Karguak eta lanbideak
Historialaria, arkeologoa eta antropologoa
Ibilbidea
Espainiako historiografia profesionalaren lehen belaunaldietako figura garrantzitsuenetako bat izan zen. Bosch i Gimperae «historiaurrelaria» izan zela esan daiteke, horixe izan baitzen bere ikerketetarako aro lehenetsia. Arkeologoa eta antropologoa izan zen. Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz (1936-1939) pasa zuen erbestea Espainiak jasan zuen galera zientifiko handienetako bat izan zen. Unibertsitateko ikasketen lehen zatian, 1910ean, aldi berean amaitu zituen Zuzenbideko eta Filosofia eta Letretako lizentziaturak, Bartzelonan. 1910 eta 1911 artean, Madrilen, Zuzenbideko eta Filosofiako doktorego-ikasketak egin zituen, eta handik urte gutxira doktoretza. Zuzenbide Fakultaterako «El derecho de guerra en Grecia» idatzi zuen, eta Filosofia eta Letretarako «Los poemas de Baquílides». Luze gabe, Bartzelonan, Historia sekzioan ikasi zuen, eta 1913an bertako doktoretza lortu zuen Madrilen, «El problema de la cerámica ibérica» tesiarekin. Denbora horretan, Francisco Giner de los Riosen klaseetara joan zen. Francisco Giner de los Rios XX. mende hasierako Espainiako intelektuala zen, Irakaskuntzarako Erakunde Libreko burua, eta arrastoa utzi zuen gaztearen irakasle- eta ikertzaile-lanean. Erakundetik Ikasketak Zabaltzeko Batzordera igaro zen, eta hortik Alemaniako ikerketa-girora: Batzordeak pentsio bat eman zion greziar filologiako eta mitologiako ikasketak osatzeko, eta arkeologia klasikoko eta historiaurreko ikasketak egiteko Berlinen. Bada, hiri horretako historiaurreko museoaren laguntzaile bihurtu zen, eta museografiara sartu. Meyer eta Ulrich von Wilamowitz-Möllendorf izan zuen irakasle, eta hark Historiaurrera bideratu zuen. Frikenhaus, Schmidt eta Gustav Kossina irakasleen ikasle ere izan zen. Berlingo egonaldiak Europako beste museo batzuk ezagutzera eraman zuen. Katalanez eta gaztelaniaz gain, frantsesez, alemanez, ingelesez eta italieraz hitz egiten zuen, portugesa ezagutzen zuen eta grekotik eta latinetik itzuli zuen.
1916an, Bartzelonako Antzinako eta Erdi Aroko Historia Unibertsaleko katedrara sartu zen; handik, historiaurrea eta antzinako historia ikertzeko mintegi bat sortu zuen, bai eta Institut d’Estudis Catalans-eko Ikerketa Arkeologikoen Zerbitzua ere, zeinarentzat indusketa garrantzitsuak egin baitzituen. Kataluniako Antropologia, Etnografia eta Historiaurreko Elkartea-ren sortzaileetako bat izan zen, eta 1935ean inauguratutako Bartzelonako Arkeologia Museoaren sortzailea. Arkeologiatik, antropologiatik eta historiaurretik hasi zen bere lehen ikasleak prestatzen: Lluis Pericot Garcia, Serra i Ràfols anaiak, Elias eta Josep de Calasanz, Alberto del Castillo Yurrita, besteak beste, «arkeologia-eskola katalana» delakoaren kideak.
Primo de Rivera jeneralaren diktaduran (1923-1930), Bosch i Gimperak areagotu eta estutu egin zituen harremanak atzerriko unibertsitateetako espezialistekin. Amsterdamgo Antropologiako Nazioarteko Institutuaren Kongresuan, Rodasko Convegno-an eta Florentziako Etruskoei buruzko Kongresuan parte hartu zuen. Europako eta Latinoamerikako hainbat akademia, institutu eta elkartetako ohorezko eta osoko kidea. 1936an honoris causa doktore izendatu zuen Heidelbergeko Unibertsitateak, eta 1966an berritu zuen sari hori.
