Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Arabako egileak eta obrak

HERRAN TEJADA, Fermin (Gesaltza Añana, Araba, 1852ko uztailak 7 – Bilbo, 1908ko irailak 26).

Karguak eta lanbideak

Publizista eta argitaratzailea

Ibilbidea

Echegarayren esanetan jatorriz Urduñakoa zen eta Gasteizen finkatua zegoen Herran familiako kidea zen. Senideetako batzuk hainbat arlotan (trenarenean, adibidez) ibilitako enpresari aipagarriak izan ziren. Familiako enpresa-jardueretan jardun arren, kazetari- eta argitaratzaile-lanagatik nabarmendu zen, Juan Vidal-Abarcak «familiako pertsonaia bikainena» izan zela zioen. Bere jakin-min intelektualek giro egokia aurkitu zuten familiako etxean; izan ere, familiaren maila ekonomikoari eta kargu eta kontaktu politikoei esker tertulia bat sortu zen Errementari kaleko beren etxean. Fermin Herranek Zuzenbidea ikasi zuen Gasteizko Unibertsitate Literarioan. Unibertsitate hori 1869an sortu zen eta 1873-1874 ikasturtetik aurrera itxi. Dena den, kazetari-lanbidea aukeratu zuen berehala. El Porvenir Alavés: político-fuerista, científico-literario astekaria sortu zuen, eta zuzendaria izan zen, baita El Cantón Vasco: diario republicano, democrático, liberal egunkaria ere. Revista Bibliográfica eta Revista de las Provincias argitalpenak ere zuzendu zituen. Etengabe mugitu zen Espainiako beste hiri batzuetara, hala nola Valladolid eta Madrilera, eta masonerian sartu zen, Gasteizen logia bat sortuz.

Legelari formakuntza jaso arren, abokatutzarekiko irrikarik ez zuen agertu, politika- eta kazetaritza-lan handia eginez. Ideologikoki errepublikanismoaren alderdi moderatuan kokatua, Palentziako eta Gasteizko Ateneoetako kide izan zen; azken hori 1866an sortu zen eta zenbait zuzendaritza-kargu izan zituen bertan. Erakunde horretan hainbat hitzaldi eta zenbait eskola eman zituen; besteak beste, «Erakunde Baskongadoen Historia» 1872- 1873 eta 1875-1876 ikasturteetan. Behaketa Zientzien Akademiako kide ere izan zen, eta Cervantestar Akademia Espainiarraren sortzailea izan zen eta bertan parte hartzen zuen. Literatura eta antzerkiarekiko gustuak literatura-kritikaz interesatzera eraman zuen, eta gero praktikatzera. Horri esker garai hartako kulturako pertsonaia gailenekin harremanak izan zituen; besteak beste, Gayarre tenorea eta Jose Maria Iparraguirre olerkariarekin. «Historia eta hizkuntza baskongadoaren elkartea» sustatu zuen, euskara sustatzeko. 1873an Historiaren Akademiako Arabako kide urgazle aukeratua izan zen.

Madrilera egindako bidaiei esker Emilio Castelar historialari, politikari eta hizlaria ezagutu zuen; haren lagun egin zen eta horrela, garai hartako beste pertsona ospetsu batzuk ezagutu zituen. 1880an Madrilen ezarri zen, nahiz eta handik gutxira Gasteizera itzuli. Euskal foraltasunari begirunea zion liberalismo baten aldekoa, argitaratzen eta editatzen jarraitu zuen, eta La Ilustración de Vitoria (1885) eta La Ilustración de Álava (1886-1890) aldizkariak zuzendu zituen. Irakinaldi ekonomiko eta politikoan zegoen Bilbon ezarri zen 1890-1891 aldera. Horren aurretik jadanik lagunak eginak zituen Bilboko panorama politiko eta kulturaleko pertsona nabarmenekin; besteak beste, Antonio Truebarekin (1889an hila) eta Juan E. Delmas inprimatzailearekin (1892an hila). Bizkaiko hiriburuan zela ere ez zuen ahaztu bere kazetaritza alderdia; hala nola, Diario de Bilbao egunkarian eta eskualdeko beste batzuetan kolaboratuz, baina baita beste batzuetan ere, adibidez, Segoviako La Pluma egunkarian.

Baina Fermin Herran zerbaitetan nabarmendu bazen, euskal kultura eta historia defendatzen zuten lanen editore bezala egindako lanagatik izan zen. Helburu horrekin, 1872rako sortua zuen «Biblioteca escogida de autores vascongados», eta horretarako, tokiko erakundeen laguntza eta konpromisoa bilatu zuen, eta Arabako Aldundiaren harpidetza lortu. Lehenengo argitalpen-proiektu horrek kale egin zuen, liburuki bakarra argitaratu ahal izan baitzuen. Baina ez zuen etsi euskal kulturarentzat eta foraltasunarentzat funtsezkotzat jotzen zituen lanak inprimatu eta zabaltzeko ahaleginean. 1878an beste «Biblioteca Euskara» bat hasi zuen, baina berriz ere proiektu amaitu gabe geratu zen.

Hirugarren eta behin-betiko argitalpen-proiektua Bilbon ezarri ostean gauzatu zuen: «Biblioteca Bascongada de Fermín Herrán». Bilduma horren helburua zen foraltasuna eta euskal lurraldeen eskubidea nahiz euskal kultura babesten eta zabaltzen zuten lanak argitaratzea. Laburbilduz, bere hitzetan, «probintzia bakoitzaren Artxibategi Historiko, foral, literario eta artistikoa» izatea (edo halakotzat hartzea merezi izatea) bezala, probintzia horien artean Nafarroa ere barne hartuz. 1896an hasi zuen eta 1901ean utzi, eta 62 liburuki inprimatu zituen guztira. Bilduma horretan egile garaikideen lanak argitaratu zituen, besteak beste, Carlos de la Plaza Salazar eta Carmelo Echegarayrenak. Bestetik, lan historikoak ere berreskuratu zituen; besteak beste, Andres de Poza lizentziatuaren De la antigua lengua y población de España. Bertako Foruak babesteko bere helburua argi eta garbi ikusi zen eusko-nafar parlamentariek une kritikoetan (hala nola, 1876an edo Foruen defentsarako Gamazadan) egindako hitzaldiekin zazpi liburukiko argitalpena egin zuenean, eta 1897an Bizkaiko Foru Berria argitaratu zuenean. Ordenamendu juridiko horren sarrera gisa, berak idatzitako azterketa bat sartu zuen, sormen-lanean ere jardun baitzen. Dibulgaziorako bere asmoa argi eta garbi geratzen da, besteak beste, Labayruren Compendio de la Historia de Bizcaya lanean. Hain zuzen ere, lan horren lehenengo argitaraldian (1898-1899), elizgizonaren obraren lehen hiru liburukietako alderdi eta datu bere ustez esanguratsuenak atera eta laburbildu zituen; bigarren argitaraldian (1903) sartu zituen Historia de Bizcayaren gainerako liburukiak. Hasieran erreparoak izan arren, bere lanen bilduma bat, Aplausos y censuras izenekoa, argitaratzera animatu zen bere «Biblioteca Bascongada»n.

Hori amaitu ostean, eta geldialdi labur baten ondoren, susperraldi literario txiki bat izan zuen 1907 inguruan. Hala eta guztiz ere, hurrengo urtean hil zen eta bere garaikidea zen Carmelo Echegarayren gorazarrezko hitzak jaso zituen Boletín de la Comisión de Monumentos de Vizcaya aldizkarian.

Obrak

(Hautaketa). 

«Prólogo» in SERDÁN Y AGUIRRE, E., Biografía de don Ramón Ortiz de Zárate, Gasteiz: Imp. de la Ilustración de Álava, 1888, XIII-XXXI. or.

«Introducción» eta «Vocabulario», Fueros, privilegios, franquezas y libertades del M.N. y M.L. Señorío de Vizcaya, Bilbo: Imp. de la Biblioteca Bascongada, 1897, A-JJ or.

(arg.), Los Fueros y sus defensas, Bilbo: Imp. y Enc. de Andrés P. Cardenal, 1897-1898, 7 libk.

Compendio de la Historia de Bizcaya del Dr. Estanislao J. de Labayru, Bilbo: Imp. y Enc. de Andrés P. Cardenal, 1898-1899, 3 libk. (berrarg. gehitua Bilbo: Sociedad Artes Gráficas, 1903; Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1975; eta Barcelona: Caja de Ahorros Municipal de Bilbao, 1978).

Aplausos y censuras, Bilbo: Imp. y Enc. de Andrés P. Cardenal,, 1898-1900, 4 libk.

Bibliografia

VIDAL ABARCA, J., Los Herrán: una historia y genealogía de una familia vasca, Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1993, 171-216. or., bere bizitzari buruz; 293-303. or., bere idatziekin; eta 305-308. or., «Biblioteca Bascongada»n argitaratutako lanen zerrenda.

ITURRIAK

ECHEGARAY, C., «Necrología. D. Fermín Herrán», BCMV, I. libk., I. zk. (1909), 56-57. or.

OSSORIO Y BERNARD, M., Ensayo de un catálogo de periodistas españoles del siglo XIX, Madrid: Imp. y Lit. de J. Palacios, 1903.


Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP