Karguak eta lanbideak
Erlojugilea, merkataria, liburuzaina eta artxibozaina
Ibilbidea
Etienne-Edouard Ducere, Edouard Ducere izenez ezaguna, Port-Neuf kaleko 27. zenbakian jaio zen, Baionako erdigunean, 1848ko iraultza lehertu eta urtebete eskasera. Handik goiti Frantzian erregimen monarkikoa, bai bere forma absolutistari, bai forma neurtu edo konstituzionalari zegokionez ere, behin betiko ezabatuta geratuko zen.
Inguruko gizartea burgesia txiki baionarra zuen. Haren aitona Armand Ducere Mont-de-Marsan hiriko jaun bat zen, eta haren aita ere, Pierre-Romain Ducere, han jaio zen. Baionan erlojugile negozio txiki bat jarri zuen Port-Neuf kaleko 27 zenbakiko ‘villa’ batean. Haren ezkontza-agiria jasotzen duen erregistroko 23. folioaren atzealdean jasotzen denaren arabera, Edouarden gurasoak ziren Pierre-Romain eta Sophie Lecussan (baionarra, Marguerite Ameztoiren eta Pierre Lecussan lurrin-merkatariaren alaba). Edouardek erlojuen negozioa heredatu zuen, bai eta lanbidea ere, aitaren eskuetatik, baina Lehen mailako ikasketak egin zituen, Baionako Allées Marines etorbideko Fenouillas Instituzioan, erlojugile lanbidean hasi aurretik. Gainerakoan, haren prestakuntza gehienbat autodidakta izan zen. Jean-Baptiste Daranatz historialari baionarrak Ducereren biografia txiki bat idatzi zuen, eta haren arabera, arabierazko inskripzio bat zuen domina bat aurkitu zuenean piztu omen zitzaion Historia ezagutzeko eta ikasteko grina. Hura deszifratu nahian, hasi omen zen Baionako udal-liburutegira joaten, eta handik aitzina bisita horiek etengabeak izan ziren.
Ekialdeko hizkuntzak ikastea, Ducereren kasuan, baliagarria izan zitzaion euskararen eta arabieraren arteko antzekotasunei buruzko lanen bat egiteko, baina Lapurdiko beste eruditu batzuen aldean, esaterako garaikidea zuen Anton Abadiaren aldean, ez zuen esplorazio-bidaia handietan baliatzeko aukerarik izan. Izan ere, Edouard Ducere ez zen ia-ia atera Baionatik, eta han hil zen, 1910ean. Egiaztatu ahal izan den bidaia bakarra zera da, Bigarren Inperio frantsesaren amaieran, zerbitzu militarrean zela, 1870ean, Baionako baterietatik Le Havreko portu militar eta komertzialera bidali zutenekoa, hango zerbitzu telegrafikora. Napoleonen Bigarren Inperioaren porrotaren eta amaieraren ondoren (Daranatzek kontatzen duenez, Ducerek haren akta zehatza jaso zuen familiari idatzi zizkion gutunetan, etorkizunean erabiliko zuen historialari-sena erakutsiz), Baionara itzuli zen Edouard, eta ez da jaso haren inongo bidaia handiren berririk —ez behintzat aurkikuntza eta esplorazio asmoz egindakoak—, arrazoi militarrengatik egindako bidaia haren ondoren.
Itzulerako urte hartatik beretik, erlojugile-lanbidean jarraitu zuen, aitarekin lehenik (1883an hil zen arte) eta ondoren amarekin, baina aldi berean hasi zuen historialari-ibilbide oparoa, ekialdeko hizkuntzekiko eta numismatikarekiko interesak kitzikatuta (egungo Frantziako Liburutegi Nazionalak jaso dituen erregistroen arabera, 59 lan desberdinetan parte hartu zuen, nolabait, edo haien egile nagusia da). Daranatzek kontatzen duenez, 1879tik aitzina Baionako Zientzien eta Arteen Sozietatean sartu zen. Eskolako oinarrizko ikasketak bakarrik egin izana eta familiaren erlojugintzako negozioa eramateko lanbidea ez ziren oztopo izan, noski, une hartatik aitzina, historiako ikasketekiko grinari gogo biziz heltzeko. Etengabe egiten zituen bisitak Udal Liburutegira, eta giro intelektualarekin egin zuen harremana, besteak beste, Baionako Dulaurens artxibozaina eta Bernadou eruditu baionarra ezagutuz. Biak izan zituen irakasle tokiko artxibo anitzetako dokumentazio historikoa erabiltzen eta irakurtzen ikasteko eginkizunean. Zaletasun eta prestakuntza horien ondorioz, Sociéte des Sciences et Arts de Bayonne elkarteko idazkari izendatu zuten. Ondoren, 1880ean lortu zuen, erudizio-lan etengabe horri esker, Baionako liburuzain laguntzaile izendatzea, eta 1908an hiriko liburuzain nagusi eta artxibozaina. 1880ko urte hartatik aitzina hasi zuen ikerketa eta argitalpen zerrenda luzea osatuz, Daranatzek Decereri eskainitako biografia txikian ia hogei orrialdetan jaso zuena, sei epigrafetan banatua, alegia, honako hauetan: lehena, «euskara eta euskaldunak»; bigarrena, «dialekto gaskoiak»; eta hirugarren epigrafe bat, Daranatzek definitzen zuena «Baiona» izenez, eta azpiatal hauek zituena: I. Udal artxibategiak; II. Topografia; III. Tokiko historia; IV. Bisitari garrantzitsuak eta V. Napoleon. Laugarren epigrafean, Eskualdeko historiako lanak biltzen zituen Daranatzek; bosgarrenean, «Gerra eta itsas armada» eta seigarrenean, «Askotarikoak». Argitalpen multzo zabal hori une hartatik aitzina artikulu anitzetan jaso zen Bulletin de la Société des Sciences et Arts de Bayonne aldizkarian. Daranatzen arabera, haietarik lehena 1881eko uztailaren 9an agertu zen, eta 1674an holandarrek eta espainolek Lapurdi inbaditzeko zuten proiektuari eskaini zion. Lehen ere, ordea, lan luzeagoak argitaratu zituen Ducerek. Esaterako, Hondarribiako 1638ko setioari eskainitakoa. Lanaren egikeran gorabeherak daude, ez zirelako bat etortzen Ducerek erabiltzen zituen datuak eta espainolek ematen zituztenak, bertsio guztiz ezberdinak ematen baitzituzten, setio horren garrantziaren inguruan. Gai horri berriro ere heldu zion (haren lan zabalean gauza ohikoa baita) 1892an, gertakari horren beraren inguruko azterlan dokumental batean. Joera hori, ordea, chauvinista samarra, desagertzen da hurrengo lanean, alegia, 1881ean argitaratutako L´armée des Pyrénées occidentales. Éclaircissements historiques sur les campagnes de 1793-1794-1795 lanean. Hartan, ikuspegi guztiz neurtua eta dokumentatua eskaini zuen Frantziako Errepublikako tropek 1794an inbaditu ondoren Gipuzkoan izan zen matxinadaren egiazko inpaktuari buruz. Besteak beste, zenbait dokumentu adierazgarri argitaratu zituen, Gipuzkoako handikiak erakusten zituztenak Frantziako Iraultzari guztiz atxikiak, haien batzarretan Iraultza goretsiz.
Hasierako bi urte haietatik aitzina, Baionako eta Euskal Herriko beste hainbat hiritako, batez ere Donostiako, historia jasotzeko lan nekaezinean jarraitu zuen Ducerek. Lan horren esparru kronologiko zabala hartu zuen, Aro Modernotik hasi eta Napoleonen gerren garaira arte, eta liburuki anitz eman zituen, haietako batzuk egiaz itzelak, esaterako Histoire des rues de Bayonne izeneko lana (Baionako kaleei buruzko historia zehatza, sei tomo beteko zituena) eta askotariko historia-ikerketen kopuru oparoa. Handik sortu ziren hainbat lan aipagarri, besteak beste, Journal de bord d’un filibustier (1686-1693): d’après un manuscrit de la Bibliothèque Nationale lana, non Ducerek berreraikitzen duen kortsario baionar baten bizitza gorabeheratsua Luis XIV.aren erregealdian; edo 1895ean gai berari buruz eskainitako beste lan itzel bat: Histoire maritime de Bayonne. Les corsaires sous l’ancien régime. Garai napoleonikoa, Pirinioez alde batera nahiz bestera, lan historiografiko horretako gai garrantzitsuenetako bat izan zen, Daranatzen sailkapenak agerian jartzen zuen bezala. Izan ere, Lehenengo Inperioari buruz prentsan argitaratutako artikulu ugariez gain, Ducere izan zen, beharbada, euskal historialari bakarra, ia aldi berean idatzi zuena lan bat Donostiako 1813ko setiori buruz eta Baionako 1814koari buruz. Itsas gaien inguruko historiarako egileak zuen ageri-ageriko zaletasuna alde batera utzi gabe. Argi geratzen da zaletasun hori bi gai horiek konbinatuz 1898an argitaratu zuen Les Corsaires basques et bayonnais sous la République et l’Empire lanean. Eta gauza bera islatzen da Baionako abdikazioei buruz 1897an argitaratu zuen lan izugarri handi eta zehatzean: Napoléon à Bayonne, d’après les témoins oculaires et des documents inédits.
Daranatzek eskaini zion biografiak, gainera, Ducereren beste alderdi bat ere erakutsi zigun. Kasu honetan, literatura-idazle gisa, hainbat eleberri historiko idatzi baitzuen. Adibidez, 1886an Paul Diverekin batera, eleberri historiko bat argitaratu zuen, La belle armurière ou un siège de Bayonne au Moyen Àge izenburukoa, 1378an armada gaztelarrak Baionari ezarritako setioan girotua, eta non Paulette de Panburlat, Baionako emakume armadore ederra, maitemintzen den setioan parte hartzen duen Esteban izeneko soldaduarekin. Estebanek, azkenean, emakumearen amodioagatik, gaztelarren armadatik ihes egin zuen. Eleberri horren hitzaurrean Ducerek jadanik erakutsi zituen bere lan gaitza (hurrengo urteetan eta 1910era arte) ardaztuko zuten ikerketa-ildo historikoak. Baina berriro itzuli zen Ducere eleberri historikoak idaztera, Daranatzek osatutako zerrendak erakutsi zigunez. Oraingo honetan, bakarka idatzi zuen L’Émigrée ou les Tirailleurs basques, liburuxka gisa argitaratua L´Avenir egunkarian, 1887 eta 1888 bitartean, eta 1789ko iraultzaren garaian girotua, izan ere, giro hori hagitz ongi ezagutzen zuen Ducerek, garai hari buruz eta hark Euskal Herrian izan zituen ondorioei buruz egin zuen lanari esker. Hainbat ipuin ere idatzi zituen Edouard Ducerek, 1891 argitaratu zituenak Contes d’un bibliophile bayonnais izenburua jarrita. Ipuin haietako batean, egilea bera aurkitzen du islatuta Daranatzek, emazterik gabe (haren iloba batek beti gaitzesten ziona), baina liburu eta idazki liluragarriez inguratuta bizi den baionar eruditu eta zahar batengan.
Lan handi horretan buru belarri ari zela hil zen Ducere, 1910ean, Baionako Rue des Faures kalean zuen etxean, burges erudituaren bizimodu metodiko eta atsegin hartatik aldendu gabe. Hura hil zenean, Udal Artxiboetako Batzordeak argitaratu zuen, bi liburukitan, haren hilondoko lan gisa aipatzen dena, alegia, Dictionnaire Historique de Bayonne izenekoa. Bilduma entziklopediko handia zen, edizio-prozesu konplexu bat behar izan zuena, lehenengo liburukia Ducereren heriotzaren hurrengo urtean argitaratu baitzen, 1911n, eta bigarrena handik lau urtera, lehen mundu gerra betean, 1915ean, barne hartzen zituela «Labat» abizenaren «L» letratik «Z» letraraino, «Zo» sarrerari, hau da, Baionan 1826an jaiotako Achille Zo margolariari zegokiona.
Obrak
(Hautaketa).
Recherches historiques sur le siège de Fontarabie en 1638, Baiona: Lamaignère inpr., 1880.
L´armée des Pyrénées occidentales. Éclaircissements historiques sur les campagnes de 1793-1794-1795, Baiona: Hourquet liburutegia, 1881.
Invasion du Labourd et siège de Fontarabie (1636-1638). Lettres et documents, Baiona: [s.n.], 1892.
Histoire maritime de Bayonne. Les corsaires sous l’ancien régime, Baiona: E. Hourquet, 1895.
Le siège de Saint-Sébastien, 1813, Pau: Ribaut, 1896.
Napoléon à Bayonne, d’après les témoins oculaires et des documents inédits, Baiona: Hourquet, 1897.
Les Corsaires basques et bayonnais sous la République et l’Empire, Baiona: A. Lamaignère inpr., 1898.
Bayonne sous l’Empire. Le Blocus de 1814, d’après les contemporains et des documents inédits, Baiona: Lamaignère, 1900.
Dictionnaire Historique de Bayonne, Baiona: A. Foltzer inpr., 1911-1915, 2 libk.
Bibliografia
DARANATZ, J.-B., «Edouard Ducéré», RIEV, 5. libk. (1911), 502-532. or.
ITURRIAK
ÉTAT CIVIL DÉPARTEMENTAL. CONSEIL DÉPARTEMENTAL DES PYRÉNÉES-ATLANTIQUES, SERVICE ARCHIVES. État civil. Acte de mariage, Pierre-Romain Ducéré et Sophie-Catherine Lecussan, Bayonne, 05/06/1848, AD64, 5 MI 102/35. On-line formatuan eskuragarria http://earchives.le64.fr/archives-en-ligne/ark:/81221/r17808zmssvrjk/f447 (2020ko urriak 25).