Diktaduraren ondoren, Errepublikan jarduera politikoan hasi zen, Nicolau d’Olwer-en Acció Catalana-n. 1931n, behin-behineko gobernu errepublikanoko Instrukzio Publikoko ministro Marcelino Domingok Filosofia eta Letren Fakultateko dekano izendatu zuen. Aldi berean, Generalitat-eko kultura-kontseilari Ventura Gassolek Fakultateko komisariotzako kide izendatu zuen. August Pi i Sunyer, Jaume Serra Hunter, Edouard Fontsere, Josep Xirau eta Enric Soler i Batlle errektorearekin batera, Bartzelonako Unibertsitaterako autonomia estatutu baten erreforma eta idazketa egin zuen. Urte bereko uztailaren 9an, Jaume Serra Hunter hautatu zuten errektore, eta Bartzelonako unibertsitate-autonomiaren prozesua hasi zen. Prozesu horretan, Bosch i Gimperak paper erabakigarria jokatu zuen. 1931ko irailaren 15ean, Ministerioak autonomia eman zien Madrilgo eta Bartzelonako Filosofia eta Letren Fakultateei. Kataluniako Autonomia Estatutua (1932) onartu eta hilabete batzuetara, Kataluniako Unibertsitatearen estatutua berretsi zen, 1933ko ekainaren 1ean, eta Bosch i Gimpera Patronatuko izendatu zuten lehen errektore. 1937ko ekainaren 30etik hara, Gerra Zibilaren erdian, «maiatzeko gertaeren» ondoren, Generalitat-eko gobernuan parte hartu zuen, Justizia kontseilari gisa. Errepublika garaitua izan zenean, eta Perpinyako kontzentrazio-esparruetako errefuxiatuen alde beste ezer egiterik ez zuela sinetsita, Bosch i Gimpera Ingalaterrara joan zen bere emazte Josefina Garcia Diazekin eta seme-alabekin. Horrela, erbestealdi luze eta neketsu bat hasi zen historialari katalanarentzat, eta ez zen falta nazioarteko aitortzarik.
Frantzian egonaldi laburra egin ondoren, Ingalaterran Oxfordeko Unibertsitateko irakasle gonbidatu gisa lan egin zuen 1939 eta 1940 bitartean, non bere ikasketetan egunean jartzeko aukera izan baitzuen. Handik gutxira, Amerika kontinentean, eskolak eman zituen Panaman eta Kolonbian. Bogotan zegoen Mexikotik gonbidapena jaso zuenean, eta 1941erako Mexikon finkatu zen behin betiko. La Casa de Españan lan egin zuen, ondoren El Colegio de México deitua, bai eta Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoan ere. Erregimen frankista salatzen zuten elkarteetako kide izan zen, hala nola Unión de Profesores Universitarios Españoles en el Extranjero (UPUEE); Espainiako Unibertsitate Irakasle Emigratuen Lehen Bileran ere parte hartu zuen, Habanan, 1943an, Espainia berreraikitzea helburu zuena.
UNAMeko irakasle izan zenez, erakundeak bere espediente akademikoa gorde du: 1942ko uztailaz geroztik, astean hamar eskola ordu eman zituen hainbat ikasgaitan. Lehendabizi, Filosofia eta Letren Fakultatearen mendeko Udako Eskolan irakasle izan zen. Bi urte geroago, astean bi ordu lortu zituen Fakultate horretan, eta Udako Eskolako orduekin txandakatzen zituen. Filosofia eta Letretako irakaslea izan zen hiru hamarkadatan. Mexikoko beste erakunde batzuetan ere irakasle aritu zen, hala nola Antropologia eta Historiako Eskola Nazionalean, 1941az geroztik, eta Mexico City Collegen, 1943 eta 1945 artean. Gainera, Guatemalako San Carlos Unibertsitatean eskolak eman zituen 1945 eta 1947 artean.
UNAMeko Filosofia eta Letretako Fakultatean eman zituen ikastaroetatik erretiratuko zen 1974an. Honako irakasgai hauek eman zituen, besteak beste: Espainiako Historia atzerritarrentzako ikastaro gisa, 1941 eta 1944 artean; Historia Orokorreko Mintegia 1947 eta 1948 urteetan; Antropologiako Doktoregoko Arkeologia Mintegia 1959tik, eta Ekialdeko Historiako eta Historiaurreko Mintegiak tesiak prestatzeko 1965etik.
1948an, Unescoren Humanitate Departamentua zuzentzeko lizentzia jaso zuen, eta aukera horrek are gehiago zabalduko zion nazioarteko proiekzioa. Mexikora itzuli zenean, 1952an, UNAMera itzuli zen Ikerketa Historikoen Institutura, eta Mexikoko etapa sendotu zuen, lanaldi osoko karrerako ikertzaile izendatu baitzuten. Hirurogeita bat urte zituela, kargu berriak nolabaiteko egonkortasun ekonomikoa ekarri zion, eta bere denbora profesionala ikerkuntzan eman ahal izateko bermea. Beste ordainsari ekonomiko batzuk ere lortu zituen Fakultateari emandako zerbitzu osagarriengatik, bai eta UNAMetik kanpo beste batzuengatik ere. Eskolak ematen jarraitu zuen, oraingoan Antropologia eta Historiako Eskola Nazionalean, non Historiaurrea irakasten zuen. Halaber, 1967an, Mexikoko gobernu federalak Kulturen Museo Nazionaleko aholkulari izendatu zuen.
Bere lana etengabekoa izan zen, nahiz eta erbestean zailtasunak izan, eta sari ugari jaso zituen. Sorbonako irakasle gonbidatua izan zen 1951n; Zientzia Antropologiko eta Etnologikoen Nazioarteko Batasuneko idazkari nagusia, 1953 eta 1966 bitartean; Unescorako Mexikoko Batzorde Nazionaleko kidea, eta Erakunde Humanistikoen Mexikoko Kontseiluko presidentea, 1960tik. Alemaniako Heidelbergeko Unibertsitateko irakasle gonbidatua ere izan zen 1966ko udan. Hainbat lekutan (Mexiko, Guatemala, Kolonbia, Kuba, Brasil, Polonia, Txekoslovakia, Alemania, Austria, Italia, Portugal, Frantzia, Estatu Batuak) eman zituen hitzaldi ugariek erakusten dutenez, erbestealdi behartuak ez zion nazioarteko aitortzarik murriztu. San Salvadorreko Unibertsitatean Erromako Historiari buruzko ikastaroak egin zituen 1947an, bai eta El Colegio de México ikastetxean ere 1958an, Antzinateko Asiako Historiari buruz. Gainera, azterlaneko bidaia ugari egin zituen Europako, Amerikako, Afrika iparraldeko, Ekialde Hurbileko eta Asia erdialdeko hainbat herrialdetan.
Bosch i Gimperak egindako ikerketak, gehienak argitaratuak, nazioarteko komunitate zientifikoak eman zion babesa adierazten dute historialari gisa bere ibilbidearen hasieratik, eta batez ere erbestean bizi izan zen bitartean. Azpimarratzekoa da 1914tik indusketak egin zituela Iberiar Penintsulako historiaurreko herrietan eta Kataluniako Emporion kolonia greziarrean, Europako kontinentearen historiaurreari eta antzinako historiari buruzko ikerketak egiteko. Ildo horri lotu zitzaion erbesteko urteetan, eta UNAMek 1963an argitaratutako Homenaje a Pedro Bosch-Gimpera lanean jaso zituen ikerketok. Baskoniari buruz idatzi zuen, besteak beste: «El problema etnológico vasco y la arqueología», RIEV, 14. liburukia, 4. zenbakia (1923), 589-660.. or. Bertan, euskal herriaren eta hizkuntzaren jatorria azaldu zuen, arkeologian eta antropologian oinarrituz, folklorea, ohiturak…, etnologiaren zientzia aztertuz. Aldizkari berean argitaratu zuen «Los celtas y el Pueblo Vasco», RIEV, 23. liburukia, 3. zenbakia (1932), 457-486.. or. Hor, herri zeltikoen mugimenduak aztertu zituen euskal tribuekiko, eta horiek zeuden eremuak mugatu. Kantabriarrak eta autrigoiak aztertu zituen. Ez zuen uste Penintsula iparraldean zeuden erromatarren garaiko herriak zeltak zirenik, eskualdekoak bertakoak baizik.
Erbestean, lan hauexek nabarmendu ziren, hala oihartzunez nola aitortzaz: Two Celtic Waves in Spain, Londresen Akademia Britainiarrak argitaratua 1942an; El poblamiento antiguo y la formación de los pueblos de España, Mexiko: Imprenta Universitaria, 1945; «Mouvements celtiques. Essai de reconstitution», Études celtiques-en argitaratua, Paris, 1950 eta 1956 artean; Todavía el problema de la cerámica ibérica, UNAMek 1958an argitaratua; El problema Indoeuropeo, UNAMek ere bai, 1960an –fratses itzulpenaz, Les indoeuropéens, Paris: Payot, 1961–, eta «Die Indoeuropäer. Schlussfolgerung», Die Urheimat der Indogermanen, Darmstadten argitaratua, 1968an. Beste argitalpen batzuetan, Amerika kontinenteari buruzko bere emaitzak eman zituen ezagutzera, hala nola Andre Varagnacen laneko Amerikako aurrehistoriari buruzko kapituluetan, in L’homme avant l’écriture, Paris: Armand Colin, 1959; «La prehistoria y los orígenes del hombre americano», Origens do homem americano: 2.º, Encontros intelectuais de Sao Paulo sob o patrocinio da Unesco (1961), Instituto de Prehistoria da Universidade de São Paulo, 1964; L’Amérique avant Christophe Colon: préhistoire et hautes civilisations, Paris: Payot, 1967, eta VII. liburukiko L’America precolombina kapituluak, in Storia Universale di Popoli e della Civiltà, Torino, UTET, 1970; gainera, Historia de Oriente, I, México: UNAM, 1970.
UNAMeko Anales de Antropología-n, haren ikerketak nabarmentzen dira: «El arte rupestre en América» I. liburukian (1964); euskal gaiei ere arreta berezia eskaini zien, «Arqueología y Lingüística en el problema de los orígenes vascos», II. liburukian (1965); «El neolítico y la debate del problema indoeuropeo», III. liburukian (1966); «Las relaciones prehistóricos mediterráneas», IV. liburukian (1967); «Nuevos aspectos del paleolítico eurasiático en relación con el origen de los cazadores americanos», V. liburukian (1968); «Sobre las raíces de España», VI. liburukian (1969); «Paralelos transpacíficos de las altas culturas americanas y su cronología», VII. liburukian (1970), «Ensayo de una visión de conjunto del neolítico europeo», VIII. liburukian (1971).
Haren harreman zientifiko-instituzionalekin egindako lana ere nabarmena izan zen. Unescon egon zen bitartean, hainbat kongresutan parte hartu zuen, ondoren Filosofiaren eta Giza Zientzien Nazioarteko Kontseiluan ordezkaritza izango zuten giza zientzietako erakunde iraunkorrak ezartzeko; UNAMen ordezkari izan zen, Luis Garrido Diaz errektoreak eskuordetuta. Unescoko funtzionario eta Mexikoko ordezkaritzako kide gisa, Unibertsitateen Nazioarteko Elkartearen sorreran parte hartu zuen; Elkarte hori Guatemalako unibertsitate latinoamerikarrekin osatu zen. Bertan, Unescoko eta Mexikoko Unibertsitateko irakasle izan zen. 1963an, Filosofiaren eta Humanitateen Nazioarteko Kontseiluaren (CIPSH) batzarra antolatu zuen Mexikon, eta, «Antropologia eta Etnologia Zientzien Batasuna»ko idazkari nagusi gisa, Paris, Brusela, Ann Arbor, Tokio, Mexiko, Kopenhage eta Bukaresteko CIPSHen batzarretan parte hartu zuen, 1953tik 1967ra. Urte horretan bertan, aitortza jaso zuen bere adopzioko unibertsitatean egindako lanagatik, ikertzaile emeritu izendatu baitzuten. 1942an eskuratu zuen mexikar nazionalitatea. Ez zen inoiz Espainiara itzuli, frankismoak pasa zion kostuetako bat, baina eskola sortu zuen erbestean lantalde eta ikasle handiekin… Mexiko Hirian hil zen 1974ko urriaren 17an, gibeleko gaitz batek jota.
Obrak
L’Edat de la pedra, Barcelona: Consell de Pedagogia de la Mancomunitat de Catalunya, 1916.
Prehistòria Catalana: edats de la pedra i dels metalls, colonització grega, etnografia. Barcelona: Ed. Catalana, 1919.
Las razas humanas: su vida, sus costumbres, su historia, su arte, 2 libk., Barcelona: Instituto Gallach de Libª. y Ed., 1928.
Historia de la antigüedad. Primera parte, Historia de Oriente, I. libk., Barcelona: Sucesores de Juan Gili, 1928.
El estado actual de la investigación de la cultura ibérica, Madrid: Tip. de Archivos, 1929.
La Cultura ibérica del Bajo Aragón, Barcelona: Exposición Internacional de Barcelona, 1929.
El Museo Arqueológico de Barcelona, Barcelona: Exposición Internacional de Barcelona, 1929.
Historia Universal. Novísimo estudio de la Humanidad, Barcelona: Instituto Gallach, 1931-1932, 2 libk.
Etnología de la península Ibèrica, Barcelona: Alpha, 1932.
L’Art grec a Catalunya, Monografies d’art hispànic, Barcelona: ADAC, 1938.
España romana: 218 a. C.-414 d. C., in MENÉNDEZ PIDAL, R. (zuz.), Historia de España, Madrid: Espasa-Calpe, II. libk., 1935.
«Democracia y totalitarismo en la historia», Cuadernos Americanos, 1 (1942ko urtarrila-otsaila), 97-119. or.
«Para la comprensión de España. Notas marginales a libros nuevos y viejos», Cuadernos Americanos, 1 (1943ko urtarrila-otsaila), 153-174. or.
«El poblamiento primitivo de España», Universidad de La Habana, 52-54 (1944), 115-135. or.
«La evolución histórica y las limitaciones de la democracia», Universidad de Nuevo León, Monterrey, 5 (1945), 17-33. or. (erreproduzitua in Universidad de San Carlos, Guatemala, I. libk., 206-240. or., eta Revista Nacional de Cultura, Caracas, 53. zk., 47-67. or.).
El hombre primitivo y su cultura, México: Secretaría de Educación Pública, 1945.
Història de Catalunya, México: Catalònia, 1946.
«Sobre la prehistoria americana», Acta Americana, 6 (1948), 1-16. or.
Una Democracia medieval, México: Imp. La Antorcha, 1955.
«Asia y América en el Paleolítico inferior», Miscelánea Paul Rivet, 1 (1958), 49-76. or.
Cataluña, Castilla, España, México: Ediciones de Las Españas, 1960.
El Próximo Oriente en la antigüedad, México: Pormaca, 1964.
Josep de C. SERRA I RÀFOLS-ekin, Corpus vasorum antiquorum: Espagne. Musée archéologique de Barcelone, Barcelona: Institut d’Estudis Catalans, 1951-1965.
La Universitat i Catalunya, Barcelona: Edicions 62, 1971.
Paleontología de la península ibérica: colección de trabajos sobre los celtas, iberos, vascos, griegos y fenicios, Austria: Akademische Druck, 1974.
Prehistoria de Europa: las raíces prehistóricas de las culturas de Europa, Madrid: Istmo, 1975.
Bibliografia
BLASCO GIL, Y., «Los costes del franquismo para la universidad española y para los profesores exiliados. El caso de Pere Bosch i Gimpera», Historiografías, 3 (2012), 45-61. or.
BLASCO GIL, Y., eta PAVÓN ROMERO, A., «El exilio y el descubrimiento de una vocación antropológica», in PAVÓN ROMERO, A.; VELASCO, A., eta RAMÍREZ, C. (koor.), Estudios y testimonios sobre el exilio español en México. Una visión sobre su presencia en las Humanidades, México: Bonilla Artigas-Conacyt, 2016, 335-372. or.
GARCÍA ALONSO, F., Pere Bosch i Gimpera. Universidad, política, exilio, Madrid: Marcial Pons, 2011.
REVENTÓS, J., Bosch i Gimpera: un catalán abierto al mundo, Cuadernos de la Fundación Españoles en el Mundo, 6, Madrid: Fundación Españoles en el Mundo, 1994.
SOLER, M., La casa del éxodo: los exiliados y su obra en La Casa de España y El Colegio de México (2. arg. zuzendua eta luzatua), México: El Colegio de México, 2015.





