Karguak eta lanbideak
Medikua, anarkista, naturista eta higienista
Ibilbidea
Aita, Lucas Puente García, Bustasurrekoa (Kantabria) zen eta ama, Josefa Amestoy Hermoso de Mendoza, Lantziegokoa (Araba). Aita botikaria zen eta ofizialorde karlista izan zen; beraz, 1876an Frantziara erbesteratu zen. Gero familia kokatu egin zen, lehenik Bizkaian eta gero, 1911n, Gasteizen. Isaacen anaia zaharrena ere, Federico, botikaria izan zen. Beraz, familia aberats samarrekoa zen.
Jesuiten Urduñako ikastetxean hasi zuen hezkuntza, eta batxilergoa Gasteizko Institutuan amaitu zuen. Santiago de Compostelan hasi zen medikuntza ikasten, eta Valladoliden amaitu, 1918an. Landa-mediku gisa aritu zen beti, lehenik Cirueñan (Errioxa) eta 1919tik aurrera, mediku titular gisa, Maeztun (Araba) eta Arraia-Maeztu udalerriak hartzen dituen hogei herrietan. Horrez gain, Gasteizko Ajuria Metalurgiako langileen kontsulta ere egiten zuen. Enpresa horretan, langile asko CNTn afiliatuta zeuden. 1919an bertan ezkondu zen Luisa Garcia Andoinekin. Senar-emazteek bi alaba izan zituzten: Emeria eta Araceli.
Mediku gisa ospe handia izan zuen, bere gizatasun handiagatik, pazienteekiko tratuagatik eta gaitasun teknikoagatik. Dirudienez, oro har, oso tratu atsegina zuen.
1930ean Arabako Medikuen Elkargoko lehendakariorde hautatu zuten, eta horrek esan nahi zuen probintzia horretako diputatu izendatu zutela, nahiz eta kargu politikoak gutxi maite zituen, kargua hartu eta bi hilabetera dimisioa eman zuen, «kontzientzia eskrupuluengatik».
1920ko hamarkadaren hasieran Arabako militante anarkista batzuk ezagutu zituen, eta ideia libertarioetan sartzen hasi zen. Alfredo Donnay 1921 eta 1922 artean Maeztuko Udaleko Birgaragoiengo altzari-fabrikan aritu zen lanean. Puente han ere medikua izan zen. Puentek gaixo gisa hartu zuen Donnayren emaztea, eta biak, mediku eta militante anarkista, lagun egin ziren. Daniel Orelleri dagokionez, garai berean Gasteiztik Maeztura joan zen, CNTko beste kide batekin batera, sindikatuko afiliatuen kuotak kobratzera, Vasco-Navarro trenbidea eraikitzen ari ziren langileen artean. Puentek etxera gonbidatu zituen eta horrela hasi zen bien arteko harremana. Gainerakoan, beste pentsalari anarkista batzuekin ere harremanak izan zituen, batez ere Federico Uralesekin. Era berean, mugimendu libertarioan desadostasunak izan zituen, polemika bat baino tarteko, bereziki Federica Montsenyrkin.
Teoria anarkistari egiten dion ekarpenari dagokionez, ez litzateke bilatu behar ideia edo estrategia berrien ekarpenean, baizik eta Piotr Kropotkinek garatutako komunismo libertarioaren printzipioak zabaldu eta dibulgatzean. Puentek gaitasun handia zuen gizarte-teoriaren kontzeptu gutxi gorabehera korapilotsuak sinpletasun eta argitasun handiz azaltzeko. Hala, haren lanak oso zabalduak izan ziren herritarren artean, eta oso irakurriak. El comunismo libertario liburuxkak hainbat edizio izan zituen eta 100.000 ale inguru saldu zituen. Teorizazio eta sintesi-gaitasun hori aitortu zion Federación Anarquista Ibérica-k (FAI), 1933an, txostengile izendatu baitzuen komunismo libertarioari buruzko irizpena idazteko. Geroago, CNTren Zaragozako Kongresuak 1936an onetsi egin zuen bere irizpena. Federica Montsenyren arabera, Puente izan zen gerra zibilean izan ziren kolektibizazio libertarioen inspiratzaile teorikoa.
Puenteren arabera, komunismo libertarioa anarkia antolatzeko forma soziala eta politikoa zen, eta anarkismoa filosofia bat zen, jokabide-arau bat, komunismo libertarioari esparru orokor gisa balio ziona. Funtsean independentzia ekonomikoan, askatasunean eta norbanakoaren subiranotasunean oinarrituko zen.
Oso nabarmena izan zen, halaber, Isaac Puentek pentsamendu naturistari, garai hartan ideia anarkistekin hain lotuta zegoenari, egindako ekarpena. Naturismoa gizakiak naturarekin duen harreman orekatuaren eta osasunaren kudeaketa zuzen eta autonomoaren filosofia da. Neurri handi batean, industrialismoaren kontrolik gabeko desarrollismoaren ondorioz, naturatik urrundutako bizimoduaren kontrako erreakzioa da. Naturismoak erreprodukzioarekin, higienearekin, gaixotasunen tratamenduarekin, elikadurarekin, aire zabaleko kirolarekin (bereziki mendizaletasunarekin) eta nudismoarekin lotutako praktikak proposatzen zituen.
Naturismoari lotutako mediku anarkisten tradizioa oso zabala izan zen espainiar Estatuan: Bartzelonako Gaspar Sentiñon Cerdaña (1835-1902), Malagako Jose Garcia Viñas (1848-1931), Juan Madinaveitia Ortiz de Zarate (1861-1938), Pedro Vallina Martinez (1879-1970) sevillarra, Jose Maria Martinez Novella (1896-?) valentziarra, Augusto Alcrudo Solorzano (1892-1936) zaragozarra, Javier Serrano Coello (1897-1974) bartzelonarra eta Juan Antonio Lorenzo Benito (1878-1938) Bartzelonako praktikantea, besteak beste. Isaac Puente izan zen guztien artean teorikoena. Ez da harritzekoa, halaber, Bigarren Errepublikan, bai Espainiako Gobernuan, bai Kataluniakoan, Osasun Sailak ministro eta kontseilari anarkisten esku egotea, eta horrek oso argi adierazten du libertarioek gai horrekiko zuten interesa.
Medikuntza naturistan, Puentek bi kontzeptu antitetiko landu zituen: «medikalismoa» eta «sanitarismoa». Lehen sistema, mikrobioen aurkako fobian oinarritua, farmakopean eta txertoetan oinarritzen zen, eta medikua zen osasuna lortzeko bide bakarra. Horren aurka, sanitarismoak organismoa defentsak modu autonomoan eta autogestionatuan garatzen saiatzen zen, elikadura-praktika arrazionaletan oinarritutako osasun-kulturaren bidez eta toxikoen kontsumoa saihestuta. Kultura naturista hori zabalduz gero, ez litzateke beharrezkoa izango medikuaren presentzia eta jarduera. «Osasuna, askatasuna bezala, bakoitzak lortu behar du», zioen. Nolanahi ere, Puentek jarrera maximalistetatik ihes egin zuen, hala nola beganismotik edo botiken eta txertoen eragina ukatzetik eta jarrera begetariano eta terapeutiko moderatuari eutsi zion.
Bere pentsamendu eta ekintza naturistaren arreta gai hauetan jarri zuen: eugenismoa, sexu-hezkuntza, higienismoa eta elikadura begetarianoa. Hala, Isaac Puentenren artikulu ugari ditugu, batez ere Generación consciente eta Estudios aldizkarietan argitaratutakoak, jaiotza-kontrolaren, elikadura begetarianoaren, sexu-moralaren eta abarren gainekoak. 1931ko ekainean, azken aldizkari horretan, Puentek, Un médico rural goitizenarekin, emakumearen emantzipaziorako jarraitu beharreko jarduera-programaren zirriborroa egin zuen: «Sexu-hezkuntza; prostituzioaren abolizioa; borroka antibenereoa; eritasun benereoei aurrea hartzeko bitartekoak zabaltzea; ezkontza irekiak; dibortzioa; emakumearen sexu-askatasuna; jaiotzen kontrola; sexuaren erlijiozko desintoxikazioa». Ondorioz, urteetan Estudios eta Generación conscienteko irakurleentzat funtzionatu zuen doako sexu-kontsultategiaren arduraduna izan zen, Marti Ibañezek 1936ko urtarrilean lan horretan erreleboa eman zion arte. Kontsultak postaz bidaltzen zizkioten Maeztuko edo Birgaragoieneko helbidera. Puentek garrantzi handia eman zion sexu-iraultzari, planteatzen ari zen gizarte-iraultzako testuinguru orokorrean: «Iraultza politiko eta sozialak baino sakonagoa, sexu-ideietan gertatutakoak bibliografia ugari du, eta gure kristau-zibilizazioak izan dituen aurreiritziak eta ezjakintasuna ahultzen ari dira» (Estudios, 1935, 6. or.). Goresten zituen antisorgailuen artean, «Ogino metodoa» eta basektomia zeuden. Puentek aldeztutako neomalthusianismoa «ugalketarako ez den kopularako eskubidean, maitasunaz maitasunagatik gozatzeko eskubidean» oinarritzen zen, eta emakumea gizarte patriarkalak esleitu zion zereginetik askatzen zuen: «Inongo ikuspuntutatik ere ez da defendagarriagoa neomalthusianismoa amatasun kontzientetik baino. Emakumeak ama osoa izateko eta izateari uzteko duen eskubidea. Emakumearen emantzipazioa bere sexuaren esklabotasunetik: etengabe erditzen aritzetik («Neomalthusianismo», Estudios, 1930).
1928an Kopenhageko Liga Mundial para para la Reforma Sexual sobre Bases Científicas delakoaren sortzaileetako bat izan zen, baina 1930ean Vienan egiten ari zen Liga honetako Kongresura joateari uko egin zion, hartzen ari zen joera erreformistagatik. Puentek proposatu zuen espainiar atalari Liga Española para la Subversión Sexual sobre Bases Humanas izena ematea, baina izen horrek ez zuen aurrera egin.
Ez dut aurkitu garaiko naturismoari eta anarkismoaren sektore batzuei oso lotua zegoen nudismoa defendatzen zuen Isaac Puenteren testurik, baina badakigu bere mendi-ibilaldi eta kanpaldietan gorputz-enborra biluzik eramaten zuela, eta 1934ko maiatzean «picnic nudista» bat antolatu zuela Gasteizko katedral berriaren eta urtsulatarren ikastetxearen aurrean. Gasteizko anarkistak, gizon eta emakumeak, biluzik ibili ziren inguru hartan, elizgizonen eta mojen eskandaluaren aurrean.
Isaac Puente bere garaiko mugimendu salubristaren ideologorik handiena dela esan daiteke.
Horrez gain medikuntza hutseko artikulu zientifiko ugari argitaratu zituen hurrengo aldizkarietan: La Medicina Ibera (Madril), La Medicina Argentina (Buenos Aires), La Revista de Medicina de Álava (Gasteiz) eta Álava Médico-Farmacéutica (Gasteiz).
Asko argitaratu zuen eta bere lanek hedapen handia izan zuten, ez aipatutako aldizkarietan bakarrik, baita, besteak beste, hauetan ere: Solidaridad Obrera (bai Bartzelonan argitaratutakoan, bai A Coruñakoan), Eugenia (Bartzelona), Ética-Iniciales (Bartzelona), Helios (Valentzia), CNT (Madril), Suplemento de Tierra y Libertad (Bartzelona), El Pájaro Azul (Gasteiz), Antorcha (Las Palmas), Crisol (Donostia), Cultura libertaria (Ferrol), Cultura proletaria (New York), El Amigo del Pueblo (Bartzelona), La Revista Blanca (Madril), El Sembrador (Igualada, Bartzelona), Solidaridad Humana (Bartzelona), Tiempos Nuevos (Bartzelona), Voz Libertaria (Brusela), El Trabajo (Soria), Suplemento de La Protesta (Buenos Aires) edota ¡Despertad¡ (Vigo). Beraz, eragin ideologiko handia izan zuen langile-mugimenduan, oro har, eta anarkistan, bereziki.
Isaac Puente ez zen mugatu hausnarketa eta dibulgazio teorikora, militantzia anarkistari ere aktiboki lagundu zion. FAIren matxinada-lerrotik hurbilago zegoen CNTko sindikalismotik baino. Buenaventura Durruti, Cipriano Mera, Alcrudo anaiak eta beste batzuekin batera, 1933ko abenduaren 8an Errioxa eta Aragoin altxamendua antolatu zuen Batzorde Nazional Iraultzaileko kide izan zen. Horregatik, prozesatu, torturatu eta kartzelaratu egin zuten, eta 1934ko maiatzean amnistiatu. Aldez aurretik, 1932ko apirilaren 14an eta 1933ko uztailaren 22an Errepublikaren aldarrikapenaren urteurrenaren ospakizunaren boikota zela eta atxilotu zuten, alegiazko matxinada anarko-faxista leporatuta. Noski, Puente hauteskundeetan abstentzioaren aldekoa zen, eta 1933ko otsaileko hauteskundeetarako boikot kanpainan parte hartu zuen: honako kontsignaren jarraitzailea zen: « boto-ontzien aurrean, gizarte-iraultza».
1936ko uztailaren amaieran, indar matxinatuek atxilotu zuten Maeztuko etxean, eta Gasteizen kartzelaratu; urte hartako irailaren 1eko goizaldean atera eta fusilatu egin zuten, ustez Pancorbon (Burgos), nahiz eta haren gorpua oraindik aurkitu ez diren ugarietako bat izan. Beste hainbat kasutan bezala, bere ondasunak espoliatu egin zituzten, baina bere horretan bere pertsonaren aurkako gorroto politikoari xehetasun bat gehitu zioten: hil ondoren, Burgosko Erantzukizun Politikoen Eskualdeko Auzitegiak heriotza-zigorra ezarri zion.
Haren heriotzak hunkidura handia eragin zuen konfederaziokoen artean, halakoa non, handik aste gutxira, CNTren 3. batailoia, (Euzko Gudarostearen 11. zk.) sortu baitzuten eta Isaac Puente batailoia izena jartzea erabaki zuten.
Obrak
Bere obra osoa hemen ikus daiteke: FERNÁNDEZ DE MENDIOLA, F., Isaac Puente: el médico anarquista, Tafalla: Txalaparta, 2007, 231-248. or.
«Generación consciente I», Generación Consciente, 15, Alcoi, 1924ko urria.
«Moral sexual», Generación Consciente, 13, Alcoi, 1924ko abuztua.
«Generación consciente II», Generación Consciente, 16, Alcoi, 1924ko azaroa.
«Generación consciente V. Aspecto médico del Naturismo», Generación Consciente, 19, Alcoi, 1925eko otsaila.
«Hablemos del Naturismo. El régimen alimenticio», Generación Consciente, 26, Valencia, 1925eko iraila.
Alpinismo, Gasteiz: Viuda e Hijos de Sar, 1925, 27 or. (berrarg. Gasteiz: AIP, 2010; Jaén: Piedra Papel Libros, 2019).
Divulgación de la embriología, Valencia: Biblioteca de Generación Consciente, 1927 eta Madrid: Comisión de Propaganda Confederal y Anarquista, 1938.
«Eugenia y Naturismo», Eugenia, 73-74 (1928ko martxo-apirila), Barcelona, 65-68. or.
«Neomalthusianismo», Estudios, Valencia, 86, 1930eko urria, 2-4. or.
«Inconformismo de un médico. La Medicina ante el régimen capitalista», Estudios, Valencia, 98 (1931ko urria), 18. or.
«Sanitarismo. Supervaloración de la salud», Estudios, 100 (1931ko abendua), Valencia, 13-16. or.
«Una falsa ruta de la Medicina», Helios, 183 (1931ko abuztua), Valencia, 197-200. or.
Apuntes sobre el comunismo libertario, Barcelona: Tierra y Libertad, 1932, 14 or.
«La libertad individual ante la Medicina», Estudios, 124 (1933ko abendua), Valencia, 6-7. or.
El comunismo libertario. Sus posibilidades de realización en España, Valencia: Biblioteca de Estudios, d.g., [c. 1932]. Honako izenburuarekin: Finalidad de la CNT. El comunismo libertario, Barcelona: Tierra y Libertad, 1933, 1935, Madrid: Sindicato del Ramo del Vestir de Madrid, 1935.
Consejos prácticos para evitar el contagio de las enfermedades venéreas (liburuxka).
Embriología (Valencia: Generación Consciente y Estudios, d.g., hainbat arg.).
La fiebre. Sus causas. Su tratamiento, Valencia: Estudios, 1934 eta 1936, 64 or.
Higiene individual o privada, Valencia: Biblioteca de Estudios, 1930 eta Cuadernos de Cultura, 1930.
Tratamiento de la impotencia sexual, Valencia: Biblioteca de Estudios, 1935, 234 or.
La higiene, la salud y los microbios, Valencia: Biblioteca de Estudios, 1935, 75 or.
Hipótesis, experimentación y perfeccionamiento, Barcelona: Horizonte, 1933.
Independencia económica, libertad y soberanía individual, Barcelona: Cuadernos Rojo y Negro, 1. zk., 1933, 16 or.
Leopoldo Martinezekin, Los mártires de la CNT, Barcelona: Ediciones populares, 1932.
Métodos anticoncepcionales, Barcelona: Iniciales, 1933.
El ocultismo científico del aborto, 1935.
Por pensar así, ¿somos delincuentes?, Logroño: Natura, d.g. [1930?], 11 or.
Proyecto de ordenanzas de montes de Álava, Gasteiz: [s.n.], 1930, 14 or.
Propaganda, Barcelona: Tierra y Libertad, 1938.
Pueblo, el Gobierno es tu enemigo, Requena: Grupo Cultura, 1931.
La sociedad del porvenir. El comunismo anárquico, Barcelona: Amor y Voluntad, 1933, 14 or.
«Hacia la Interpretación Colectiva del Comunismo Libertario», Solidaridad Obrera, Barcelona, 1933ko apirilak 2; CNT, Madril, 1933ko apirilak 4.
Ventajas e inconvenientes de los procedimientos anticoncepcionales, Barcelona: Iniciales, 1934, 24 or.
«La Vasectomía», La Revista Blanca, 367, 1935ko abenduak 27.
Tratamiento de la impotencia sexual, Valencia: Biblioteca de Estudios, 1935, 234 or.
«Conceptos del Comunismo libertario», Solidaridad Obrera, Barcelona, 1936ko otsailak 26.
Bibliografia
ANDRÉS GRANEL, H., «Anarquismo y sexualidad», Germinal, 5 (2008), 65-84. or.
DE PABLO S., «Isaac Puente: un anarquista en la Diputación de Álava (febrero-abril 1930)», Cuadernos de Cultura, Gasteiz, 10 (1987), 104-115. or.
FERNÁNDEZ DE MENDIOLA, F., Isaac Puente: el médico anarquista, Tafalla: Txalaparta, 2007.
ÍÑIGUEZ, M., Anarquismo y naturismo. El caso de Isaac Puente, Gasteiz: Asociación Isaac Puente, 2004.
ÍÑIGUEZ, M. eta GÓMEZ, J., Isaac Puente. Médico rural, divulgador científico y revolucionario, Gasteiz: Papeles de Zabalanda, 1996.
IZENGABEA, «Puente, Isaac», Memoria Libertaria, 2014ko martxoak 27. http://memorialibertaria.org/content/puente-isaac (2021eko otsailak 18).
LORA MEDINA, A., «El anarquismo español ante el debate sanitario en España: salud, enfermedad y medicina (1930-1939)», Dynamis, 39 (2019), 175-204. or. https://doi.org/10.30827/dynamis.v39i1.8671 (2021eko otsailak 12).
MADRID SANTOS, F., La prensa anarquista y anarcosindicalista en España desde la I Internacional hasta la Guerra civil, Doktore tesia, Universitat de Barcelona, 1988-1989 ikasturtea. Online arg.: https://www.tdx.cat/bitstream/handle/10803/284155/FMS_3de3.pdf (2021eko otsailak 15).
MARTÍ BOSCÀ, J. V. eta REY GONZÁLEZ, A., «Isaac Puente Amestoy», Diccionario Biográfico Español de la Real Academia de la Historia. Online arg.: http://dbe.rah.es/biografias/53662/isaac-puente-amestoy (2021eko otsailak 12a).
PECIÑA, M., «Isaac Puente, médico anarquista», Muga, Bilbo, 5 (1980), 83-90. or.
— «Isaac Puente (1896-1936) y Federica Montseny (1905-1994)», Landazuri, 3, 1994ko ekaina.
REBOREDO OLIVENZA, J. D., Teoría política y praxis social de un anarquista vasco. Isaac Puente (1896-1936), Gasteiz: J. D. Reboredo, 1995.
ROLDÁN TEVAR, R., «Isaac Puente: un sexólogo en el pueblo», Anuario de Sexología, 7 (2001), 107-122. or.
SORIANO JIMÉNEZ, I. C., Isaac Puente. Anarquista, Gasteiz: Asociación Isaac Puente, 2011.





