Karguak eta lanbideak
Kazetaria, idazlea eta politikari karlista
OHARRA: (El Bachiller Zamudio, Pedro Pablo de Larrea, E. Quis, Jaime de Lobera eta Tirso de Aragón goitizenak)
Ibilbidea
Jose Pascual de Liñan y Eguizabal Aragoiko familia noblekoa zen, Madrilen jaioa 1858ko ekainaren 19an. 1879an amaitu zuen lege-karrera, eta Madrilgo Auzitegiko fiskal izendatu zutenean ekin zion praktikari. 1891n, Doña-Marinako konde titulua jaso zuen Josefa de Heredia emazteak hala jarauntsita, eta titulu hori ere Karlos erregenahiaren kontzesio gisa ere jaso zuen. 1898ko hauteskundeetan garaitua izan zen Alcañiz barrutian, Gorteetarako diputatu izateko hautagaitza aurkeztu zuenean.
Kausa karlista defendatu zuen gaztetatik, eta laurogeiko hamarkadako zatiketa integristaren ondoren, leial atxiki zitzaion don Karlosi. Bere kazeta-idazkietatik eztabaida sortu zuen integrismoaren agerkari nagusiekin, hala nola Nocedalek sortutako El Siglo Futuro edo El Fuerista. Geroago, XX. mendeko bigarren hamarkadan, bat egin zuen Vazquez de Mellaren zatiketa-taldearekin.
Zaila da bere obrara hurbiltzea sakabanatuta dagoelako. Prentsa karlistaren bultzatzaile garrantzitsua izan zen eta, 1887an, Santenderreko La Verdad edo, 1888an, Bilboko El Basco argitalpenen zuzendari izatera iritsi zen, azken hori 1884an Estanislao Jaime Labairurekin batera sortutako egunkaria. 1897an, haren zuzendaritza utzi eta Donostiako El Correo de Guipúzcoa zuzentzen hasi zen. Toledoko El Porvenir eta Madrilgo El Universo-n ere kolaboratu zuen azken urteetan. Gainera, hainbat goitizen erabiliz idatzi zuen: El Bachiller Zamudio, Pedro Pablo de Larrea, E. Quis, Jaime de Lobera eta Tirso de Aragón, besteak beste.
Etengabe aldeztu zituen foruak bere obran. 1888an, Beirako printzesaren gutunari (Baden, 1864ko irailaren 25a) ohar bat egin zion. Gutun horretan, Don Juan erregegai gisa kentzea erabakitzen da, eta trukean, haren seme Karlos jartzea. Bada, honako hau adierazi zuen oharrean: «Ez da hori Maria Teresaren gutun ederrean dagoen oker bakarra. Are larriagoa da Espainiaren ustezko batasun konstituzionala ontzat hartzea, Espainia eta Gaztela parekatuz eta las Españas izen jatorra eta egokia ahaztuz. Haren Biloba Ohoragarriak, zuzenduko ditu Jainkoaren laguntzaz errakuntza hori eta beste batzuk» (letra etzanak jatorrizkoan, Almanaque Carlista para 1889 de El Basco, Bilbo, 1888).
Foruen gaiari buruz egin zuen lan nagusian, La Jura de los Fueros…, 1875eko don Karlosen Gernikako zina ospatzeko lehiaketa irabazi zuena, gertakari hura deskribatzeaz gain, baieztapen hauxek aurkitzen ditugu, besteak beste: «Bizkaia independentea da, Bizkaia nazio bereizia da, Bizkaia herri desberdina da, bere hizkuntza, legeak eta lurraldea dituena,» (122. or.), bai eta argudio ia poppertarrak ere: «Antzinatasuna da Bizkaiko Foruaren lekuko; jaurerri hau beti autonomoa eta independentea izan den frogarik argiena kontrako frogarik ez egotea da» (16. or.).
Obrak
(Hautatuak).
Libertad de testar, Madrid: Imp. de la Libª. católica de San José, Victoriano Suárez, 1883 (1897), XII + 79 or.
«La nación y los fueros», El Basco, 1888ko abuztua.
Lo que pide el obrero; artículos publicados en El Basco, Bilbo, 1890.
La política del Rey por el director de El Vasco, Bilbo: Imp. de Bulfy y Compañía, 1890, 78 or.
La Jura de los Fueros por los Señores de Vizcaya. Su trascendencia histórica y social, Bilbo: Imp. de la Propaganda, 1897, 317 or.
Bibliografia
BREA, R. [Barón de Artagán], Políticos del carlismo, Barcelona: Biblioteca tradicionalista de la Bandera Regional, 1913.
VIADA Y LLUCH, L., «Los que mueren: El Conde de Doña Marina», La Hormiga de Oro, LI, 52 (1934), Barcelona.





