Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal herritik kanpoko egileak eta obrak

BARRACHINA Y PASTOR, Federico (Cocentaina, Alacant, 1861eko maiatzak 2 – ?, d.g.).

Karguak eta lanbideak

Abokatua eta notarioa

Ibilbidea

Aita zuen notario, eta zuzenbide zibil eta kanonikoan lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Zentralean. Bere argitalpenetan, Castellón de la Planan bizi den abokatu eta notario gisa aurkezten zuen bere burua. Haren idazlan ezagunena, Derecho foral español en sus relaciones con el Código Civil, la Jurisprudencia del Tribunal Supremo y Doctrina de la Dirección General de los Registros y del Notariado, hiru liburukitan argitaratu zen 1911tik 1912ra.

Barrachina, batez ere, zuzenbideko teknikari pragmatiko hutsa zen. Haren idazlana pentsatuta dago Erregistro, Notariotza eta Judikaturako opositoreentzako gai-zerrenda izateko. Bada, ez zuen eragozpenik agertu erregionalismo juridikoko dibertsitatea positiboki baloratzeko, haren zilegitasun historikoan oinarrituz oparo interpretatu zuena, baina ez zion ia arretarik jarri doktrinari eta, aldiz, etengabe aipatzen zuen Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia, bereziki lurralde bakoitzeko iturrien sistema finkatzeari dagokionez. Gainera, xehetasun ugari eman zituen indarrean zen ohitura oroz, bereziki Nafarroaz, bai eta askotan barbaroen garaietako aztarna bitxitzat jo ere. Dena den, askotariko Zuzenbideen historia ezagutzeak eta ulertzeak eta horiei buruzko joerak balio izan zioten positibismo normatiboa nabarmen moldekatzeko, hari inoiz uko egingo ez bazion ere. Abiapuntutzat hartuz Zuzenbidea eratzen duten elementuak arraza eta hizkuntza direla nagusiki, Barrachinaren ustez, Probintzia Baskongadoetako zuzenbide-araubideak beti agertu zuen independentzia handia.

Barrachina y Pastorrek ontzat ematen du dibertsitate juridikoa espainiar nazio baten barruan, hura era sinesgarrian aurkezten amaitzen ez duen arren. Estatu orok nazional izateko legeen homogeneotasuna behar badu, eskualdeetako desberdintasun juridikoek ezin diote hori izatea galarazi, batasuna ez baitator nahitaez lege zibilen bitartez, barneko lege publikoen bidez, eta Espainiako botere publikoa, hala legegintzakoa nola judiziala, jada bat eta bakarra zen. Dena den, ulertzen zuenez, Espainia ez zen bere perfekzioaren azken mailara heldu estatu nazional osoan, eta hori asmo ideal bat baizik ez zen, eta bakarrik lortu ahal izango zen itsasgarri baten lanaren bidez, ipartzat hartuko zuena aurreiritzirik ez duen adiskidantza bat. Bakarrik era horretan lortuko zen batasuna, nahiz eta ezin zuen ekarri, ez eta behar ere, eskubide eta herri batzuek beste batzuk asimilatzea.

Foru hitza arbuiatu zuen, uste baitzuen berez udalerriei zegokiela, eta legeria orokorrari kontrajartzen zitzaiola. Barrachinaren arabera, lurraldeko araubide juridikoak ez ziren galdu behar era apetatsuan; izan ere, haien erakunde batzuek aditzera ematen zuten beren herritarrek uko egitera (zilegitasunez) prest ez zeuden kontzientzia bat. Hori bai, zuzenbide komuna eta foru-zuzenbidea akordio-eremu batera hurbildu behar ziren Kode unitario bakarrean, titulu berezien bidez edo, are hobe, apendizeen bidez. Era horretan, kritika juridikoari gogor egiten zioten erakundeak bertan bilduko ziren, eta behin betiko debekatuko ziren zuzenbide osagarriak.

Uko egin ezin zitzaion batasun hori bakarrik gertatu ahal izango zen legelariak lau puntutan bat etortzean: garrantzitsuena, testamentua egiteko askatasuna; alargun- eskubidea; jaraunspen-araubidea; eta tronkalekotasuna. Garrantzizkoa zen Nafarroan eta Bizkaian guraso-ahala Zuzenbide zibilekoa ez izatea, Zuzenbide naturalekoa baizik, eta tutoretza legitimoarekin nahastea, edo Zuzenbide kanonikoaren eragina senitartekoen arteko elikagaiak arautzeko orduan. Gainera, kontuan hartuko zen Kode Zibilak onartu egiten zuela ezkontzaren araubide ekonomikoaren dibertsitatea. Horien artean, Barrachinak berezitasunak nabarmendu zituen, hala nola Bizkaiko baserria eta haren usufruktuak, edo Nafarroan, eskribauek ondasunak rolde eta afrontamientos direlakoen arabera zehaztea, bereziki propter nuptias dohaintzetan.

Barrachinak bere joera pragmatikoena erakusten du, zuzenbide osagarri (ordezko) exotikoak erabat arbuiatzean, auzitan jarriz askotariko lehentasunak eta horien mugak, nahasmen eta eztabaida iraunkorren sorburu. Hala ere, batik bat, horiek bertako kontzientziei arrotz zitzaizkielako. Hala ere, bere Derecho foral español lanean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hierarkiaren erraztasuna nabarmentzen du, Nafarroakoa bihurriagotzat jotzen badu ere, neurri handi batean Foru-kontra aspaldiko ohitura indarrean dagoelako, lehen mailako osagarri (ordezko) gisa Zuzenbide erromatarra aplikatzen duena, eta ez Kode Zibila, Espainiako beste lurralde batzuetan ez bezala. Nafarroako legeriak, foru-legerien artetik zaharrena izanik, beste guztiak gainditzen omen zituen lausotasunean eta, gainera, ohiturez beterik zegoen, Barrachinak bitxitzat eta barbarotzat jotzen zituena, hala nola pareten altuera erabakitzeko, haren gainetik astoak astaña dagoen aldera jauzi egiteko duen abilidadea kontuan hartzea.

Zuzenbide Erromatarra Nafarroan osagarria zenez, Barrachinak Nafarroako instituzio askoren azalpena eman ordez, Katalunian horien harira esandakoetara jotzen du. Praxi adierazgarria da ondare-instituzioei dagokienez, baina ez da hain ohikoa oinordetza-zuzenbidean, xehetasun handiagoz aztertua, berezitasun ugari dituelako. Hala, bada, nabarmentzen du ondasunak eskualdatzea ezkontza-kapitulazioetan eta non-nahiko propter nuptias dohaintzetan arautzen direla, hori gutxitan eginez testamentuetan, eta garrantzi txikiz. Testamentuetan, ezkontideen arteko ermandadekoa nabarmendu zuen, ezeztaezina zelako, bai eta abonamenduko testamentua edo notariorik gabea ere. Halaber, nabarmendu zuen adulterioko seme-alabek jasotzen zuten tratua, seniparte-eskubiderik gabe geratuak, edo ondasunetan egiten zen zatiketa testamenturik gabeko oinordetzan: abolorio-ondasunak, ondarekoak eta tronkalak.

Lur lauko Bizkaiko instituzioen eta haien Arabako herrien artean, halaber, Barrachinak seniparte-sistema nabarmendu zuen. Oso korapilatsutzat jotzen zuen, eta Nafarroakoaz bestelakotzat. Barrachinak auzitan jarri zuen testamentu-askatasuna zegoenik, bakarrik ume legitimoentzat baitzen; aldiz, ume naturalek, kontuan hartuak bakarrik legitimorik ez bazegoen, kanpoan utz zitzaketen aurrekoak (asabak). Auzitan jarri zuen, gainera, hilburuko testamentuaren zati honexen balioa: lekukoek lehenago egin deklarazioak urratu zitzaketen. Testamenturik gabeko oinordetzarako, ondasun-zatiketa era honetan egiten zen: onibarrak, ondasun higigarriak eta higiezin ez tronkalak.

Arabak eta Gipuzkoak, bestalde, ez zuten lege zibil propiorik une horretan eta Logroñoko foruari loturik zeuden, Bizkaiko uriak bezala. Beraz, Zuzenbide komuna eta Kode Zibila ia osoki zituzten indarrean.

Barrachinaren obra literarioaren aipamenaz kanpora, geroko autoreek ez dute ia aipatu haren lan juridikorik, haren Derecho foral español oso lan betea eta zorrotza izan arren berak bilatzen zuenerako.

Obrak

Código de Comercio Español. Jurisprudencia y Leyes extranjeras en materia de cambio, Alacant: Imp. de Juan Esplá, 1890, 391 or.

La crisis naranjera: sus causas y sus remedios, Castellón de la Plana: Establecimiento Tipográfico de José Armengot e Hijos, 1908 (berrarg. Valencia: Librerías París- Valencia, 1994).

Derecho Hipotecario y Notarial. Comentarios a la Ley Hipotecaria publicada por R. D. de 16 de diciembre de 1909, con la jurisprudencia del Tribunal Supremo de Justicia, doctrina de la Dirección General de los Registros y del Notariado y disposiciones del Código Civil, Castelló de la Plana: Establecimiento Tipográfico de José Armengot e Hijos, 1910 [errezentsioa in Revista General de Legislación y Jurisprudencia, 59. libk., 119 (1911), 608-609. or.].

Derecho foral español en sus relaciones con el Código Civil, la Jurisprudencia del Tribunal Supremo y Doctrina de la Dirección General de los Registros y del Notariado, 3 libk., Castelló de la Plana: Establecimiento Tipográfico de José Armengot e Hijos, 1911-1912 (berrarg. Iruñea: Ed. Anacleta, 2004).

Oposiciones al cuerpo de aspirantes a Registros de la Propiedad. Contestación a las preguntas relativas al Derecho civil, Madrid: Hijos de Reus Editores, 1912.

La familia Ricci (novela de cultura popular), Castelló de la Plana: Establecimiento Tip. de José Armengot e Hijos, 1913.

 

 

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP