Karguak eta lanbideak
Idazlea, militarra, bertsolaria eta juje bakezkoa
Ibilbidea
Joan Batista Elizanburu Saran (Lapurdi) jaio zen. Haren ama Zugarramurdikoa (Nafarroa Garaia) zen; haren aita aduana-agentea zen, Heletan (Lapurdi) jaioa. Urruñako Françoise Eiherabururekin ezkondu zen, eta 1877an seme bat izan zuten, Leon Joseph.
Elizanburuk Larresoroko apaizgaitegian ikasi zuen, eta ondoren Frantziako armadan sartu zen. Apaizgaitegitik atera zenean, 1849an, soldadu sartu zen, eta 1867an kapitain izendatu zuten. Handik urte batzuetara, gerra franko-prusiarrean parte hartu zuen era aktiboan. 1870ean tropa alemanek preso hartu eta Metz hirian kartzelaratu zuten. Handik urte batzuetara, Ohorezko Legioaren ezaugarriarekin saritu zuten.
Kartzelatik atera eta biharamunean, sorterrira itzuli zen, juje bakezkoaren lanbidean aritzeko. Kargu hori bete zuen handik aitzina, Ezpeletako barrutian. Ideia errepublikazaleen defendatzaile irmoa zen Elizanburu. Haren konpromisoa agerikoa da haren idazkietan, bereziki, Les Pyrenées et les Landes izeneko aldizkarian «Errepublika bakea da» (1880) izenburuarekin argitaratutako artikuluan. Suhartasun hori are paradoxikoagoa suerta daiteke kontuan hartzen bada haren lehengusu Mixel Elizanburu ezaguna zela «xurien» mugimenduarekiko atxikimenduagatik. Bi ideologia haiek elkarren aurka aritu ziren mende hartan, eta ondoren ere hala jarraitu zuten. Elizanbururen kasuan, komenigarria da gogora ekartzea Larresoroko apaizgaitegian eman zituen urteak erabakigarriak izan zirela, «xurien» taldekoak ziren zenbait pertsonekiko harremanak markatu zituztelako, besteak beste, Grazian Adema (Zaldubi) garai bateko kidearekiko harremana.
Armadan sartu zenean, literaturaren bi alderditan nabarmendu zen Elizanburu. Alde batetik, bertsolari eta poeta gisa. Sari ugari jaso zituen (Lore Jokoak) bat-batean emandako bertsoengatik, batez ere «Emazte edalea» (1855), «Tan, tan, tan, tan, rastapetaplan» (1858), «Gazte hiltzera doana» (1860), «Nere etxea» (1861) edo «Apexa eta Lorea» (1962) bertsoengatik. Elizanburuk landu zuen bigarren alderdia narrazioa izan zen. Alemaniarren presondegietan egon ondoren, «Piarres Adame» izenburua eramanen zuen eleberria argitaratzen hasi zen, atalka. Lehenik, Donibane Lohizuneko La Nivelle aldizkarian, non bost atal besterik ez baitzen argitaratu, eta ondoren, 1887 eta 1888 bitartean, beste hainbat atal, Le Réveil Basque aldizkarian. Eleberri osoa Pauen argitaratuko zen azkenik, 1888an, izenburu honekin: Piarres Adame saratarraren zeinbat hiztorio Laphurdiko eskuaran.
Handik urte batzuetara, Les Pyrénées et les Landes aldizkariarekin lankidetzan hasi zen, eta berriro ere eman zituen argitara bere idazki batzuk. Haren narrazio amaitu gabea Piarres Adame liburuan mamitu zen. Piarres pertsonaiaren bidaia kontatzen da, Saratik Oletara, bidelagun duen Pello gazteari bere memoriak kontatzen dizkion bitartean. Hainbat aldiz argitaratu zen lana. Testuak bateratzen saiatu ziren hainbat egile, eta horren emaitza batez ere Elkarrek (1982) argitara emandako edizioan irakurtzen ahal da. Lan horren berezitasuna batez ere forman datza. Zortzi ataletan banatuta dago, eta lehenengo euskal eleberritzat jotzen da.
Literatura-ekoizpen horiei esker, Joan Batista Elizanburu Irazabal ipar Euskal Herriko historian eta memorian atxikia geratu da, eta horregatik, hain zuzen ere, haren izena gehiago lotzen da ahozko inprobisazioarekin eta hark utzitako narrazio-ondarearekin, juje bakezkoaren karguan egindako lanarekin baino. «Nere Etxea» izeneko bertso idatziak Euskal Herriaren herri kulturaren osagaietako bat bilakatu dira. Izan ere, bertsolariek, oraindik ere, hark inprobisatutako doinuak erabiltzen dituzte. Horregatik, haren «Piarres Adame» lana euskarazko literaturaren klasiko gisa finkatu da, eta eskoletako irakasgaia da.
Obrak
«Errepublika bakea da», Les Pyrénées et les Landes, 1880ko urriaren 2a.
«Euskaldun batek euskalduneri», Les Pyrénées et les Landes, 1883ko abuztuaren 13a.
«¡Agur herri maiteari! = Salut à la Patrie aimée», Revue des Basses-Pyrénées et des Landes, I (1884), 279-280. or., II (1885), 67-68. or, Euskal-Erria, XVI (1887), 366-369. or.
Piarres Adame, Lehen zathia, Pau, 1888, Baiona: Eskual-Herria, 1946, 48. or. (Donostia: Hiria, 2008).
ITURRALDE P.-rekin., Piarres Adame, Murtuts eta bertze…, Donostia: Elkar, 1982, 119 or.
Olerkiak, Donostia: Hiria, 2006.
Bibliografia
ARMIARMA, Literaturaren zubitegia (web), «Jean Baptiste Elizanburu», On-line edizioa: https://zubitegia.armiarma.eus/?i=267.
BIDADOR, J., «Elizanburutarrak: xuri ta gorrien arteko liskarren adibidea», Euskaldunon Egunkaria, 1995eko irailaren 1a eta 8a.
SALABERRI MUÑOA, P., Iraupena eta lekukotasuna. Euskal literatura idatzia 1900 arte, Donostia: Elkar, 2002.





