Karguak eta lanbideak
Abokatua, unibertsitate-katedraduna eta ministroa
Ibilbidea
Klase ertaineko familia sevillar batean jaio zen. Antonio M.ª Fabie y Galvez farmazialariaren eta M.ª Amparo Escudero de Vega andrearen semea zen. Zuzenbidean doktoratu zen Sevillako Unibertsitatean eta Farmazian lizentziatu zen Complutense Unibertsitatean. Gainera, Zientzia Zehatzak, Fisika eta Natur Zientziak lizentziaturetako irakasgai batzuk egin zituen. Oso gaztetatik kazetaritzak erakarri zuen. El León Español, La Patria eta Diario de Barcelona argitalpenetan, «A» letraz sinatzen zituen bere idazkiak. 1859-1860an, El Especialista eta Anales de Medicina, Cirugía y Farmacia argitalpenetako idazle izan zen. Orduan, oso adiskidetu zen Canovas del Castillorekin. El contemporáneo-ko orrietatik, gogor kritikatu zituen O’Donnell eta Batasun Liberala. 1860ko amaieran, M.ª Teresa Gutiérrez de la Rasilla y Castañedarekin ezkondu zen, eta bost seme-alaba izan zituen harekin. Sevillatik Madrilera lekualdatu zen, eta han hasi zuen bere jarduera politikoa. 1863an, Alderdi Moderatuan hasi zen, eta jarlekua lortu zuen Aspetik (Alacant). Urte horretan bertan izendatu zuten Gobernazio eta Sustapen Ataleko buru Itsasoz Haraindiko Ministerioan. Hurrengo hauteskundeetan berriz aukeratu zuten eta, aldi berean, Zor Publikoaren fiskal-kargua bete zuen. 1865eko maiatzean, Gorteetan esklabismoaren aurkako jarrera defendatu zuen, salerosketaren aurkako mozio batekin bat egin zuen diskurtso batean.
1870eko hamarkadan, Ogasuneko idazkariorde izan zen, eta 1871ko hauteskunde orokorretan Jerez de los Caballeros (Badajoz) barrutitik hautatu zuten. Jarduera politikoak ez zuen urrundu moldiztegitik. Urte horretan bertan, Biografía del Sr. D. Antonio María Fabié y Gálvez argitaratu zuen. 1875ean, Espainiako Historiaren Errege Akademian eta Sevillako Letra Onen Errege Akademian sartu zen. Gainera, Madrilgo Ateneoaren bazkide sortzailea izan zen.
Metafisikako katedradun Jose Contero Ramirez jaunarengandik Hispalense Unibertsitatean iragandako urteetan jaso zuen eraginaren ondorioz, Hegelen filosofiak eta lanak erakarrita sentitu zen. Hain zuzen, Lógica de Hegel itzuli zuen (Madril, 1872). Urte batzuk geroago, «Análisis del materialismo moderno» izeneko hamar artikulu argitaratu zituen Revista Europea aldizkarian, eta liburu-formatuan berrargitaratu ziren. 1881ean, Menendez Pelayok Antonio M.ª Fabieren hegelianismoari buruz hitz egin zuen Los heterodoxos españoles lanean.
Berrezarkuntza iritsi zenean, Canovasen Alderdi Liberal-Kontserbadorean sartu zen, eta jarlekua lortu Casas-Ibáñezetik (Albacete). Urte horretan bertan, Estatuko kontseilari izendatu zuten; kargu hori bateraezina da Administrazioarekiko Auzien Auzitegi Gorenaren lehendakaritzarekin. 1879ko hauteskundeetan, gehiengoaren babesa lortu zuen Sevillako barrutian, eta 1881ean jarlekua errepikatu zuen. 1884tik aurrera, Goi Ganberan senatari hautetsi gisa agertzen da Avilako probintziatik, eta Castellóko probintziatik 1886tik hara. Canovas del Castillok Itsasoz Haraindiko Ministerioa esleitu zion 1890eko abuztutik 1891ko azarora bitartean. Urte horretan bertan, biziarteko senatari eta Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salako presidente izendatu zuten. 1892an, IX. Amerikanisten Nazioarteko Biltzarraren buru aritu zen Huelva hirian. 1895ean, Estatu Kontseiluko presidente hautatu zuten, baina dimisioa eman zuen 1897ko irailean. Canovas del Castillo erail zutenean, gure biografiatuak eragin nabarmena izan zuen alderdi kontserbadorearen berrantolaketan, Francisco Silvelaren alde.
1899an Instrukzio Publikoaren Kontseiluko presidente izendatu zuten, Montero Riosen ordez, baina dimisioa eman zuen kargu horretan, irizpide bateraezina zuelako orduko Sustapeneko ministro Pidaleko markesarekin. Urte horretako irailean, Espainiako Gimnasia Federazioko ohorezko presidente izendatu zuten, eta urrian Espainiako Bankuko gobernadore izendatu zuten.
Hamarkada horretan, askotan bisitatu zuen moldiztegia. Aipagarria du Estudio sobre la organización y costumbre del País Vascongado con ocasión del examen de las obras de los Sres. Echegaray, Labairu, etc. izenburuko idazlana (Madril, 1896). Hitzaurrean aipatzen duenez, Espainiako Historiaren Errege Akademiak enkargua eman zion Karmelo Etxegarairen Guipúzcoa á fines de la Edad Media aztertzeko. Izan ere, «liburu honetako hainbat tokitan esaten da ondo egin zutela eta txalotzekoak direla euskaldunak beti beren foruak eta pribilegioak defendatzeko agertu duten tema, tokiko bizitzak izan behar dituen mugak gainditzen ez dituzten heinean, eskualde desberdinek osatzen duten nazioa nahas eta ahuldu ez dadin; izan ere, eskualde horien batasunak, arrazoi historikoak eta beste era bateko arrazoiak direla tarteko, eskualde horiek bildu eta barne hartzen baititu» (VII-VIII. or.). Bi urte geroago, Mi gestión ministerial respecto a la isla de Cuba lana argitaratu zuen. Dudarik gabe, Cánovas del Castillo. Su juventud. Su edad madura. Su vejez. Estudio biográfico izango du liburu onenetako bat, 1928an argitaratua.
Espainiako Bankuko gobernadorea zela, Ogasuneko ministroa bisitatu zuen. Gelaurrean zegoela, garuneko odoljarioa jasan zuen, eta, ondorioz, ezagutza galdu. Calle de la Reinako haren etxera lekualdatu zuten, eta han hil zen 1899ko abenduaren 3an. Karlos III.aren eta Isabel Katolikoaren gurutze handiak zituen.
Obrak
Biografía del Sr. D. Antonio María Fabié y Gálvez, Sevilla: Imp. Calle de las Sierpes, 1871.
Lógica de Hegel idazlanaren itzulpena, sarrera eta oharrak, Madrid: Libª. Alfonso Durán, 1872.
Examen del materialismo moderno, Madrid: Imp. de la Biblioteca de Instrucción y recreo, 1875.
Dos tratados de Alfonso de Palencia: con un estudio biográfico y glosario, Madrid: Imp. de Alfonso Durán, 1876.
Notas y apuntes de un viaje por el Pirineo y por Turena hecho en el verano de 1878, Madrid: M. P. Montoya, 1879.
Vida y escritos de Fr. Bartolomé de las Casas. Obispo de Chiapas, Madrid: Imp. de Miguel Ginesta, 1879, 2 libk.
Estado actual de la ciencia del Derecho, Madrid: Imp. de la Revista de Legislación, 1879.
Vida y escritos de Francisco López de Villalovos, médico de S. M. el emperador Carlos V, Madrid: Miguel Ginesta, 1886.
Algunos sucesos de la vida de Colón anteriores a su primer viaje a Indias, Madrid: Est. Tip. de Fortanet, 1893.
Estudio sobre la organización y costumbre del País Vascongado con ocasión del examen de las obras de los Sres. Echegaray, Labairu, etc., Madrid: Est. Tip. de Fortanet. Impresor de la Real Academia de la Historia, 1896.
Mi gestión ministerial respecto a la isla de Cuba, Madrid: Imp. Asilo de Huérfanos, 1898.
Cánovas del Castillo. Su juventud. Su edad madura. Su vejez. Estudio biográfico, Barcelona: Gustavo Gili, 1928.
Bibliografia
MÉNDEZ BEJARANO, M., Diccionario de escritores, maestros y oradores naturales de Sevilla y su actual provincia, Sevilla: Tipográfica Gironés, 1922.
OSSORIO Y BERNARD, M., Ensayo de un catálogo de periodistas españoles del siglo XIX, Madrid: Imp. y Lit. de J. Palacios, 1904.
PASCUAL, P., El compromiso intelectual del político. Ministros escritores en la Restauración Canovista, Madrid: Ed. de la Torre, 1999.
RAMOS ROVI, M.ª J., Diccionario biográfico de parlamentarios andaluces (1876-1923), Sevilla: Publicaciones de la Universidad de Sevilla, 2013.





