Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Nafarroako egileak eta obrak

ECHAVE-SUSTAETA PEDROSO [ETXABE-SUSTAETA PEDROSO], Eustaquio, (Haro, Logroño, 1872ko ekainaren 11 – Eltziego, Araba, 1952ko otsailaren 4a).

Karguak eta lanbideak

Kazetaria, idazlea eta politikaria

Ibilbidea

Eustaquio Vicente Echave-Sustaeta Gaviola eta Segunda Pedroso Corralen semea izan zen, Mutrikukoa (Gipuzkoa). Haurtzaroa Eltziegon eman zuen, bertara joan baitzen familiarekin jaio eta handik gutxira. Zuzenbidea ikasi zuen Zaragozako unibertsitatean, eta bertan lizentziatu zen 1894an. 1902an Victoria Saenz Navarrete Ramirezekin ezkondu zen, Eltziegoko familia ezagun bateko kidea. Legez Kanpoko Zilegitasunaren Errege Ordenako Zalduna izan zen (Jaime Borboi eta Borboi-Parmak 1923an sortua, karlisten zilegitasunaren kausari emandako zerbitzuak saritzeko).

Eustaquio Echave-Sustaetak kazetaritza-lanari ekin zion Zaragozan karrera ikasten zuen bitartean. 1892an, beste bi ikasle karlistarekin batera, El Aragonés egunkari tradizionalista sortu zuen bertan.

Geroago, Bilboko gazte karlisten astekariaren zuzendaria izan zen, Chapel Zuri (1894-1897), 1895ean euskal nazionalismoarekin gatazketan hasi zena. El Basco egunkariko erredaktore ere izan zen, Estanislao Jaime Labayru karlistak Angel de Iturralderekin batera 1884an sortua. Bertan zebilela, 1897an, foruen eta lehen karlistadaren jatorriaren inguruko polemika sonatua izan zuen Sabino Aranarekin.

Urte horretan bertan, Iruñera joan zen, eta urrian El Pensamiento Navarro egunkaria sortu eta zuzendaria izan zen. Egunkari hark La Lealtad Navarra egunkari karlista ordezkatu zuen, eta Nafarroako Eskualde Batzorde karlistako organo ofiziala izan zen 1936ko gerra zibilera arte. 1900. urtean Echave-Sustaeta atxilotu egin zuten, Nafarroako karlismoaren beste pertsona garrantzitsu batzuekin batera, laster Espainiako hainbat herritara zabaldu zen Badalonako urriko karlisten saiakera zela eta. Berehala itzali bazen ere, Gobernuak elkargo karlista guztiak itxi zituen eta bere prentsa eten egin zuen1901eko martxora arte. 1917an, hogei urte eta gero, Echave-Sustaetak El Pensamiento Navarro egunkariaren zuzendaritza utzi eta abokatutzan hasi zen Lizarran.

Echave-Sustaetaren lan politikoa 1905ean hasi zen Iruñeko Udaleko zinegotzi gisa. Bigarren Errepublikan, Victor Pradera buru zuen komunio tradizionalistako kultura kontseiluko kide izan zen.

Modu aktiboan parte hartu zuen 1936ko altxamenduaren prestakuntzan, eta honen ondoren, Arabako Gerrako batzorde karlistako presidente izan zen. Aipatu probintziako Diputazioaren buru izan zen 1936ko abuztutik 1938ko martxora bitartean. Gerra-egoera deklaratu zenetik behin-behinean Candido Fernandez Ichaso buru izan zuen Diputazioa ordezkatu zuen. Diputazio honen neurri nagusietako bat, Arabari kontzertu ekonomikoa aitortzea izan zen. 1937ko ekainean Francok berretsi egin zuen. 1937ko maiatza eta urria bitartean, Echave-Sustaeta Falangeren ordezkari nagusi ere izan zen. Nahiz eta bat-egitearekin desadostasunak zituela adierazi, leial eutsi zion beti Oriolismoak (Jose Luis de Oriol buru zuen Arabako tradizionalismoa) defendatzen zuen pragmatismo tradizionalistari, eta probintzia-erakundeetan karguak onartu zituen karlismoaren nagusitasun politikoari eusteko. Hala ere, Falangearen norabide totalitarioak hilabete gutxi barru dimisioa aurkeztera eraman zuen.

Eustaquio Echave-Sustaeta karlismo foruzale eta euskaltzalearen isla da, eta XIX. mendearen amaieratik aurrera, bere lumaz defendatu zuen euskal nazionalismo jaioberriaren eta borrokalariaren aurrean. 1897ko urtarrilean Acta de Loredán sinatu ondoren, mende-amaierako karlismoaren adierazpen politiko nagusia, Sabino Aranak «Hoja suelta» bat argitaratu zuen Bilbon, El Partido Carlista y los Fueros Basco-Nabarros izenburupean. Horrela, eztabaida zorrotza hasi zuen Eustaquio Echave-Sustaetarekin. Orriak garrantzi politiko handia zuen, nazionalismoarentzat foruen esanahi historiko-politikoaren azalpena zelako. Programa karlistaren kritika zorrotza zen, foralismoa eta lurralde, gizarte eta politika korporatibismoa babesten baitzituen, baina betiere Espainiako batasunaren alde eta edozein separatismo eta aurka agertuz.

Espainolista eta foruzale faltsua izatea egotzi zion Aranak karlismoari, eta euskaldunei antzinako eta benetako askatasunak itzultzea nazionalismoak besterik ez ziezaiekeela berma zioen. Foraltasuna, karlismoak Espainia barruko eskualde-legeriatzat jotzen zuena, euskal estatuen subiranotasun tradizionaletik zetorrela saiatu zen frogatzen. Nazionalismoaren sortzailearentzat, euskal-nafar foruak Euskal Probintzietan eta Nafarroan jatorritik gobernatzen zuten lege orokorrak ziren, eta ez ziren espainiar monarkek beste eskualde batzuei bezala emandako askatasun edo pribilegioak izan. Euskal foruak beste eskualdeetakoak baino hobeak ziren, kode nazionalak baitziren, euskal estatu independente bakoitzaren jatorrizko konstituzioa.

Kazetari errioxarrak El Basco egunkarian erantzun zuen, euskal nazionalismoaren sortzailearen argudioak zapuzten ahalegintzeko idatzitako sei gutunetan. Bertan, Gernikan eta Villafrancan Don Karlosek zin egindako foruak euskaldunek ezagutzen zituzten benetako foru bakarrak zirela gogorarazi zion Aranari. Karlisten doktrinaren inguruko ezjakintasuna aurpegiratzen zion, eta Loredanen akta politikoan justifikaziorik gabeko erreformismorik ez zegoela ziurtatzen zuen. Euskal Herriak nahi zuena eta nahi zuen moduan baino ez zela eraberrituko hitz ematen baitzen. Aranak El Partido Carlista y los Fueros Basco-Nabarros (polémica) izenburua zuen liburuxka batekin erantzun zuen. Nola karlistek hala nazionalistek ongi zekiten zein garrantzitsua zen doktrina-eztabaida hura beren mugimenduetarako. Polemika erabakigarria izan zen karlistei bezero politikoak ostu nahi zizkion euskal nazionalismo berria finkatzeko orduan. Horregatik, Aranaren obra politiko garrantzitsuenetako bat dela esan ohi da, izan ere, hasierako bere bizkaitartasunetik euskal nazionalismora igarotzea suposatu baitzuen.

1911n ere, eta urtebete baino gehiagoz, Echave-Sustaetak polemika handia izan zuen Iruñean urte hartan bertan sortutako Napartarra euskal astekari abertzalearekin. Foruen doktrinaren inguruan sortutako polemikak, kazetariak El Pensamiento Navarro aldizkarian hainbat artikulutan argitaratu zuenak, 1915ean El Partido Carlista y los Fueros izeneko liburua sorrarazi zuen. Lan honetan, alderdiak monarkia federal baten esparruan erabateko foru integrazioaren defentsan izan zuen ibilbide historikoa azaltzen zuen.

Echave-Sustaetaren pentsamendu foruzale eta federalistak, Laurak-Baten eta orduko Euskal Herriaren batasunaren defendatzaile zen, foruzaletasun liberalaren aurka agertzera eraman zuen, 1841eko legearekin zuen identifikazioagatik, harekin Nafarroa erresuma izatetik probintzia izatera igaro baitzen. Foruzaletasun liberalak, bere ustez, «1841eko lege itundua» delakoaren esparru instituzionala onartzen zuen, zeinaren bidez Nafarroak erresuma berezi bat izateari utzi baitzion, berezko gorteak zituena, botere zentralaren mendeko probintzia bilakatzeko: «Aurrerantzeko foru-aldarrikapenetarako abiapuntutzat onar daitekeen arren, ezin da inolaz ere behin betiko gisa hartu. Karlistek helburu dugun aldarrikapen forala integrala da: Nafarroa Erregearekin, lege pribatiboak ematen dituzten gorte propioekin, eta Euskadi bere Errege edo jaunarekin, bere Batzar Nagusien bidez herrialdea zuzentzen» (El Partido Carlista…: 213).

Obrak

El bizcaiarra D. Sabino de Arana ante el Partido Carlista y los fueros basco-nabarros: hoja suelta, Bilbo: La Propaganda inp., 1897. http: //hdl.handle.net/20.500. 11938/81101 (2020ko abuztuak 10).

El Partido Carlista y los Fueros. Con inserción de gran número de documentos, muchos inéditos. Juan Vazquez de Mellaren hitzaurrea, Iruñea: El pensamiento Navarro inp., 1915.

Textos de la obra, El Partido Carlista y los Fueros, seleccionados y reeditados por la Delegación Navarra de Propaganda y Prensa adscrita a la Junta Carlista de Guerra de Navarra, Iruñea: Gráficas Vasconia, 1937. Online arg.: http://www.liburuklik.euskadi.eus/handle/10771/24649 (2020ko abuztuak 10).

Bibliografia

ARANA GOIRI, S., El Partido Carlista y los fueros baskos: polémica que sostuvo nuestro llorado maestro Sabino de Arana y Goiri con los enemigos de Euskadi, Buenos Aires: Irrintxi, 1912. Sabino Aranaren orri soltea jasotzen du, 44-82. or.; Echave Sustaetaren gutunak, 15-41. or. Eta Aranaren erantzuna, 104-135. or. Online arg.: http://www.liburuklik.euskadi.eus/handle/10771/24720 (2020ko abuztuak 12).

CANTABRANA MORRÁS, I., «Lo viejo y lo nuevo: La Diputación-FET y de las JONS. La dinámica política de la “leal” Álava» (Lehenengo zatia: 1936-1938), Sancho el Sabio, 21. (2004), 149-180. or.

— «Octavistas contra oriolistas. La lucha por el control de las instituciones, 1936-1957», RIVERA, A. (zuz.), Dictadura y desarrollismo. El franquismo en Álava, Gasteiz: Gasteizeko udala, 2009, 121-127. or.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP