Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal herritik kanpoko egileak eta obrak

LUCHAIRE, Denis Jean Achille (Paris, 1846ko urriak 24 – Paris, 1908ko azaroak 13).

Karguak eta lanbideak

 Historialaria

Ibilbidea

Achille Luchairek Panissièresko barnetegi txiki batean hasi zituen ikasketak eta, ondoren, Lyongo Saint-Étienne lizeoan jarraitu zuen. Bigarren mailako ikasketak Pariseko Henri IV.a lizeoan egin zituen eta, 1866an, École Normale Supérieuren sartu zen, 1867an lizentziatuz. 1869an, Historia eta Geografia eskolak ematen hasi zen Paueko Lizeoan, eta 1874an Bordelera lekualdatu zen Historiako irakasle-lanetan aritzeko. 1877an, Frantzia hegoaldeko Historia eta Hizkuntzetako irakasle izendatu zuten Bordeleko Unibertsitateko Letren Fakultatean, eta urte horretan bertan Letretan doktoratu zen, Alain le Grand, sire d’Albret, l’administration royale et la féodalité du midi izenburuko tesiarekin, frantsesez, bai eta latinezko beste tesi batekin ere geroago. 1879an, Geografiako irakasle izendatu zuten Bordeleko Letren Fakultatean. Bordeleko Unibertsitatean aritu zen 1885era arte. Urte horretan, Historiaren Zientzia Laguntzaileetako irakasle izendatu zuten Parisen, Sorbonako Unibertsitatearen Letren Fakultatean. 1888an, Erdi Aroko Historiako irakasle izendatu zuten unibertsitate berean, eta kargu horri eutsi zion 1908an hil zen arte. Hil baino urtebete lehenago, 1907an, Zientzia Moral eta Politikoen Akademiako presidente izendatu zuten, erakunde horretan 1885ean sartu ondoren. Gainera, Académie des Inscriptions et Belles Lettres-en Gobert saria eskuratu zuen, bai eta Ohorezko Legioko ofiziala ere.

Bere ikerketa zientifikoen hasieratik, interesa agertu zuen Euskal Herriaren historiarekin, bere doktorego-tesiak erakusten duen bezala, gaiari buruzko beste ikerketa historiko batzuez gain. Era berean, bere ekoizpen zientifiko zabalean, euskarari buruzko hamaika azterlan historiko-linguistiko argitaratu direla nabarmendu behar da. 1877ko Compte rendu d’une brochure du P. Bonaparte sur le basque de Fontarabie, Irun bere artikulua zela eta, polemika bizia izan zuen Louis Lucien Bonaparterekin (Napoleon Bonaparteren iloba), eta hizkuntza biziak hizkuntza konparatzeko metodo zorrotzen bitartez aztertzen hasi zen filologoetako bat izan zen.

Hala ere, euskal historiari buruzko azterlanen artean, nabarmentzekoa du La question navarraise au commencement du règne de François 1.er, Bordeleko Letren Fakultatearen 1879. eta 1880. urteetako urtekarian bi liburukitan argitaratu zen azterlana. Bertan, Achille Luchairek, euskal gaietako aditu ospetsuak, Nafarroako Erresumaren 1515-1519 bitarteko aldi historikoari heldu zion, ordura arte ezagutu gabeko dokumentuei esker, eta informazioa eman zuen Joan Labritekoari eta harekin bildu ziren Katalina Foixkoari eta seme-alabei buruz, pixka bat lehenagotik Orthezen finkatuak. 

Nafarroako historiari buruz zituen ezagutzek 1881ean Iruñera itzultzeko balio izan zioten, udal erakundeei buruz egiten ari zen azterketen inguruko dokumentazio historikoa bilatzen A. Giryri laguntzeko. Antza denez, biak ere harriturik geratu ziren Nafarroak gordetzen zuen dokumentu-aberastasun handia lehen eskutik ikustean. Frantziara itzuli zenean, Giryk, Luchairekin egindako bidaiaren ondorioz,

 Nafarroako Artxibo Nagusia aztertzea sustatu zuen École Pratique des Hautes Étudesko eta École National des Chartesko ikasleen artean, eta hainbat bidaia-beka babestu zituen, besteak beste, Brutailsenak eta Cadier-enak. Hala, École Pratique des Hautes Études (EPHE) eta École National des Chartes frantses hispanismo berriaren bi erdiguneak bihurtu ziren, eta irakasle horien lanak Nafarroako historiografia garaikidearen oinarri bilakatu ziren. Ikerketei dagokienez, batez ere Nafarroako Artxiboko dokumentu-ondare izugarriaren ustiapenean zentratu ziren.


Obrak

(Hautatuak). 

«Exposé critique des études sur l’origine des Basques», Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Pau, V (1871-1872), 196-205. or.

Notice sur les origines de la maison d’Albret (977-1270), Pau: Librairie de Léon Ribaut, 1873.

Remarques sur les noms de lieux du Pays Basque, Pau: Imprimerie Vignancour, 1874 (Frantziako Zientziaren Kongresuko lanen aktako pasartea; XXXIX Session).

Étymologie du nom d’Ossau, Pau: Léon Ribaut, 1874.

Du mot basque iri et de son emploi dans la composition des noms de lieux de l’Espagne et de l’Aquitaine antiques, Pau: Léon Ribaut, 1875 (Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Pau, 1874-1875, 18-27. or.).

«Sur le nom de Baïgorry», BSSAB, I. libk., 6.

«Les origines linguistiques de l’Aquitaine», Pau, Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Pau (1876), 349-423. or.

Alain le Grand, sire d’Albret. L’administration royale et la féodalité du Midi (1440-1522), Paris, 1877.

De lingua aquitanica apud Facultatem litterarum parisiensem disputabat ad doctoris gradum promovendus A. Luchaire, Paris: Olim Scholoe Normalis alumnus, 1877.

«Compte rendu d’une brochure du P. Bonaparte sur le basque de Fontarabie, Irun», Revue Critique d’Histoire et de Litterature, 24 (1877), 378-380. or.

«Aquitains et Vascons», Revue de Gascogne, Bulletin Mensuel de la Société Historique de Gascogne, Toulouse, 1878.

Études sur les idiomes pyrénéens de la région française, Paris: Eds. Maisonneuve, 1879 (berrarg. Paris: Kessinger, 2010).

«La question navarraise au commencement du règne de François 1.er (1515-1519) d’après de documents inédits», I. libk., Annales de la Faculté de Lettres de Bordeaux, 1879, 357-363. or.

«La question navarraise au commencement du règne de François 1.er (1515-1519) d’après de documents inédits», II. libk., Annales de la Faculté de Lettres de Bordeaux 1880, 74-79. or.

Étude sur les idiomes pyrénéens de la région française, Paris: Maisonneuve, 1879. Berrarg. Paris: Kessinger, 2010) (euskarari kapitulu luze bat eskaintzen zaio: lan estimagarria, baina akats handiak ditu).

Recueil de textes de l’ancien dialecte gascon d’après des documents antérieurs au XIVè siècle, suivi d’un glossaire, Paris: Misonneuve, 1881.

«Sur les noms propres basques dans quelques documents pyrénéens des XIè, XIIè et XIIIè siècles», Revue de Linguistique, 14 (1881), 150-171. or.

Bibliografia

AUÑAMENDI, «Achille Luchaire», Auñamendi Eusko Entziklopedia. Online arg.: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/luchaire-denis-jean-achille/ar-90099/ (2021eko urtarrilak 10).

CHRISTOPHE, C., «Luchaire (Denis, Jean, Achille)», Les professeurs de la Faculté des Lettres de Paris – Dictionnaire biographique 1809-1908, Paris: Institut National de Recherche Pédagogique, 1985, 127-129. or.

ENCYCLOPÆDIA BRITANNICA. Online arg.: https://www.britannica.com/biography/Achille-Luchaire (2021eko urtarrilak 10).

ITURRIAK

DE LA TOUR, P. I., «Achille Luchaire», Revue des deux mondes, 4 (1909), 876-901. or.

LACOMBE, G., «Achille Luchaire», RIEV, 5 (1908), 808-809. or.


Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP