Karguak eta lanbideak
Abokatu ilustratua, errepublikano liberala, masoia, Gasteizko alkatea eta Ferrocarril Vasco-Navarro-ren zuzendaria
Ibilbidea
Vidal-Abarcak «konplexu»tzat jotzen zuen familia bateko (lehengusuen arteko zenbait ezkontza izan ziren) kidea zen. Familia horretan Probintziako Aitaren bat eta Fermin Herran, Joaquinen osaba, bezalako intelektual nabarmenak izan ziren. Kapare-familia oso aberats horrek lurra jo zuen Ferrocarril Vasco-Navarro-ren porrotagatik; Joaquinek 1889an sortu zuen enpresa hori eta 1903 arte bertako zuzendari izan zen. Gasteizko lehenengo Udal Errepublikanoko partaide izan zen 1873ko abuztuan, eta urriaren 9an alkate aukeratu zuten. 1875eko abenduaren 27an eratutako Batzorde Foruzale Liberalaren zuzendaritza-azpibatzordeko idazkari nagusia izan zen.
Joaquin Maria Ramon Domingo de Silos Herran Ureta 1846ko uztailaren 23an jaio zen. Sebastian Herran Cañas eta Maria Cruz Ureta Brionesen semea zen. Gesaltza Añanako San Kristobal parrokian bataiatu zuten. 1850ean, artean lau urte zituela, aita erotu egin zen eta Valladolideko eroetxe batean sartu behar izan zuten, 1878ko azaroaren 9an hil zen arte; amak berekin batera Berceora (Logroño) eraman zuen bizitzera, aitona Andres de Ureta y Cañasen etxera. 1863an ama hiltzean, Gabriel Herran aitonaren (1879ko uztailaren 10ean hila) tutoretzapean geratu zen; Gabriel Arabako Probintziako Aita zen. Haurtzaroa eta gaztaroa Berceon igaro izanak eragin handia izan zuen beregan, eta herri horretan askotan izaten zen; eta hil ere hantxe egin zen.
Felicia Ochoa de Araguen Fernandez de Onraitarekin ezkondu zen Joaquin, 1883ko otsailaren 19an, Anuntzetako (Araba) San Esteban elizan. Arabako landa-kapare bat zen Felicia, 1858ko otsailaren 3an Andetxan (Araba) jaioa. Bi seme-alaba legitimo izan zituzten: Maria Josefa (Gasteiz, 1884ko martxoak 19) eta Juan Jesus (Gasteiz, 1886ko ekainak 25); bi horiei Joaquinek beste natural bat gehitu zien, Buenaventura Herran y Alda, 1875ean Campillon (Zaragoza) jaioa, 1887ko apirilaren 1ean Gasteizen egindako testamentuan aitortua.
Joaquinen bizitzan aldi hauek bereizi daitezke: 1.a, heziketakoa, gutxi gorabehera 1870 arte; 2.a, ekintzaile politiko eta kulturala, Gasteizekin engaiatutako liberal errepublikano batena (1871-1880); 3.a, Anglo-Vasco-Navarro trenbidearen eraikuntza eta kudeaketari dedikazio obsesiboa (1880-1903) eta 4.a, bizimodu erretiratua Berceon, lur jota eta eromenetik hurbileko bakardadean.
Adrian eta Fermin osabek bezala, Zuzenbide zibil eta kanonikoko ikasketak egin zituen Madrilgo Unibertsitate Zentralean (1865-1869). Adin-nagusitasunarekin batera, Gasteizera joan zen bizitzera 1871n, 25 urte zituela. Abokatu bezala lanean hasi beharrik gabe, familiako ondasunek Gesaltza Añanako, Urduñako eta Berceoko bere lurren eta etxeen errentetatik ateratakotik bizi ahal izan zuen; onibar horiek aitaren (Araba eta Bizkaiko jabetzak) eta amaren (Errioxakoak) aberastasunetan zuten jatorria.
Berehala engaiatu zen Arabako hiriburuko bizitza kultural, ekonomiko eta politikoan: askotan izan zituen ordezkaritza-karguak, besteak beste, zinegotzi gisa eta kultura-erakundeetan, sarritan jarduera askoren sustatzaile eta zuzendari zen osaba Fermin Herran Tejadaren (Joaquin iloba baino 6 urte gazteagoa) nortasun kartsuak herrestan eramanda. 1873an, Joaquin «Behaketa Zientzien Arabar Akademia»ko idazkari zen eta 1878an, Akademia horretako Geografia eta Historia saileko idazkaria. 1874an, Fermin eta Juan Jose Herran osabak lehendakari eta lehendakariorde zirela, Gasteizko Ateneoko Arteen Saileko lehendakari izan zen. 1873 eta 1879 artean, «Gasteizko Cervantestar Akademia Espainiar»eko diruzain-kargua izan zuen, Fermin zuzendari zela. 1880an, Gasteizko «La Exploradora» elkarte geografikoko lehendakariordea zen. Osaba Ferminen esanetan, 1873-1874an, Joaquinek, «idazle txukuna eta nire bihotzeko anaia, odoleko senidea baino», gogo handiz hartu zuen historialari ahalegina, nahiz eta laster utzi zuen. Gainera, «ondo dohaindua» zegoen kantuzalea Arabar Orfeoiaren parte izatera iritsi zen; gerora, bere alaba Maria Josefak jaso zituen gaitasun horiek.
Garai horretakoak dira, besteak beste, «La Alhambra de Granada o Casa Roja» (1872) argitalpenak eta, batez ere, bere lanik garrantzitsuena: La Cuestión de Fueros: ligeros apuntes en defensa de las Instituciones Vascongadas (1876); 63 orrialdeko liburuxka hori une kritiko batean agertu zen, azken Karlistaldia amaitua zelarik, Madrilgo zentralismoa euskal Foruak ezabatzea prestatzen ari zenean (1876ko uztailaren 21eko abolizio Legea). Foruen apologia sutsu eta dokumentatua da, eta Joaquinek aurre egiten die espainiar iritzi publikoak haien existentziaren aurka zuzenduriko kargu nagusiei, pribilegiotzat eta diskriminaziotzat baitzeuzkaten.
Masoia 1875eko abenduaren 14tik —osaba Ferminen eskutik sartu zen ordena horretan; hain zuzen ere, hark sortu zuen 1872an «Luz de Vitoria n.º 85» izenarekin—, gogo biziz parte hartu zuen garaiko bizitza politikoan; liberalen bandoan beti, antikarlista nabarmena, errepublikanoa eta foruzalea zen. Urte eta hilabete horretan bertan, «Foruen babeserako Batzorde Foruzale Liberala» eratu zen Gasteizen, eta Joaquin idazkari nagusi izendatu zuten eta bere osaba Fermin Herran idazkariorde. 1872 eta 1876 artean karlisten aurka borrokatu zuen «Milizia Nazionalaren Batailoi»aren barruan. Lehenengo Errepublikaren legislaturan alkateorde izan zen hainbat alditan eta alkate hiru hilabetez, 1873ko urriak 8tik Manuel Pavia jeneralaren estatu kolpeak aipatu Lehenengo Errepublikari amaiera eman zion arte 1874ko urtarrilean. 1881 eta 1884 artean alkateorde gisa itzuli zen berriz Gasteizko Udalera.
Zoraturik zegoen aita, 1878an, eta, hurrengo urtean, Probintziako Aita zen aitona hil zitzaizkiolarik, Joaquinek aberastasun handia hartu zuen oinordetzan eta abentura ekonomiko-finantzario batean abiatu zen, bereizi dugun hirugarren aldia hartu zuena: Anglo-Vasco-Navarro trenbidearen eraikuntza eta kudeaketari dedikazio obsesiboa (1880-1903); haren porrotak hondamendira eraman zuten bera eta bere familiako batzuk; besteak beste, bere osaba Juan Jose Herran Ureta ingeniaria eta Fermin Herran intelektual ezaguna; gainera, Joaquin bera erotasunean murgildu zen.
Joaquin burdinbide horren eraikuntzan inplikatu zen, haren lehen zuzendaria izan zelarik, inbertsio haren egokitasunaz eta bere lurraldeari ekarriko zion ongiaz sinetsita. 1880ko udaberrian osaba Juan Jose mendi-ingeniariak, Gasteiz, Durango eta Lizarra artean trenbide bat eraikitzeko lehenengo landa-lanak egin zituen. Proiektua oso aurreratua zegoela, Joaquin Herranek Kongresuan eskatu zuen burdinbide-emakida, eta horrek hasiera eman zion tokiko eta probintzietako erakundeetan kapitalak bilatzeari, baina saiakera hori alferrikakoa eta «etsigarria» izan zen. Dena den, Joaquinek ez zuen adorea galdu eta britainiar inbertitzaile bat aurkitu zuen, 1886ko maiatzaren 25ean The Anglo-Vasco-Navarra Railway Company Limited eratzen lagundu ziona, zeina 14.250.000 pezetako kapitalarekin jaio zen. Horrela, zortzi hilabete geroago trenbide berriaren lanak hasi ziren, eta urte bete geroago (1888ko urtarrilak 20) eman zituen lehen urratsak, «Euskalerria» izen sinbolikoa zuen lokomotorrarekin (apur bat lehenago, 1887ko azaroak 17, Gasteizera iritsitakoa) lehenengo froga-bidaiak egin zirenean. Hamabi hilabete geroago Gasteiz eta Leintz Gatzaga (Gipuzkoa) arteko burdinnbide estuko ibilbidea inauguratu zen.
1888ko erdialdetik aurrera Joaquin Herranen pozak era guztietako arazo bihurtu ziren, hainbat arrazoiren ondorioz: Gipuzkoako orografiaren zailtasunak, Ignacio Carbo eraikuntzaren ingeniari buruak proiektua gaizki gauzatu izana (dimititzera behartua izan zen Joaquinen lagun pertsonala izan arren), hornitzaileei, lur-jabeei eta langileei ez ordaintzeagatik jasotako makina bat erreklamazio, eta bazkideetako baten (Banca Artola) porrota. Egoera finantzarioa gero eta okerragoa zen, nahiz eta Joaquin saiatu zen bazkide ingelesak gehiago inplikatu zitezen konbentzitzen. Azkenik, enpresa eraikitzailearen porrota ikusirik, Estatua, Trenbideen Lege Orokorrari helduta, burdinbideaz jabetu zen 1897ko maiatzaren 3an, eta behin betiko, 1903ko urriaren 5ean, aurreko emakidadunak kalte-ordainik jasotzeko inolako eskubiderik ez zuelarik.
Trenbide-enpresaren porrota Joaquinen bizitza publiko aktiboaren amaiera izan zen, etsipen handiarekin, egoera finantzario oso txarrarekin eta ondasun gehienak hipotekatuta alde egin zuelarik handik. Bizitzako azken aldi horretan erlijio-mistizismoan babestu zen, iraganeko jarduera politiko, kultural eta finantzarioetatik oso urrun. Horren adierazle dira Gasteizko kofradia bateko kristalezko Errosario bat eraikitzeari emandako laguntza (1895) eta 1900an argitaratu zituen hiru liburuen izenburuak: La divinidad de Nuestro Señor Jesucristo comprobada ante la razón; Conclusiones del debate acerca del tema El Pauperismo; Las tres horas del Viernes Santo.
Joaquin Herran, bakarrik borrokatu ostean, Gasteiztik Berceora (Logroño) bakartu zen mende hasieran, etsipenak jota eta porrot eginda. Saiatu zen Estatuaren aurka auzitan aritzen, konfiskatutako ondasunen zati bat itzul ziezaioten, baina borroka horrek burua galarazi zion ia. Ez zuen lortu, bere etsipenerako, eta trenbidea berpiztu egin zela jakin gabe hil zen; izan ere, Gobernu zentralak lanei ekin zien berriro 1914an, eta 1927an amaitu zituen Lizarra eta Bergara lotzen zituen burdinbidea eraikita. Amaiera tristea Gasteizko alkate ilustratu batentzat, porrot egin zuena trenbidea bezalako nahitaezko herri lanean, zeinaren oroimen historiko galdu edo estali egin baiten 1920tik Gasteizko Herrandarren kalearen izen generikoaren azpian.
Joaquin Herranen pentsamendu politikoa laburbilduz, argi dago liberala izan zela, ia bere familia osoa bezala. Gasteizko alkate errepublikanoa izan zen 1874an, eta haren alderdi politikoa El Anunciador Vitoriano: diario político, de literatura, noticias y anuncios: defensor de los intereses morales y materiales del País Vascongado aldizkarian adierazten zen. Politikatik urruntzea ezaugarri zuen aurreko etapa labur baten ondoren, aldizkariak bigarren garai bati ekin zion 1878ko abenduaren 4an. Garai horretan, liskar pertsonaletatik aldentzearen alde egin zuen, eta, batez ere, demokraziaren banderaren eta euskal erakundeen aldeko indar politiko guztien arteko itun baten alde, horrela, gainerako alderdi politikoak borroka baketsuan eta iraultzaren aurkakoan parte hartzera bultzatzeko. 1881eko apirilak 26an El Anunciador Vitoriano aldizkariak artikulu bat argitaratu zuen bere burua Gasteizko Alderdi Errepublikano Historikoaren prentsaorganotzat hartzen zuela adieraziz. Alderdi berrian Emilio Castelar (Ferminen lagun mina eta alderdikide leiala) zen ohorezko presidentea, Fermin Herran presidente exekutiboa, eta Joaquin Herran presidenteordeetako bat. Gasteizko mugimendu errepublikanoa batik bat hiritarra, foruzalea eta antikarlista zen eta, gainera, topiko iraultzailetik aldendua zegoela eta antiklerikala zela gehitu behar zaio. Buruzagiek, Fermin eta Joaquin Herranek, adibidez, mesokrazian zuten jatorria eta klase herritarren arazo sozialei (besteak beste, hezkuntzari eta tren bidezko garraioari) irekita zeuden.
Arabako Batzorde foruzale liberaleko kide nabarmena zen Joaquinek hamar puntutan laburbildu zituen erakunde baskongadoen aurka egindako kargu nagusiak, Foruen abolizioa batasun nazionala lortzeko beharrezko baldintzatzat hartu zenean, eta antiforuzaletasunak euskaltasunaren aurkako ezinbesteko izaera hartu zuenean. Foruzalea izan zen La Cuestión de Fuerosen, 1876an, ia ezabatzear zeudenean, gehien behar zutenean defendatuz. Foru-erregimena defendatu zuen, eta, aldi berean, euskaldunek Espainiaren bilakaera historikoari egindako ekarpen baliotsuak aldarrikatu zituen, Berrezarkuntzaren lehen urteetan euskal eta espainiar abertzaletasun bikoitzaren irudia areagotuz. Ukatu egiten zuen baskongadoek «duintasun nazionala salbatzen lagundu» ez zutenik; izan ere, «erromatarren garaira atzera joaz, Espainiako herri heroikoaren duintasunaren aldeko borroka ireki eta etengabean aurkitzen ditugu» (Joaquin Herran, 1876, 23. or.).
Obrak
«La Alhambra de Granada o Casa Roja», El Ateneo, 2. libk., 8 (1872), 25-42. or.
La Cuestión de Fueros: ligeros apuntes en defensa de las Instituciones Vascongadas, Gasteiz: Imp. y Libª. de los Hijos de Manteli, a cargo de Raimundo L. de Betolaza, 1876, 63 or.
La divinidad de Nuestro Señor Jesucristo comprobada ante la razón, Gasteiz: Imp. de Galo Barrutia, 1900, 143 or.
Conclusiones del debate acerca del tema El Pauperismo, medios prácticos para combatirlo: Ateneo Científico, Literario y Artístico de Vitoria, sustentante socio de este centro Joaquín Herrán y Ureta, Gasteiz: Imp. de Domingo Sar, 1900, 15 or.
Las tres horas del Viernes Santo. Los libre pensadores. El ejemplo. La Iglesia. Los republicanos, Gasteiz: Imp. de Galo Barrutia, 1900, 107 or.
Bibliografia
GONZÁLEZ, M., «Joaquín de Herrán y Ureta, una vida ejemplar», Gaceta Municipal de Vitoria-Gasteiz, 77 (2007), 22. or. Online arg.: https://ieslosherranbhi.hezkuntza.net/c/document_library/get_file?uuid=25705fb2-0ad2-4002-b206-b059514c00a1&groupId=41193 (2023ko uztailak 27).
MARTÍNEZ FUENTES, G., «El gorro frigio decimonónico vitoriano: una aproximación al movimiento republicano vitoriano del último cuarto del siglo XIX», Vasconia. Cuadernos de Historia-Geografía, 38 (2012), 165-199. or.
MENENDEZ ONRUBIA, C., «Fermín Herrán y la Academia Cervántica Española de Vitoria», in Antonio Pablo Bernat Vistarini (koord.), Actas del Tercer Congreso Internacional de la Asociación de Cervantistas, Palma de Mallorca: Universitat de les Illes Balears, 1998, 139-147. or.
PÉREZ MOSTAZO, J., Cantabri aut vascones. La recepción de la Antigüedad en la cultura histórica vasca del siglo XIX. Tesis Doctoral, Gasteiz: Letretako Fakultatea Ikasketa Klasikoen Saila, Gasteiz, 2018.
SÁNCHEZ-PRIETO, J. M.ª. «Constitución, fueros y democracia. Motivaciones, discursos y actitudes políticas con relación a la permanencia o abolición de los fueros vasco-navarros», Iura Vasconiae. Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikorako Aldizkaria, 9 (2012), 101-157. or.
VIDAL-ABARCA Y LÓPEZ, J. (1993), Los Herrán. Historia y genealogía de una familia vasca, Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1993, 267-282. or.
ITURRIAK
AHN, Universidades, 4248, 13. esp., «Expediente académico de Joaquín Herrán y Ureta, alumno de la Facultad de Derecho de la Universidad Central (1865-1869)».
CÁNOVAS DEL CASTILLO, A., «Los antiguos y modernos vascongados: su origen y sosiego secular y su situación e inquietudes actuales», Revista de España, XXXIV (1873), 433-481. or.





