzen zuten eta, urte batzuk geroago, literatura hebraiko-espainiarra aztertzeko ezinbesteko beste lan batekin osatuko zuen. Era berean, lan biribilak egin zituen zientzia arabiarraren eta horrek Erdi Aroko Espainiako zein Europako zientziarekin zuen harremanari buruzko espezialista-lanean. Arabiar kulturaren funts helenistikoa azaleratu zuen, eta erresuma musulmanen eta kristauen gainean izan zuen harreran eta aztarnan sakondu zuen. Bestalde, epigrafia hebrearrez arduratu zen eta, Francisco Cantera Burgosekin batera, sakon ikertu zituen Penintsulako oroitarri eta eskuizkribu hebrearretako inskripzioak. Ikerketa hori gauzatzeko, ordu arte ezagutzen ziren testigantza epigrafiko hebrear guztiak eta aurkikuntza berriak biltzen zituen lan garrantzitsu bat argitaratu zuen. Liburu horretan, Lizarran kausitu hilarri hebrear paregabe bat aipatzen zen, aldez aurretik Fidel Fita Colomek aztertua.

Haren ekoizpen zientifiko itzelean, Erdi Aroko eskuizkribuen itzulpen eta transkripzio ugari biltzen dira. Eremu horretan, Iruñeko katedraleko Artxiboan kontserbatutako eskuizkribuak aztertu zituen, moriskoen eta judutar nafarren kontratuak aipatzen dituztenak. Bestalde, Nafarroako Artxibo Nagusian kontserbatzen ziren sinagoga-biribilkien zatiak aipatu zituen lehenengo ikertzaileetako bat izan zen, baina horien kopurua eta nolakotasuna zehaztu gabe.


Obrak

«Una Biblia hebraica manuscrita», Estudios Bíblicos, 2 (1931), 89-93. or.

«Contratos de judíos y moriscos del Reino de Navarra», AHDE, 10 (1933), 273-286. or.

La poesía sagrada hebraico-española, Barcelona: CSIC, 1940, 367 or.

CANTERA, F.-rekin, Las inscripciones hebraicas de España, Madrid: CSIC, 1956, 475 or.

Literatura hebraico-española, Barcelona: Labor, 1967, 200 or.

Bibliografia

BARTINA, S., «In memoriam. José María Millás Vallicrosa (1867-1970)», Anales del Instituto de Estudios Gerundenses, 20 (1070-1971), 393-402. or.

CANTERA, F.; ROMANO, D., eta VERNET, J., «José María Millás Vallicrosa: in memoriam», Sefarad, 30/2 (1970), 211-250. or.

ROMANO, D., eta VERNET, J., «Semblanzas: José María Millás Vallicrosa», Anuario de Estudios Medievales, 4 (1967), 537-563. or.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP