Karguak eta lanbideak
Historialaria, arkeologoa, enpresaburua eta politikaria
Ibilbidea
XVII. mendeaz geroztik Baionako nobleziakoa zen familia aberats eta ospetsu batean jaio zen. Familiako kideak hiriko alkateen eta Merkataritza Epaitegiko buruen kontulari-eginkizunetan aritzen ziren. Henryren aita, Pierre Apollinaire, armadorea zen, Rouenen eta Le Havren karrera egin zuena, Baionara 1834an itzuli aitzinetik. Henryk ospea irabazi zuen Lapurdin XIX. mendean aitzina eraman zituen jarduera ekonomiko, politiko eta intelektualengatik. Aita 1846an hil ondoren, Henry Poydenot, 24 urte zituela, merkataritzako jardueretan hasi zen, anaia nagusi Raymondekin, eta bien artean sortu zituzten «Compagnie bayonnaise d’Assurances maritimes Poydenot Frères» (Itsas Aseguruen Konpainia Baionarra Poydenot Anaiak) enpresa eta erretxinazko salgaien negozio bat. Bi anaiek ibilbide bereiziak eramaten bazituzten ere, eskuz esku joan ziren garai hartako goi-mailako gizartean ohikoak ziren merkataritza- eta espekulazio-jardueretan. 1858an, Marie Detroyatekin ezkondu zen, eta bi seme izan zituzten, Paul eta Raymond, 1859 eta 1863an. Garai hartan hasi zen, bere negozio-gizonaren jardueraz gain, Baionako arkeologian eta historian interesatzen, grina handia erakutsiz bere sorterriarekiko. Marieren osaba Emile Detroyat zen, Baionako Caisse d’Épargneren sortzaileetako bat, eta 1868an, bere anaia Raymondekin batera eta ezkon-aita Achille Detroyatekin batera, Detroyat & Poydenot merkataritza-konpainia sortu zuten, egoitza haren etxean zuela, Baionako Lormand kaleko 10ean.
Baionako eliteko kidea izanik, hainbat kargu bete izan zuen administrazioan, besteak beste, Caisse d’Épargneko administratzailea (1850-1868) eta zuzendaria (1868-1874), eta Saint-Leon ospitaleko administratzailea (1874-1880). Costa Ricako Errepublikako kontsula (1849-1858) eta Saxoniako erresumako kontsula (1856-1869) ere izan zen Baionan. Zinegotzia izan zen 1855an eta 1858an, Jules Labaten agintaldian, mugimendu legitimistarekiko atxikimendu handia izanda ere. 1868an mugimendu horren ordezkari gorenarekin, hau da, Cambordeko kondearekin, elkartzera iritsi zen, Frohsdorf gaztelu austriarrean. Hautetsi gisa izan zituen eginkizunen esparruan, Madril eta Frantzia lotzen zituen trenbideari buruzko gogoeta-batzordeko kide izan zen, eta Saint-Esprit (Aturri ibaiaren eskuinaldea) eta Baiona (ezkerraldea) udalerrien arteko 1857ko batzarrean parte hartu zuen. Funtzio publikoen eginkizunetan, Baionako Batzorde katolikoko buru izan zen. Beste alde batetik, harremanak zituen Espainiako erresumarekiko, eta horrek aukera eman zion merezimenduzko aipamen ospetsu anitz eskuratzeko, esaterako, Karlos III.aren Ordenako Zaldun eta Komendadorea, Portugalgo Kristoren Ordenako Komendadorea, Karlos VII.aren Ordenako lehen klasea, eta Isabel Katolikoaren Ordenako Gurutze Handia.
Henry Poydenotek bere bi anaiak, Raymond eta Paul, galdu zituen, 1883an eta 1890ean, hurrenez hurren. Raymondek seme-alaba anitz izan zituen, baina bizitzaren amaieran egoera txarrean ikusi zuen bere burua, Henryri 25.000 libera zor zizkiolako. Azken honek, ordea, bere ondorengoei diru hori atzera kobratzea inposatu zien «betebehar sakratu» gisa. Paulek, berriz, ez zuen ondorengorik izan, eta arrakasta finantzario handia izan zuen. Bere emaztearekin batera lagundu zuten, haien erara, Baionako kultura aberasten, haien arte-bilduma baliotsua (altzariak, koadroak, eskulturak) hiriari eman baitzioten. Egun Bonnat-Helleu museoan kontserbatzen da. Bilduma horretako hainbat dokumentu Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Artxiboetan gordetzen dira. Udalari laguntzeko, gainera, urteko 1.500 euroko emakida egin zuten, eskolako irakasleen lansariak ordaintzeko.
Emaztea 1890ean galdu ondoren, Portenety jabegora joan zen bizitzera Henry Poydenot, Mousserolles auzoan, bere ezkon-arrebarekin, haren laguntza ekonomikoa izan baitzuen. Eremu askotan ospe eta arrakasta handia lortu bazuen ere, iduri du bizitzaren amaieran zailtasun ekonomikoak izan zituela, neurri batean, haren bankuak hainbat bezeroren porrotak jasan zituelako, mendearen amaieran, eta anaia Raymonden eta bere koinatuaren hartzekoduna zelako, inoiz iritsi gabe haien zorrak kobratzera. 1904an hil ondoren, Hiriburuko hilerriko lurzati batean hilobi iraunkorra izan zedin eraikiarazi zuen panteoi familiarrean hartu zuen atseden, haren azken bizilekutik hurbil.
Familiaren estatus pribilegiatuari esker, Henry Poydenoten eta haren anaien ikasketa-maila hagitz altua zen garai hartan ohikoa zenaren aldean. 1868tik goiti, dirudienez, bere erantzukizun publikoak alde batera utzi eta lan intelektualei ekin zien, aldi berean merkataritza-jarduerekin jarraituz. Argitaratu zituen lan zientifikoak, gutxi gorabehera hamarren bat, batez ere Baionaren Antzinaroari eta Erdi Aroari buruzkoak dira, eta Euskal Herrian aurkitutako inskripzio erromatarrei buruzkoak, haien miresle sutsua baitzen. Bere obran barna, Baionaren jatorriari eta sorrerari buruz egin zuen gogoeta, arkeologia, historia nahiz hizkuntzaren ikuspegitik. 1876an, Récits et légendes relatifs à l’histoire de Bayonne izeneko lana eman zuen argitara, bere bi semeei, «seme maiteei», eskainita, artean hagitz gazteak baziren ere, bere lanak ume horiei azterlan eta ikerketa berriak egiteko bidea erraztuko zielako esperantza adieraziz. 1888an, Frantziako 55. Kongresu arkeologikoko partaideei harrera egiteaz arduratu zen, Baionan eta Akizen egin baitzen. Orduan, lehendik eginak zituen lanak aipatzeaz gain, Emile Tailleboisekin lankidetzan, Landetan eta Pirinio Beheretan egindako ikerketa arkeologiko eta historikoei buruzko bibliografia bat prestatu zuen. Gehienak Novempopulaniari buruzkoak ziren.
Arestian aipatutako kongresu arkeologikoa amaitu ondoren, 1890ean argitaratutako Quelques mots sur l’ancien Bayonne lanean, eta bere lanik garrantzitsuenean, 1897an argitaratu eta bizi osoan barna egindako lanen laburpena den De l’antiquité de l’Évêché de Bayonne izenekoan, hiriaren antzinako aroari buruzko ezagupenak sistematizatu zituen Henry Poydenotek, artean ere ez baitziren oso ezagunak. Baina oso arrazoibide egokia egin zuen, Lapurdumeko hiriaren eta IX. eta XII. mendeetan izan zituen zabalkundeen arkeologia deskribatuz. Modu esplizituan defendatu zuen Baionako hiriaren sorrera erromatarra, haren latinezko lehenengo izena IV. mendera arte agertzen ez bada ere. Horretarako, arestiko lanez gain, Intxauspe kalonjeak Sainte-Euroiseri buruz eta Boateen hiriari buruz egin berri zituen ikerketa ugariak aipatu zituen Henry Poydenotek. Eta defendatu ere, Galia orohar, eta bereziki Akitania eta euskal lurraldeak, antzina ebanjelizatu zirelako tesia ere defendatu zuen. Horregatik aipatzen zuen, tokiko historiaren eraikuntzari buruzko eztabaida sutsuen testuinguru batean, «gure herriaren historia orain berrogei urtetik goiti ikasten ari den ikasle grinatsu bat» dela eta «bere abertzaletasuna historia hori defendatzearen zerbitzura jartzen duela, bere ustez okerrak diren irudipenei aurka eginez».
Eruditua, negozio-gizona eta politikaria izateaz gain, ez zuen zalantzarik izan laguntza emateko ongintzako lan anitzetan eta tokiko nahiz nazioarteko hainbat elkarte eruditutan parte hartzeko, Baionako Saint-Vincent-de-Paul Kofradiako kide, Frantziako numismatika eta arkeologiako sozietateko kide, Baionako Zientzien, Letren eta Arteen Sozietateko kide, eta Lisboako Zientzien Akademiako kide izan baitzen. Tokiko sare intelektualeko kidea zenez, adiskide mina izan zuen Anton Abadia, eta hainbat eskutitz idatzi zizkioten elkarri. Inskripzio erromatarrei buruz eta Baionako Antzinarotik Goi Erdi Arora arteko historiari buruz egin zituen lanak aitzindariak izan ziren, eta bidea zabaldu zieten Inperio erromatarraren presentzia Euskal Herrian, eta beraz, zibilizazio haren eta Akitania eta Frantziako hegoaldeko herriaren arteko trukeak eraginkorrak izan zirela ondoren erakutsi zuten ikerketei.
Obrak
. Rapport sur le chemin fer de France en Espagne, Baiona: Lasserre, 1856.
«Médaille d’argent d’Euphemia, femme d’Anthémius», Revue Numismatique, 1865, 231-234. or.
Découverte d’un cimetière antique à Garin (Haute-Garonne), Paris: Poupart, 1869.
Essai sur l’inscription romaine d’Hasparren, Paris: [s.n.], 1872.
Note sur l’authenticité de l’inscription romaine de Hasparren: réponse à M. François-Saint-Maur, Pau: Vignancour, 1874.
Récits et légendes relatifs à l’histoire de Bayonne, 2 libk., Baiona: Lasserre inp., 1876.
TAILLEBOIS, É.-ekin, Bibliographie pour le Congrès archéologique de Dax et Bayonne, Caen: Delesques, 1888.
«Bibliographie de Bayonne et des environs», Congrès archéologique de France. Dax-Bayonne, 1889, 430-434. or.
Quelques mots sur l’ancien Bayonne, Caen: Henri Delesques, 1890.
Trouvaille d’un «aureus» de Vitellius à Baïgorry (Basses-Pyrénées), Baiona: Lasserre, 1891.
Deuxième note sur l’inscription romaine d’Hasparren, Baiona: Lasserre, 1891.
Guide de l’étranger dans une visite à la Cathédrale de Bayonne, Baiona: L. Lasserre, 1894.
De l’antiquité de l’évêché de Bayonne, Baiona: Lasserre inp., 1897.
Bibliografia
LEBOURLEUX, A., «Les Poydenot à Bayonne, des origines à la Révolution», BSSLAB, (2000), 17-58. or.
— «Les Poydenot au XIXe siècle», BSSLAB, (2001), 227-276. or.
POYDENOT, D., «Henry Poydenot, un Bayonnais à Frohsdorf (1878)», BSSLAB, 173 (2018), 27-65. or.
ITURRIAK
ARCHIVES DÉPARTEMENTALES DES PYRÉNÉES-ATLANTIQUES, Legs Poydenot, E Dépôt Bayonne 2 L 36, 1901.





