Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal herritik kanpoko egileak eta obrak

ESTELRICH ARTIGUES, Joan (Felanitx, Mallorca, 1896ko urtarrilak 20 – Paris, 1958ko ekainak 20).

Karguak eta lanbideak

Politikaria, idazlea eta kultura-sustatzailea

Ibilbidea

Guardia zibil baten semea zen, eta Felanitxen (Mallorca), Kataluniako zenbait udalerritan eta Calvian (Mallorca) igaro zuen haurtzaroa. 1907 eta 1914 bitartean, Menorcan bizi izan zen, eta militantzia kontserbadorea izan zuen. Zenbait urte Palman eman ondoren, jarrera erregionalistak hartu zituen eta kazetaritzan jarduten jarraitu zuen, eta 1916an Bartzelonan finkatu zen, eta bertan bizi izan zen gerra zibila hasi arte. Lliga Erregionalista taldeko militante sutsua eta izkiriatzaile amorratua, lanerako gaitasun handia zuen, bai eta hezibide autodidakta konpentsatzen zuen talentua ere. Bada, Francisco Camboren ondoan lan egitea lortu zuen, eremu politikoan eta, bereziki, kulturaren eremuan. Bernat Metge Fundazioa zuzendu zuen, greziar eta latindar klasikoen itzulpenaz arduratzen zena, eta Bigarren Errepublikako Gorteetan Gironako diputatu aritu zen. Kementsu saiatu zen Kataluniako kultura Espainian eta atzerrian zabaltzen, bereziki Primo de Riveraren diktaduraren antikatalanismoari aurre egiteko.

1918an, Jesus Sarriarekin harremanetan jarri zen, eta bere dietarioan Hermes aldizkariaz hitz egin zuen gogo handiz. Hermes aldizkaria Sarriak berak zuzendu zuen, eta bertan Ideología del nacionalismo vasco Sarriaren idazlana laudatzeko artikulu luze bat argitaratu zuen. Egia esateko, idazlan hori La Veu de Catalunya Lliga Regionalistaren argitalpenean katalanez 1918ko urriaren 14an eta 20an agertu bi artikuluren gaztelaniazko itzulpena zen. Geroago, Galeusca izeneko katalanen, euskaldunen eta galegoen arteko itunean parte hartu zuen.

Gerra Zibila hasi zenean, Estelrichek Francisco Camborentzat lanean jarraitu zuen, Francoren aldeko propaganda zuzentzen batez ere, Parisen, hala Occident aldizkari garrantzitsuaren eta Bulletin d’Information Espagnole aldizkari eragingarriaren bidez nola asko zabaldutako liburu eta liburuxken bidez. Horietan, euskal nazionalistak, katoliko txar eta berekoitzat joaz, errukirik gabe borrokatu zituen. Frankismoari atxiki izanak —itxuraz, benetan baino— balio izan zion Espainiak Unescon zuen ordezkari-kargua eskuratzeko, 1951tik hara.

Obrak

«Sobre la Ideología del Nacionalismo Vasco», Hermes, 76 (1921eko urria), 181-184. or.

La persécution religieuse en Espagne, Paris: Librairie Plon, 1937.

La cuestión vasca y la guerra civil española, Buenos Aires: Ed. Difusión, 1937.

La questione basca e la guerra civile spagnola, Erroma: Stab. Tip. Ramo editoriale degli agricoltori, S. A., 1937.

Dietaris. A cura de Manuel Jorba, Barcelona: Quaderns Crema, 2012.

Bibliografia

CASTELLS, V., Galeusca. Un ideal compartit, Barcelona: Rafael Dalmau, 2008.

MASSOT I MUNTANER, J., Tres escriptors davant la guerra civil: Georges Bernanos, Joan Estelrich, Llorenç Villalonga, Barcelona: Publicacions de l’Abadia de Montserrat, 1998.

PLA, J., «Joan Estelrich o la dispersió», Homenots. Primera sèrie, Barcelona: Destino, 1969, 475-516. or.

RIQUER I PERMANYER, B. de, El último Cambó, 1936-1947: la tentación autoritaria, Barcelona: Grijalbo, 1997.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP