Karguak eta lanbideak
Idazlea eta politikaria
Ibilbidea
Cienfuegosen (Kuba) jaiotako Manuel Maeztu Rodríguezen eta Nizako (Frantzia) Jane Ellen Whitneyren semea izan zen. 1882an, batxilergoko ikasketak hasi zituen Gasteizko Institutuan — gerora, Ramiro Maeztu Institutua, haren oroimenez —, eta 1887an amaitu zituen Bikaina jasota. Londresen ezkondu zen, erritu katolikoari jarraituz, 1916ko abenduaren 14an, Alice Mabel Hill-ekin, eta Juan Manuel izan zen ondorengo bakarra. Ramiroren anai-arrebak Maria, pedagogoa eta Madrilgo Residencia de Señoritas egoitzako zuzendaria, eta Gustavo, margolaria eta poemagilea izan ziren.
Urte batzuk Parisen, Kuban eta New Yorken bizi ondoren, Gasteizera itzuli eta Bilbora joan zen ama alargunarekin bizitzera, bertan, 1894an, kazetaritza-ibilbidea hasi zuen El Porvenir Vascongado egunkarian. Bilbo hiri zoragarria izan zen Ramirorentzat. Haren dinamismoak liluratu egin zuen, industrialariek beren asmamen eta ondare guztia ematen zuten aberastasuna ehunkoiztuz. Unibertsitate-ikasketarik ez zuenez, Nietzsche irakurriz jarraitu zuen formakuntza, orduan modan baitzegoen Espainian, Henri Lichtenberger-en Frantziako edizioan, ziurrenik, eta bere bizinahiz betetako aforismoek liluratu egin zuten. Handik Madrilera joan zen, eta bertan El País, El Progreso, Germinal, El Imparcial eta beste zenbait aldizkaritan kolaboratu zuen. Horietako artikuluetako batzuek Hacia otra España osatu zuten, gero baztertuko zuen gaztetako lana, Nietzscheren estiloko indibidualismo modernizatzaile eta erregenerazionistaz zipriztindutakoa, izan ere, beste aberri bat aldarrikatzeak benetakoa ez gorestea zekarren.
1901 «hirurak» direlakoen urtea izan zen: Pio Baroja, Maeztu eta Jose Martinez Ruiz, gero Azorín izango zena. Urtarrilaren amaieran, Benito Perez Galdosek Electra estreinatu zuen, garai hartan oso zabalduta zegoen kleroaren eta Elizaren irudi gutxiesgarri bat erakutsi zuen, eta prentsan hiru literatoek iruzkin asko egin zizkioten. Eta abenduan, «Hiruren manifestua» argitaratu zuten. Manifestu horretan, txandako politikariak deitzen ausartu ziren, hezkuntza orokorraren eta landa-kapitalizazioaren bidez haien ustez aita santuaren feudoa zen herrialdearen krisi sozial eta morala gainditzeko; Miguel de Unamuno ez zen horretan sartu, eta Espainiaren «japonizazio»tik ezin zela ezer espero esan zuen. Aldi berean, 1900eko apiriletik 1901eko urtarrilera Van Poel Krupp goitizenaz sinaturik hainbat emanaldi agertu ziren El País egunkarian, La guerra del Transvaal y los misterios de la banca de Londres bilduma osatu zutenak, Ramiroren eleberri bakarra. 1907an antzezlan bat ere idatzi zuen, El sindicato de las esmeraldas, inoiz antzeztu ez zena.
Ordurako ospe sendoarekin, Espainiako kultura-panoramatik desengainatuta eta aukera berrietara irekitzeko asmoarekin, 1905eko urtarrilean Londresera lekualdatu zen, eta han Espainiako izen oneko hainbat goibururen laguntzaile gisa aritu zen: La Correspondencia de España, Heraldo de Madrid eta Nuevo Mundo, baita Buenos Airesko La Prensa ere, non bizitza osorako idatziko baitzuen. Berehala jaso zuen gizarte britainiarra kezkatzen zuen eztabaidaren muina, zeina gainbehera prozesu batean murgilduta baitzegoen viktoriar handitasunaren ondoren. Horren ondorioz, kontserbatzaileek euren burua arriskuan ikusi zuten, alderdi berriak (Liberala eta Laborista, eragile sozioekonomiko berrien bozeramaileak) indarra hartzen ari baitziren. Garai hartan Maeztuk George Bernard Shaw-ekin harremana izan zuen, eta Fabian Society-ra hurbildu zen, ekintza sozial eraginkorragoaren eta, ondorioz, alde teknokratikoaren egiten zuen elkartea. Era berean, guildismora hurbildu zen, hots, Alfred Richard Orage eta Arthur Joseph Penty-k zuzendutako Erdi Aro kutsuko gremialismora. Elkarte horrek ekonomian esku-hartze publikoa minimizatzearen alde egiten zuen eta horren The New Age astekarian hainbat azterlan argitaratu zituen Maeztuk.
Ortega y Gassetek aintzatetsi egin zuen, izan ere, 1914an, Meditaciones del Quijote eskaini zion. Maeztuk, Lehen Mundu Gerraren hasieran, inolako zalantzarik gabe defendatu zuen Entente Hirukoitza eta potentzia nagusien hedapen oldarkorra salatu egin zuen. Hainbat gudu-gune bisitatu zituen eta bere luma britainiarren esanetara jarri zuen. Hala, Espainian, borondate onekotzat eta gerraren zigorrak nazioa indarberritzera eraman zuen herri gisa aurkeztu zituen. Gerraren astinduaren ondorioz, Authority, liberty and function in the light of the war idatzi zuen. Bertan, eginkizun-printzipioa formulatu eta honela definitu zuen: komunitate nazionalak bere gain hartutako balio-sistema objektibo bat lortzeko bakoitzak, bere jatorrizko estamentuaren baitan, bete behar duena. Balio-sistema hori estatu-autoritarismotik —potentzia germaniarren berezko sistema— eta gizabanakoen askatasunetik —herrialde aliatuen ezaugarria— harago dago, horrela, Estatu garaikideak eusten dituzten oinarri autokratikoak eta liberalak inpugnatuz. Horien aurrean, hirugarren bide bat eskaini zuen, teknokratikoa, bere kasa justifikatzen den egitura burokratiko objektibo bat ezarriz modernotasunaren erronkari erantzunen ziona. Horregatik, potentzia anglo-saxoien zalantzazko balorazioa egin zuen, alde batetik euren ordena eta sendotasun ekonomikoa goraipatzen zituen, bestetik, ordea, sufragioaren aurka egiten zuen. Dilema horri aurre egiteko irtenbide ez-liberalak proposatu zituen, arbuiatzen zuen eta gainditu nahi zuen krisi espiritualaren alternatiba gisa. Gerra Handiaren basakeriak hunkituta, gazte garaiko antiklerikalismotik urrundu egin zen, eta bere idazkietan probidentzialismo hasiberria antzematen hasi zen. Idazki horietan, jatorrizko bekatua aipatzeak gizateriaren ibilbidea asmatzera eraman zuen, ezkortasun sakon batetik. Erresuma Batua borborka zegoen 1919ko Bartzelonagatik aldatu zuen, eta, azkenean, Madrilera joan zen.
Han, Nicolas Urgoitik sortutako El Sol egunkari ospetsuan kolaboratu zuen, hiriburuko eliteko kazetariak biltzen zituena. 1926an, zenbait artikulu bildu zituen Don Quijote, Don Juan y la Celestina lanean, eta 1917ko martxoan Hermes euskal aldizkarian, «Sobre el Valor de los Valores» testuan aurreratu zuen nozio bat zabaldu zuen. Testu horretan, hiru balio objektibo aurkeztu zituen —Boterea, Jakinduria eta Maitasuna—, axiologia espiritual baten iturburua, Hirutasuneko Pertsonei zegokiena: Aita, Semea eta Espiritu Santua. Liburuari izenburua ematen zioten literatura-arketipoek, berriz, beraien irudi nazionala pertsonifikatzen zuten, eta Jainkotik abiatuz baloreak emanez behera egiten duen eredu bat konfiguratzen zuten, historian sedimentatutako mundu-ikuskera hispaniarra osatu arte.
1927ko urtarrilean, Maeztu Unión Patriótica alderdiko kide egin zen, eta hurrengo hilean El Sol utzi eta La Nación egunkarian idatziko zuela adierazi zuen, horrela, Miguel Primo de Riveraren diktadura-erregimenaren alde eginen zuela irudikatu zuen irakurleen aurrean, abenduaren 16an Argentinako Errepublikaren aurrean enbaxadore izendatu baitzuen honek. Gasteizen 1928ko urtarrilaren 31n ospatu zen izendapena, Frontón Hotelean. Bertan alkatea izan zen, eta Udalak eta Aldundi Probintzialak ordaindu zituzten gastuak.
Marokoko porrotaren ondoren, Hispanoamerika zaindu beharreko eremu zabala zen Diktadurarako, eta partekatzen zuten hizkuntzatik abiatuta nolabaiteko nagusitasun kulturala zabaldu zuen. Enbaxadore berriak Espainian isilarazitako oposizio mobilizatua aurkitu zuen Argentinan: liberala, errepublikanoa, anarkista edo ustez hilzorian zegoen bizkaitarrismo disolbatzailea, Maeztuk deitzen zuen moduan, zeinarekin Maeztuk ez zuen asmatu nola borroka egin. Hiriburuko Jockey Club elitistaren aretoetan hobeki moldatu zen. Bertan, On Kixoteren irudia goretsi, kondaira beltzaren aurka mintzatu, eta XVI. mendea herri hispanikoen ideal komunaren mende gisa aurkezten zuen, Diktadurak berreguneratu nahi zuen ertz bien arteko senidetasun espirituala aipatuz. Horretarako, Maeztuk funtsak eskatu zituen Juan Sebastián de Elcano eskola-ontziaren bisita zabaltzeko, Argentinako gerra-ontziekin batera 1928ko Arrazaren Eguneko Bahía del Plata-ko itsas desfilean parte har zezan, hain zuzen, Alfontso XIII.ak Hipolito Yrigoyen presidenteari Isabel Katolikoaren Errege Ordenako Lepokoa eman zionean. Hala ere, 1930eko irailean Jose Felix Uriburu jeneralaren kolpe batek bere postutik kendu zuen presidentea. Jose Félix «nazionalismo leheneratzailearen» eta La Nueva República egunkariaren inguruan bildutako talde eskuindarraren proposamenetatik gertu zegoen, eta Maeztuk ere hurbileko harremanak zituen horiekin. Primo de Rivera gobernutik irtetea bere misioaren amaiera izan zen, eta 1930eko otsailaren 22an Berenguer jeneralak kargutik kendu egin zuen.
Bien bitartean, 1876ko Konstituzio liberala ordezkatuko zuen korporazio izaerako konstituzio berri bat idazteko Kontsultarako Asanblea Nazionaleko Lehen Ataleko kide izendatu zuten. Maeztu oso gogorra izateagatik nabarmendu zen, eta Espainiako nazionalitatea automatikoki ematearen eta gizonezkoen sufragio unibertsalaren aurka kokatu zen, ikuspegi irekiagoen aurrean, Victor Pradera tradizionalista iruindarrarena esaterako, erregionalismo leun baten alde egin zuena. Aurreproiektua 1929ko uztailean onartu zen, baina etenik geratu zen, primorriveristen artean ere ez baitzuen gogo bizirik piztu.
Diktadorea Parisen hil ondoren, 1930eko udaberrian, Maeztuk eta ministro ohi batzuek Unión Monárquica Nacional sortzea erabaki zuten, Primo de Riveraren ondare politikoaren betearazle gisa aurkeztutako alderdia, eta Alfontso XIII.aren irudi hondatua berreraiki nahi zuena. Horrez gain, Bigarren Errepublikan alfontsotar oposizioa osatuko zuten izenak ere bazeuden: Fernando Gallego de Chaves, Jose Calvo Sotelo, Francisco Moreno Zulueta, Jose Maria Peman, Rafael Benjumea, Jose Pemartin eta diktadorearen semea, Jose Antonio. Bere aberri txikian iseka egiten zioten batzuek bere militantziari, eta «Ramiro de Maeztu indiano jaunak sakristau militar egitea erabaki duela» adierazi zuen Álava Republicanak uztailean, bere artikuluei zerien katolizismo eta militarismo nahasketa zela eta. Gainera, urte hartan, Gallego de Chavesek itzulitako Antonio Sardinha integralista portugesaren La Alianza Peninsular lanaren hitzaurrea idatzi zuen, liberalismoaren aukako ezaugarriak egiaztuta.
Zientzia Moral eta Politikoen Errege Akademiak hamabosgarren dominarako kide oso izendatu zuen 1931ko otsailaren 10ean, Joaquin Sanchez de Toca, Eduardo Sanz Escartin, Miguel Asin Palacios, Luis Marichalar, Antonio Lopez Nuñez, Juan Zaragüeta, Juan Armada Losada eta Severino Aznarrek proposatuta. «El arte y la moral» izan zen sarrerako hitzaldia, Sanz Escartinek erantzun zion, eta 1932ko martxoaren 20an hartu zuen kargua. Hiru urte geroago, ekainaren 30ean Hizkuntzaren Akademiarako sarrera hitzaldia irakurri zuen, «La brevedad de la vida en nuestra poesía lírica», eta Agustin Gonzalez de Amezuak erantzun zion. Era berean, eskuineko prentsak bere idazkiak jaso zituen: ABC, La Época, El Carbayón, Diario de Barcelona, Las Provincias, El Diario Vasco, La Constancia eta Diario de Navarra, esanguratsuenen artean, baita ere Argentinako Criterio eta La Prensa, leialki jarraitzen zuena, edo Kubako El País.
1931ko udaberrian Bigarren Errepublika ezarri zen, eta hau zibilizazio hondamendia izan zen Maezturentzat, demokraziaz mozorrotutako komunismoak eragindako urakantzat jo zuen, historiak ordura arte ezarritakoa errautsi zuena. Eta hori guztia, bere idazkietan Alfontso XIII.a bere joera liberalagatik zentzatu arren. Apirilaren 14ko arratsaldean, Diktadurako hainbat ministro ohirekin bildu zen, Monarkiaren beilatzat jo zuten elkarretaratzean, haren desagertzea ospatzen zuten herri-ospakizunekin kontrajarririk, eta urak baretu arte atzerrira joatea erabaki zuten. Maeztu, ordea, erregimen errepublikanoak ekarritako deskonposizio espiritualeko giroari aurre egingo zion aldizkari kultural bat argitaratzeko kolaboratzaileak biltzen geratu zen Madrilen.
1931ko abenduaren 15ean, Konstituzioa onartu eta astebetera, Maeztuk, Eugenio Vegas Latapie, Miguel Herrero Garcia eta beste batzuekin batera, Acción Española argitaratu zuen. Bere sustatzaile Fernando Gallego de Chavesek hartu zuen zuzendaritza, 1933ko maiatzean Maezturen esku utzi zuen arte, zeina Cultura Española argitaletxeko zuzendaria baitzen, aldizkariaren ildo bereko argitaletxea. Lehenengo ale hura sinadurarik gabeko idazki batekin ireki zen, Maeztuk idatzia, eta aldizkariaren izenburua du. Bertan, huntzak itotako arte baten alegoria egin zuen, barnealdeko etsaia aipatuz, Espainiaren aurkakoa, Aberria hondatzen duena, Espirituaren doktrinari jarraituz besterik ez daitekeena berrerosi; ABCk Luca de Tena Saria eman zion. Acción Española diskurtsoaren perfekzioagatik nabarmendu zen, eta eskuin muturraren kultura-gordailu bilakatu zen, erreferente hegemoniko gisa altxatzea lortuz.
1932ko abuztuan Jose Sanjurjoren matxinada desegin zuten, Maezturi bi asteko kartzela zigorra ezarri zioten, Bigarren Errepublikaren sendotasuna berretsita eta, hori dela eta, Maeztuk legezkotasun demokratikoa manipulatu eta hondatuko zuen alderdi politiko bat sortzea proposatu zuen. Alfontso XIII.aren oniritziarekin, 1933ko otsailean Renovación Española sortu zen, Antonio Goicoechearen buruzagitzapean, monarkismo, autoritarismo eta katolizismo amorratuaren amalgama, eta Maeztu haren fundatzaile eta zuzendaritza-batzordeko kide ere izan zen. Hala ere, Jose Maria Gil Roblesen Acción Popular indartsuak beti itzaltzen zuen Renovación Española hauteskunde garaian, eta konspirazio-jardueretara bideratu zen, politika hutsera baino gehiago.
Diputatuen Kongresurako 1933ko azaroko hauteskundeetan Maeztuk aulki bat hartu zuen Gipuzkoako Batasun Erregionalistarekin. Egun batzuk lehenago Euskal Estatutuaren proiektuari buruzko erreferenduma egin zen, eta botoen % 84rekin onartu egin zen. Boto horiek hautesle-erroldaren bi heren baino gehiago ziren, eta nabarmen gainditzen zuten Diego Martinez Barrioren gobernu-dekretuan ezarritako muga. Hala ere, Araban erroldako % 46,4k baino ez zuen bozkatu, eta abstentzioa % 41,5era iritsi zen. alfontsotarrek eta oriolistek zifra horiek erabili zituzten Estatutuaren aurkako kanpaina bat abiarazteko, Arabak onartu ez zuela argudiatuz eta Estatututik ateratzeko asmoz, 1932an Nafarroarekin gertatu zen bezala. 1934an Parlamentuko eztabaida hasi zenean, Maeztuk Araban inolako arrazakeriarik ez zegoenez, euskal batasunaren sentimendurik inoiz ez dela egon argudiatu zuen, sei mende zirela arabarren helburuak Gaztelakoen eta Espainiakoen berberak zirela, Espainiako erregeek arabarrek gozatzen duten forua eman baitzieten. Eta boterearen oinarri gisa Gorena aipatu zuen, Araba Espainiako lurra dela baieztatzen zuenean, Jaungoikoak hala egin zuelako. Maezturen ustez, nazioen legitimitatea Probidentzian datza batez ere, gero historian eta, azkenik, arautu behar dituen erakunde monarkikoan, eta horietako bat ere ez dagokio Euskal Herriari. Estatutuen aurkako kanpainak indarra galdu zuen maiatzean, Kongresuko Estatutuen Batzordeak erreferendumaren emaitzak ontzat jo zituenean, Araba proiektuaren barruan sartuta. Hala ere, haren oztopoak jartzeko grinak hura geldiaraztea lortu zuen: Euskal Estatutuak 1936ko urriaren 1ean baino ez zuen Parlamentuaren onarpena lortu, Gerra Zibilean.
Maeztu Kongresuko Estatu Batzordeko eta Industria eta Merkataritza Batzordeko kide izendatu zuten, eta Renovación Española gutxiengoa izan arren, haren neurri korporatiboak babestu zituen. Amnistia jaso zuen Jose Calvo Sotelok gidatutako Bloque Nacional delakoaren fundazio-manifestua sinatu zuen, eta zuzendaritza-batzordeko kide izan zen. 1934ko udan, udalek proposatutako Kontzertu Ekonomikoaren aldeko mugimendu bat egon zen. Ogasuneko ministroak ardoaren kontsumoari buruzko kargak ezarri zituen, Kontzertuan ezarritakoa urratzen zutenak, eta protestatzeko, mobilizazio masibo bat sortu zen Euskal Herrian, ardoaren matxinada deritzona, eta Ricardo Samper erradikalaren gobernuak eten egin zuen, zinegotziak prozesatuz eta udalak bertan behera utziz, haien ordez euren hurbileko batzorde kudeatzaileak jarriz. Amaitzeko, irailaren 2an, Zumarragako Batzarra egin zen, Indalecio Prieto sozialista buru, eta EAJko eta Esquerra Republicana de Catalunya-ko (ERC) diputatuak bertaratu ziren. Euskal nazionalistek eta sozialistek bat egin izanak asaldatu egin zuen Maeztu; izan ere, abuztuaren azken eguneko ABCko artikulu batean, iraultzaren zipaiotzat jo zituen jeltzaleak, bertan jaiotakoen pribilegioa den kapare-tradizio katolikoaren muina den lurralde batean. Maeztu buru zuen unionismoari kezka eragiten zion euskal nazionalismoa menpekotasun tradizionalistatik askatzeak, eta bere erreklamazio autonomistarentzako aliatu epelagoak bilatzea, Espainia uniforme batean txertatutako Euskal Herri katoliko baten funtsa deseginez. 1935eko maiatzean, Prentsa Lege Proiektua eztabaidatu zen Kongresuan, eta Maeztuk, Estatu Batuetako prentsaren engainua ekarri zuen gogora, bakea hautsi eta 1898ko porrota eragin zuen Maine ontziaren hondoratzeari buruzkoa. Gertaera horiek oso larriak izan ziren, izan ere, prentsaren misioa —egiazki informatzea— laidoztatu egin zen. Horregatik, legeak gezurra, xantaia eta kalumnia jazartzeko Estatuko aginpidea babestu behar du, horiek eragozteko zentsura bat ezarriz.
Nehemiasen leloak, «Una manu sua faciebat opus et altera tenebat gladium», Acción Españolak azalean irudikatu zuena, Errepublikaren aurrean zereginen banaketa bat deskribatzen zuen. Zuzendariak erregimen berriaren legitimotasunik eza eta tiraniaren aurkako errebeldiarako eskubide kristaua zabaldu zuen, eta, aldi berean, Abisinia inbaditu zuen Mussoliniren zibilizazio-lana eta justizia sozialaren printzipioa ideia nazionalarekin uztartzean Hitlerrek erakutsitako sendotasuna goretsi zituen. Renovación Española-n, bitartean, operazio sekretu bat prestatu zuten, Falange-rekin El Escorialeko Ituna sinatuz eta kuarteletako banderen geletan Unión Militar Española klandestinoa sortuz. Italiako Erresuman, Antonio Goicoecheak, Renovación Española-ko buruak, bere estrategia disruptiboa hedatu zuen, eta armak eta funtsak hornitzeko lehen akordio bat sinatu zuen 1934ko martxoan. Halaber, 1935eko urrian, Mussoliniri bere berrezarkuntza proiektua jakinarazi zion Juan Borboikoaren Erromako ezkontzan, eta Pedro Sainz Rodriguez ahaldundu zuen, 1936ko uztailaren 1ean Società Idrovolanti Alta Italia-ri 42 ehiza-hegazkin bonbaketari erosteko. Monarkikoak, militar kolpistak eta Il Duce elkartu zituen zirkulua hil horren erdialdean itxi zen, tropa kolonialak Marokon matxinatu zirenean.
Bitxia bada ere, hiru euskaldunek aipatu zuten hispanitate terminoa lehen aldiz kultura-borrokaren esparruan: Miguel de Unamunok 1909an eta 1927an argitaratutako bi artikulutan, Zacarias de Vizcarra apaizak —Argentinan enbaxadore aritu zelarik Maezturekin bat egin zuena—, eta Maeztuk berak, elizgizonarengandik hartu zuela adierazi zuenak. Defensa de la Hispanidad Filipe II.aren Inperioaren palingenesiaren ikur izan zen. Nazioartekotasunari dagokionez, Primo de Riveraren diktaduraren hispanoamerikanismo kontserbadorearen inguruan kokatu zen, Espainiari nagusitasuna eta ustezko nagusitasun kulturala emanez habsburgotarrek menderatutako eta espainieraz eta portugesez hitz egiten zuten herrialdeen gainean, ahuldutako ospe baten oihartzuna. Izan ere, Jaungoikoak Espainia aukeratu zuen Mundu Berria ebanjelizatzeko eta, ondorioz, katolizismoa unibertsalizatzeko betebeharra dagokio. Ideologiari dagokionez, hispanitateak ilustrazioaren alternatiba gisa aurkezten den mundu-ikuskera bati egiten dio erreferentzia, katolizismo barroko batekin identifikatuz. Maeztuk katolizismo hori sistematizatu eta esanahi berriko elementuak ematen dizkio. Edukia, ordea, Trentoko dogmari zor dio: batetik, espiritualismo absolutuaren aldeko apustua egiten du, gailurrean Jaungoikoa dago, eta bertatik aurrerabidearen ideologiarekin kontraesanean dagoen salbazio-antropologia eratortzen da. Bestetik, monarkia katoliko korporatiboa inposatzen du, gizarte harmoniko bat zuzentzera behartua, bertan, estamentu desberdinek elkarrekin lan egiten dute, zibilizazioaren paradigma eta katolizismoaren zaindari gisa aurkeztutako armada zentinela baten begiradaren pean. Esparru ekonomikoan esku-hartze publikoa minimizatzeko printzipiotik abiatuta, Maeztu sortzaileagoa ageri da, produkzio-harremanak erritualizatzen baititu «diruaren begirunezko zentzua» eta «lanaren zentzu sakramental» gisa definitzen duenaren bidez, nazioa gorpuztu eta handiagotuko duen burgesia tradizionalista moldatzeko saiakeran. Eta subjektu berrezartzailea Hispanitatearen zalduna da, haren ezaugarri nagusia zerbitzu-, hierarkia- eta anaitasun-balio betierekoen hedapena da, askatasun-, berdintasun- eta anaitasun-balio ilustratuen ordez. Defensa de la Hispanidad lanari harrera ona egin zioten, besteak beste, Antonio Machadok eta Salvador de Madariagak, eta haren ideiek Vicente Marrero, Antonio Millan Puelles eta Gonzalo Fernandez de la Mora inspiratu zituzten. 1957ko urtarrilean, Juan Claudio Güell Churrucak Asociación Amigos de Maeztu elkartea sortu zuen, Reino aldizkariaren editorea. Elkarte horrek tradizionalismoko figurak erakarri nahi zituen, Francoren ordez Juan Borboiko erregegaia jartzeko.
Baina 1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpeak bizitza nazionala hankaz gora jarri eta ekintza instituzionalaren ordez errepublikanoen eta matxinatuen arteko guda ezarri zuen. 30ean, Maeztu Madrilen atxilotu zuten, eta hiriburuko Presazko 3. Epaitegiko (Instrukzioko 3. Epaitegia) esku utzi zuten. Epaitegi horrek 155. Espedientea ireki zuen, Erregimenarekiko gaitzuste delituagatik, eta abuztuaren 1ean Las Ventasko Behin-behineko Espetxean sartzeko agindu zuen. Chinchilla de Monte-Aragón-eko (Albacete) espetxera eraman behar zutela aitzakiatzat hartuta, Aravacako Hilerri Berrian erail zuten, Francisco Largo Caballero buru zuen batasun nazionaleko gobernuaren agintean. Bere jaiotzaren mendeurrenean, Maeztuko Konderria sortu zuten.
Obrak
Hacia otra España, Bilbo: Imp. y Enc. Andrés P. Cardenal, 1899.
Authority, liberty and function in the light of the war, London eta New York: George Allen & Unwin Ltd./Macmillan Co., 1916 (itzulpen gehitua: La crisis del humanismo. Los principios de Autoridad, Libertad y Función a la luz de la guerra, Barcelona: Minerva, 1919).
Don Quijote, Don Juan y la Celestina, ensayo en simpatía, Madrid: Espasa-Calpe, 1926.
Defensa de la Hispanidad, Madrid: Ed. Fax, 1934.
Obra, Madrid: Ed. Nacional, 1974.
Bibliografia
GONZÁLEZ CUEVAS, P. C., Maeztu. Biografía de un nacionalista español, Madrid: Marcial Pons, 2003.
JIMÉNEZ TORRES, D., Nuestro hombre en Londres. Ramiro de Maeztu y las relaciones angloespañolas (1898-1936), Madrid: Marcial Pons Historia, 2020.
OCIO, L., Ramiro de Maeztu. Un monárquico en la II República, Bilbao: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2014.
VILLACAÑAS, J. L., Ramiro de Maeztu y el ideal de la burguesía en España, Madrid: Espasa-Calpe, 2000.
VIÑAS, A., ¿Quién quiso la guerra civil? Historia de una conspiración, Barcelona: Crítica, 2019.





